Euskal agenda

Adi lagun! Agenda google calendar tresnaren bidez egin dugunez, gaztelaniaz ikusiko da Googlek euskaraz jarri arte

Agenda osoa ikusi nahi izanez gero hemen klikatu

Euskarazko ekitaldiren bat antolatuz gero, emaiguzu horren berri agenda@karrikiri.org helbidean #euskalagenda

Nabigatu euskaraz

Hizkuntza aukeratu
eta barre egin

Google Translateren bidez web gune hau beste hizkuntza batzuetara itzuli ahal izanen duzu

Musika

Joseba Tapiak "Eta tira eta tunba" bere azken lana aurkeztu du Karrikiri euskal dendan

2010/10/27
2010  | Musika

Joseba Tapia Karrikirin

Pasa den astean Joseba Tapiak Zakurraren Biolina zigiluarekin eginiko "Eta tira eta tunba" bere azken lanaren aurkezpena egin zuen Karrikiri elkarteak Iruñeko Xabier jaitsiera 4ean duen euskal dendan. 

 

Musika

Euskal musikarien lanentzat ere txoko berezia gordetzen dugu gurean; azken nobedadeak eta gure aukera kuttunenak agertzeko.
Horien artean bilatzen ari zarena aurkitzen ez baduzu, esaguzu eta ahal bezain fite eskuratzen saiatuko gara.

Gau hotzenean ere
Olatz Zugasti. Gau hotzenean ere
Mordoxka dira pasatu diren urteak, baina jada Olatz Zugasti harpajolearen azken lana karrikan da. Bere ahotsa maite dutenek izanen dute non ase,"Gau hotzenean ere" goxatzeko moduko kantu bilduma baitugu. Harpaz gainera, Mixel eta Caroline Philips-en lan fina izan du alboan eta ezin aipatu gabe utzi ere Orioko ikastolako gaztetxoek Oria ibaiari eskainitako kantu berezia, “Kantaita" irratsaioan sintonia izandako Vartina taldearen kantua maitasunez abestu baitute. Olatz Zugasti musikari eta kantariaren lana jarraitu duzuenontzat, hona hemen merezi duen sorta goxoa.

Gose III
Gose. Gose III
Arrosaz jantzita datoz oraingoan arrasatearrak. 2004an beren lehen lana argitaratu zutenetik, lau izan dira kalea ikusi duten lanak. Azken honetan Ines, Iñaki eta Osoron taldekideez gain, Bonberenea txaranga, Gari eta Petti bezalako artistak izan dituzte bazkalkide.
Belarrietatik ez ezik, begietatik ere sartzea garrantzitsua omen denez, hona hemen tripazorriak baretuko dituen bazka bizia. GOSEak dagoenarentzat doinu sorta ederra beraz, eta guztien artean bereziki aipatzekoa Ines, Gari eta eskusoinuak osatutako "hirukotea"...”Izaren artean,jolasean biok lokartu arte”.

Zea Mays- Era
Zea Mays. Era
Bizkor eta sasoian da Zea mays talde bilbotarra. Ruben, Asier, Iñaki eta Aiorari energia darie "Era" lan bikainean. Euskal rokaren oholtzan den kantari dotoreena izanen da akaso Renteria anderea, ahots indartsu bezain delikatua duen musikaria.
Urteak ez omen dira alferrik pasatzen eta oraingo lan honetan heldutasunera ere iritsiak direla nabaria da. Soinu propioa eta bihotzez egindako kantuak ditugu entzungai, emozioak berotutako hitzak, "Bularreko itoginean" edota "Negua joan da ta" kantak esaterako. "Grabitatearen aurka" aritu ondoren, hemen da "Era" lana. Ea bidea merezi bezain polita duen.
www.zea-mays.com

Bide Ertzean- Don Inorrez
Bide Ertzean. Don Inorrez
Bide ertzean proiektua une gozoa ari da bizitzen. “Leidor sessions” zuzeneko hartatik jada hemen da Ubedatarren azken erditzea; "Don inorrez" izena jarri diote Andoaingo Garate estudioetan grabatutako azken diskoari. Ohikoa duten moduan, ongi landutako kantuak eta dotoreziaz jantzitako erritmoak. Patxadaz eta ongi pentsatuak dira cd-a osatzen duten hamahiru piezak. www.bidertzean.com

