Euskal agenda

Adi lagun! Agenda google calendar tresnaren bidez egin dugunez, gaztelaniaz ikusiko da Googlek euskaraz jarri arte

Agenda osoa ikusi nahi izanez gero hemen klikatu

Nabigatu euskaraz

Hizkuntza aukeratu
eta barre egin

Google Translateren bidez web gune hau beste hizkuntza batzuetara itzuli ahal izanen duzu

Herrien eleak

 

Karrika 126. 2009ko otsaila

Euskaraz Iruñean barna

BaDuela urte dezente, Antonio Tovarrek Euskararen mitologia eta ideologia liburua argitaratu zuen. Bertan, euskararen inguruko iritziak eta sinesmenak aztertu zituen, XVI. mendetik XIX. mendera arteko hainbat egileren idazkietarik bilduak. Hain urrun joan gabe, geure egunerokoan ere badugu non topatu mitologia eta ideologia ugari. Horretarako, aski da Iruñean euskaraz ibiltzea. Behin, artean gure haurra ibiltzen ikasten ari zela, beti bezala karrikara atera ginen, esku batekin haur-kotxeari kontu egiten niola eta bertzetik semea helduta neramala. Betiko moduan, espaloia zapaldu bezain fite, tarrapataka atera zen, nire eskua askatu gabe. Haren gibeletik, nik: “Polliki, Manex, polliki!”. Eta horrela segituko genuen, ezezagun batek erran izan ez balit: “Poyiki, ez, polliki!”. Tontoa naizen aldetik, kasurik egin gabe aitzinat egin beharrean, erantzun egin nion: “¡Pero si lo digo bien!”. “No, no, no es con la y como en erdara, es con la doble l”. Etsita, autobusa hartzera joan ginen, eta hura han gelditu zen, DJ besta bat iragartzen zuten paperak dendaz denda paratzen (eta ahoskera zainduaz hausnarrean, naski). Bertze behin, Manex eta biok billabesan erausian gindoazela, andre batek haurrak gaztelaniaz ba ote zekien galdegin zidan. Ez nekiela, erran nion, baina ezezkoan nengoela. “Pues hay que enseñarle en los dos”, bota zidan. Ea berak seme-alabei bietan egiten zien galdetzekotan egon nintzen, baina eutsi nion tentaldiari. Susmoa dut, gainera, tolerantzia erakutsi nahi izan zuela: erran, haurrari gaztelania ere irakatsi behar niola erran arren, nahi, euskara ere irakastea ongi zegoela erran nahi baitzuen. Emaztekiak lehenagoko ideologian bezala, euskara ezkongabea susmagarria baita, eta bikotekidea behar du onargarria izateko. Iruñetik bueltan, barride batekin suertatu gara etxe parean. “¡Hola, Manex!”, mutikoari, eta niri, “Ay, qué gracioso, tan pequeño y ya sabe el vasco”. Iruzkinak, hainbat aldiz aditua, txistea ekartzen dit beti burura, ezinbertzean: Alemanian denak arras inteligenteak omen dira, haurrek berek ere alemanez egiten baitute. “Bueno, Manex, agur”; “Aio!”, Manexek; eta barrideak, “no, no, en vasco adiós se dice agur”. Zenbaitetan, ordea, posible da. Zenbaitetan, ahoskera zaintzaileak, elebitasunaren aldeko elebakarrak eta filologo amateurrak gorabehera, miraria gertatzen da. Bidean, San Nikolas karrikan Sagrario ikusi dugu, Hizkuntza Eskolaren ondoan Mikelekin gelditu gara istant batez solas egiteko, Roch ostatuan Xabier agurtu dugu, eta La Hormiga Atómica liburu-dendan Patxirekin mintzatu gara. Guziokin euskaraz egin dugu, baina ez nahitaez euskarari buruz. Gai normalak aipatu ditugu, apalak: eguraldia, lana, irakurritako hondar liburua. Etxetik euskaraz atera, eta euskaraz egitetik gelditu gabe ibili gara goiz osoa. Gaur egun posible baita hori egitea euskaldunon hiri buruzagian. Erran nahi baita, aldez aurretik “euskal ibilbiderik” prestatu gabe. Batzuetan, emeki-emeki ehuntzen ari den komunitatearen hari bat harrapatu eta irudimenean dugun mundu normalizatu hori ikusten dugu, bat-batean, balizko etorkizun baten iragarle.

