Karrika
Karrika 146. 2011ko otsaila
Bildu Karrisolasera!!
Otsoen hilean sartuta gara eta urte berriak bere lehenengo urratsak eman ditu jada. Egia aitortzeko, Karrikirin ez dugu sobera ongi amaitu 2010, izan ere Twitterreko (@Karrikiri) gure kontuaren bidez aditzera eman genuen moduan, Olentzerok ikatza garaiz ekarri zigun gure dendako saltokiko aurrealdea aurretik eraman zuen kamioi batekin. Hori ikara!! Jone eta Belen gure dendariek burrunba izugarria entzun eta zur eta lur gelditu ziren denda atarira atera zirenean. Atearen gainaldea zatitan puskatuta ikusi zuten lurrean. Oraindik ere horrela darrai, baina laster eginen omen diote lifting-a dendaren aurpegiari. Ea bada!!
Baina, zorionez, 2011. urtearen hasiera bestelakoa izan da eta eskerrak eman behar dizkizuegu gure dendatik pasa zareten lagun guztiei. Izan ere, langileon ekonomia kinka larrian dagoen sasoi honetan, gurera hurreratu zaretenoi esker salmentei nola edo hala eustea lortu baitugu eta, beraz, gure elkarteak bideratzen dituen egitasmoetarako sosa biltzea lortu dugu. Eskerrik asko bada eta jarraitu gurera hurbiltzen!!
Eta martxa hori kontuan izanda, laster abian jarriko dugun egitasmo berri bat aurkeztu nahiko genizueke jarraian; euskal kulturari dagozkion gaiak jorratzeko foroa, alegia. Martxoan emanen diogu hasiera eta gure asmoa lagun giroan biltzea da gure kulturarekin zerikusia duten hainbat gai, artikulu, ekarpen eta bestelakoak elkarrekin aztertu eta eztabaidatzeko. Bixente Serrano Izkoren laguntzaz antolatuko dugun solasteko foro informal hau hilero egiteko asmoa dugu, parte hartuko duten lagunei aldez aurretik informazioa helaraziz. Gure lehenengo hitzordua martxoaren 16an, asteazkenarekin, izanen da Karrikiri elkartean eta arratsaldeko 19:00etan. Gure web orrian eskuragai izanen den Jakin aldizkariaren 180. alean argitaratutako Lionel Joly-ren artikuluan oinarrituko da. Parte hartu nahi?
Ahaztu baino lehen, dendan erosten duten gure bazkideen artean hilero egiten dugun zozketan Inma Errea (60 euroko txartela) eta Ricardo Urrizola (produktu sorta) izan dira sarituak. Zorte on hurrengo aldian!!

Gotzon Carcar. Coaching aditua
Gotzon Carcar Coaching aditua da, azken urteotan jendartean geroz eta gehiago ezagutzen joan den teknika. Udako Euskal Unibertsitateko irakasle laguntzailea da eta aspalditik dabil ikastaroak han eta hemen eskaintzen enpresa, talde, euskara elkarte eta bestelakoen artean. Otsailean UEUren bidez ikastaroa eskainiko du Iruñean eta gu harekin solastu gara bere lana ezagutzeko asmoz.
Zer da hitz gutxitan Coaching-a eta zertarako balio du?
Coachinga bi pertsonaren (bezeroa eta coacha) arteko entrenamendu pertsonalizatu eta isilpekoa sortzeko artea da -egile askorentzat bizitzeko erabateko filosofia eta beste batzuentzat, ordea, aldaketa prozesu batean aplika daitekeen teknika edo lanabes bat-. Bertan coachak, “ahalik eta galderarik onenaren” bidez, bezeroari lagunduko dio amesten dituen helburu eta xedeak lortzen. Coaching prozesuak bezeroak bere bizitzan erdietsi duenaren eta oraindik ez duena baina lortu nahi edo behar duenaren arteko espazioa betetzen du eta esanahia eta forma ematen dizkio.
Enpresa munduan aritzen zara, baina euskal elkarteekin ere lan egiten duzu, Karrikiri bera horien artean. Zer moduz aplikatzen dira Coaching-eko teknikak euskalgintzan? Zer harrera izaten ari dira?
Berriki agertua, Coaching Sistémico delakoa da. Kasu honetan bezeroa talde bat da. Prozesu berbera egiten da, taldeak dituen helburuak lortzeko eraginkorra oso. Nire eskarmentua ikusiz oso harrera polita izaten ari da, hizkuntza guztietan, erdaraz zein euskaraz, mota guztietako taldeetan: enpresa, bikote, familia, edozein erakunderi zuzendua.
Otsaila partean ikastaro berezia eskainiko duzu Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen dituen kurtsoen baitan eta komunikazioa jorratuko duzu.
Bai, pertsonen arteko komunikazio prozesu ikaragarri eta aparteko hori lantzen da nire ikastaro horietan eta bertan ikasleak bere komunikazio eredu pertsonala lantzen du. Nork bere buruarekin oso aldaketa pertsonala polita eta nabaria lortzen du, oso baliagarria bere harreman guztietarako. Irakaskuntzan (irakasleak eta ikasleak), esaterako, aproposa da oso gaiak, txostenak edo produktuak aurkezteko, hitzaldiak emateko, lan taldeak zuzentzeko edo bideratzeko edota haiekin harremanak izateko (negozioak, enpresak, salmentak, osasuna, ideiak igortzea –prentsa, irratia, tb, politika, sindikatuetan, e.a.-) aisialdia, familiako harremanak, bikotekoak, adiskideak, e.a.
Egun teknologia berriak eta baliabide teknikoak berebiziko garrantzia eta indarra bereganatu dituztenean, badirudi komunikatzeko gaitasuna edo galdu dugula eta, zenbaitetan, mezuari berari garrantzi gutxi ematen zaiola. Zer deritzozu?
Ei!, zer nolako galdera! Gaia oso luzea izan daiteke, baina saiatuko naiz laburbiltzen:
Begira, “mezua” esaten duzunean, hitzaz edo edukiaz ari zara, ezta? Ba bai, garrantzi handiegia ematen zaio “mezuari”, edukiari. Baina kontuz, egitan, gure edozein mezu batek baditu %100 osatzen dituzten hiru alderdi: gorputza, ahotsa eta edukia. Eta bai, gakoa ez da zein den garrantzitsuena, baizik eta zeinek harrapatzen duen gehien entzulearen arreta kontzientea. Oso zabaldua da arreta “gehiegi” ematen zaiola edukiari, gorputzak eta ahotsaren nolakotasunek adierazten duten guztia baztertuz, oso ondorio larriak ekarriz.
Komunikatzeko dugun gaitasuna jaio geroztik gure baitan dago, eta ez da galtzen (osasun arazoak ez badira kausa). Gertatzen dena da, pertsona askok komunikazio ereduaren kalitate baxua izanez, teknologia berria eta baliabide tekniko horien “atzean” ezkutatu egiten dutela, dependentzia handiegia hartuz, agian, ez dakitelako eredu horren kalitatea –beraz nork bere burua- aldatu eta hobetu –gutxi ala asko- dezaketela. Egiten duguna ezinezkoa da hobetzea aurretik ez badugu onartzen hobetu daitekeela; eta jakina, oztopo hori gainditzen badugu, mugarik gabeko hobekuntza prozesu eder batean sar gaitezkeela.
Reyes Ilintxeta. Euskalerria Irratiko kazetariaEne alaba hizkuntza
Euskara ez dut ama hizkuntza, baina bai, aldiz, alaba hizkuntza. Etxean ez nuen ikasteko aukerarik izan. Gure familian, amaren partez, joan den mendearen hasieran gertatu zen euskararekiko mozketa. Ebaki sakona eta mingarria, imajinatzen dut, gure amaborzia eta aitaborzia zaraitzuar eta haien belaunaldikoentzat.
Hizkuntza etxean jaso ez, baina bai bere urrina, bere doinua eta bere xarma, herriko etxe, toki eta pertsonen izen edo ele solte zenbaiten bidez. Bat, bida, hirur… “Aiardina, moxkordina, kontan dela kontan” joko ttikia…
Gogoratzen dut ere bai, haurra nintzela, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxak ateratako kromo albuma eman zidatela. Etxeko gauzak, lanabesak eta halakoak ageri ziren marraztuta eta aldamenean haien izenak eta azalpentxo batzuk, denak elebiz. Miguel Javier Urmenetaren ideia, seguruena. Letra berdez idatzitako euskarazko testu kriptiko horiek behin eta berriz irakurtzen nituen deus ulertu gabe.
Iman batek erakarrita bezala, hemezortzi urterekin auzoko euskaltegian eman nuen izena.
Nik euskara hautatu nuen niretzako eta baita nire familiarentzako ere. Ene bi alabekin euskaraz aritzen naiz. Ezin dut gure harremana bestela imajinatu. Haiekin partekatzeko hamaika kantu, joko eta esamolde ikasten ditut eten gabe.
Gurasotzean, nolabait, norberaren haurtzaroa berreskuratzen dela uste dut. Eta hori, berez ederra izanik ere, nire kasuan ederragoa dela sentitzen dut izan ez nuen haurtzaro euskalduna orain eskuratzen ari naizelako.
Karrika 148. 2011ko apirila
Korrika, teknologia berriak eta Karrikadantza
Udaberria heltzearekin batera 1919an sortutako Euskaltzaindiari omenaldia eginen dion Korrikaren 17. edizioa iritsiko da Iruñera eta euskararen lekukoak gure hiriko kale bazterrak zeharkatuko ditu gure hizkuntzaren aldarria bazter guztietara hedatuz. Maitatu, ikasi, ari…Euskalakari!!!
Eta lasterka aritu ondoren, solaserako gonbitea luzatuko dizuegu berriro Karrisolasa ekimenaren bigarren saioarekin. Martxoan izan genuen hitzorduan bertaratutako lagun koadrilan giro atsegina eta eztabaida bizia sortu zen. Oraingoan ere halaxe izatea nahiko genuke eta apirilaren 13rako prestatu dugun saioan “Euskaldunak eta teknologia berriak” gaia jorratzeko asmoa dugu, Argia/argia.com aldizkarian argitaratutako Lander Arbelaitzen “Euskal komunitatea Interneten indartzeko zenbait irizpide” artikulua abiapuntutzat hartuta. Hurbildu nahi duzuenok, jarri gurekin harremanetan bulegoa@karrikiri.org helbidera mezua igorriz edo gure telefonora deituz.Webgunean aurkituko duzue Arbelaitzen artikulua. Solasa, esan bezala, apirilaren 13an eginen dugu 19:00etan Karrikiri euskal dendan (Xabier jaitsiera 4).
Eta teknologia berriez ari garelarik, jakizue Twitter sarea euskaratu dezaten martxan jarritako kanpainan –Lander Arbelaitzek berak sustatutakoa- gure atxikimendua eman dugula eta argitaratzen ditugun mezu guztietan #twittereuskaraz gakoa sartzea erabaki dugula gizarte sare hori euskaraz egotea lortu bitartean. Katalanek lortu dute jada, laster gu ere!!!
Eta ahantzi gabe, Karrikadantza izeneko ekimenaren berri eman nahi dizuegu; hilero, hirugarren larunbatean, elkarrekin dantzatzeko Zaldiko Maldikok, Karrikirik eta Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako egitasmoa. Lehenengo hitzordua apirilaren 16an izanen da, beraz dantzatzea gustuko baduzue, hurbildu Mercaderes karrikara arratsaldeko 18:30ean. Animatu!!!
Goreti Etxepare. Topagunea (3blai)
Haurren hizkuntza ohituretan euskara txertatzea eta gure hizkuntzarekin ongi pasatzea da Topaguneak bultzatzen duen 3blai egitasmoaren xede nagusia. Nafarroako zenbait herritan martxan dagoen egitasmoa Iruñeko alde zaharrean abiatu da berriki. Goreti Etxepare da egitasmo honen koordinatzailea eta hark azaldu dizkigu bere ezaugarriak.
Zer da eta zertan datza 3blai egitasmoa?
3blai gaztetxoen hizkuntza ohituretan euskara txertatzeko esku-hartze bat da, aisialdian kokatzen duguna. Programa honen bitartez bilatzen duguna da gaztetxoek euskaraz ongi pasatzea eta, honela, beraien oroitzapenetan euskara gozamenarekin eta ongi pasatzearekin lotzea nahi dugu, beraien erabileran eta ohituretan eragin ona izan dezakeela sinetsita. Programa larunbat arratsaldeetan gauzatzen da, 16:30etik 18:30era, eta noizean behin asteburuko kanpaldiak edo egun osoko irteerak ere egiten ditugu.
Nori zuzenduta dago?
Gaztetxoak hiru taldeetan banatzen dira adinaren arabera. Taldeak hauek dira: Larunblai: Lehen Hezkuntzako 4 eta 5. mailako haurrentzako egitasmoa. Jauzi: Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailako haurrentzako egitasmoa. Iseka: DBHko gazteentzako egitasmoa. Nahiz eta printzipioz herri guztietan hiru talde hauek eraikitzea den gure nahia, udal bakoitzaren nahien eta baliabideen arabera proiektu batetik edo bestetik hasten gara. Malgutasunez ere herri bakoitzaren beharrak aztertu ondoren, aldaketak jasan ditzake; hala nola, Lehen Hezkuntzako 2. mailakoak barneratu edo taldeen arteko ezberdintasun mugak aldatu. Hala ere, printzipioz goian aipatutako egitura da proposatzen duguna, uste dugulako adinaren arabera aisialdia ezberdina dela eta horretara egokitu behar garela.
Zeintzuk dira Topaguneak bultzatzen duen proiektu honen xedeak?
Topagunearen proiektuetan betiko jomugak egoten dira: erabilera areagotu eta sentsibilizazioa landu. 3blairen kasuan, haur eta gazteen oroitzapenak euskararekin lotuaz eta hau aisialdian eginik gauza politekin elkarlotuz lortu nahi ditugu helburu horiek. Izan ere, eskola testuingurutik kanpo askotan euskara erabiltzeko aukerak ez dituzte gaztetxo askok. Beraz, hori ahalbidetzen dien gune bat da 3blai egitasmoa. Horretaz gain, kontuan hartu behar da haur eta gaztetxoek beraien denboraren %14 baino ez dutela klaseetan ematen, eta bertan jasotzaile papera bete ohi dute; hau da, ehuneko horren denbora luze batean ez dira beraiek hitz egiten dutenak. Beraz, uste dugu haien hizkuntza ohiturak aldatzeko beharrezkoa dela testuinguru informaletan ere euskaraz bizitzeko aukera izatea, eta horretara zuzendurik doa gure proiektua. Noski, euskaraz gain, beste balore zenbait ere lantzen ditugu zeharka 3blain; hala nola, berdintasuna, naturarekiko errespetua, sorkuntza e.a.
Nafarroako zenbait herritan eta berriki Iruñeko alde zaharrean abian jarri da ekimen hau. Zer nolako harrera izan du? Zer espero duzue Iruñeko alde zaharrean?
Atarrabian, Uharten, Arangurenen, Berriozarren, Burlatan eta Iruñeko Alde Zaharrean martxan dago 3blai. Harrera ona izan du orokorrean, 100 bat gaztetxo dabiltza herrietan eta gainera gazte ugari bildu dira hezitzaile izateko. Horrek asko laguntzen du, izan ere oso garrantzitsua baita hezitzailearen eginkizuna gurean. Alde Zaharrari dagokionez, aurtengo proiektu berriena dugu eta oraindik forma hartzen ari da. Momentuz gutxi batzuek eman dute izena, baina oraindik badago matrikulatzeko aukera. Hemendik gutxira kanpaldia eginen dute Atarrabiako Larunblai taldearekin batera Irañetara, eta hori taldea egonkortzeko eta lagun berriak erakartzeko aukera paregabea dela deritzogu. Bestalde, datorren ikasturteari begira, udal ugarik erakutsi dute interesa. Ikusiko dugu zertan gauzatzen den.
Parte hartu nahi izanez gero, zer egin eta nora jo behar da?
Parte hartu edo informazioa nahi duenak bulegora idatzi edo deitzea besterik ez du: 948 33 08 68 zenbakira edo 3blai@topagunea.org helbidera mezua igorriz.


