Euskal agenda

Adi lagun! Agenda google calendar tresnaren bidez egin dugunez, gaztelaniaz ikusiko da Googlek euskaraz jarri arte

Agenda osoa ikusi nahi izanez gero hemen klikatu

Nabigatu euskaraz

Hizkuntza aukeratu
eta barre egin

Google Translateren bidez web gune hau beste hizkuntza batzuetara itzuli ahal izanen duzu

Karrika

 

Karrika 6. 1997ko iraila

Oporretatik bueltan

Atsedenaldia iraganik hemen gaude, berriz ere,lanari ekiteko prest.
Gure aitzinean daukagun ikasturtea garrantzi handikoa izanen da KARRIKIRIrendako, hasitako bideetan sakontzeko eta bide berriak sortzeko.
Lehenbizikoen artean, eta berri gisa,dezagun erran (eta oso fierki gainera) Lan Burtsa fruituak ematen hasia dela; aldiko lanez gain,dagoeneko baten batek konta
dezake lan-kontratu fínkoa lortu duela KARRIKIRIri esker,eta gaur egun ez da gauza gutxi. Sail honek segida izanen du, dudarik gabe, baldin eta zuek parte hartzen baduzue lanak eskaintzen (euskaldunei noski) eta lan bila etorriz guregana.
Eta, lan burtsan bezala, gainerako ekitaldiak aurrera eramateko zuen parte hartzea behar-beharrezkoa da, KARRIKIRI biziko bada; erran nahi baita gure Euskaraz bizitzeko nahia egiazkoa bada, nahi hori bideratzen ahaleginak eskatzen dizkigu denei, modu batean edo bestean eta ez bakarrik errebindikazioen garaian, eguneroko bizitzan baizik; hauxe KARRIKIRIren helburua.
Gure berri zehatzagoak izanen dituzu emeki-emeki, baina jakin ezazu gure egitasmoen artean garrantzizkoena KARRIKIRI finkatzea dela une honetan, eta horretarako beharrezko izanen diren bilera ireki guziak antolatuko ditugu; asmo berarekin ere Euskalerria irratian saio bat martxan jartzekotan gaude hizkuntzaren normalizazioari buruz, beraz KARRIKIRIren helburu eta egitasmoaz.
Azkenik, baina ez bukatzeko hasteko baizik, bazkide kanpaina abian izanen da. Aise ulertuko duzun bezala, hazten ez bagara gure ideia, asmo, ekitaldi eta lan guztiak alferrikakoak suertatuko lirateke segurki.
Beraz, adi. Izanen duzu gure berri, nahi baduzu.

 

Karrika 5. 1997ko uztaila

Biba festa

Festaroan sarturik gaude dagoeneko edo hala ez bada laister izanen da. Gu ere, sari gisa (merezi ala ez) bagoaz oporretara, beraz jakin ezazu heldu den abuztuan ez dela KARRIKA aterako. Hori bai! Irailean, lan-ikasi-bizi aro berriari hasiera emateko, berriz hemen izanen da zintzo-zintzo gutartean; ea, emeki bada ere, Iruñerriko euskaldungoa biltzen laguntzen duen, hori baitu -funtsean- helburu.
Bitartean ekin festari. Iruñean bazara goza nahi bezala Sanferminetan; bidaiaren bat egitera ateratzen bazara kasu eman non zauden! Aski kolonizatua baitugu gure burua eta askotan gertatzen da pentsatzen ez dugun lekuan gaudela. Egiazko geografian makal gabiltz eta.
Sanferminetan gelditurik eta urtean barna Euskararen festetan egon ondoren (Oinez, Korrika-.,..). ez dezagun ahantz festetako Euskara.
Festaren protagonista handien artean musika dugu eta urtetik urtera, Sanferminetan aditzen dena gero eta arrotzagoa dugu. Eta ez gaude, ez, horrein kontra eta bertakoa errespetatzen bada. Arazoa da kanpoko uholdeak autoktonoa itotzen duenean. Bertako arrotz bihurtzeraino.
Holakoetan aski dugu bertzeek zer egiten duten ikustea. Parisen legedi berria sortu dute anglosaxon itomenaren kontra, Katalunia gauza bera egitekotan dago, eta gu?
Gu, KARRIKIRIkoak bederen, hor izanen gara ere festetan, edozein kulturako musikaz gozatzen. gureari dagokiona ahantzi gabe. Programa ofizialak ikusi dituenak badaki zertaz ari garen.
Sanferminak aipatzen ditugula eta, agian, adituko duzu KARRIKIRI saria ematen diotela zezen bati… Jakin ezazu hala dela, baina -erran gabe doa- guk ez dugula zerikusirik delako sariarekin. Zezenketak ízanik zatitzen ahal gaituen gaietarlko bat, bazter dugu guztiz.
Ea ba, edozein maneran dela, ongi pasa oporretan eta biba festa!