Santi Leon. Historialaria eta irakaslea



ZENBAT BURU... Saioa Alkaiza

Martxoaren 21era bitarte eginen den Nafarroako Bertsolari Txapelketan iruindar bat arituko da bertsotan aspaldiko partez. Saioa Alkaizak 18 urte bete ditu aurten eta Antsoaingo bertso eskolan hasi zen. Iaz eskola arteko txapelketa irabazi zuen eta Nafarroako txapelketa nagusian bere bertsokera erakutsi nahiko luke.

Noiz eta nola hasi zinen bertsotan?
Antsoaingo bertso eskolan hasi nintzen Estitxu Arozenarekin batera 12-13 urte nituelarik. Hasieran talde handia ginen, baina denbora pasa ahala desegin zen. Orduan hasi nintzen Iruñeko Alde Zaharrean elkartzen zen jendearekin batzen.
Ikastetxean, bestalde, bertsolaritza klase bat ematen genuen eta hori oinarri gisa izanda, lagunak animatu ziren bertso eskolan apuntatzera. Nik ez nuen bestelako bertso grinarik, baina behin hasita, asko erakarri ninduen.

Txantreako bertso eskolan noiz hasi zinen? Bertan jarraitzen al duzu? Zer moduz?
Aurreko urtean elkartu ginen lehendabizikoz Txantreako bertso eskolako gazte taldea. 2007-2008 ikasturtean lau ginen, baina zorionez aurten fitxaje berriak etorri dira: Garaxi Taberna, Iker Gorosterrazu...
Oso giro ona dugu gure artean bertsogintzaz aparte. Noizean behin parrandaren bat prestatzen dugu, Nafarroako gainerako bertsolari gazteekin topaketak antolatzen ditugu, hainbat saio ikustera elkarrekin joaten gara, e.a. Egia esan, oso gustura nago.
Horretaz gain, Alde Zaharrean elkartzen nintzen horiekin ere geratzen naiz kantuan aritzeko, baina Lekunberrin egiten dugu orain jarduna.

Nafarroako Txapelketan aritu aurretik, eskola arteko txapelketan aritu zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
Eskola artekoa esperientzia ona da. Aurten azkenekoz hartuko dut parte eta pena pittin bat ematen dit, polita delako zure adinekoekin elkartzea bertsotan aritzeko. Halere txapelketak hori besterik ez dira, beste plaza batzuk, eta nik nahiago ditut bertso afariak.
Aurreko urtean txapela janztea lortu nuen, baina nafar bertsolarien maila nabarmen igo da eta auskalo zeinek jantziko duen aurtengoan. Zer egiteko gai garen erakutsiz, saio ona eskaintzea da gure lana, harrobia ziurtaturik dagoela nabaritzea.

Mariano Izeta sariketan ere parte hartu duzu. Zer moduz?
Kanporaketan postu ona lortu nuen arren, puntuen ondorioz ez nuen finalerako pasea lortu, baina kontent geratu nintzen. Uste dut halako txapelketak ongi daudela plaza asko ez dugun bertsolarion izenak aditzera emateko. Gainera, bertan egon izana primerako esperientzia da.

Nafarroako Txapelketaren 38. edizioan arituko zara. Zeintzuk dira zure xedeak?

Aurrenekoz arituko naiz eta ez dut helburu handirik. Batetik, nire bertsokera erakutsi nahiko nuke eta, bestetik, bertso onen bat bota. Xede pertsonaletatik aparte, nire ustez txapelketaren osotasuna da garrantzirik handiena duena; saio bakoitzean ale onak egotea eta entzuleek bertsoekin gozatzea.