Pili Yoldi. Kazetaria
Burutik
Asmakizun batekin hasiko naiz. Zerk lotu ditzake lau kontzeptu hauek: Nafarroa, burua, erresuma eta erretiroa? Burujabetasunaren kontuaz pentsatu baduzue, oker zaudete. Hori baino arinagoa den istoriotxo batekin natorkizue: Olentzero etorri baino lehenagoko istorio bitxi batek lotu dizkit gauza horiek guztiak nire buruan. Pasa den abenduan, Nafarroako Henrike IV.a erregeren burua aurkitu zuten, urteetan galduta egon eta gero. Ez zen nolanahiko aurkikuntza izan: erregea 1610ean hil zuten Parisen labankadaz, bertako San Denisen basilikan lurperatu eta, harrez geroztik, baltsamatutako buru-hezurra bueltaka ibili da. Frantziako iraultzaren garaian, XVIII. mendean, iraultzaileek monarkiaren kontrako mendekua hartu zuten eta besoak eta burua moztu zizkioten gorpuari. Gorpuzkinak han-hemenka agertuz joan ziren, baina burua ez. 1919. urtean, baina, antikuario batek salgai jarri zuen, enkante batean. Erosleak sekretupean izan zuen altxorra eta bildumazale jubilatu baten armairuan agertu zen orain dela bi urte. Proba eta xehetasun guztien arabera, Frantziako Henri III.arena (Nafarroako Enrike IV.a) dela baieztatu dute adituek, zalantzarik gabe. Hemendik gutxira, buruaren ehorzketari buruzko berria ikusiko dugu albistegietan.
Burutazioak
Urrutiko errege ezezaguna zela iruditu arren, uste baino gehiago dakigu Henri III.az. Adibidez, hain famatua den “Parisek meza bat balio du” esaldia berak esan zuela hugonote izatetik erlijio katolikora pasatzean, 1574an Frantziako koroa jantzi ahal izateko. Bestalde, bere ama ere oso ondo ezagutzen dugu Nafarroako euskaldunok: Joana III.a Albretekoa, gure hizkuntzaren defendatzaile sutsua, 1560. urtearen inguruan Joanes Leizarragari Testamentu Berria euskaratzeko agindu ziona. Kronikek eta nobelek dioten bezala –Pello Guerraren Jaque mate al Rey de Navarra, adibidez–, Pirinio aldeko jendeak maite zituen erregea izan omen zen. Eta gainera, berak esan omen zuen honako hau: “laborari guztiek oilasko bat izan behar dute igandero lapikoan”. Ez dakit zer egin zuen gaizki Nafarroako eta Frantziako erregeak horrela bukatzeko, baina, nonbait, ez zen etxe guztietara oilaskoaren asuntoa ailegatu, eta jende askok –aurretik, erregea hiltzen hogei aldiz saiatu omen ziren– garai nahasi haietan gorroto zuen.
Buruko minak
Egungo garaietara ekarrita, gertakizunaren atzean gaurko gizartearen buruko min berberak daudela iruditzen zait: boterearen borrokak eta miseriak, buruzagientzako faboreak eta tratuak, erlijioaren eta fanatismoaren eragina, herritarren lapikoak betetzeko premia… Gaur egungo jubilatuek bildumetarako duten zaletasunaz hitz egiteko, psiko-ikerketa burutsuagoren bat beharko dugu, zigiluez edo txanponez haratago. Baina aitortuko dizuet gaur egun arduradunen buruak zentzu figuratuan baizik ez direla eskatzen pentsatzeak neure burua lasaitzen duela: argi dago gure munduak burutik eginda jarraitzen duela, baina behintzat zerbait aurreratu dugula deritzot. Edo ez?
Karrika 145. 2011ko urtarrila

Nun hago? Zer larretan…
Durangoko 45. azokaren ateak ireki zituen egun berean jaso genuen Xabier Lete musikari eta poeta handiaren heriotzaren berri. Euskal kantagintzako doinu eta olerki ederrenetarikoak egin zituen sortzailea hobeki ezagutzeko asmoz, Karrikako ale honetan Pello Elzaburu, Pamiela argitaletxeko arduradunari elkarrizketa egitea otu zaigu. Izan ere, idazle oiartzuarraren azken poesia liburua argitaratzearen karietara, Xabier Lete gertutik ezagutzeko parada izan zuten Pamielako kideek eta haren etorkizuneko proiektuez, bere izaeraz eta euskal kulturari eginiko ekarpen handiaz hitz egin digute. Agur t’erdi Xabier! Durangoko azokan Xabier Leteri buruz asko solastu, entzun eta ikasteko aukera izan genuen eta baita beste hainbat euskal sortzaileren lanak ezagutzeko parada ere. Horietako asko gure Xabier karrikako saltokian eskuragarri dituzue orduz geroztik eta, gainera, aurreko alean horietako zenbait lagunen bisiten berri eman bagenizuen, oraingo honetan ere berri onak dakarzkizuegu, izan ere laster batean gurekin izanen ditugu Asisko Urmeneta, Koldo Izagirre eta Haladzipo Barakaldoko musika eskolako kideak. Oraindik ez dugu datarik zehaztu, baina Urmeneta “Okatxu” komikia aurkeztera helduko zaigu, Koldo Izagirrek “Autopsiarako frogak” liburuaren berri emanen digu eta Barakaldoko Haldzipo musika eskolakoak irakasleei zuzendutako musika tresnen hastapenei buruzko hitzalditxoa ematera hurbilduko dira. Zehaztuko ditugu datak eta orduak eta webgunearen (www.karrikiri.org ) edo Twitterren bidez (@Karrikiri) emanen dizuegu aditzera. Eta ahaztu baino lehen, barka aurreko Karrikan musika atalean izandako nahasmenarengatik. Oharkabean diskoen azalek eta testuek ez zuten bat egin, beraz barka irakurle maiteak. Eta urte berri on guztiei!!!!!

(Ez Dok Amairu taldeko zenbait kide, Atahualpa Yupanqui kantariarekin (ezkerretik hirugarrena). Besteak beste, Joxean Artze (ezkerretik bigarrena), Benito Lertxundi (laugarrena), Mikel Laboa (seigarrena), Jose Angel Irigarai (zazpigarrena), Xabier Lete (makurtuta, ezkerretik lehenengoa) eta Lourdes Iriondo ageri dira. Argazki hau Wikimedia Commonsekoa da.)
Pello Elzaburu. Pamiela
Abenduaren hasieran, Durangoko azokak bere ateak ireki berri zituela jaso genuen Xabier Leteren heriotzaren berri. 60. hamarkadan “Ez dok Amairu” musika mugimendu erreferentearen sortzaileetariko bat izan zena. Bakarka abesteari ekin zion beranduago, baina batik bat poetatzat zuen bere burua. Iruñeko Pamiela argitaletxeak “Egunsentiaren esku izoztuak” bere azkeneko poesia liburua argitaratu eta Lete gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Pello Elzaburu Pamielaren arduradunarekin solasean aritu gara Xabier Lete pixka bat gehiago ezagutzeko asmoz.
Asko hitz egin da azken asteotan Xabier Leteri buruz. Zein da zure irudikoz Letek euskal kulturari egin dion ekarpena? Bistan da literaturan erreferentzia bat zela. XX. mendean eta bereziki azkeneko 40 urteko euskal berpizkundea Xabier Lete bezalako pertsonek eragin zuten. Ez dok Amairurekin eginiko ekarpena izugarria izan zen eta, oro har hartuta, euskal kulturari beste ikuspegi bat eman zion. Musikan eta literaturan erreferentzia bat izan da. Horretaz gain, Letek gure hizkuntza ere aldatu zuela esan daiteke. Izan ere, guztion memorian diren hainbat esamolde eta esaldi berak sortuak dira (Non hago? Zer larretan?...). Aurrekoan, esaterako, Andu Lertxundik Berrian idazten duen zutabe osoa Xabier Leteren abestietako esaldiekin osatu zuen. Horietako hainbat gugan txertatuta daude eta hori ere, zalantzarik gabe, Leteren ekarpena da. Eta bada bere beste alderdi ezezagun eta interesgarri bat, Lete pentsalaria. Egia esan, oso elkarrizketa gutxi eskaintzen zituen, baina ez ezer esateko ez zuelako, baizik eta oso zorrotza zelako. Eman zituen gutxi horietan sumatzen da zuen pertsonalitate ikaragarria, sakona... Berak badu koaderno andana, dietario modukoak, non bere pentsamendua islatu zuen; erreflexioak eta iruzkinak. Eta azken urte edo hilabeteetan haren borondatea zen “hortik probetxagarria zena” argitaratzea. Bera bizirik zegoela ezin izan genuen hori egin, baina pentsatzen dut guk geuk edo beste norbaitek eginen duela.
Zeruko Argia aldizkarian kolaboratu ondoren, “Ez dok Amairu” euskal kantagintza berriko sortzaile eta partaidea izan zen M. Laboa, B. Lertxundi, Lourdes Iriondo, Joxean Artze, J.A. Irigarairekin batera. Zer eman zion Letek euskal kantagintzari?
Egun badira Leteren hainbat abesti ia ia herri ereserkiak bihurtu direnak. Askotan esaten da poeta edo musikari baten konsagrazioa, haren doinuak herriak bere gain hartzen dituenean gertatzen dela. Eta horixe da Xabier Leterekin gertatu dena eta horren adibide nagusia da “Xalbadorren heriotza” abestia; Euskal Herri osoan eta bereziki Iparraldean izugarri maitatua dena. Kontuan hartuz, gainera, Ez Dok Amairu zer garaitan sortu zen, modernitatea eta tradizioaren arteko lotura maisuki uztartzen jakin zutela iruditzen zait. Kantariaz gain, edo batik bat, poeta izan zen Lete, inguruko aditu eta lagunen hitzetan “jario poetiko eta sentsibilitate handikoa, erreferentziala, komunikatzaile fina...”.
Nola definituko zenuke?
Bere poesia bizitzaren esperientziaren poesia da eta bere bizitza ez zen batere samurra izan. Benetako poesia da eta oso sakona. Kantuak oso borobilak eta hizkuntza ulerterrazean egiten zituen, baina poesia, berriz, ez da erreza ulertzeko eta horregatik onena da haren ahotsean entzutea. Hori kontuan hartuz, Pamielan haren 4 emanalditan grabatutako olerkiekin eginiko CD bat atera genuen. Bere ahotsean, gainera, poesiak beste maila bat lortzen du. Itxuraz edo serioa eta tristea zirudien arren, gertukoen hitzetan, aldiz, alaia, ironikoa, berritsua, gozoa...
Harekin izaniko hartuemanaz zer nabarmenduko zenuke?
Apuru piska bat ematen dit honetaz aritzea, baina egia da bere ezaugarrietako bat umorea zela. Bazuen Oiartzun aldeko baserritarren umore hori, ironia... Gutxitan egin dut horrenbeste parra berarekin bezala. Behin baino gehiagotan esan nion zergatik ez zuen bere lanetan gehiagotan agertzen...Bere kantaren batean bada, baina...Oso pertsona hurbila zen, maitakorra, gozoa... Gu oso hunkituta gaude harekin elkartzen ginenean beti zituelako proiektuak buruan jira biraka. Durangoko azokan bere heriotzak atsekabe handia sortu zuen eta asko izan ziren haren inguruan aritu zirenak. Bere liburua segituan akitu zen.
Berrargitalpenik egiteko asmorik? Argitaratu gabeko lanik?
Beno badira hainbat kontu. Lehenik eta behin “Egunsentiaren esku izoztuak” bere azken liburuaren 4. argitalpena prestatzen ari gara jada, Europako mendebaldean poesian oso ezohikoa dena. Bestalde, Irulegi irratian emandako elkarrizketa batean (oso elkarrizketa gomendagarria) erbestea gaitzat hartuta 2010eko bukaerarako poesia liburua prestatzen ari zela komentatu zuen, beraz baliteke hori prest izatea. Bazuen asmoa bere azken liburuaren gaztelaniazko itzulpena egiteko bi arrazoirengatik; hainbat poeta espainiar miresten zituelako, Machado bereziki, eta zor bat sentitzen zuelako Espainia aldean berak maite zuen hainbat jenderekiko. Horrekin batera, bere testamentu liburuak, dietarioak...horiek aztertu eta zer argitaratu eta zer ez erabaki nahi zuen. Eta azkenik, musikan ere zerbait egiteko asmoa zuen eta ziurrenik abesti batzuk eginak utzi dituela. Dena den, honetaz hitz egiten zuenean eszeptizismo gehiagorekin aritzen zen, horretarako indar gehiago behar zelako haren irudikoz. Eta bada harribitxi bat, hor gelditu dena; Errenterian Joxean Goikoetxea akordiolariarekin eman zuen bere azkeneko kontzertuan grabatutako 4 edo 6 abesti berri eta argitaragabeak
Azken urteetan euskal kulturaren hainbat “Totem” hil dira eta nolabaiteko umezurtz sentsazioa gelditu zaigu. Horien ordezkaririk ba al dago?
Nik uste dut sentsazio hori belaunaldi kontua dela. Ziur naiz ni umezurtzago sentitzen naizela nire semea baino. Batzuek esanen dute agian trasmisio kontua dela eta igoal pentsatzen dute gazteek ez dutela Lete ezagutzen, baina nik uste dut euren erara badakitela nor den. Nortzuk diren gaur egungo Lete, Laboa, Lekuona...? Bada, hori perspektiba historikoarekin ikusi beharko da. 70. hamarkadan Lete, Laboa eta horien kantaldietara joan eta zirrara sentitzen genuenean ez genekien nortzuk ziren. Orain, 30 urte pasa ondoren, ohartzen gara zeinek utzi duen arrastoa eta zeinek ez. “Jaioko dira berriak, gu gara Euskal Herria” Xenpelarren bertsoa betetzen ari dela ziur naiz, zalantzarik gabe.
Urtu
Xabier Letona. Argia aldizkaria
Duela 14 urte Arrasatetik Iruñera etorri nintzenean, Gazteluko Ingurubideko atiko txiki batean topatu nuen aterpea. Nafarroa mitifikatuarekin baino, egiazko Nafarroarekin egin nuen topo berehala. Igogailuan bikotearekin euskaraz jardutean, begiratzen gintuztela sumatzen nuen. Salbuespenak ere baziren, baina nekez entzun nezakeen euskaraz han. Inguruak begiratu egiten zion euskarari, eta zenbaitetan mesfidantzaz gainera. Agian ez zen guztiz horrela, baina nik hala sentitzen nuen. Urtebeteren buruan, goiz batean, autoaren kristalean papertxoa itsatsita topatu nuen: “A tu casa vasco”. Ez nekien ingurukoren batek euskaraz entzun eta horrexegatik jarri ote zidan edo, besterik gabe, SS matrikula neramalako. Ez dut behin ere jakingo, baina inpresioa egin zidan. Arrasaten edo Bilbon ez bezala –hemen ere luzez bizi izan bainintzen–, identitate lehia oso bestelakoa zen hemen. Tori, hori ere oztopo. Hiru urte ondoren Alde Zaharrera bizitzera abiatu ginenean, egoera asko aldatu zen. Euskarak bazuen bere tokia, zenbait gunetan nahiko normaltasunez eta beste zenbaitetan ezer baino gehiago irribarre konplizea sortuz. Aldaketa handiena, ordea, umeak munduratzean heldu zen. San Francisco-ko D ereduan ekin zion alabak eta euskararen harreman sarea –ordura arte ere txikia ez zena– handitu egin zen gure bizitzan. Zenbaitetan, plazako kulunka artean euskara nagusi gainera. Bai, bizirik gaude, zer demontre! Ohitu naiz, euskaldunak lasai bizi baikara Alde Zaharrean. Minoria txikia gara, baina euskaltzaletasunak babesten gaitu. Goitik beherako ezikusiari eta eraso multzoari hobeto eusten zaio horrela. Bai, neuk ere ikusten dut botila erdi betearen diskurtsoak dioena: inoiz ez gara hainbeste izan, irakaskuntzan, kalean, literaturan, hedabideetan… Aurrera goaz. Baina urtzen ari gara. Hori da bizitza garai honetan datorkidan usaia, gizartean urtzen ari garela, urtzen ari dela euskara gure erdaretan. Alaben (7 eta 9 urte) hitz jarioan ernaldutako sentipena da. Euskaratik erdararako bidaian, honek duen indarra ikustean, kalean, eskolan, telebistan… Lehendik ere ez baneki bezala, baina, ai, mehatxua etxean sumatzean… Eta gogorrena izan daitekeena, euskaltzaletasunean urtzen agian. Inguruan ditudan guraso erdaldun euskaltzale askoren egoerak eta jarrerak zorrozten didaten inpresioa da. Funtsean, eta borondate onenarekin, uste dutelako ikastea nahikoa dela, gero erabiltzearena erraz etorriko dela. Haiek sakonean hala bizi dutela uste dut. Eta guk dagoeneko ikusia dugu errazena dela ikastea, eta zailena erabiltzea, euskaraz ere bizitzea. Euskaraz eskolatuta ere, euskaldun diren haur eta gazte gehienak euskaraz nola biziko diren irudigaitza egiten zait sarri. Erreferentzia foko berezirik gabe, euskara nagusi den gune txiki, trinko eta erakargarririk gabe ezinezkoa izango dela iruditzen zait. Eta integrazioa? Bale bai. Eta gainera botila erdi betea da. Bale, hori ere bai. Baina orduan, nola saihestu urtzearena? Nola lortu gaztetatik trinkotzea? Nola eskuratu erreferentzialtasuna? Eta erantzun bakarra datorkit, bila jarraitu behar, asmatu arte. Horrek bizi nauelako, horrek bizi gaituelako.