eta tira eta tunba
Joseba Tapia. Eta tira eta tunba
Joseba Tapia, trikitia mundu garaikidera egokitzen aintzindaria izan dugun musikariak iada karrikan du bere azken lana. Gerra karlistetako 22 bertso sorta musikatu ditu "Eta tira eta tunba" diskoan; karlistek idatziak batzuk liberalenak besteak. Harrituta omen dago Buenos Aires auzokoa nolatan inork ez dion aurre hartu.  Azken emaitzari "txaranga usaina" eman dio trikitilariak, haize tresnak nagusi izan dira moldaketetan. Oraingo honta infernuko auspoa deitutakoak astinduko dizkigu bazterrak baita gure arreta piztuko ere. Eta urriaren 19an aurkezpena eginen du Karrikiriko gure dendan.
baldi
Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio.
Baldi
Hemen da zain eduki gaituen lana, jada karrikan da Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberiok elkarlanean osatutako bilduma berezia. Baten piano gozoa eta bestearen ahots ederrak ederki uztartu dira doinu kasik magikoak sortuaz. Eta ezin ahaztu Txema Garces kontrabaxuan eta Pello Ramirez txeloa jotzen izan dituztela ondoan. Beraien hitzetan disko samurra osatu omen dute, poesiak eta musika tresnen biluztasunak bidea eman diote Oihenart anderearen ahots garbi eta pertsonalari. Gure hitzetan, berriz, hunkigarria.

Aiko. Urraska
Aiko
. Urraska
Aiko musika eta dantza tradizionalaren mundua ezagutarazi, ulertu, irakatsi, bultzatu, garatu, herrikoitu eta gureganatzeko sortua den musika eta dantza maisuen talde bat da. Oraingo honetan, dantza tradizionalaren lan pedagogiko-didaktiko berri hau eskaintzen digu: Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik. Nevadako Unibertsitateko Eusko Ikas-kuntzen Zentroak argitaratutako lan honetan, tradizioz hel-du zaizkigun jauzi edo muxiko guziak topa ditzakezue hainbat osagairekin: liburua, 2 CD, DVDa (bideo eta datuekin) eta poltsiko-liburua jauzien urra­tsekin. Gure dantza-eskoletan eta erromerietan ezinbestekoa bihurtu den errepertorioaren atal bat osatzen duten Jauziak edo sauts-basques-ei eskainitako lan monografikoa dugu hau, beraz dantza egitea gustuko baduzue, honatx aukera polita entrenatzen hasteko.

sparteens
Sparteens. Gure bizitza osoko kantuak
Espartinak etxean utzi eta zapata "yeye" dirdiratsuak jantzi ditu taldeak oholtza gainean.80 hamarraldiko "Ikusi eta ikasi", "Good save the Queen" eta "Zu atrapatu arte" bezalako kantuak birmoldatu eta koloreztatu dituzte mugaz bestaldekoek. Euskal musika garaikideak umorea eta alaitasuna behar dituela uste duenak hemen du adibidea, noski beti ere txukun egindako lana dugu ondoko proiektua. "Gure bizitza osoko kantuak", horrelaxe baitira Sparteens taldeak bildu eta egokitu dituenak. God save the sparteenssssssssss!!!

hiru. Stupenda Jones
Stupenda Jones. Hiru 
Bakero komedia batean aurkitua omen da STUPENDA JONES izena, Sakanako "Saloon"etan jotzen hasi eta biribildu zen proiektua. 2004 hartatik jada ez dira lau musikari, hiru baizik, horretatik azken lanaren izena "Hiru". Ohiko duten moduan erritmo bizi eta indartsuak bildu dituzte, ez punk, ez heavy ezta rocka ere, estilo askotakoak dira Stupenda Jones-ek sortu dituen hamaika abesti. Energiaz beteak diren doinuak maite dituenak, beraz, gozatu ederra hartuko du taldearen azken lana entzunda. Hori bai... aukera duenak, hobe zuzenean sentitu...

Zuzenean-En Concert
Jen Pierre Luro, Jean Bordaxar, Robert Larrandaburu eta Jean Noël Pingüe. Zuzenean – En concert

Azken boladan maiz ikusi ditugu elkar hartuta Jean Bordaxar eta bere lagun taldea, xahar nahiz kantu zuberotar berriak “a capella” ematen zuzenean. Lau ahots ederrek osatzen dute lagun artea; Jean Bordaxar, Jean-Pierre Luro, Robert Larrandaburu eta Jean-Noël Pinque dira ahotsa jarri eta kantuak moldatzen aritu diren kantariak. Elkar etxeak karrikaratu du "Zuzenean- En concert" izena hartu duen bilduma txukun hau. Zuberoa eta Pirinioetako urrinak behar bezala gozatuko dizkigu belarriak lan honen bitartez; gomendagarria, beraz, kantu molde tradizionala gustukoa duen ororentzat.

