Hil da Joxemiel Bidador idazle eta literatur ikerlaria
Pasa den ostiralean izandako burmuin isuria dela eta, atzo bertan hil zen Joxemiel Bidador idazle eta literatur ikerlari iruindarra. Oraindik 40 urte bete gabe bazituen ere, lan oparoa egina zuen euskal filologian lizentziatu eta egun euskara eta literatura irakaslea zen langile nekaezin honek.
Nafarroako hainbat euskal idazleren lanak ikertu eta ezagutzera eman zituen Mañueta karrikan sorturiko Bidadorrek (Joxe Agerre eta Alexander Tapiaren olerkiak, Sakanako idazleak, Iruñeko euskal kazetaritza gerra aurretik) eta dantzaren inguruan ere hainbat lan egindakoa zen (aipagarriena "Dantzaren erreforma Euskal Herrian"). Horretaz gain, zenbait aldizkari espezializatutan (FLV, Egan, CEEN, Txistulari, Sukil, Merindad de Tudela, Eleria, RIEV...) eta hainbat hedabidetan eskaini zituen bere kolaborazioak (Euskalerria irratia, Nafarkaria, Berria, Diario de Noticias). Duela hiru urte, 2007an, Euskalerria irratiak ematen duen Larreko Saria jaso zuen, haren ikerlari lanaren aitortza eta aldarrikapen moduan.
Duela bost urte, Nafarroako Unibertsitate Pribatuak ateratako lan bati aurre egiteko asmoz karrikaratu zuen “Materiales para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra” liburua zela eta elkarrizketa egin genion Karrika gure aldizkarian.
Honatx haren adiskideek atzo bertan martxan jarritako omenezko blog berezia
Heldu den ostiralean, hilak 5, haren senide eta lagunek omenaldi bat eskainiko diote Artikako Kultur Etxean arratsaldeko 19:00etan.
Agur t'erdi Joxemiel eta besarkada bero bat haren senide eta lagun guztiei.