Karrika 143. 2010eko urria

Lamien Urrezko Orrazia Karrikarentzat
Hau da hau udazkena behar bezala hasteko modua!! Izan ere, pasa den irailaren 23an oparitxo ederra ekarri baitzigun larrazkeneko haizeak. Zaldiko Maldiko Iruñeko elkarteak urtero banatzen duen Lamien Urrezko Orrazia saria jaso baitzuen 2.300 etxe baino gehiagotara banatzen dugun Karrika aldizkari honek, Nafarroako euskarazko hainbat hedabiderekin batera. Hori ohorea gurea!
Ziurrenik jakinen duzuen moduan, Zaldiko Maldiko elkarteko kideek euskararen alde eta kontra ari direnei erreparatu eta lehenengoei “Lamien Urrezko Orrazia” eta bigarrenei, aldiz, “Asto Masto” ematen die urtero. Bada aurten euskararen aldeko lana kontuan hartzerakoan, saria Nafarroako euskarazko hedabideei ematea deliberatu dute eta horien artean, gure Karrika aldizkariari. Euren esanetan “urte sail luzean egindako lana eta une honetan, diru-laguntza ofizialik gabe, aurrera ateratzeko egiten ari diren ahalegina” kontuan hartu dute eta guk, jakina, pozez hartu dugu berria.
Egia esateko, esku artean duzuen Karrika aldizkari hau ez da ohiko hedabidea, gure elkartearen buletina baizik, baina biziki estimatzen dugu gurekin ere gogoratu izana eta ibilbide luzeko beste hedabideekin batera saria partekatzea: Guaixe, Belaixe, Ttipi Ttapa, Xorroxin irratia, Xaloa, Karrika, Xuka, Zorrokaria, Pulunpe, Esan- erran, Mailope, Euskalerria Irratia, Aralar Irratia, Irati Irratia, Karrape Irratia, Nabarra… Guztiei zorionak!!
Eta saria jaso eta behar bezala ospatzeko, argazkian ikusten ahal duzuen moduan, egun horretan, hilaren 23an, Zaldiko Maldiko elkartean elkartu ginen aipatu hedabideetako ordezkariak eta festa giro politaz gozatzeko aukera izan genuen. Ea elkarrekin egoteko ez den azken aldia izaten!
Eskerrik asko berriro Karrika egiten dugun guztion partetik!!
Oharra: guk ere oparitxoa egin nahi dizuegu zuei eta urriaren 19an Xabier karrikako gure dendan eginen dugun Joseba Tapiaren azken lanaren aurkezpenera gonbidatu nahi zaituztegu. Aurrerago emanen dizkizuegu xehetasun gehiago gure web orri edo Twitter sarean (bai, Karrikiri hasi da jada txioka!!)
Eraite
Iruñean 2009ko ekainean sortutako talde gaztea dugu Eraite. Metal musika jotzen dute eta, hasi berriak badira ere, soinu indartsua erakusten dute euren lehenengo maketan. Heldu den urriaren 17an Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez festan ariko dira.
Noiz eta nolatan bururatu zitzaizuen taldea sortzea? Zer moduz joan zaizue orain arte?
2009ko ekainean Aitor eta Enekok aurreko proiektua bukatu ondoren, talde berri bat osatzea erabaki genuen. Ekainean bertan Asier taldean sartu zen, lehenengo bertsioekin hasiz. Taldea osatzeko jende bila jarraitzen genuen bitartean, lehenengo konposizioak agertu ziren. Abeslariak ez zirenez agertzen, Aitor hasi zen abesten, eta taldearen erantzun positiboaren aurrean, hala jarraitzen du. Gitarra joleari dagokionez, zenbaitekin frogatu eta gero, Iosu taldean sartu zen, taldearen eraketa itxiz.
2010eko maiatza arte maketa prestatzen egon ginen, abestiak eta letrak konposatzen, eta honen grabaketa amaitu ondoren zenbait kontzertu jo izan ditugu tabernetan eta herriko festa ezberdinetan. Oso gustura gaude, egindako lanaren emaitzak disfrutatzen ari garelako.
Maketan soinu indartsua erakusten duzue. Zeintzuk dira zuen eraginak?
Hainbat metal talde ditugu gustuko. Eragin nabarmenena agian Euskal Herriko taldeena da (Su ta gar, Latzen, S.A…) hurbiltasunarengatik batez ere. Halere atzerriko talde ezberdinengandik ere jaso dugu eragina (Machine Head, Pantera, In flames, Bullet for my Valentine… esate baterako).
Agerian da metala dela entzuten dugun musikaren portzentajerik handiena, baina hala ere beste musika estilo batzuk entzuten ditugu: Funky, Rock, Ska, Reggae...
Hasi berriak zarete, baina jada zenbait kontzertu eskaini dituzue. Zer moduz jendearen harrera? Kontzertuak lortzeko aukerarik izaten ari al zarete?
Gaur egungo metalaren egoera ez da orain dela 10-20 urte bezalakoa. Musika estiloen modak aldatuz doaz, gaur egun metalak ez du lehen bezainbeste jarraitzaile eta hori nabarmena da. Halere ez dezakegu kexarik izan, eman ditugun kontzertu guztietan jendea animatua egoten da eta giro ona sortzen da.
Kontzertuak lortzeko maketa taberna eta gaztetxe ezberdinetara bidali edo eraman dugu, eta interneten bidez ere lortu ditugu batzuk. Gainera, urriaren 17an Nafarroa Oinezean jotzeko aukera eman digute, eta ziurrenik joko dugun kontzerturik garrantzitsuena izango da.
Maketako kanta guztiak euskaraz egin dituzue. Zenbait taldek gaztelaniara edota ingelesera jotzen dute publiko zabalagoa edota oihartzun handiagoa lortzeko asmoz. Zergatik erabaki zenuten zuek euskaraz aritzea?
Hizkuntzarena ez dugu inoiz pentsatu zergatik aukeratu dugun euskara, gaztelaniaz metala ez dugu ia entzuten (ez zaigu gehiegi gustatzen), eta ingelesa agian urrunegia sentitzen dugu. Azkenean denok Euskal Herrian hazi gara eta gehien entzun dugun musika euskalduna da (Negu gorriak, Berri Txarrak, Urtz, Anestesia…). Gainera joaten garen kontzertu askotara euskal taldeek emanak dira, beraz beti gure musika euskararekin identifikatu dugu.
CD-en kopia piratekin eta batik bat internetekin musikaren mundua zailtasunak dituela esaten du hainbatek, baina, aldi berean, teknologia berriak ongi erabiliz gero, aukera berriak ere zabaltzen direla ezin ukatu. Nola dakusazue musika panorama?
Azken hamarkadan izugarrizko aldaketa izan da musikaren munduan, batez ere teknologia berrien agerpenarekin. Zenbait talde eta musikari ezagun kexatzen dira honengatik (agian gutxien kexatu behar direnak), baina gure ustetan hau ez da okerrerako izan, onerako baizik. Hasten ari garen taldeek aukerak eta laguntzak izan ordez, oztopoak ditugu gehienetan, eta honetarako internet oso erabilgarria suertatzen zaigu. Aukera paregabea aurkitzen dugu gure musika ahalik eta jende gehienari zabaltzeko.
Eta euskal musikari dagokionez, zer deritzozue? Ongi ikusten al duzue gure musikaren egoera? Eta Nafarroari dagokionez?
Euskal musika orokorrean ongi ikusten dugu, maila handiko taldeak aurki ditzakegu musika estilo guztietan, eta ez soilik eragin lokala dutenak, baita eragin nazionala eta internazionala dutenak ere.
Hala ere, metalari dagokionez, egoera nolabait maldan behera dago. Talde ugari aurki daitezkeen arren, orain ditugun erreferente nagusienak 80-90eko hamarkadan sortutako talde berberak dira. Beraz, ez da taldeetan berrikuntza handirik ematen, talde berriei ez zaie aukera gehiegirik ematen eta, honen ondorioz, batzuk desagertzen dira edota talde berriak eratzea erabakitzen dute aukera berri bat izateko.
Jada maketa bat duzue karrikan eta horrekin ezagutzera ematen ari zarete. Ba al duzue bestelako proiekturik esku artean? Diskorik ateratzeko asmorik?
Orain kontzertuetan zentratuak gaude, entsaioak horretara bideratzen ditugu, eta gauza berriak ateratzeko denbora gehiegirik ez daukagu. Baina hala ere, etorkizunari begira kanta berriak konposatzen ari gara (baita kontzertuetan bertsioak kendu ahal izateko).
Neguan sartzen garen heinean kontzertu gutxi egongo direnez, konposatzen eta gauza berriak ateratzean zentratuko gara. Diskoa grabatzea pentsatua daukagu, noski, (zein taldek ez du ideia hori buruan), baina orain dela gutxi maketa kaleratu genuen, eta ez daukagu presa handirik.
Zuen musika myspace gunean eta Youtuben ere aurkitzen ahal da, ezta? Maketa erosi nahi duenak nora jotzen ahal du? Eta zuekin harremanetan jartzeko kontzerturen bat lotzeko?
Bai, gure webgune nagusiena myspace-a da (http://www.myspace.com/eraite), gure musika zabaltzeko tresnarik nagusiena. Halere, interneteko beste baliabide ezberdinak erabiltzen ditugu: Youtube-n abestiak igo ditugu eta gizarte sare ezberdinetan aurkituko gaituzue.
Maketa eskuratzeko Iruñerriko taberna ezberdinetan erosi daiteke 5 euroren truk: Infernu taberna, Terminal, Black Rose, Big star, Sai, Si bemol… Gurekin kontaktuan jarriz ere eskuratu dezakezue maketa, eta nola ez gure kontzertuetan ere salgai daukagu. Halere nahi duenarentzat megaupload-etik dohainik jaitsi daiteke, myspace-an eta agertzen garen webgune gehienetan dagoen linkean (http://www.megaupload.com/?d=OGG4OU65).
Gurekin harremanetan jartzeko myspacean aurkitu daiteke informazio guztia, bai telefonoak bai e mail helbidea (eraite@hotmail.com).
Biziraupena eta bizipoza
Mikel Irizar. euskaltzalea eta A.E.D. (Arrasate Euskaldun Dezagun) elkartearen sortzaileetarikoa
Amets garaia
Frankismoan klandestino genbiltzala, amets egiten genuen. Eta ametsetan dena zen eder, dena posible. Euskal herritar guztiak ginen euskaldun, debekuak bakarrik galarazten zigun hala agertzea. Franco bota, debekua altxa eta lehenengo udaberrian loratuko zen Euskal Herri euskalduna.
Amets hura errealitateak birrindu zuen, baina berriak piztu genituen. Aski izango zen euskarazko eskolak eta eskolak euskaraz paratzea denok euskaldun izan eta hala jarduteko. Honek gehixeago iraun du, baina hauts da egun.
Petral aldia
Amets apurtuek petrala ekarri ziguten. Eta, bekokia zimurtuta, borrokarako prestatu ginen. Dena bihurtu zen eskubide, aldarri, gatazka. Eta agonia. Euskararen biziraupena bera kolokan ikusi genuen eta horrek hil ala biziko tenorean jarri gintuen. ‘Euskara ala hil’ zioen ormaren bat ikusi izana ere gogoratzen dut.
Borroka kalean bakarrik ez, alderdien politikara ere eraman genuen. Eta klik! argia piztu zitzaigun: alderdi abertzaleek salbatuko zuten euskara, independentzia zen bidea. Euskaltzale berdin abertzale. Eta alderantziz? Hortik ere ilun. Aparte, ezin esan oso mesedegarri zaionik euskarari Zaldierok ingelesez deitzen duen erakundeak bere jarduera euskaraz azaltzeko duen grina..
Etsipena?
Beldur naiz ibilbide bihurri honek ez ote duen euskaldun ugari etsipenera bultzatu. Euskara ikastean goieneko gailurra lortu ez zuenak, mendira joateari utzi ote dion. Eta inguru euskalduna trinkotu ez duenak, ez ote duen gero eta errazago amore ematen erdaren aurrean.
Eta nik uste dut ez dagoela etsipenerako arrazoirik. Hizkuntza bera inoiz baino osatuago daukagu, eta sekula egon ez den esparru eta mailetan dabil, ondo suelto. Sarri errepikatzen dudan adibidea: Gipuzkoako Aldundiaren gobernu bilerak euskaraz egiten dira. Noiz gobernatu da euskaraz orain baino lehen?
Biziraupena
Posible ikusten dut. Baina, lehenik eta behin, egin dezagun amets neurrian. Auskalo inoiz iritsiko den Euskal Herri euskalduna, adiera zaharrean behintzat. Baina eskura ditugu gune eta sare euskaldunak. Landu ditzagun. Amets unibertsalaren ezinak ez ditzala ezindu posible diren helburu hurbilak.
Euskararen biziraupenak hiztun listoak behar ditu, beti urri izango diren baliabideak puntu estrategikoetan kokatzeko: hurbileko komunikazioa, teknologia berriak, enpresa erreferenteak… Gipuzkoako Kutxan hizkuntza arduraduna izan naizen denboran aski probatu eta frogatu ahal izan dut listo jokatzearen indar eragilea.
Bizipoza
Eta, batez ere, ezabatu dezagun kopetako zimurra. Ondoratzen ari den itsasontzira inor gutxi igoko da, eta saltzaile kopetilunak nekez erakarriko du bezero axolagabea. Bizipoza deitu dudan horri esan niezaioken berdin asertibitatea, harrotasun lasaia, edo auto-konfiantza. Gure ahalmenen gaindi dagoena bigarren mailan utzi, eta egunero egin dezakegun hori egin dezagun.
Oraintxe konturatzen naiz, non eta KARRIKIRIn ari naizela horrelakoak esaten! Errezeloa daukat hau guztia nik baino hobeto ez ote dakizuen…
Karrika 142. 2010eko iraila
San Simon eta San Judas, joan zen uda…
Ziztu bizian pasa da, bai, urtero legez, uda partea; atsedena hartzeko eta hurbileko zein urrutiko bazterrak, kulturak eta jendea ezagutzeko sasoia. Atzean gelditu dira Sanfermin jaiak, gure hiriko kale bazterrak musikaz, burrunbaz eta zuri gorriz jantzitako jendez mukuru betetzen dituztenak. Karrikirin, gainera, atun janaren 15. edizioa ospatu genuen aurten eta, betiko moduan, giro ezin hobeaz gozatzeko parada izan genuen. Eguzkiari aurre egiteko molde guztietako kapelak jantzirik, Euskal Herriko hainbat txokotatik heldutako eta sukalde lanetan maisuak diren gure Ondarruko lagunak izan genituen gure artean. Biba zuek!!! Festa usaiari lotu ondoren, gure hiriburura heldutako hainbat turistak Karrikiriko Xabier jaitsierako dendan bisitatxoa egin ziguten, batik bat Katalunia aldetik etorritako lagunak. Hurreratutako guztiak, Euskal Herriko produktu eta kulturaren berri izateaz gain, gure saltokiko beherapenez baliatu izan dira eta eskaintza berezi hauek oraindik ere jarraipena izanen dute irailaren erdialdera bitarte. Elkartearen bulegoan, bestalde, elkarteko kideak itzuli ahala, erritmoa hartzen hasi gara jada eta gure zerbitzuak eguneroko martxa hartzen ari dira poliki-poliki; lan poltsa, pisukideak, itzulpengintza, zerbitzu euskaldunen errolda, informazio gunea, esku artean duzun Karrika buletina, web orria e.a. Denda ibiltaria ere, uda partean etenalditxoa egin ondoren, urriaren 17an Paz de Ziganda ikastolak eginen duen Nafarroa Oinez jaian izanen da. Ikusten duzuen moduan, bada, lanari eutsi diogu berriro eta gure elkarteko ateak zabalik dira. Eta lur hartzea astiro eta goxo izan dadin irail partean izanen ditugun Sanfermin Txikiko jaiez ere gozatuko dugu. Gora San Fermin Txikito!!