Esne Beltza. Noa
Esne Beltza
. Noa
Esne beltzak taldearen bigarren diskoak NOA du izena. Xabi Solanok infernuko auspoa astindu eta doinu elektronikoak lagun dituela osatu du lana. Fusioaren aldeko apustu hau munduan zehar, batera eta bestera ibili du trikitilariak. Jamaika edota Beirut bezalako herrialdeetan grabatu ahal izan ditu hainbat pieza kolaboratzaile sare ederraren babesa ere jasoaz. Aldarrikapen oihuak eta festarako doinuak uztartzen dituen CDa "Baga-biga" argitaletxeak karrikaratu du modu txukunean. Esnetan bustitako cumbia, ska, reggae eta rocka dastatu nahi dituenak hona hemen otamen goxoa.

Kerobia. Ontziak
Kerobia
. Ontziak
Ontziak lana argitaratu berri du Kerobia talde iruindarrak. Azken lanek erakutsi bezala, abileziaz heldu diote azken bildumari. Euskal musikaren panoramari ekarpen benetan interesgarria egin dio taldeak azken urte hauetan. Zabor eduki ontziek maiz gordetzen dituzten altxor txikien modura sortuak dira kantuak."Amerika","Belgrado" eta "Dena hasi zen bezala" piezek giro hunkigarria sortzeko ahalmena dute.
“Materia organikoak” lehenik, “Papera eta kartoia” ondoren eta “Ontziak” azkenik, trilogia bikaina Kerobiarena. Gora, beraz, birziklatzea!


Pello Ramirez. Eskuz lurrari
Musika, konposizioak eta moldaketak, horren guztiaren ardura izan du Pello Ramirezek bere azken bidaia musikalean."Eskuz lurrari" hartu du izena Elkar argitaletxeak karrikaratutako bildumak. Egilearen bigarren lan honetan eskusoinua, txeloa eta pianoa izan dira ardatz, zenbaitetan, hori bai, ahots koro bat ere lagun izanen duelarik. Doinuen energiak eta dotoreziak giro partikularrean murgilaraziko gaituzte, itsasoa, sua edota haizearen laztana hurbil sentituaz. Esan bezala emaitza ederra eta maitasun osoz egina Pello Ramirez musikariak eskaini diguna.


Joseba Irazoki. Euria ari du
Euria ari du, Joseba Irazokiren azken lana kalean da jada, Beran sortutako doinu kolore anitzak. Horren adibide dira kartoizko kaxan goxo bildutako hamar pieza hauetxek, folk berria edota bestelako zakuetan sar ez daitezkeenak. Lan pertsonal eta delikatua proposatu digu ohiko duen moduan Bidasoako sortzaileak. Etxeko epeltasunean eta aduanan grabatua omen da 2009ko udazken euritsuan. Guardasola aproposa topatuko dugu, beraz, ederki landutako lan berezi honetan.


The new jazz voices ensembleMikel Gaztelurrutia
Eibarko piano jolea gaur egun Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan ari da irakasle. Oraingoan, ordea, ez ohiko erronkari aurre eginez, laukotea osatu eta errepertorio aberatsa aurkezten digu; The police taldearen "Roxanne" zoragarriarekin hasi eta aita Donostiaren "Oinazez" piezarekin bukatu. Jazzaren munduan beste behin ere egindako ekarpen erakargarria eta berritzailea Soraluzeko "Errabal" zigiluak ekarri diguna. Iruñean sortutako jazz doinu printza berriak, "The New Jazz Voices Ensemble" proiektuak eta Gaztelurrutia piano joleak elkarlanean sortua.


Barrenence Withfield eta Petti & the Blodyhotsak
Boston eta Bidasoa lotzen dituen bidean egin dute topo Barrence Withfield eta Petti musikariek. Doinuen hizkuntzak oztopoak gainditu ditu eta lanerako tresna nagusi bilakatu dute "The Blodyhotsak" proiektuan. Biak hala biak oso kantari ezberdinak izan arren, ohitura handia dute estudioan sartu eta bestelako musikariekin erritmoak landu eta uztartzeko, eta horrek gauzak erraztu eta arindu egin ditu lana biribiltzeko orduan.
Aipatu beharrekoa da ondoan izandako babesa eta giro ezin hobea, bertan bildu baitituzte Joseba Irazoki, Iñaki Guantxe, Beñat Irureta eta Juancar Blody Mary.
Anaien arteko besarkada, beraz, Gaztelupeko lagunek proposatzen digutena.