 

Karrika 4. 1997ko ekaina

Errealitatetik errebindikazioraino

Azken honetan maiz aipatu izan da gutartean Irlandako eredua, alor zenbait direla eta. Baina hango hizkuntz ibilbidea ahantzi bidean dugulakoan oztopo gaude.
Garai batez guzia bazen aldapa eta lege-oztopo
Gaelikoendako, kasik itotzeraino eraman zutelarik; gaur egun ez da halakorik (hegoaldean gutxienez), halere -dakigun bezala- mintzoak malda beheran du segitzen.
Bertze gisaz erranik eta gurera etorriz, gobernuaren aitzinean
errebindikatzen dugu administrazioa euskaldundu dezan, ongi da baina... noren aintzinean,adibidez, errebindikatu behar da hauteskundeetan aukeratzen ditugunak euskaldun izan daitezela?
Manifestaldiak antolatzen ditugu botereak euskal prentsa lagun dezan; berriz ere arrunt ongi, baina norengana joko dugu kexu, delako prentsa ez bada kasik erosten? Aspertzerainoko galde zerrenda egin dezakegu. Oinarrian arazo bera dugu aurkitzen: errealitatea eta errebindikazioen artean (edota ondoren) dagoen tartea. Eta tarte hori ez da fundituko egunen batean oztopo legal guziak desagertuko balira ere, bidea erraztu bai, baina halere egin beharrekoa.
Esparru horretan egon nahi du KARRIKIRIk, errebindikazioak ahantzi gabe beharrezkoak baitira baina Irlandako eredua bistatik galdu gabe, ez dezagun errepika hizkuntza alorrean bederen.
Aipatu alorrean bada lan: zerbitzuak eta informazioa-formazioa eskaintzen, motibapena mantentzen eta pizten... funtsean ahal den guzian laguntzen baldin eta zu ere prest bazaude laguntzeko era batean edo bertzean.
Orrialdetxo honetan emeki-emeki joanen gara azaltzen gure egitasmoak eta ekintzak, gure nahiak eta beharrak... edo hobeki erranik ditugun beharrak nahiak betetzeko. Azken hauek zureak ere badira, hurbil zaitez KARRIKIRIra; lana bada eta oroit: ez du balio errebindikazioan bakarrik gelditzea.

 

Karrika 3. 1997ko maiatza

Pluraltasunean bat

Hizkuntza denona da, Euskarak biltzen gaitu, Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk... leloak asmatzen munduan lehenbizikotarikoak izanen garela dudarik ez; obratzen, aldiz...
So egin diezaiogun zerbait bederen ondoko gizarteren bati. Politika mailan (normalean "politika"deitzen den horretan, gainerakoa ez balitz bezala) interes
eta iritzi desberdinak aurkitzen ditugu: ezkerra eta eskuina nahiago bada.
Gai askotan, gehienetan,desberdinak dira, batean ezik: hizkuntzarenean. Agian teoria mailan desberdintasunak izan badituzte, baina ez praktikan.Guziek hizkuntza bera erabiltzen dute, guziek elkarrekin ohoratzen, lantzen eta zabaltzen dutena.
Gutartean kirol nagusietariko bat da desberdintasunak bilatzea, lantzea eta handitzea. Halaxe gaude eta hala doakigu.
Zaila da ados egotea arazo guzietan, bistan da; gero eta zailagoa dugu PNV-HB-EA-Batzarre,Itoitz, AHT, presoak, ETA, basogintza, Senideak,Elkarri, Bakea Orain, Gestorak, Osasuna, Erreala,nekazaritza politika, ehiza, arrantza.... eta Indurainen etxeratzeaz ados egotea, adibide gisa. Horietan guzietan zatiketa heldu zaigu. Baina inor gutxik ukatuko du mintzoak biltzen gaituenik (bertze herrietan bezalaxe, salbuespenak salbuespen).
Bada, behin bederen obra dezagun lelo hori: KARRIKIRIn kasik denetarik bada, bagaude. Aipatu arazoaz iritzi desberdinak ere baditugu, ausarki izan ere, baina bakoitzak badu non aritu horiei buruz KARRIKIRIz landa.
KARRIKIRIn Euskara/ euskalduna ditugu helburu eta kezka. Hizkuntzari buruz den guzietan izanen da KARRIKIRI, gainerakoetan ez.
Bukatzeko Nobel literatur saridun batek berriki erran duena dugu hemen aipatuko: Gure armarik hoberena hizkuntza da. Ados.

 