Iñaki Saenz Pascual
Heldu den urriaren 17an Nafarroa Oinez jaia antolatuko du Iruñeko Paz de Ziganda ikastolak. Aurten “Munduz mundu” leloarekin euskara lau haizetara zabaldu beharreko hizkuntza dela aldarrikatu dute. Urte osoan zehar eginiko lanaz eta urrian eginen den festa egunaz solasean aritu zaigu Iñaki Saenz Nafarroa Oinezeko koordinatzailea.
Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak lekukoa pasa eta gero bide polita egin duzue. Zer moduz joan da dena orain arte?
Urtean zehar hainbat jarduera burutu ditugu, ikasle ohien bazkaria, bertso astea, futbol txapelketa, Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna, guraso ohien bazkaria, Euskara Munduan (unibertsitate atzerritarrak eta euskal irakasleen presentzia) Xakobeo erakusketa, besteak beste.
Guztietan helburua euskararen presentzia areagotzea eta Nafarroa Oinez ezagutaraztea izan da. Nafarroa Oinez gizarteratu nahi genuen, Ikastolatik atera eta herrira zabaldu.
“Munduz Mundu” da hautatu duzuen leloa. Zer adierazi nahi izan duzue?
Lelo horrek, euskara gurea izanik munduan barrena zabal daitekeela, erabil daitekeela adierazi nahi izan dugu. Leloarekin batera, logoak ere bat egiten du ideia horrekin, globoa poliki-poliki bidea egiten duen, isil isilik doan garraiobidea baita, oztopo eta muga guztien gainetik. Euskararekin parekotasunik badu, ezta?
Nafarroa Oinezen alderdietako bat ekonomikoa da. Nora bideratuko duzue urte osoan zehar jasotako sosa guztia?
Paz de Ziganda Ikastola zentro handia izanik, bere ikas prozesua bukatzeko batxilergoa falta zaio eta, beraz, horretara bideratuko ditugu lortutako etekinak.
Bestalde, badira Nafarroan, hegoaldean batez ere, kinka larrian dauden ikastolak; Lodosa, Biana eta Tuterako ikastolak, esaterako. Gure Oinezarekin Lodosako ikastola ere lagundu nahi dugu, larrien dagoen ikastola delako, beraz, irabazien portzentaje bat ere haientzat joango da.
Urte osoko ekitaldiez gain, Nafarroa Oinezek lotura berezia izan du aurten beste zenbait ekimenekin; Done Jakue bidea, Oinez basoa.
Bai, hala da. Ikastola Done Jakue bidean bertan kokatzen denez eta Xakobeo urtea izanik, Xakobeoa eta zinea uztartzen zituen erakusketa bat zabaldu genuen apiril aldera Ikastolan bertan. Erakusketak bazuen beste alde bat ere, euskararen jatorria lantzen zuena. Erakusketa horiek Mikel Velasko, Ramon Herrera, Peio Monteano eta Toti Martinez de Lezearen hitzaldiekin osatu genituen.
Maiatzean oihartzun handia izan zuen beste jarduera bat ere burutu genuen: EUSKERA MUNDUAN. Bertan, Tokio, Helsinki, Bahia Blanca eta Madrilgo unibertsitateetan euskara irakasten ari diren adituak ekarri genituen mahai inguru batera. Oso saio interesgarria izan zen, haiek esperientziak entzutea.
Bestalde, Oinez Basoa ekimena duela bi urte Jaso Ikastolak antolatutako Oinezean sortu eta iaz Etxarrin martxan jarri zen proiektua da. Arbizun kokatzen den Euskararen basoan zuhaitzak babesteko aukera eskaintzen digu egitasmoak. Helburua bikoitza da, euskararen irakaskuntza eta ingurumenaren zaintza bultzatzen baititu. Enpresek, erakundeek, familiek... nahi adina zuhaitz babes ditzakete 20 euroren truke. Hau guztia www.oinezbasoa.net orrian ikus dezakezue.
Urrian eginen duzuen festaz ezer aurreratzerik bai?
Ibilbidea zoragarria izango da. Lau herri eta bi ibai hartuko ditu bere bost guneen artean. Gune bakoitzak kokatua dagoen herriaren izena eramango du, hau da, Burlata, Uharte, Arre eta Atarrabia. Bosgarrenak, ikastolan egongo denak, esan bezala Lodosa izena eramango du. Ibilbidea Arga eta Ultzama ibaien ondotik igaroko da hein handi batean.
Guneetako programazioa oso zabala izango da, adin guztietako jarduerak ikusgai izango dira. Aipatzekoa Eskoziatik etorriko den koadrila handia, bere herri kirolak eta kultura erakutsiko dizkigutenak.
Beharren aldetik, jende asko beharko dugu lanean aritzeko, 3000 bat lagun gutxi gora behera. Ikastola handia izan arren guztion laguntza eskertuko dugu, hortaz, inork lan egin nahiko balu, nahikoa du Ikastolara deitu eta Iñaki Saenzekin, nirekin alegia, hitz egitea. Gustu handiz hartuko dugu guztion laguntza.

Harrotasuna
Gotzon Carcar. Coach pertsonala eta enpresarialean aditua
Aspaldi batean nire bakarrizketan, nire barnean dabil jo eta ke, gora eta behera, oso ezaguna den, euskaldunon artean askotan -gehiegitan esango nuke- esan eta entzundako gai hau: Harrotasuna.
Harrotasuna-ri buruz doa plazaratu nahi dudana. Eta hain zuzen, harrotasunarekin loturik dagoen esaldi ospetsu bati buruz: “Euskalduna naiz eta harro nago”.
Esaldi xelebre horren ospea alde guztietara hedatu da. Ozenki erabilia, abestu, aipatu egiten da... eta ez hori bakarrik, baita, euskaldun izatearen harrotasunari garrantzi eta meritu handia ematen zaio. Adibidez, berari esker euskara bizirik dagoela nonbait irakurrita daukat eta askotan entzuna ere. Ai ene! nolakoa izan zitekeen gure historia harrotasun hori gabe!
Nire asmoa, harrotasun horrek gugan (eta gurearengan) sortu duen eragin ezkorra salatzea da. Baina batez ere denok elkarrekin –behin onartuz gero azaltzera noana noski- baikortasunerantz abiada ederra egitea da asmoa edo beharrezkoa balitz, edonork bere buruarekin -edo taldean-, eztabaida sortzea edo hausnarketa egitea.
Ikus ditzagun 3000 Hiztegian azaltzen diren itzulpen hauek:
harrotasun:1 hinchamiento, dilatación. 2 orgullo
harro:poroso/sa, esponjado/da, ahuecado/da, vano/na
arrotu, harro(tu), harrotzen:ahuecar, hinchar, levantar
harrokeria: vanidad, orgullo, presunción
vanidad:1 calidad de vano: hutsaltasun, hutsalkeria. 2 engreimiento, envanecimiento: harropuzkeria, harrokeria, hantuste, astintasun, harrotasun.
Hala ere eta zoritxarrez, oso barneratua eta onartua dago harrotasuna gauza ona dela guretzat. Hanka sartze handia da. Harrotasuna ona dela eta harrokeria ez? Oker dabil horrela pentsatzen duena. Handikeria adierazten dugunean gutxiagotasun konplexuaren iturritik edaten dugu eta. Guztiz, txobinismo jarrera dela esango nuke.
Edonork, hutsik egonez, harrotasunaz eta handikeriaz, betea dagoela adierazi nahi du, barnean duena estaliz. Holako jarrera baten aurrean, edonork errez sentituko duena arbuioa izango da. Kaltegarria denontzat: mezuaren igorlearentzat eta hartzailearentzat.
Adimen Emozionalaren zientziak edo trebetasunak aztertzen du argi eta garbi horrela adieraziz:
harrotasun:barne energia emozionala
harrokeria: harrotasunak sortarazten duen jarrera
Harrotasun sentimendua (barne energia) esperimentatzen dugunean, gure sistemak –gorputza bitartez- jarrera bat –edo gehiago- adierazten du eta helarazten duena harrokeria da. Bata bestearen ondorioa da. Harrotasunak halako harro jarrerak bermatu egiten ditu: harropuzkeriak, harrokeriak, huts eta faltsu. Gutxiagotasunaren konplexu ezkutukoaren eraginpean gaude harrapatuak orduan. Oso arriskutsua, oso kaltegarria.
Buelta eman diezaiogun, mesedez. Aukera badago. Euskaldunak izateagatik harro sentitu beharrean, jar gaitezen pozik, edo ase, edo nahi bada, maitemindurik. Gure mezu guztiak energia baikorraz helarazi ditzagun. Nik uste komeni zaigula. Denontzako den helburua lortzeko askoz hobe.. Beste aurrerapauso eder bat izan daiteke eta. Ze deritzozu?
Karrika 141. 2010eko uztaila
Festetan eta oporretan ere euskaraz bizi eta goza!!
Iaz eginiko hausnarketa prozesuaren ostean, Karrikiri elkarteak ilusioz beteta ekin zion ibilbide berriari ikasturte honen hasieran; jende berria hurbildu da gurera eta, horri esker, gure zerbitzuak sendotuz eta hobetuz joan dira gutxika-gutxika. Esku artean duzuen Karrika aldizkari itxuraldatuak ere bere urratsak eman ditu eta Internet sarean ere bere tokia hartuz joan da gure web orri berritua. Gure ohiko zerbitzuek aurrera darraite sasoitsu eta Karrikiriko denda mugikorrarekin Euskal Herriko hainbat bazter bisitatu ditugu azken hilabeteotan; Artaxoa, Baigorri (Nafarroaren eguna), Portugalete (Folk Azoka), Sondika (Bizkaiko Dantzarien Biltzarra), Sortzen festa Iruñean, Larrabetzu (Literaturia, euskal liburuaren azoka). Eta berriki, gainera, lagun gehiagoren laguntza ekarriko digun bazkidetza kanpaina bati heldu diogu. Hori guztia, bada, azken hilabeteotan gure elkarteak eginiko lanaren erakusgarri. Eta lan erritmo horri eutsi ondoren, atsedena hartzeko ordua heldu zaigula uste dugu, merezita, gainera. Horregatik, zuetako hainbaten modura, oporretan eta festa giroan murgilduko gara datozen egunetan, atsedena hartu eta pilak kargatzeko asmoz. Baina, hori bai, euskaratik eta euskaraz; izan ere, oporretan eta festetan ere euskaraz bizi eta gozatu nahi baitugu lagunekin eta familia artean. Eta horregatik, gure hirian barna Sanferminetan eginen diren euskarazko ekitaldi guztietara joateko gonbitea luzatzen dizuegu (agendan emanen dizuegu horren berri zehatza) eta, horien artean bereziki, uztailaren 9an eginen dugun atun janaren 15. ediziora. Urtero legez, Ondarruko gure lagunek ekarriko diguten hegaluze goxoa dastatzeaz gain, bazkalostean euskal musika eta dantzez gozatzeko aukera izanen da; beraz, elkarrekin ongi pasatzeko parada ederra. Zaldiko Maldiko elkartean izanen da, animatu bada! Ongi pasa festetan eta oporretan eta gogoratu abuztuan gure Karrika oporretan egonen dela. Iraila arte!!!

Patxi Laborda
“Konpartsa edozein momentutan karrikara ateratzen badugu, berez duen magia xahutu daitekeelakoan nago”
Aurten Iruñeko Erraldoi eta Kilikien Konpartsak bere 150. urteurrena bete du eta ekitaldiz hornituriko urtea ospatzen ari da Iruñerriko jendearen gozamenerako. Sanferminetan, gainera, Txupinazoa jaurtitzea egokituko zaie eta irailaren 18rako ikuskizun berezi bat prestatzen ari dira. Horretaz guztiaz hitz egin digu Patxi Laborda Konpartsako kideak.
Ibilbide oparoa egin du Iruñeko Konpartsak. Zer nabarmenduko zenuke eginiko bide luze honetaz?
Neretzako interesgarriena izanen litzateke konpartsak berak izan dituen garapena eta bilakaera. Batzuetan, horrenbeste jende inguruan ikusiz, ematen du betidanik horrela izan dela, baina urte aunitz konpartsan dantzan egon direnek argi esaten digute gauzak zeharo aldatu direla; konpartsa nolabaiteko ikurra bilakatu dela azken bolada honetan, onerako eta txarrerako, jakina. Segur aski Tadeo Amorenak bere erraldoiak egin zituelarik ez zuen ezta urrutitik espero gaur dagoena izatea. Berak segida ematen zion antzinatik zetozen tradizio bati, besterik ez… baina zorionez tradizioak aldatzen, pobretzen edo aberasten dira, eta kasu honetan asko aberastu da… Batek daki hemendik berrogei urtera zer izanen den, baina hortaz solastuko gara mende erdi barru.
Etxeko txikienendako ez ezik, Iruñeko jendearendako ere oso berezia da konpartsa, ezta? Sumatzen al duzue hori?
Nagusi guztiak txikiak izan gara noizbait, eta ausartuko nintzateke esatera nolabait jarraitzen dugula txikiak izaten. Guk nahi dugu erraldoiak, kilikiak, buruhaundiak eta zaldikoak ikusten genituen moduan gure ondorengoek ikustea, eta agian horrela haien begien bidez berbizitzen ditugu atzean utzitako une gozoak… Badira modu ezberdinak konpartsa bizitzeko: kilikien eta zaldikoen aurrean korrika egitea, bilobak, seme-alabak arrinkonkor jarri eta erraldoien ondoan joatea… eta bizitzak modu horietatik guztietatik pasarazten gaitu.
Urteurrena dela eta, aurtengoa urtea berezia izaten ari da zuendako. Zer moduz doa?
Urte berezia da, dudarik gabe, eta horren aldeko apustua egin dugu nabarmenki, baina agian gure kalkuluetatik haratago joan zaizkigu agerraldiak, izan ere nire ustez ez baita batere ona konpartsa horrenbeste kalean egotea… Konpartsak badu bere testuingurua, bere funtsa, eta edozein momentutan kalera ateratzen badugu, magia hori xahutu daitekeelakoan nago… Baina, egia esan, aurtengo kontua da, eta segur aski datorren urtean ez gara honetaz solastuko.
2010eko SanferminetakoTxupinazoa jaurtitzeko ohorea, gainera, zuena izanen da. Akaso azken urteotako Txupinazorik maitatuena izanen da?
Guretzako bai, jakina, eta agian bide polit bat landu daiteke hemendik aitzina: txupinazoa Iruñearen alde lan egiten duten kolektibo edo pertsonek bota dezaten, eta ez bakarrik politikariek. Nire ustez bide interesgarria eta tradizio “berri” horren funtsarekin koherentea. Nik esanen nuke guk txupinazoa botatzeak iruindar guztiak ados jarri dituela, eta hori itzelezko lorpen bat da, zalantzarik gabe.
Baina ospakizunak ez dira Sanferminetan akituko. Irailerako ekitaldi berezi bat prestatzen ari zarete. Ezer aurreratzerik bai?
Gauza asko prestatzen ari gara ekimen horretarako, jende askok gogoa adierazi du parte hartzeko eta une bereziak biziko dira. Aukera izanen dugu bidaiatxo xume bat erraldoien bihotzera egiteko, musika ezberdinen bidez, soinu eta koloreak, hitzak, irudiak… Zaila da azaltzea, baina… bi printzesen arteko jota… erraldoien begirada tristeetako dantzak. Jeroglifikoa ematen du, baina guztiek ulertuko duzue.
Euskararen etorkizuna, geure esku
Patxi Baztarrika. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohia
Hizkuntza pluraltasunaren gainean ertz askotatik garatutako gogoetak jaso ditut Babeli gorazarre izenburuarekin (Alberdania) argitaratu berri dudan liburuan, eta, jakina, hizkuntza aniztasunaren galera-arriskuaz ere aurki daiteke gogoetarik bertan. Izan ere, gizadiaren historia hizkuntza pluraltasunaren etengabeko galeraren historia baita. Mendez mende milaka hizkuntza hil dira munduan, oraintxe bertan milaka daude, estu eta larri, galtzeko arriskuan, eta segur da asko desagertuko direla. Egiazki ez dakigu zer-nolako bilakaera izango duen globalizazioak, ez baitakigu zer izango den: edo jakobinismo linguistikoaren erreinua edo aniztasunaren eta diferentzien arteko berdinkidetasunaren paradigma. Denetarik izango du, seguruenera. Galerak ere bai, seguru. Euskara, ordea, nahiz eta gure arteko lantu jotzaile askok euskararen hil kanpaiak astindu, ez dago hil edo biziko ataka horretan, ezta gutxiagorik ere. Euskara, beste hizkuntza asko bezala, ingelesaren eta inguruko hizkuntza hegemonikoen tarte gero eta estuagoan zirrikitu bila dabil, baina badu zerbait bere alde, badugu zerbait gure alde: milaka hizkuntzaren heriotzak hizkuntzak erabili ezean hil egiten direla erakusten digun bezala, euskararen urteotako bilakaerak erakusten digu guztiz egingarria dela hizkuntza ez-hegemoniko eta gutxiagotuak biziberritzea, garatzea eta haztea. Utopia egingarria dela, alegia, euskara indarberritzea.