Haizea garizumakoa
Haizea Garizumakoa. Ruper Ordorika
Ruper Ordorikak New Yorkeko bere aspaldiko lagunekin grabatu du azken lana, “Haizea Garizumakoa”. Musika goxoa, testu landuak, eta Mikel Laboari eskainitako omenaldi txiki bat aurkituko ditugu CD honetan. Ruper aspalditik ezaguna dugu eta badakigu ez digula huts egingo lan berri honekin.


Euskal oreoak. Bizardunak
Talde iruindarrak "Euskal oreoak" kantu sorta atera berri du. Lagun taldea zena, laster bildu zen proiektu honen inguruan, nahiz eta guztiak musikaren munduan ibilbide luze xamarreko kideak ditugun. Bederatzi lagunek hartu dute parte Irlandarekin maitemindutako doinuak nagusi diren proiektu honetan; The Pogues taldearen erritmo euskaratuak nabarmen­tzen direlarik. Azkarate estudioetan eta Kaki Arkarazo teknikaria buru zutela grabatua izan zen asteburu bakar batean eta lan jardun hartatik sortu da "euskal oreoak" hiru kantu bikainek osatzen duten erritmo ganberroa. Emaitza txukuna dudarik gabe eta proposamen interesgarria beraz alaitasuna ta jaiaz gozatzeko gogoak dituen edonorentzat.


Elektro flak utt
. Flakutt
Historiaurreko erritmoak garaikideekin nahastuz, horrelaxe burutu dute Flakutt proiektua, txalapartaren unibertsoa anitza eta ugaria dela erakutsi digute talde honen inguruan bildu diren iruindarrek."Elektroflak utt" hartu du izena Gaztelupeko hotsak zigilupean argitaratutako lan honek. Egunerokotasunean arreta handirik gabe eta kasik oharkabean entzuten ditugun doinuak eta erritmo elektroniko dantzagarriak, guziek dute tokia FLAKUTTen babesean.


Payola.
Berri Txarrak
“Payola” Mexikon oso erabilia den hitza dugu, irrati formulei emandako eskupekoei ematen dieten izena. Lekunberrikoek sortu duten azken bilduma honek hamaika kantu ekartzen dizkigu, "folklorean" hasi eta "jainko ateoa" piezan bukatzen den txuri beltzezko bidaia; zenbaitetan gordin eta bestetan, aldiz, xamur. Guztia ongi lotua eta nahastua izan da Chicagoko "electrical audio" estudio ezagunean, Steve Albini soinu teknikariak sistema analogikoan grabatuta eta borobildua.

 

Euskal denda

Katalogoa zabaldu

2002. urtearen bukaeran ireki genuen guretzat saltoki bat baino askoz gehiago dena: Karrikiri denda. Alde batetik, euskaraz dagoen ekoizpen kulturala eta tradizionala zabaldu nahi dugu; eta, bestetik, euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko behar ditugun produktuak sortzeko azpiegitura egokia sortu. Izan ere, zabalkundea eta sormena dira gure lanaren bi ardatzak.

Helburu horiek lortzeko Karriri dendaren eskaintza askotarikoa da. Bertan erosketak egiteaz gain, hainbat informazio jaso ahal izango baituzu.

Hasierako kokagunea Donibane auzoko Martin Azpilikueta karrikan egon baldin bazen, 2005eko ekainaz geroztik Xabier Jaitsierako 4. zenbakian dago Karrikiriko euskal denda. Hurbildu nahi duzunean. Zain gaituzu!!


KALEKO ARROPA(+)
Karrikan ikusten ahal den modari heldu nahi badiozu, hurbildu gurera eta kolore, neurri eta poltsiko guztientzako arropak aurkituko dituzu, neska, mutil zein haurrentzat aproposak. Beste bat, Kukuxumusu, Txapela Buruan, Kot, Arkawool, Basque Power, Ardi Latxa, Beigorri eta Ttilika etxeen jantzirik berrienak aurkituko dituzu. Urteko sasoi guztietarako produktu aunitz: kamisetak, jertseak, kirol jertseak, zirak, itsas estiloko berokiak, galtzak, gonak, soinekoak, ea. Eta horiekin ezin hobeki konbinatzeko osagarriak: zapiak, lepokoak, zorroak, e.a.

Eta Sanferminetan giroan bete betean murgiltzeko arropa ere badugu: elastikoak eta galtza zuriak, zapi eta gerriko gorriak eta blusoi beltzak.


ETXERAKO ARROPA
(+)

Etxeko bi gela garrantzitsuenak, hau da sukaldea eta komuna, janzteko arropa eskaintza oparoa dugu gure dendan. Euskal Linge, Jean Vier eta Paskuet etxeek euren diseinu apartenak eskaintzen dituzte gurean.

