Milaka lagunek Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten larunbatean

2010/05/17

Ipar haizeak gogor jotzen zuen arren, Iruñeko karrikak jendez mukuru bete ziren pasa den larunbatean, Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko Kontseiluak deitutako manifestazioan.

Arratsaldeko 18:00etan Golem zinematokietatik abiatu zen manifestazioaren hasiera eta 20:00ak pasatxo zirela heldu ziren azkeneko manifestariak Gazteluko plazara. Eguraldi kaxkarra iragarrita baldin bazegoen ere, jende mordoa bildu zen eta jai giroan egin zen alde zaharrerainoko ibilbidea, trikitixa eta batukada soinuen laguntzaz.

Kontseiluko ordezkariek kopuru zehatzik eman ez duten arren -Iruñeko udaltzaingoak 15.000 lagun izan zirela aipatu du-, "Nafarroan euskararen alde inoiz eginiko manifestaziorik jendetsuena izan dela" azpimarratu dute eta, era berean, larunbatean erakutsitako indarrak egunero euskaraz bizitzen jarraitzeko auspoa izan behar duela aipatu dute.

Horrekin batera, euskararentzat estatus juridikoa lortzea ezinbestekoa dela aipatu zuten antolatzaileek eta hainbat neurri hartu beharraren garrantzia aldarrikatu zuten, hala nola: belaunaldi berrien euskalduntzea bermatuko duen hezkuntza sistemaren erreforma eta alor sozioekonomikoan euskalduntzeko neurri eta egitasmoa eragingarriak.

Informazio gehiago lortu nahi izanez gero, blogak.com web orria irakurtzen ahal duzue.

Berrian aurkituko duzue manifestazioari buruzko kronika eta bideoa.