Utopia hori egia bihurtzen duten faktore erabakigarrien artean hiru nabarmentzen dira besteen gainetik: biziberritu nahi den hizkuntza babesteko eta sustatzeko lege-araudi egokia, hizkuntza politika eraginkorra herri-aginteen eskutik eta herritarren atxikimendua. Faktore horien indarra eta elkarren arteko uztardura nolako, hizkuntza biziberritzeko prozesuaren arrakasta edo porrota halako. Diogunaren kasu paradigmatikoa da euskararena: bistakoa baita hiru faktore horien gorabeherak esplikatzen duela azken hogeita bost urteotan euskarak eta elebitasunak atzera egin izana Iparraldean, aurrerantz baina motel Nafarroan, eta aurrerantz indartsu Euskal Autonomia Erkidegoan.
Nolanahi dela ere, nago urteotan guztiotan euskarari dagokionez gertatu den aldaketa nagusia geure buruetan gertatu dela. Gutako askok Aitorren hizkuntza zaharra etxe-zulora kondenaturiko bigarren edo auskalo zenbatgarren mailako hizkuntza baliogabetzat kontsideratzeari utzi genion, eta hizkuntza bizi, moderno eta maila guztietako komunikaziorako hizkuntza kultu eta baliozkotzat hartu dugu. Aldaketa horren kariaz eta aldaketa horren bidelagun bereizezinak diren herritarren atxikimenduari eta herri-aginteen konpromiso irmoari esker gertatu da gertatu den euskararen aurrerakada. Esan dezadan, halere, herri-erakundeen konpromisoa hizkuntza politika kontuetan, Nafarroan nahiz Iparraldean, oro har, oso kezkagarria izateraino dela aski eza eta hutsala; izan ere, lurralde horietan, euskararen muga soziolinguistiko saihetsezinei, tokian tokiko herri-erakundeek ezarritako muga legal eta politikoak gaineratzen baitzaizkie ezinbestez.
Kontua da, azken hogeita bost urteotako bilakaerari esker, nire ustez, inoiz baino neurri handiagoan daudela euskararen eta hizkuntza-bizikidetzaren etorkizuna herritarren eta hiztunen esku. Inoiz baino neurri handiagoan gara geu gorabehera honen soluzio. Nago, baina, sarri askotan –gehiegitan- geu garela baita ere arazo. Kontu hauetan ere hobe dugu, “politikoki zuzenak eta arriskurik gabeak” diren diskurtsoen erosotasunetik ihes egin eta hainbat txip saihestea; esaterako, erresistentziaren edo errebindikazioaren eta agoniazko jarrera biktimisten txipa. Boluntarismoaren liluraz mozkortuta jardutearen ondorioz edo euskara estrategia politiko batzuen morrontzan jartzearen ondorioz, euskararen biziberritzean lortu ezin litezkeen espektatibak balekotzat ematen ditugunean, frustrazioari ateak luze-zabal irekiz, geu bihurtzen gara arazo. Hogeita bost urteotan gertatutakoa ikusita, euskararentzat guztiz kaltegarria dela uste dut euskal herritarrei -elebidunei nahiz elebakarrei- adieraztea legerian eta marko juridiko-politikoan edo herri-aginteetan dagoela euskara azkarrago indarberritzea eragozten digun muga nagusia. Kaltegarria diot, gure muga nagusiak, Nafarroaz eta Iparraldeaz jadanik esandakoaren kalterik gabe, besteak beste, beste honako hauek direlako: gure errealitate soziolinguistiko askotariko eta konplexua, euskarak gizarte-bizitzan gaztelaniarekiko nozitzen duen ahulezia, erdaldun askoren inertzia, euskal hiztunen euskararekiko leialtasun-neurria, eta euskal herritarron gogoa.
Gureganatu beharko genukeen txipa Kennedy presidentea parafraseatuz adierazi dezakegu: “hizkuntza politikak niri zer eman diezadakeen galdetu beharrean, galde diezaiogun gure buruari: zer egin dezaket nik bizikidetzaren alde? Zer egin dezaket hizkuntza-bizikidetzaren mesedean eta hizkuntza kontuetan aukera-berdintasuna bermatzearen onuran?”. Bai, hobe dugu, bai, herritarrek jakin dezaten euskararen etorkizuna eta hizkuntza-bizikidetza batez ere euren hizkuntza-jokabidearen esku daudela: bai elebakarrek elebakartasunari behin betiko atea itxi eta elebitasunari irekitzearen esku eta, batez ere, euskal hiztunen hizkuntza-jokabidearen esku. Gaur oraindik elebakar direnei eskatu behar diegu hurbil daitezela euskarara, eta asmatu behar dugu ohartarazten neurri handi batean euren esku dagoela hizkuntza-bizikidetzan aurrerapauso sendoak ematea, herritar elebidunik gabeko elebitasuna itxurakeria eta erretorika hutsa baitira. Ildo berari jarraiki, ordea, hil edo bizikoa dugulakoan nago, are hil edo bizikoagoa, Joxanton Artzeren lelo hura berreskuratu eta lau haizeetara zabaltzea: “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik”, edo Bitoriano Gandiagaren beste hura: “Baina eta hemen / euskaraz jakin arren / euskaraz mintzatzen ez denak ere / ez digu uzten / euskaraz egiten”. Bistan baita etxetik euskal hiztun direnek euskara esparru guztietan, bereziki ez-formaletan, ohikotasunez eta naturaltasunez erabiltzen badute, bidearen erdia baino gehiago egina izango duela gure hizkuntzak. Bistan baita, halaber, gaur gaurkoz euskarak atzera egitearen arriskua ez dagoela Unibertsitateko edo DBHko ikasgeletan atzera egitean, baizik eta atzera egiteko arrisku-guneak ikastetxe horietako pasillo eta kafetegiak, edo ikasle eta irakasle EGAdunen arteko ikasgelaz kanpoko harremanak, aisialdia… direla. Bistan baita, azkenik, euskararen etorkizunerako erabakigarria izango dela gaurko guraso euskaldun berriek euren seme-alaben etxeko hizkuntza euskara izatea aukeratzen duten, aukera hori egiten badute askoz naturalagoa eta barnekoiagoa izango baitute euskara bihar-etzi gaurko haurrek. Euskararen erabileraren aldeko pausoa euskal hiztunen erantzukizuna dugu, lehenik eta behin. Etxetik euskal hiztun direnek ohikotasunez eta lehentasunez erabiltzen ez badute, eta bigarren hizkuntzatzat ikasi dutenek gero eta modu naturalagoan bereganatzen ez badute, eta euskara tresna eroso eta baliagarria ez badute, ezer gutxi aurreratuko du euskararen bizi-indarrak, nahiz eta erruz gehitu ezagutza-indizea.
Esandakoaren ildotik, zer pentsatua eman beharko lioke euskararen etorkizunaz arduratzen den edonori, euskararen erabilerarekin azken bi hamarraldiotan gertatzen ari denak: euskararen ezagutza ez ezik, erabilera ere gehitu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta mantendu baino ez Nafarroan. EAEko erabileraren gehikuntza, ordea, batez ere esparru publikoan gertatzen ari da, oso nabarmen zerbitzu publikoetan eta motelago lagunartean. Alabaina, esparru ez-formalean, zehatzago esanda “etxeko salan”, ez da gehitzen ari euskararen erabilera. Elebidunen kopurua erruz hazi delako hazi da, beraz, erabilera, nahiz eta normala denez neurri apalagoan hazi; gaurko elebidunek, ordea, batez beste, ez dute duela hogei urteko elebidunek baino gehiago erabiltzen euskara, nahiz eta erabiltzeko aukerak areagotu egin diren. Hizkuntza biziberritze prozesuak saihetsezinak dituen hazkunde-kostu batzuk eta hainbat arrazoi estruktural dira hori guztia neurri handi batean esplikatzen dutenak (elebidunen euskara-gaitasun erlatiboa, elebidunen lehen hizkuntza, elebidunen profil urbanoa, elebakarren proportzio altua, eta abar). Baina, euskal hiztunek hizkuntzarekiko duten identifikazio-loturaren eta leialtasunaren neurriak ere zuzenean eragiten du erabileraren gorabehera honetan, zalantzarik gabe.
Hain zuzen ere gogoeta-hari honi tiraka papereratu ditut Babeli gorazarre liburuan, beste zenbaiten artean, ondorengo galderok: elebidunen kopurua erruz gehitu bada ere, zein neurritan hazi ote da egiazko hiztunen kopurua? Eskolako hizkuntza akademiko nagusia (zabalduena) den bezala ote da euskara ikasgelatik kanpora ere ikasleen eta irakasleen arteko harreman ez formalagoetako komunikazio-hizkuntza? Inoiz baino liburu-izenburu gehiago eta inoiz baino hedabide gehiago ditugunean euskaraz, euskarazko produktuen aukera egiten al dute kontsumitzaile elebidunek, eta zein neurritan? Zenbateraino da euskara Administrazioan lanean jarduteko behar besteko euskara-gaitasuna erakutsi dutenen lan-hizkuntza? Gaztelaniaz bezain erraz eta eroso moldatzen al dira euskaraz elebidun berriak? Eta elebidun zaharrak? Zer-nolako balioekin lotzen dute gaur egun euskara belaunaldi gazteek? Euskararen ezagutza hazi den neurri bertsuan hazi al dira euskararekiko atxikimendua eta begirune soziala? Zergatik ez dute erdaldun elebakar askok oraindik ere euskararantz inolako pausorik ematen? Ez ote du XVI. mendeko “euskara, jalgi hadi plazara!” haren lekua “euskara, hator etxera eta lagunartera!” leloak bete beharko XXI. mendean?
Mitxelenak esana da: “hizkuntza batentzat hilgarria dena hiztunen axolagabekeria da”. Ez bekie gaurko herritarrei eta hurrengo belaunaldiei esan eurek egin beharrekoa eta egin dezaketena neurri handi batean eginda dagoela, eta etorkizuna herri-aginteek eta legegileek egiten dutenaren esku dagoela. Bizitzaren esparru gehienetan bezala, hizkuntza kontuetan ere errazagoa eta atseginagoa da egoeraren erruak hirugarren baten bizkar botatzea, norberaren arduragabekeriak zuritu eta erosokeriari bide emanez. Hortik ezin, ordea, onik ezer espero, jokoan daukaguna ez baita bakarrik euskara erabiltzeko aukerak sortzea –horretan etengabe eta atzerapauso txikienik gabe jarraitu beharra dago-, jada ditugun aukerak baliatzea baizik. Jokoan daukaguna erabili ahal izatetik erabili nahi izatera eta, beraz, erabiltzera jauzi egitea da. Euskara erabiltzea da, ez besterik, euskarak behar duen mobilizazio sozial berria, berria eta berritua, konnotazio alderdikoirik gabea, anizkoitza den gizartearentzat bateragarria izango dena, konfrontazioaren ikusmoldea eta biktimismo uxatzaileak erabat baztertu eta balio nagusi eta erreferentzialak bizikidetza, berdinkidetasuna, elkartasuna, pertsuasioa, erakarmena eta naturaltasuna izango dituen euskararen erabileraren aldeko mobilizazio soziala.
Hizkuntza bizikidetzak eta hizkuntza pluraltasunak nahitaezkoa dute herri-aginteen hizkuntza politika aktibo eta sustatzailea. Euskarak biziberritzen jarraituko badu nahitaezkoa du herri-aginteen aitzindaritza; ezinbestekoa du herri-aginteek euskara indarberritzeko ahaleginari geldialdirik gabe eustea. Baina nago, euskararen aurrerabiderako gako nagusiak honakook direla: erabilera, gogoa eta adostasun sozial eta politikoa. Jabetuko al da gizartea inoiz baino gehiago daudela bere esku euskararen etorkizuna eta hizkuntzen bizikidetza harmoniatsua?
Karrika 140. 2010eko ekaina

Mingainaz, bihotzez, larruz, itsatsi euskarari
Lelo erotiko xamarra atera zaigu bazkidetza kanpaina berrirako, ezta? Gogoetaldiaren ondotik, haize bolada berria sartu zitzaigula aurreratu genizuen aitzineko zenbakietan eta, egunek aurrera egin ahala, badirudi joera zoro hori sendotzen ari dela. Akaso hasi berri duen eguraldi beroaren eragina izanen da edo gure betiko sena. Zeinek daki! Kontua da lagun berriak erakarri nahi ditugula gurera eta kontuan harturik Patxi Huarte Zaldierok eginiko logo berriaren irudikapen xelebreak zer nolako arrakasta izan duen, bada horixe iruditu zaigula aproposena bazkidetza kanpainari heltzeko. Horixe baita gure xede nagusia, euskarari bakoitzak nahi erara lotzea.
Izan ere, duela zenbait aste Iruñeko karriketan izaniko manifestazio erraldoian aditzera eman genuenez, euskalgintzan dihardugun elkarteon ekonomia ez baitago bere egoerarik onenean eta, gainera, erakundeetatik murrizketak dexente areagotu dira. Hala eta guztiz ere, garbi dugu horrek ez gaituela kokilduko eta geure egitasmoei eutsiko diegula. Hori dela eta, gure elkartearen oinarri sendoena diren bazkide gehiago bildu nahi genituzke eta zeregin horretan zuen laguntza izatea biziki eskertuko genuke. Hasteko eta behin, bazkide egiten diren lagun berriei “Kamasutra” elastiko berria oparituko diegu ongietorri gisa eta, horrekin batera, gure aspaldiko bazkideek jada gozatzen dituzten abantailak eskuratu ahal izanen dituzte: %20ko beherapena kaleko arropa, euskal jantzi eta etxeko arropan, %10 CD, DVD eta jostailuetan eta %5 liburuetan. Horietaz landa, hilero 60 euroko txartel bat zozkatuko da Karrikiriko dendan erosketak egiten dituzten bazkideen artean eta hilero, erosketa egin edo ez, “Zozketa-sorta” bat eginen dugu gurekin harremanetan jartzen direnen artean. Kanpaina horretan, halaber, inguruan izan, baina euskaldun ez direnei ere elkarteari laguntza emateko aukera eskaini nahi diegu “Lagun” irudiaren bidez. Karrikarekin erantsita joanen den orribikoan bazkidetzeko informazio guztia aurkituko duzue, beraz, badakizue, hurbildu gurera eta egin zaitezte gure bidaide berri!

Jon Sarasua
“Hizkuntza gutxitua gara, eta automespretxua dakar horrek, baina jakin dugu euskaltasunaz harro sentitzen ere”
“Jarraiduraz eta irekiduraz, han eta hemen” izenburua paratu zion hitzaldiarekin, Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak hizkuntza gutxituen eta hauen hizkuntza komunitateen artean zubiak eraikitzearen inguruan hausnarketa egin zuen Iruñean.
Iruñeko hitzaldiko izenburuari tira eginez, zertan jarraitu behar du euskararen aldeko ahaleginak?
Jarraitu? Ia denean. Geure buruari egurra ematen onak gara batzutan, baina egindakoa balioestea ere ona da. Azken 50 urteotan hizkuntza biziberritzeko ahalegin handia egin da herri honetan, hamaika frentetatik. Horietako gauza asko kritikatu eta hobetu litezke, baina ezer gutxi dago soberan. Bizinahi handia dago pertsonetan, hasteko. Bestetik, herri-ekimenetik sortutako gizarte-erakundeek jarri dituzte oinarriak, hor dago euskalgintzaren benetako indarra.
Eta izenburua tiratzen jarraituz, zertara ireki behar ditu bere ate eta leihoak?
Bada topiko bat itxiak garela dioena, eta ireki egin behar omen dugula. Nik ez dut horrela ikusten. Jarraidura eta irekiduraren arteko nahasketa izan da beti euskal izaeraren bidea. Bai gaur ere. Zertan eta zenbateraino ireki, zertan eta zenbateraino jarraitu, hori da kontua.