Sukalderako arropa
sukaldeko mahaiak behar bezala janzteko neurri eta forma ezberdineko mahai zapi edo oihalak ditugu.
- Karratuak: “Tú y yo” eta indibidualak, eta handiagoak tamaina hauetakoak: 3,50 X 1,60, 3,00 X 2,50 X 1,60 eta 2,00 X 1,60

- Borobilak: neurri ezberdinekoak.

Baina, mahai zapiez gain, baditugu mantalak, sukaldeko zapiak, ezpain zapiak, eskularru babesgarriak eta ogi poltsak.

Komunerako eskuoihalak
hiru neurri ezberdinekoak (dutxa, bainu eta konketarako), ninientzako eskuoihal txanodunak eta tamaina ezberdineko txabusinak (2 neurritik XXLera)

Albornozak

0 neurritik XXL neurriraino


EUSKAL JANTZIAK
(+)

Olentzero egunean ez ezik, jai berezietan ere gure arbasoen modura janzteko aukera eskaintzen dugu:
- Urte osoan zehar eskaintza zabala
- Jantzi osoa edo atalez atal osatzen joateko
- Osagarri guztiak ditugu (zapiak, mantalak, alkandorak, azpiko gonak, blusoiak, artilezko xalak, txapelak, abarkak, galtzerdiak, gerrikoak, e.a.)
- Neurri guztiak: 0tik 50era bitarte, neska zein mutilentzat.
- Eta enkarguz euskal txaketak egiten ditugu: neurrira eta eskuz eginikoak.


MUSIKA
(+)
  
Euskal musikarien lanentzat ere txoko berezia gordetzen dugu gurean; azken nobedadeak eta gure aukera kuttunenak agertzeko.
Horien artean bilatzen ari zarena aurkitzen ez baduzu, esaguzu eta ahal bezain fite eskuratzen saiatuko gara.


LIBURUAK
(+)

Karrikiri elkartean arreta berezia eskaini diogu beti euskal sortzaileen lanei eta hori dela eta, liburuen atalean, urtero karrikaratzen direnen aukeraketa bat aurkituko duzu; nobedadeak, hizkuntzarekin zerikusia dutenak eta euskara eta kirola gaia jorratzen duten liburu fitxa bereziak.

Dena dela, horien guztien artean zure gustukoa aurkituko ez bazenu, esaguzu zeinen bila zabiltzan eta lehenbailehen eskuratzen saiatuko gara.


OPARIAK
(+)

Lagun, senitarteko edo ezezagun bati oparia erosi eta idei faltan baldin bazaude begirada emaiozu honako zerrendari. Adin, gustu eta poltsiko guztientzako opariak ditugu: bitxiak (zintzilikarioak, belarritakoak, eraztunak, eskumuturrekoak) txapak, giltzatakoak, euskal erlojuak, esku pilotak, egutegiak, portaerretratuak, zeramikazko irudiak, txotxongiloak, intsentsua, katiluak, kandelak, zeramikazko platerak eta lorontziak, Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, egurrezko kaxak, afixak…

HAURRENTZAKO TXOKOA(+)
Etxeko txikienentzat txoko apartekoa prestatu dugu liburu, disko, DVD, jostailu, CD-Rom eta Pirritx eta Porrotx pailazoen lan guztiekin. Espresuki haiei zuzendutako materiala ikastolaz kanpo euskaraz bizi eta gozatu ahal izateko.

JAIO BERRIAK(+)
Euskararen mundura heltzen diren jaioberrientzat opari bereziak prestatu ditugu sehaska batean bildu edo banaka eramateko; txanodun eskuoihala, lerde zapia (“Euskararen goxoa, haurraren janari”), jaio berrien liburua, bainuontzirako liburuxkak, “Egizu lo” CD eta liburuxka, Haur hizkera liburua (gurasoentzat). Ongi etorri euskararen mundura!!

DANTZA TALDEAK(+)
Euskal taldeentzat edo gure herriko dantza mundua maite duen jendearentzat material berezia biltzen saiatu gara liburu eta musika arloan.

Eta horretaz gain, jakina, mota guztietako euskal jantziak salgai ditugu. Enkarguz egiteko aukera dago eta taldeentzako aurrekontu bereziak prestatzen ditugu. Emaiozue begirada gure eskaintzari, hurbildu lasai Xabier karrikako 4. zenbakira edo jarri gurekin harremanetan edozein zalantza argitu nahi izanez gero.

Iruñeko UdalaEusko JaularitzaUdalbide-Udalbiltza

 

 


Karrikiri. Iruñeko Euskaldunon Topagunea
Xabier karrika, 4. 31001. Iruñea. Tel. 948 225 845