Aspaldiko partez ez zela Iruñeko bertsolari bat izaten. Erronka handia al da zuretako?
Egia da orain dela denbora dexente ez zegoela Iruñerriko bertsolaririk, baina niretzat ez da erronka berezia. Lan handia egin da Nafarroan bertso eskolak eremu guztietara zabaltzeko eta horren ondorioz aritzen dira gaur egun horrenbeste neskato eta mutiko Iruñerrian. Ni belaunaldi horietako adibide bat naiz, besterik ez.

Nola ikusten duzu bertsogintza Nafarroan? Eta Euskal Herri mailan?

Nafarroako bertsogintza osasun onarekin ikusten dut. Esan bezala, bertso eskolak gero eta eremu zabalagoetan daude, gaztetxo gehiago daude bertsoarekin lotuta eta azkenik plazetan dabiltzanak fuerte ari dira.
Euskal Herri mailan bertsolari asko daude azkenaldian oso estilo ezberdinekin eta hori izango litzateke egungo bertsogintzaren ezaugarririk politena, aurrera dihoala eta oso era desberdinetan gainera.

Zein bertsolari dituzu gustukoen?
Ez dut bertsolari faboritorik, denek dute zerbait berezia eta norberaren berezko ezaugarri horiek erakartzen naute; baten umorea, bestearen ironia...

Emakume eta belaunaldi berriko partaide zaitugu. Zer etorkizun ikusten diozu bertsolaritzari?

Argi dago bertsolaritzari etorkizuna ziurtaturik ikusten diodala, gero eta gazte gehiago ari da kantuan, gizon zein emakumeak, berritasuna emanez kultur ekimen honi.


HERRIEN ELEAK
Kalmykera

Errusiaz hitz egitea, munduko estatu handienaz hitz egitea da (azalera 17.075.400km 2). Han den dena itzela da; paisaia ikusgarria eta mugaezina da, Siberiako taiga ederra, Baikal lakua, munduko zaharrena eta sakonena, bere barruan munduko ur edangarriaren %20 gordetzen du. Petrolio, gas, mota guztietako mineralak eta natura baliabideak daude Errusian. Populazioari dagokionez, 146milioi biztanle dira; horietako 120milioi Europan bizi dira, gainekoak Asian. Talde etniko asko daude, 100etik hurbil. Europan bizi dira bi talde nagusiak, Tartaroak, mongolen jatorrizkoak, eta Kosakoak. Beste talde txikiagoak ere badaude, besteak beste, Komi, Carelios, Chuvash, Bashkir…Siberian asko dira han bizi diren taldeak, Mongol Buritanoak, Yakutak, Tuvako natiboak…46 talde baino gehiago daude.

Erlijio eta sinesmen desberdinak daude, kristau ortodoxoak, kristau zaharrak, musulmanak, budistak, xamanikoak …Errusia estatu itzela eta aberatsa da, inolako zalantzarik gabe.
XIIgarren mendean Gengis Khanek mongolen tribuak bere agindupean bildu zituen, Asiako inperio handiena, Txinatik Hungariara zabaldu zena, eratuz. Errusiara heldu zirenean, Gengis Khanen agintea onartzen ez zuten hiriak, Rostov, Suzdal, Vladimir… suntsitu zituzten. Moskuk, berriz, haiekin negoziatu zuen eta mongolek alde egin zutenean Errusiako hiri nagusia bihurtu zen. Atzera egite horretan mongol tribu batzuk Don eta Volgaren artean, Europak eta Asiak bat egiten duten lurretan kokatu ziren. Egun Errusiar Federakundeko Kaukasoko Kalmykia Errepublika izenarekin ezagutzen dugu lurralde hori.

Kalmykeraren jatorria Altai lurraldean kokatzen da, Errusiak, Kazajastanek eta Mongoliak muga egiten duten mendikatean eta Europan hitz egiten den mongoliar adarreko hizkuntza bakarra da.