Beste gai bat da gure nazioartekotasuna lantzea. Iruditzen zait euskararen komunitateak baduela nazioartekotasun propio bat lantzeko aukera. Eta hori, nazioartekotasunaren adar hori lantzea, bizigarria zaigula.
Kanpora eramanen ligukeen zubietako bat Andeetara luzatzen duzu? Zer dute han eta zer dugu hemen elkar ulertzeko?
Hasteko, ohartu behar dugu euskarak azken mende erdian egindako bidea oso bide bakana dela, eta une honetan munduko jatorrizko hizkuntza askok dituzten desafioentzat ispilu ona dela. Euskara batuaren sorrera, ikastola mugimendua, kulturgintza, hedabideak... horien sorrera puntura iritsi ezinik daude munduko jatorrizko hizkuntza komunitate gehienak, kinka erabakigarri horretan. Eta hor gure adibideak astindu handia ematen die. Ez gurea izugarria delako, baina haientzat ametsa eta erreferentzia bat delako. Gure oso gertukoak, gure oso lehengusuak dira zentzu horretan. Haien ametsak ere gurea elikatzen du gainera. Eta zergatik Andeak? Ez dute zertan Andeak izan, izan litezke Hawaiiko irlak, baina Hegoamerikarekin baditugu lotura historikoak, eta praktikoak, gaztelaniaz irits gaitezkeelako.
Gureari begira ordea, harro egoteko ikusten duzun argudiorik gardenena?
Ba begira, juxtu gure harrotasunaz egongo nintzateke harro. Hizkuntza gutxitua gara, eta automespretxua dakar horrek, baina jakin dugu euskaltasunaz harro sentitzen ere, eta horrek dakar gainerako dena. Harrotasun horren pertzepzio positiboa azpimarratzen digute herri indigenetatik ekarritako bisitari eta ikasleek. Eta hamarkada hauetan gure hizkuntzaren inguruan egindakoa zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta mirespen gehiago sortzen dit.
Eta lotsatzeko argudiorik zikinena?
Badugu gen dibergente bat, gure indarrarekin batera doana. Elkarren kontrako bideetan joaten zaigu energiaren zati handi bat. Eta tira, denetik dago gure artean ere, historiari begiratu besterik ez dago.

Zertarako euskara? Zergatik espainiera? Eta beste gauza batzuk
Josu Sierra Orrantia
Una vez asegurada la dominación de ese Estado, una nueva identidad nacional, definida en referencia al Estado nación, es construida, impuesta y negociada, mediante la ciudadanía política, el DNI, la escuela, la lengua, el servicio militar, las selecciones deportivas y la hagiografía patria. Y cuando hace falta, la fuerza de la ley del Estado. El quid de la cuestión es, naturalmente, el grado de integración efectiva de las identidades absorbidas en la nueva identidad. Y ello depende tanto de la capacidad del Estado para eliminar las identidades dominadas (alta en Francia, baja en España, nula en Yugoslavia) como de la voluntad política de integrar otras identidades nacionales dentro de la identidad nacional que funda el Estado (buena voluntad en Escandinavia, hostilidad en la España franquista, ambigüedad en la España democrática).” M. Castells http://www.iceta.org/mc061105.pdf
Horrelako hainbat komentario irakurri daitezke sarean : ” … El eusquera debe ser un idioma secundario porque te guste o no vives en un país que se llama España y cualquier español tiene que poder ir a cualquier parte de España, trabajar y vivir donde quiera y no estar forzado aprender eusquera porque a lo nacionalistas les apetezca, (…) Yo soy español y vivo aquí y para nada quiero que a mis hijos les obliguen a estudiar una lengua del pasado, antes prefiero que le obliguen a estudiar griego.” (http://blog.euskara21.euskadi.net/index.php/archives/292)
Espainiar nazionalismoaren intelektualak omen diren batzuek ere, Savater adibidez, honelakoak esaten dituzte: “Nadie puede ser obligado ni a hablar, ni a estudiar, ni a expresarse, ni a vivir” en las lenguas autonómicas, agregó, puesto que “esas lenguas no son obligatorias, sino optativas”. http://www.elcastellano.org/noticia.php?id=681
Derrigorrezkoa den bakarra espainiera da, dakigunez.
Badugu beraz, hizkuntza bat ikasteko eta ikasarazteko arrazoietako bat: identitatea. X izateko ikasi X edo hitz egin X.
Kuriosoa bada ere, baskoa eta euskaldunaren arteko diferentziari esker, Apatamonasterioko euskaraz tutik ez dakien emakume bat (nazkatuta egongo dira Atxondokoak adibidearekin), baskoa da zalantza izpirik gabe, euskarak euskaldun egiten gaituelako baina ez baskoak. Hau da “euskal identitatearen” arazo bat. Espainolak berriz, badirudi oso argi dutela, nahiz eta antzeko arazoak izan, (espainieraz hitz egiteak ez baititu espainiarrak egiten “hispanoparlantes” baizik): denok omen gara espainolak jakina, “hemengo” basko eta euskaldunak barne (ez “hangoak”), eta Espainiako hizkuntza espainiera da. Derrigorrezkoa den bakarra, Savater konstituziozaleak dioen bezala. Beraz nahi badute ikasiko dute euskara edo euskaraz, baina ez dute nahi. Zertarako euskara, alferreko edo “inutila” den hizkuntza hori? Lehendakari edo Eusko Legebiltzarreko burua izateko ez da beharrezkoa, aukerakoa da. Laster administrazioan lan egiteko ere ez da beharrezkoa izango agian.
ZENTZUZKO AHOTSAK INORK EZ DITU ENTZUTEN
Badira, izan ere, zentzu argiz hitz egiten duten ahotsak, Juan Carlos Moreno Cabrera kasu: “El conflicto lingüístico no se deriva de la integración de lenguas… El problema surge a raíz de una ideología lingüística nacionalista excluyente y la española lo es. (…)Lo que sí po demos saber, porque históricamente está demostrado, es que el castellano ha intentado eliminar a las demás lenguas de la Península. Aunque quizá haya gente que lo discuta, no cabe la menor duda porque ha existido realmente.
Yo entendería como imposición si el euskera fuera obligatorio en Andalucía pero que el euskera sea obligatorio en Euskadi me parece algo natural. Si eso no está normalizado es que hay algo que está mal y que hay que cambiar. Hay que convencer a la gente de que la lengua del territorio concreto sea la lengua vehicular y que aspirar a eso es lógico. Curiosamente el castellano era la variedad lingüística de Castilla y tras una serie de procesos históricos en los que intervienen cuestiones de poder, económicas, demográficas… se terminó imponiendo.”
http://www2.deia.com/es/impresa/2008/07/27/bizkaia/gizartea/486849.php
ZERGATIK MADRILEN EZ DUTE USTE INGELERAK ESPAINIAR IDENTITATEA EZABATUKO DUENIK?
http://www.educa.madrid.org/portal/web/bilingues
Madrilen badira 200 ikastetxetik gora gutxienez denboraren %30 ingelesez irakasten.
Ingeleraren prestigioa eta bere gaur egungo baliagarritasuna direla medio, inork ez du han, hemen euskararen kontra entzun behar duguna esaten: “ama hizkuntza hobeto ikasten da” Ez da argudiatzen han ingelera inposatzen ari direnik, nahiz eta guraso batzuek, hurbiltasunagatik, ikastetxe elebidun horietako batera eran behar dituzten seme-alabak nahitaez edo beste eskola bat bilatu.
Baditugu orduan, hizkuntza bat baloratzeko beste bi arrazoi: prestigioa eta baliagarritasuna.
Honek beste puntu batera garamatza.
NAGUSI DEN IDENTITATEAREN ELEBAKARREK (ELEBIDUNAK IZANDA ERE) BERAIEN ESTATUSA BETIKO GORDE NAHI DUTE
Elebidunon etxeko hizkuntza gutxiengotua denean, es dugu hizkuntza nagusiak ikasi eta erabili besterik. Hizkuntza nagusi, prestigiotsu eta baliagarriak hitz egin eta idaztea da gure eguneroko ogia.
Gure identitatea ozta ozta gordetzen dugu, errealitate soziolinguistikoa hortxe dagoelako eta euskaratik gaztelaniara, eta ingelerara jakina, pasa beharrean aurkitzen gara berehala dugu. Soziolinguistikagatik eta gure gaur eguneko gobernuak, identitateez hitz egin nahi ez duen horrek, euskaldunok bigarren mailakotzat hartzen gaituelako: Lehendakariak interneten dioena ez du euskaratzen, ahaztu egiten ditu gure eskubideak eta euskarari aukera minimo bat ematen zioten dekretuak ezeztatzen dituelako. Ez dio axola merkatal guneen %70ek sekula euskara erabiltzen ez badu, … identitate nagusia.
Orain, egia da euskal abertzale batek emaitza bera eragin dezakeela: “barkatu baina erdaraz” erantzuten dizunean, euskararen aldekoa izan arren (eta behar dugu hori ere), ez dizu euskara erabiltzen uzten eta berak ere ez du erabiliko.
Esaten ari naizen hau ez da huskeri bat. Irlandan eta batez ere Eskozian, hizkuntza ia ez dago nazio-aldarrikapenari lorturik, edo ez da benetako aldarrikapena. Guri bezala gertatzen zaie, konpetidorea munduko hizkuntzarik handienetako bat da. Bi herri hauetan hemen gero eta gehiago gertatzen dena bizi dute: izan daiteke abertzalerik sutsuena hizkuntza nazionala ezagutu ere egin gabe inolako “kulparik” gabe. Beraz, identitatea hizkuntzatik aldendu da. Ez esan irlandar edo eskoziar bati ingelesa dela ingeleraz hitz egiten duelako, baina irlandar edo eskoziarrik osoena sentitzen da sekula gaelikoa erabili gabe.
Oso deigarria da guretzat kubatar identitatea espainierari lotua egotea (beraiek diote hori), adibidez:
En el caso histórico de Cuba la lengua española es parte inalienable de nuestra cultura. Las especificidades etnoculturales del proceso de formación de la identidad cubana, encuentran en la lengua un medio idóneo para su manifestación; la heterogeneidad raigal, en la génesis de nuestro pueblo, se compensa con la homogeneidad cultural y lingüística que nos define.” http://www.monografias.com/trabajos16/identidad-cultural/identidad-cultural.shtml
Orduan, zer dugu euskal hiritarrok identitatetzat gure hizkuntza ez bada? Galdera berbera egin dezakete espainolek, ez da txantxa, eta Sarkozy frantses izatea zer denari buruzko eztabaida ireki du http://contributions.debatidentitenationale.fr/identite-nationale-etre-francais-se-sentir-francais, web honetan diotenez harro ez egoteko den hori (http://www.fierdetrefrancais.fr/ ). Zerk desberdintzen ditu espainolak eta frantsesak hondurastar edo quebectar batengandik?
EUSKARA ZERTARAKO?
Utz ditzagun albo batera identitate arazoak eta has gaitezen baliagarritasunaren eztabaida: Zertarako euskara? Nire Blogeko irakurlerik onenetako batek, GorkaAzk bere izena, oso post interesgarria atera du izenburu honekin: http://bihardaberandu.wordpress.com/2010/04/07/euskara-zertarako/
Euskarak aspalditik sufritu behar izan du bere “baliagarritasun ezaren” zama: (http://escueladesara.com/2010/02/18/psoe-1931-el-vasco-no-sirve-para-la-universidad/?utm_source=twitterfeed&utm_medium=twitter ), ez duela unibertsitaterako balio, edo okerrago: “Pequeñas minorías politizadas, incultas, interesadas, se han apoderado del campo y a una lengua entrañable, que los políticos apenas conocían, la convierten en un arma. Y el caso es que no vale ni como lengua general ni para comunicarse con el mundo. Por muchos tesoros científicos que guarde para los lingüistas.
Baxok-ek dio: Euskal Herrira itzuliz, Hegoaldean badaude hizkuntz legeak eta herri kontzientzia, ondorioz euskara onera doa bederen ezagutzaren aldetik. Erabileraren garapena ez da hain argi. Iparraldean ez dugu hizkuntz lege orokorrik , herritasuna ukatzen digute, halere lurralde euskaldunena gara, orain arte bederen.
Arriskuan den hizkuntza bat garapen normalera aurreratzeko, bi faktore nahitaezkoak dira: hiztunen nahia beren hizkuntzan hitz egiteko eta gizarte egituraren gogo ona hizkuntza ahuldua zaintzeko. http://www.jakingunea.com/50urte/pdf/Jakin99_112/Jakin99_112_121.pdf
Egia esan bi zerrenda egin daitezke euskara zertarako? galderari erantzuteko: bat euskaldunarentzat eta bestea euskara ikasten ari denarentzat. Euskaldunak argudiatu dezake bere jatorriko kulturari eusteko balio diola, bere hizkuntzaren xarma eta poesia edo familiaren hizkuntza dela esan dezake. Baina askotan guzti horri muzin ezin eta baliagarritasunaren izenean (¿) beste hizkuntza bat erabiltzen du ia beti, euskara “zama” bat balitz bezala. Ikasten ari dena ere, merezi ote duen galdetzen dio bere buruari.
Ikasten ari dena berriz, euskararen poderioz talde pribilegiatu baten partaide izatera iritsiko da: elebidun eta eleaniztunena. Abantaila kognitibo, kultural eta komunikatiboak dituen talde bat: “Being bilingual improves an individual’s mental agility, cultural sensitivity, and listening skills while also giving an individual a proven competitive advantage in both the classroom and the workplace”. http://multilingualmania.com/2010/02/24/the-benefits-of-bilingualism/
When you think of the advantages your child might enjoy if he were bilingual, the most obvious is that he would be able to communicate in two languages. While that's a good reason in and of itself to learn a second language, what many parents don't realize is that there are many other perks to being a bilingual kid than just being able to chat in a language in addition to English.” http://www.parentguidenews.com/Catalog/ChildDevelopment/BecomingBilingual
Euskara ez da zama bat. Kontrakoa da, ate asko irekiko dizkio hizkuntzen ikasle gisa, elebidun moduan eta beste batzuk.
GLOBALIZAZIOA ETA ABANTAILAK
Globalizazio ekonomikoarekin batera kulturala dator. Internet bezalako sareek lagundu egiten dute. Globalizatutako identitatea hizkuntzen, kulturen baliagarritasuna eta prestigioaren gainean eraikia da. Bian gero eta beharrezkoagoa da identitate lokala indartzea, gure “identitatetxoa” sustraiak eduki ahal izateko.
Eta hizkuntza gutxiengotuen elebidunok abantaila batzuk ditugu. Ohituta gaude hizkuntza bat baino gehiagotan ikasten, hizkuntzok erabiltzera, kultura desberdinekin tratatzera. Euskalduna izateak ez dizu oztopatuko espainieraz, ingeleraz edo frantseseraz hitz egiteko… edo denak batera. Elebakar direnek inbidia digute (askotan esan didate) hizkuntza bat baino gehiagotan hitz egin, eta lan egiteko gai garelako. Beraiek zortea dute beraiena munduko hizkuntzarik hedatuena, prestigiotsuena izaten delako, baina inbidia digute. Ezagutzen ditudan elebakarrik elebakarrenak, noski, hizkuntza handien hiztunak dira: ingelera, espainiera …/
Nazioarteko proiektuetan lan egin dut eta benetan diotsuet mundua eleaniztunena dela. Nahiz eta ingelera behar leku guztietan, giza_harremanak lanaren parterik inportanteena dira eta hor elebakarrek ez dute zereginik. Gainera kultura txiki edo gutxiengotuen xarma dago: ezer ez da erakargarriagoa identitate txiki eta urrutiko bat, inork ulertzen ez duen hizkuntza bat, txunditu egiten dituzten ohiturak … baino. Ezagutzen ditutan jendeak, eslobeneraz, katalanez, suomiz, neerlanderaz, letoieraz, setswanaz… hitz egiten dutenak, gure antzeko egoeran daude, hala ez badirudi ere. Ele bi edo eleanitzak gara halabeharrez, baina “identitate” indartsu bat dugu.
Hezkuntza elebiduna / eleaniztuna abantaila bat da munduan baina …
Esku bateko hatzak soberan daude munduko benetako hezkuntza-sistema elebidunak. Guk hamarkadetako eskarmentua dugu, baino ez diogu probetxurik ateratzen. Ez dugu ezagutza esportatzen arlo honetan, agian gure arteko adostasun faltagatik ere. Ondorioz, batzuek ezeztatzen dituzte aurrekoen dekretuak eta horrelako gauzak. Baina baita ikerketa faltagatik ere eta ingeleraz oso gutxi argitaratzen dugulako. Hala ere, emaitza ertainak ditugu ELGA-ren konpetentzietan eta hezkuntza-sistema elebiduna edo eleaniztuna kasu batzetan, gara.