Karrika 2. 1997ko apirila

Hiri karriketan karrikiri


Lehenagoko denboretan irakaskuntzaren ezari leporatzen zitzaion mintzoaren suntsipena. Ondoren ikastolak, euskal eskolak, gaueskolak eta abar sortu ziren. halere hizkuntza oraindik galbidean zela -dela- frogatu da.
Batzuetan gure alabak Euskaraz ikasi du ikastolan moduko esaldiak aditzen dira, edo, nahiago baduzue. Andonik ongi ikasi du frantsesez; tira, baina ez bada frantsesez aritzen gure Andonik ahantziko du ikasi gehiena edo berdin guzia.
Erran nahi dena garbi ageri da: hizkuntza bat, edozein, ikastea ez da aski bizirik mantentzeko, ez erabiliz ahazten baitira. Haurrak ikastoletan-eskoletan eta nagusiak gaueskoletan egoteak segurtatzen al du hizkuntzaren bizia?
Bertze gisaz erranik. ikastegitik atera ondoren, non egiten dute Euskaraz?
Egoera honetatik "Euskara hizkuntza zaila da ikasteko" esaldia/ideia sortzen da. Baina kasu, erderatik Euskarara dagoen bidea, Euskaratik erderara dagoen berbera da. Hain makur, bihurri eta bitxi egiten zaio euskaldun bati erdera, nola erdaldun bati Euskara. Jauzia bera da batetik bertzera pasatzeko/ikasteko; eta begibistan da (tamalez) zenbat eta zenbat euskaldunek ikasi zuten erderaz, hala edo hola baina erabiltzeko gisan.
Bizi baldintzetan bilatu behar da desberdintasuna bi hizkuntzen artean, ez gramatikan: erdera beharrezko bilakatu dute (eta badakigu nola), Euskara ez. Honetan datza gakoa.
Hau guzia ulerturik, erahilpena eta motibapenaren arazoa gogoan eta ez irakaskuntzarena, hasi ziren sortzen Euskara taldeak Herrian barna. Koska non dagoen jakin behar da arazoa gainditzeko, eta hor indarra egin, alferrikako burruketan galdu gabe: halaxe sortu ziren Arrasaten AED aintzindaria (dozena hat urte soinean dagoeneko). Bilbon ZENBAT GARA, Donostian BAGERA... eta izpiritu berarekin Iruñeko karriketan KARRIKIRI.

 

Karrika 1. 1997ko martxoa

Alemanian ere euskaraz


Iruñean euskaraz bizi al daiteke? Horrelako galdera erantzuteko ez da denbora sobera galtzen. Halere ikus dezagun egoera hurbilagotik.
Iruñean euskaraz bizi ahal izateko, bizilagun guztiak izan beharko lirateke euskaldun. Dena den badirudi luzerako doala posibilItate hori.
Begira dezagun gure inguruan zer gertatzen den. Alemaniarrak, esate baterako, gero eta talde handiagoetan joaten dira eguzki bila Kanarietara. Ez dute interes handirik erakusten bertako -tamalez oraingo- hizkuntza ikasteko; honek ez du oztopo handiegirik suposatzen bertan bizitzeko. Eta hau hala da antolatu
direlako: egunkari bat sortu dute, bai eta irrati bat, zerbitzu baten beharra aurkitzen direlarik alemandun batengana jotzen dute posible den neurrian eta abar...
Hauxe da hizkuntz komunitate antolatu bat. Hala izanik lortu dute alemanaren aldeko motibapena, ezagutza eta erabilpena sustatzea, hainbertzeraino non zenbait udaletan alemanaren ezagutza eskatu egiten zaien zenbait langileri.
Alemanen kasua ez da bakarra. Hortxe daude poloniarrak Londonen,hispanoak Miamin.....
Orain egiteko galdera hauxe litzateke: bizi badaiteke alemanez Kanarietan, ez gai izanen Iruñean. Gure herrian bertan. euskaraz bizitzeko?
Iruñean izan bagara gutxi-gora-behera 20.000 euskaldun han-hemenka. Halako biztanleria ez daiteke bere hizkuntzan bizi? 20.000 hiztunen herria ezin ote da bizi bere kulturan?
Arazoa bistan da, erdaldunen artean barreiaturik aurkitzen gara. Lehenengo urratsa ematen ari gara.

 

Hemeroteka

 

1997. 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9

1998. 10, 11, 12, 13, 14, 15, 16, 17, 18, 19, 20

1999. 21, 22, 23, 24, 25, 26, 27, 28, 29, 30, 31

2000. 32, 33, 34, 35, 36, 37, 38, 39, 40, 41, 42

2001. 43, 44, 45, 46, 47, 48, 49, 50, 51, 52, 53

2002. 54, 55, 56, 57, 58, 59, 60, 61, 62, 63, 64

2003. 65, 66, 67, 68, 69, 70, 71, 72, 73, 74

2004. 75, 76, 77, 78, 79, 80, 81, 82, 83, 84

2005. 85, 86, 87, 88, 89, 90, 91, 92, 93, 94

2006. 95, 96, 97, 98, 99, 100, 101, 102, 103, 104

2007. 105, 106, 107, 108, 109, 110, 111, 112, 113, 114

2008. 115, 116, 117, 118, 119, 120, 121, 122, 123, 124

2009. 125, 126, 127, 128, 129, 130, 131, 132, 133, 134

2010. 135, 136, 137, 138, 139, 140141, 142, 143, 144

2011. 145, 146, 147, 148, 149, 150, 151, 152, 153, 154

2012. 155, 156, 157, 158, 159, 160, 161, 162, 163, 164

2013. 165, 166, 167, 168, 169, 170

 

 

Iruñeko UdalaEusko JaularitzaUdalbide-Udalbiltza

 

 


Karrikiri. Iruñeko Euskaldunon Topagunea
Xabier karrika, 4. 31001. Iruñea. Tel. 948 225 845