Ondo da, hobeak izan gintezke, baina ez gara “txarrak” eskola-errendimenduan. Hala balitz, erru guztia botako zioten euskarari.
Egia da ere ezjakintasun handiak ditugula ikasle elebiduna ebaluatzerakoan, (ikus nire artikulua: http://josusierra.wordpress.com/2009/09/26/%c2%bfporque-mucha-gente-no-entiende-la-importancia-de-la-lengua-de-la-prueba-en-una-evaluacion-de-alumnado-de-inmersion/ ), baina onartu behar dugu ez datozela bat gure aberastasun maila eta gure eskola-errendimendua.
Beste kontu garrantzitsu bat: zein maila lortzen dugu eskolan bigarren eta hirugarren hizkuntzan? Helburu zehatzak markatzen ez badira eta ondo lan egin, sekula ez ditugu maila onak lortuko. Lortuko bagenu eta ebaluatu, esportatu ere egin genezake.
Karrika 139. 2010eko maiatza
Karrika gurea da!!!
Karriri elkarteak duela zenbait urte Zaldiko Maldiko kultur elkartearekin batera ekimen berezi bat martxan jarri zuen euskara karriketara jai giroan eta inongo konplexurik gabe eramateko asmoz, “Karrika gurea da” egitasmoaren bidez. Iruñerriko euskaldun guztiei (haur, heldu zein zahar) zuzenduta dagoen herri egitasmo honek hainbat edizio bete ditu jada eta hurrengo maiatzaren 29an beste hitzordu bat ospatuko dugu. Aurten, gainera, Zaldiko Maldiko elkarteaz gain, beste lagun batzuk izanen ditugu festa-kide eguna behar bezala ospatzeko, hala nola; Iruñeko Muthiko Alaiak peña eta Donibane Lohitzuneko Begiraleak kultur elkartea.
Izan ere, karrikan egiten dena edonork ikus dezake; herritar guztion begien aurrean egiten dena edonork goza eta bizi dezake. Eta gu espazio publiko hori berreskuratu nahi dugu, gune hori gurea ere badela jai giroan aldarrikatuz. Eta nor gara gu? Bada, Iruñeko euskaldunak, eta harrotasunez eta normaltasunez bizi nahi dugu gure nortasuna. Jaia eta ongi pasatzea gustatzen zaizkigulako, gure artean harremanak sendotu nahi ditugulako, elkarrekin gozatzea onuragarria dela sinesten dugulako...Eta horregatik guztiagatik heldu den maiatzaren 29an berriro ibiliko gara alde zaharreko karriketan barna jai giroaz elkarrekin gozatzen.
Muthiko Alaiak peñako eta Begiraleak elkarteko dantzariak, txikiak zein handiak, parte zaharrean barna ibiliko dira goizez eta arratsaldez euren dantzak erakusten eta haiekin batera muxikoak dantzatzeko aukera izanen dugu. Egun osoa zehar, bestalde, euskal kantuak abesteko aukera izanen da eta bazkariaren ondotik berriz helduko diogu jai giroari eta dantzari abeslarien laguntzaz. Eta amaitzeko elkarrekin Larrain dantza dantzatzeko parada izanen dugu.Beraz, badakizue, hurbildu alde zaharrera. Karrika gurea baita!!
Nestor Martinez
Sortzen Ikasbatuaz
“Sasi guztien gainetik” lelopean jaialdi berria deitu du Sortzen Ikasbatuaz elkarteak Iruñeko Takonera parkean heldu den maiatzaren 23rako. Elkarteko Nestor Martinezengana jo dugu lau galdera saskian sartuta.
“Inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntza sistema propio bat, non euskara eta euskal kultura oinarri izango diren”
Karrika: Sortzen Ikasbatuaz-en festak 15. deialdia beteko du aurten. Gainera, Zizur Nagusiko Erreniega eskola publikoan D eredua eskaini zutenetik 25 urte betetzen direla gogoratuko duzue. Hauek ospatzekoak...
Urtemuga hauek esanahi zehatza dute, alde batetik jendarteak bere hizkuntzaren irakaskuntzaren aldeko borrokan zenbat denbora egin duen adierazten du eta, bestetik, ospakizuna antolatzeak bide horretan jarraitzeko prest dagoela erakusten du.
Ospakizunarekin batera, ordea, aldarrikapenerako arrazoiak ere ikusten dituzue. Hortaz, leloa: Sasi guztien gainetik. Zeintzuk dira gainditzeko zailenak diren sasiak Sortzen Ikasbatuaz elkartearentzat?
Zizur Nagusian 25 urte dira D eredua paratu zutenetik baina Arangurenen eta Noainen hirugarren urtea ospatuko dute heldu den ikasturtean. Esan beharrik ez dago Artaxoa, Mendigorria, eta Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat herri eta auzotan euskara ikastea oraindik ere debekatuta dagoela, eta hori onartezina da. Gainera, gure hizkuntzan ikas daitekeen lekuetan erasoak beste modukoak izaten ari dira eta curriculumarekin lotuak daude: gure herria, Euskal Herria, mapa eta liburuetatik desagerrarazi nahi dute, gure ikasleak sumiso eta akritikoak hezi nahi dituzte, gure hizkuntza gero eta zokoratuago dago....
Izan ere, heldu den maiatzaren 23ko festak aurpegi hauek guztiak erakutsi nahi ditu, zuen jaialdia ez baita dirua biltzea...
Arestian esandako sasi guztien gainetik pasatzeko, inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntza sistema propio bat, non euskara eta euskal kultura oinarri izango diren. Hori da jaiaren asmoa, behar hori jendarteratzea eta azken hamarkadetan horren inguruan lanean egon den jendearen biltoki izatea. Eguna aurrera jotzeko akuilua izatea nahi dugu. Azkenik, eskola guztiak saretzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Irakasle, ikasle, eta langile guztien elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa da, eta horretarako aukera eta bide hoberena, Sortzen Ikasbatuaz-ekin bat lan egitea da, gure sarean izena ematen dutenen artean proiektu hauek guztiak lehenago erdietsiko baititugu.
Azken aldian, euskararen aldeko ahaleginak ez ditu bere alde administrazioen ahaleginak...
Administrazioak (Euskal Herria zatituta dago erabat) beti jendartearen atzetik joan dira gai askotan eta, zer esanik ez, euskara eta hezkuntza gaietan. Eskolan euskalduntzen ez diren ikasleak egotea adierazgarri da oso. Hori jakinda ere, hizkuntza plan berriek (dekretu hiru eleduna, til eredua...) horretan sakontzen dute, lehentasuna eduki behar duen euskara, ingelesaren aitzakiaz, bigarren, hirugarren mailan edo zuzenean mailarik gabe utziz. Ereduen politikak huts egin du eta hala ere horretan sakondu nahi dute.
Hizkuntzen gaineko gogoeta...
Uxue Larraza, maistra
Hizkuntzak, guztion ondare eta talde jabetza dira: ikasi eta erabili nahi dutenena zein ele-aberastasunaz paso egiten duten horiena ere; izan ere, kasu horretan hizkuntza, (arauaren kasuan bezalaxe) ezagutu ezak ez baikaitu erantzukizunetatik salbuesten.
Honenbestez, hizkuntza aniztasuna errespetatzeko, oztopoengandik babesteko eta aipatuaren biziraupena bermatzeko betebehar morala dagokigu. Ildo beretik, hizkuntzek, horiek ezagutzeko aukera, ikasteko erronka, maitatzeko parada eta erabiltzeko zein beste gizakiei transmititzeko eskubidea ezerezaren truke oparitzen digute.
Aurreko guztia gutxi balitz, nahiz eta ezjakintasunak edota sentiberatasunik ezak eragindako gutxiespenez tratatuak izan, bizirik darraite ezer gutxi eskatuaz eta asko eskainiaz.
Hizkuntzek komunikazioa ahalbidetzen dute, eta hala komunikazioari nola, maiz, komunikazio egokirik ezari esker, sortu dugu egungo gizartearen, zenbaitetan, aitzinamendua, besteetan, ordea, atzerapausoa.
Esan beharrik ez dago, noski, komunikazioa eman ahal izateko, gogoa eta beharra ezinbestekoak direla; orduan, hizkuntzak, xede komunikatiboa lortzeko bitarteko tresna bilakatzen dira. Honatx kate komunikatiboari jarraipena emanen dion funtsezko kate-maila: transmisioa.
Hizkuntzen transmisioa da, belaunaldiz belaunaldi mintzairei segida emango dien ageriko sekretua eta premiazko nahiz ezinbesteko rola jokatzen duen betebehar linguistikoa. Jarraikortasun hori, hiztunok emanen diogu eta era naturalagoan nahiz errazagoan izanen da ama-hizkuntza baldin bada.
Transmisio bide zuzen horretan, helduok gara giltzarri. Gizaldi berriei, hala etxean nola ikastetxeetan, zenbat eta hizkuntza gehiago eskaini orduan eta aukera gehiagoren ateko giltza eskaintzen ariko gatzaizkie.
Bada garaia biktimismo linguistikoa alde batera uzteko eta baikortasunez euskaran oinarritutako eleaniztasun baterantz jotzeko. Helduak gara nork bere ardurak eta erabakiak hartzeko, baina horretarako, benetako aukerak eskaini behar zaizkigu.
Geure hizkuntzaren balio erantsiaz baliatu eta inongo aurreiritzirik gabe helburu komuna lortzeko bitartekoak eskatu behar ditugu. Orduan bakarrik irekiko da benetako aniztasunean oinarrituko den gizartea eraikitzeko bidea. Horrela akaso, eleaniztasunaren eskutik, behingoz ikasiko dugu elkar errespetatzen.
Oztopoak oztopo, zailtasunak zailtasun, egia da hizkuntzen benetako biziraupena, hau da, erabilera, geure esku dagoela. Esanetatik eginetara pasatu behar gara, inongo aitzakiarik gabe. Transmisio bidez dela, ikasketa bidez dela edo nola edo hala bada ere, XXI. mendeko mugarik gabeko gizartea osatzen dugu; aniztasuna nagusi den gizarte honetan, eleaniztasuna aspaldi bete beharreko eskubide bilakatu da.
Honenbestez, euskara bermatzearekin batera zergatik ez euskaldun eleanitzak izan helburu? Hizkuntzen aritmetikan ordezkapena edo kenketa beharrean, zergatik ez etengabeko gehiketa nagusitu?
Sarri, arazoak borondate gutxi batekin aukera bihurtzen saiatuko bagina, ibilaldiaren lehen urratsak emanak izango genituzkelakoan nago...
Karrika 138. 2010eko apirila
Bagoaz aurrera
Aurreko alean aurreratu genizuen moduan, martxoaren amaiera aldera, Karrikiri elkarteak hartutako martxa berria ospatzeko eginiko aurkezpen festatxora etortzeko gonbitea luzatu genizuen bazkide zareten guztioi, Iruñerriko euskara elkarteei, lagun, zein hurbileko kideei. Hitzordua Xabier jaitsierako gure dendan egin genuen martxoaren 24an eta arratsaldeko 19:00ak iritsi ahala, gure saltokia aurpegi ezagunez betetzen joan zen. Reyes Iraola elkarteko kideak ongi etorria eman zigun bertaratuko guztioi, azken hilabeteotan Karrikirik emaniko urratsen berri emanez: barnera begira eginiko saioak taldearen hasierako xedeei berriro helduz eta horiek birplanteatuz, orain arte eginiko bidearen berrikuspena eta aurrera begira jarraitu beharreko lan ildoen zehaztapena… Ondoren elkarteko zenbait bazkide eta lagunekin eginiko jardunaldiak eta hilabete luzeak pasa ondoren, ereindako lanaren fruituak: esku artean duzuen Karrika itxuraldatua, interneten abiatutako web orri berria eta gure logotipo berritua jendartean aurkezteko parada izan genuen.
Eta horietaz guztietaz solastu ondoren, alde zaharreko karriketan zaparrada ederra botatzen zuen bitartean, Karrikiriren martxa berria lagun artean, pintxoak eta poteak dastatuz ospatzeko aukera izan genuen gure dendaren goxotasunean.
Esker mila bide hau guztia egiten lagundu diguzuen guztiei eta hementxe gaituzue elkarlanerako prest. Hurbildu gurera eta ekin diezaiegun egitasmo berriei!!!
Saioa Martinez de Lizarrondo
Atarrabiako Karrikaluze Euskara Elkartea
Karrikaluze Atarrabiako Euskara taldeak hamar urte daramatza herriko euskaldunen arteko sarea ehuntzen. Bigarren urtez Antzerki Aroa antolatu dute, euskara eta aisialdia, euskara eta kultura, euskara eta gozamena, euskara eta plazerra, hori guztia uztartzeko.
“Atarrabian Iruñean baino errazago dugu euskaldunak identifikatzea, beste kontua da sarea noraino ehunduta dugun”
Apirilean antzerkiak gain eginen du Atarrabian, Antzerki aro berri baten edizioa arrazoi.
Aisialdiak euskaraz bizi eta gozatzeko aukera ematen dio. Eskaintza kultural handiegirik ez dagoen herri honetan, euskaraz gero eta espazio gehiago eskuratzea dugu helburu.
Antzezlanak anitzak dira, edukierari dagokionean, ikuslego motari dagokionean bezala.
Denboratxo nahiko eskaini behar zaio. Bigarren urtea da zikloa antolatzen dugula. Udazkenean hasi ginen obrak begiratzen, alderatzen, aurrekontuak… Lehendabiziko lana taldeekin hitz egitea da, datak zehaztu, eta honen arabera zikloa zehaztu. Gero propaganda lan guztia dago, eskuorri eta kartel propioak egin baititugu. Udalarekin elkarlanean antolatzen dugun zikloa da eta udala arduratzen da Atarrabiako buzoi guztietan eskuorria uzteaz, baina horretaz gain, bestelako leku eta herrietan gu arduratzen gara informazioa zabaltzeaz, baita aldizkarietara, egunkarietara, ikastetxeetara... bidaltzeaz ere. Eta, bukatzeko, egunean bertako lana egongo da.
Zein da Atarrabiako euskaldunen sarearen panorama?
Euskaldunena Iruñerriko beste herrikoen parekoa da. Sareari dagokionez, Iruñean baino errazago dugu, euskaldunak identifikatzea errazagoa da, beste kontua da sarea noraino ehunduta dugun. Izan ere, ingurumari honetan ohikoa denez txokokeria asko dago Atarrabian ere, euskaldunon sarea osatzeari askok ez diote duten garrantzia ematen, beste gauza batzuk lehenesten dituzte herrigintzaz ari direlarik.
Zuen elkartearen xedea sare hori ehuntzea da.
Iaz 10 urte egin genituen eta oso poztekoa da orain arte egin dugun lana. Batetik aisialdi esparrua dago. Atarrabian 3 aisialdi talde ditugu (Larunblai, Jauzi eta Iseka), 8-16 urte bitarte hartzen dituztenak eta gainera, aurten hasi gara gazteekin begirale izateko formazio ikastaroarekin. Bestetik, Atarrabian euskarazko eskaintza zabaltzea da jardunbidea: kultura eskaintza urtero egiten dugu, Xuka aldizkaria argitaratzen dugu hilabetero, herriko elkarte eta kolektiboekin horien euskalduntzean pausoak emateari begira egiten dugun lana dago, lan poltsa zerbitzua... Bestetik ere, hainbat egun puntualetan edota herriko jaietan gure ekarpena ere egiten dugu Jai batzordean parte hartuz.
Eta etorkizun hurbilean, erronkarik?
Orain arte egin dugun lanarekin aurrera jarraitu, indartu eta sendotzea da orain dugun erronka.
Argia profitatuz, ametsa idatzi
Olatz Zabaleta Telleria.Arangurengo Udaleko euskara teknikaria
Berri Txarrak taldeak bere abesti batean ametsak idazteko argiak profitatzeaz hitz egiten duen bitartean, KEN 7 taldeko Eñaut Elorrietak, argiak nork, zerk pizten dituen galdetzen dio bere buruari azken diskoari izena ematen dion abestian. Oraingoan Topaguneak, Urtxintxak eta Soziolinguistika Klusterrak egin berri duten ikerketa batek pizti dizkigu profitatzeko argiak. Alde batetik, euskara elkarte eta administrazioetako kideok gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko nola joka eta lan egin dezakegun galdetzen diogu geure buruari. Beste alde batetik, gazte batzuek amets egiten dugu zeharo euskalduna izango litzatekeen bizi batekin: gurekin euskaraz bizi den familia, koadrila, bikote… batekin. Ikerketa horrek, batzuei zein besteoi, amets hori idazteko profitatu ditzakegun argiak eskaini dizkigu. Lerro hauen bidez horietako argi bakar batera hurbilduko gara, argi horietako bati begiratuko diogu. Hona hemen: bizitzan gizatalde askotako partaide izaten gara (bikotea, lagunak, ikaskideak, familia…). Horietako bakoitzean dagoeneko hizkuntza arau batzuk izaten dira eta horiek portaeran eragiten dute. Horiek aldatzea, nekagarria eta zaila suerta daiteke. Baina, “giro berri batean murgildu eta hizkuntza arau berriak finkatzeko momentuan berriz, erabileran aldaketak gertatzeko aukera handiagoak daude.” Hortaz, ikerketa horretan ikus dezakegunez, gazteengan, helduengan bezala, maila indibidualeko, mikro mailako eta makro mailako faktoreek eragiten dute. Ona litzateke ulertzea zenbait ingurunetan (gizartea edo gizatalde ezberdinak) norbanakoak nahi badu ere, amets hori egia bihurtzea zaila izan litekeela. Halere kontua ez da norberaren erantzukizunak disolbatzea, porrot horren atzean egon daitezkeen faktore ezberdinak ulertu eta hurrengo saiakera baterako indarrak eta gogoak ez xahutzea baizik. Beraz, elkarte eta administrazioek gazteen hizkuntza portaeran eragin nahi badute, momentu horietan eragiten ahalegindu beharko lukete; hizkuntza erabileraren aldaketarako aukera gehiago eskaintzen duten talde berrien sorreretan. Horretan datza, hain zuzen ere, gaur egun Iruñerriko euskara elkarteek eta zenbait udalek abian duten 3blai egitasmoaren indarra. Egitasmo horretan gazteentzako talde berriak osatzen dira, aisialdi talde antolatu berriak, eta horietan hizkuntza arau berriak ezartzen dira, partaideen artean euskarazko harreman berriak sortuz. Ikerketa horrek egitasmo horren lana bide onetik doala erakusten digu. Eutsi diezaiogun piztuta argi horri! Gazte euskaldunok ere, gure euskararen erabilera esparrua zabaldu nahi dugun gazteok alegia, argi hori profitatzeko dugu. Dagoeneko gure bizimoduko taldeak diren horietan hizkuntza arauak bat-batean aldatzea nekeza izan daitekeela ikusi dugu. Egin daiteke ordea, eta ona da gure burua zigortu gabe eta, aurreko alean Rosa Ramosek aipatzen zuen TELPek aholkatzen duen jokamoldea aldatzeko egoeren sailkapen horren bidetik, poliki-poliki aurrera egitea. Horrez gain, orain, ikerketa horri eskerrak, badugu artikulu horretan aipatutako “neke” eta “higadura emozional” gutxi sortzen duten eta oso eraginkorrak izan daitezkeen egoeren berri. Gure euskarazko bizitza eraiki nahi badugu, saia gaitezen gure inguruan sortzen diren gizatalde berrietako hizkuntza ohituretan eragiten, ahalegin gaitezen euskarazko hizkuntza arauak dituzten gizatalde berriak sortzen: unibertsitatean edo institutuan ikaskide berriekin hastean, lantokiz aldatzean lankide berriekin, mendian edo parrandan egiten ditugun lagun berriekin, bikotekide berriekin… Euskaraz bizitzeko gure ametsa idazteko, gure bizitzako fase ezberdinetan eratzen ditugun taldeen osaketak ematen dizkigun aukerak, argiak, profitatzea besterik ez dugu. Animo!!
Karrika 134. 2009ko abendua


Presidentea
Juan Luis Etxaburu "Ondarru"
Karrikiri elkarteak azken hilabeteotan eginiko hausnarketaren inguruan elkartearen presidentea den Juan Luis Etxabururengana jo dugu, haren iritzia jasotzeko asmoz hausnarketa horren arrazoiak eta nondik norakoak ezagutzeko.
Karrikirik hausnarketa aroa bukatu berri du. Euskalgintzako alor askotan krisia da bueltaka dabilen inpresioa. Zein da zure iritziz prozesu luze honetan azpimarragarria den ideia interesgarriena?
Nik zera esango nuke: sinestea lortu nahi duguna posiblea dela eta hori kontuan izanda, aurrera jotzea. Azken finean, gure helburuetan sinesten badugu, ahal dugun guztia eginen dugu egia bilakatzeko.
Era berean, gauzak nola dauden kontuan hartzen ditut helburu hori lortzeko. Eta galdetzen diot neure buruari euskalgintzan ari garenon artean ditugun harremanek eta eskuratu ditugun lorpenek non kokatzen gaituzten. Egungo egoeran elkarte batzuk ditugun estrategiak kolokan gelditu dira nolabait eta, egoera horrekin kontziente izanik, geure buruari galdetu genion: zertan ari gara? Nora goaz? Eta kezka sakon horretatik abiatuta hasi ginen hausnartzen, inertzia batean harrapaturik ginela ohartuz eta zerbait egin behar zela horri buelta emateko. Prozesu honek kokatzen lagundu zigun eta, bide batez, estrategia berri bat diseinatzeko beharra erakutsi digu.
Eta prozesu honetan ezinbesteskoa ikusten genuen Iruñeko euskaldunei gonbitea egitea: “aizue, etorri eta ekarri zuen ideiak eta proposamenak guk landutakoekin batera aurrera eraman ditzagun, denon artean...”. Jardunaldi batzuk egin genituen, bazkide batzuekin beste saio bat egiteko aukera ere izan genuen eta horietatik guztietatik estrategiarako proposamen berri batzuk sortu ziren.
Azken hilabete hauetan zubia izan da erabili duzuen metafora. Zeren edo zeinen arteko zubia?
Bai, alde batetik arestian aipatutako hausnarketa prozesuari Irekitze prozesua izena eman genion, euskal komunitateari begira gardentasunez eta guztiei gonbitea eginez egin nahi genuelako. Eta , bestetik, komunikazio kanpaina bat egin genuen horren guztiaren berri emateko “zubia” metafora bezala erabiliz. Izan ere, iruditzen zitzaigun irudi argia zela adierazteko euskaldunen arteko zubiak eraikitzen saiatzen garela gu eta zeregin horretan denok dugula zer esan eta zer ekarri. Ez da ideia berria, noski; bizitza honetan edozein gauza lortzeko, zenbat eta jende gehiago izanez hobeto. Eta zubia irudi edo metafora indartsua iruditu zitzaigun “Zu ere giltzarri” leloarekin batera. Jendea inplikatu nahi izan dugu euren ideia, iritzi eta ekarpenak ezagutzeko.
Inertziak, edo inertziaren irudiak nagusitu diren honetan, zer egin dezake berri Karrikirik Iruñeko euskaldunon komunitatearen mesederako?
Gure xede nagusia euskaldun garenoi euskaraz bizi ahal izateko baliabideak eskaintzea da. Euskaldun izatea, harrokeriaz baino, harrotasunez sentitu eta bizi dezagun eta, bide batez, gure unibertsoaren protagonista garela sinetsiz; subjektu aktiboak garela eta gure esku dagoela euskaraz bizitzea. Bai, badakigu, noski, badirela kanpoko hainbat faktore hori dezente mugatzen ahal dutenak, baina konbentzituta gaude “gu garela giltzarriak” eta horretan sinesteak indarra ematen ahal digula aurrera indartsu jarraitzeko. Ez dugu besterik gabe biziraun nahi, uzten diguten arte; euskaldun bezala normaltasunez bizi nahi dugu gure bizitzako arlo guztietan, gure ondorengoei horren guztiaren transmisioa eginez.
Eta hori guztia kontuan izanda, eginiko hausnarketatik zenbait aldaketa egiteko prest gara hori guztia gauzatzen hasteko:
- Lana egiteko moduak eraginkorragoak izatea, tresna berriak hartu ditugulakoz.
- Komunikatzeko era berriak, freskoagoak, erakargarriagoak, bai bazkideentzat bai, orokorrean, euskaldungoarentzat.
- Beste euskalgintzako elkarteekin elkarlana areagotu.
Iruñeko euskalgintzako eragileen arteko elkarlana sustatzeko asmoa ere agertzen duzue. Nola ulertzen duzue beste elkarteekin egin beharreko lana?
Aipatutako elkarlana areagotzeak estrategia on bat eskatzen du eta horretan sakondu nahiko genuke aurrerantzean; jadanik hurbil gaudenok, helburu berdintsuak ditugunok, gure arteko elkarlana indartzea xede komun horiek aurrera eramateko. Eta horretarako komenigarria litzateke elkartzea, eztabaidatzea, antzekoak izaten ahal diren estrategiak elkarrekin bultzatzea, berriak sortzeak, etab. Eta hori guztia gure unibertsoaren erdigunea gu garela sinetsiz eta elkar elikatuz.
Maiz gehiegi eskatu zaio euskaldungoari, eta, egia esan, askotan modu txarrean. Horri buelta eman nahiko genioke eta euskaldungoari eskaintza egin.
Karrikirik bertako euskaldunontzako erreferente bat izan nahi duela diozue. Zertan erreferente?
Esandako guztiak urrun begiratzera eramaten gaitu: euskaldun komunitatea trinkotu eta Iruñea osoa euskalduntzera. Urrun gelditzen dela hori? Bai, jakina, baina bidea hasteko beti eman behar da lehenengo urratsa eta horren ondotik beste batzuk. Eta gainera bakarka baino elkarrekin egiten bada, bide hori xamurragoa egiten da eta oztopoak errazago gainditzen ahal dira. Bada, gu norabide horretan ari gara, eta euskaldunari euskaraz bizitzeko behar dituen baliabideak lortzen lagundu nahiko genioke, eskaintzen ditugun zerbitzuak hobetuz eta sendotuz, berriak sortuz eta euskaldunen ekarpen eta ideiak geureganatuz.

Idazkaria
Jone Altxu
Hausnarrean aritu garen hilabete hauetan guztietan, Karrikirik eskaintzen dituen zerbitzuek ez dute atsedenik hartu eta horiek guztiek kudeatzeaz arduratzen da Jone, elkartearen idazkaria. Lan horretaz gain, Karrikiriko dendan ere aritzen da eta, beraz, guregana hurbilduz gero, harekin eginen duzue topo.
Asko dira Karrikirik bultzatzen dituen egitasmoak, zein da zure lana "pisukide", "merkataritza euskaraz" "mintzakide" eta horrelako proiektuetan?
Bai, egian esan, horiek guztiak bideratzeak badu bere lana. Bulegora etortzen den jendeari harrera egiten diot lehenik eta behin, nahiz eta egun aunitz interneten bidez jartzen diren gurekin harremanetan. Gure web orrian “zerbitzuak” izenburua duen atalean sartu eta bertan, eskaeraren arabera, fitxa bete eta bidali egiten da. Lan poltsara hurbiltzen den gehiengoa jende gaztea da eta argi dago internet haientzako baliabide arrunta dela. Beraz, lanetariko bat horixe da: jasotzen ditugun eskaera eta eskaintza fitxa guztiak, bakoitza bere lekuan kokatu eta behar denean bien arteko lotura egitea. Hau da, jendea harremanetan jartzea. Bi zerbitzu hauek dira jende mugimendu gehien sortzen dutenak eta egunero jarraipena eskatzen dutenak, baina urtean zehar badira bestelako lan puntualak, merkataritza, besteak beste. Urtero datuak eguneratu eta liburuxka ateratzen dugu eta horretan bazkideek laguntza ematen digute. Bestalde, Karrikaluzek bideratzen duen Mintzakide proiektuan ere parte hartzen dugu beste elkarte batzuekin batera, eta nire lana informazioa eman eta fitxak jasotzea da. Eta bukatzeko, horrekin guztiarekin batera, Iruñeko euskara elkartea izanda, jende dexente hurbiltzen da gurera informazio eske; beraz horiekin egotea egokitzen zait.
Bideratzen diren asmo guztien atzetik, zein da dagoen lana eta jartzen diren baliabideak?
Batzuetan zerbitzuen berri izaten da, baina ez da antzematen atzean dagoen lana horiek mantendu eta hobetzeko. Ni koordinatzaile lanetan ibiltzen naiz, baina ekimen bakoitzaren atzean lan taldeak daude hori guztia bideratzen. Zerbitzu hauen eske hurbiltzen den jendearen datuak jasotzen dituen datu basea etengabe eguneratu behar da zerbitzua eraginkorra izan dadin. Bestalde, egitasmo horiek dohainik eskaintzen ditugu, baina aurrera eramateko diru iturriak bilatu behar dira eta zeregin horretan ere aritzen dira elkarteko zenbait kide. Hortxe dugu itzulpengintza zerbitzua, hiru hilean behin bazkideek ordaintzen dituzten kuotak, Karrikiriko denda eta erakundeetatik jasotzen ditugun diru laguntzak. Hauek eskatzeko paper dexente bete behar da eta horrek ere denbora dexente eskatzen digu. Eta horretaz gain, kontuak eraman, fakturak egin, bilerak, etab. Beraz, ikusten duzuen moduan, lan handia dago horren guztiaren atzean.
Hauteman dituzu urtean zehar garai ezberdinak emandako zerbitzuen arabera?
Bai, Pisukide zerbitzuari dagokionez, esaterako, mugimendu handiena irailean izaten da. Datu bat ematearren, aurtengo irailean 33 eskaera izan dira eta 40 eskaintza eta eskaera kopururik handiena irakasle eta ikasleek egiten dute. Lan poltsan, berriz, ekain aldean ikasleek oporrak hartzen dituztela-eta, lan handia izaten da denon izenak datu basean sartzen. Eskaintza aldetik, ekainean ematen da eskaintzarik handiena, orduan ibiltzen baitira gurasoak txoraturik beraien seme-alabeentzat irakasleren bila udan klase partikularrak jaso ahal izateko. Badira beste lan batzuk puntualak direnak, merkataritza, adibidez, hilabete batez, gehienetan urria aldera, buru-belarri aritzea eskatzen duena. Itzulpengintza, berriz, uda kenduta, antzeko lan bolumena izaten du. Dena den, lana etengabea da eta tarteka lasaiago egoten bagara ere, egitekoak ez zaizkigu falta.
Nola egiten duzue harremana zuengana jotzen dutenekin?
Garai batean jendea gure bulegora hurbiltzen zen, baina denborarekin ohikoa bilakatu da internet bidezko harremana. Jendea, beraz, gure web orrian (www.karrikiri.org) sartzen da eta behar duen zerbitzuan bere datuak sartzen ditu. Eskaera elkartera iristen da eta ahal bezain laster erantzuna ematen saiatzen gara. Egia esan, oso bide azkarra da eta gauzak dexente errazten ditu. Dena dela, gustukoa dugu oso jendea gure Xabier karrikako egoitzara hurbildu eta aurrez aurreko harremana izatea. Beste patxada batekin elkartean egiten ditugun gauzez solasteko parada ematen digu horrek. Telefonoa ere ez da horrenbeste erabiltzen.
Zein da elkartean arretarako duzun ordutegia?
Astelehenetik ostiralera goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:30era (dendako ordutegia) egoten naiz bulegoan. Dena den, goizez etorri ezin duenak bulegoa@karrikiri.org helbide elekronikora idatzi edo 948 22 58 45 zenbakira deitzen ahal du. Arratsaldez denda irekita dago eta zerbait behar izanez gero, aukera dago bertan dagoen lankidearekin solasteko.
Bazkideekin harremanak sendotzeko asmoz, zein da zabaldu nahi duzuen asmoa?
Bazkideak elkartearen sostengu nagusia izanik, nik uste dut arreta berezia zor diegula. Egun elkarteak badu harremana haiekin, bai posta elektronikoz eta baita posta arruntaz ere. Alde batetik, elkarteari dagozkion kontuen berri jasotzen dute; izaten diren bilera nagusiak eta aurten bereziki egin den “Zu ere giltzarri” kanpaina, besteak beste. Eta beste aldetik, dendatik ere zenbait eskaintza izan dituzte. Dena den, uste dugu ez dela aski eta aurrera begira haiekin harremana sendotzeko asmoa dugu; elkartearen informazio zuzenagoa helaraziz, eskaintza bereziak eskainiz, plangintza berritik sortuko diren taldeetan parte hartzeko gonbitea luzatuz, etab.
![]()
![]()
![]()