Kalmykeraren hiztunak 520.000 inguru dira; 174.000 Kalmykian bizi dira, 205.000 Mongolian, 139.000 Txinan eta beste zenbait Kyrghyztanen. Kalmykiako biztanleen %91k omen daki kalmykeraz. Kalmyakarrak, Kaukasoko beste herri asko bezala, naziekin bat egin zutela aitzakiatzat hartuta, kopuru handitan deportatu zituzten. Berlingo harresia erori zenean, gauza asko aldatu ziren Errusian. Herri batzuek euren independentzia eskuratu zuten, beste herrietan pizkunde kulturala ezagutu zuten, esate baterako 1990ean Kalmykiako parlamentuak “hizkuntza legea” onartu zuen eta ebazpen horretan kalmykera eta errusiera hizkuntza ofizial izendatu zituzten. Erabaki hark eragin positiboa izan du kalmykeraren erabileran eta egun hezkuntzan, hedabide idatzietan, irratian eta telebistan eta literaturan erabiltzen da. Idazteko, alfabeto zirilikoa erabiltzen da.

Kalmykian biztanleriaren %38 errusiarrak dira eta, hortaz, halabeharrezko errealitate honen aurrean errusieraren erabilera erabat normalizatua dago.

Galdera, hauxe: Kalmyera eta errusiera gai izango ote dira elkarrekin bizitzeko?

 

 

Karrika 125. 2009ko urtarrila

Koxmeren abaroa

Basaburukoa omen zen betaurreko beltzen atzean betiereko irrifarra marrazten zuen agureak, oker ez bagaude Koxme zuen izena.
80. hamarkadaren erdian bizi ginen, eta larunbatero eguerdi partean, edozein aitxaki baliatzen genuen itsulapikoa ateratzeko Iruñeko Gazteluko Plazara. Agureak mahaia paratzen genuen aldiro guregana hurbiltzen zen, elebila, gure euskara zurrun hartan ederki moldatzen ginen Koxmerekin, gu ito gabe arnasa hartzen zuen berak gurekin, hori bai, mutilak gaitzetsi gabe, neskekin solastea laketago zitzaion.
Koxmek mahaian jartzen ohi genuen irrati-kaseteari erreparatzen zion. Pilak agorturik ez bazituen, Zarama, Hertzainak eta Itoiz entzun zitekeen, hori zela kausa, are harrigarriago egiten zitzaigun Koxmeren bisita, eta puskaz bitxiago berak guri irakatsi, “Ttanpirrin pin ttona ttipi ttipi ttipi ttipiripirona ttipitipi tipi tipiripirona”, Imotz, Basaburua eta Ultzama aldeko kantak ahoan, Koxmek, Iruñean ere, euskaraz nahi zuen bizi, eta gazteon mahaia zuen abaro.
Euskalerria Irratirik gabeko urte horietan, euskalgintzari dagokionez, arkeologoek oraindik ere bazuten pisu nabaria, arkeologoak diogu, euskararen hondar arrastoak bilatzeari emanak, Portalapeako inskripzioan ageri zen esaldi famatuak euskal joskera ote zuen aztertze bidean kongreso monografikoa antolatzeko gai zirenak, horrek ez zuen esan nahi garaiko sormenak kezkatzen ez zituenik, baina, erlikia horiek edozer baino gehiago asebetetzen zuten, guretzat euskaraz bizitzeko hutsala zena, arkeologoentzat ezinbestekoa.
Bestalde fenomeno berria bizi genuen, kontzienteki ala ez Txepetxen teoriak, artean liburuan bildu gabeak, jarraitzen zituztenen agertzea. Ordurako plangintza hitza hitzetik-hortzera ibiltzen genuen. Baina egiaren aitortzeko, gu euskaraz bizi nahi horretan asebetetzen gintuena, sormena zen, literatura eta musika bereziki. Korroken garaiak ziren haiek eta musikari dagokionez, Balerdi-Balerdiren aiduru gintuzun.
90. hamarkadak ase gintuen, puska baterako behinik-behin, ur uherrak igaro numero eta koloreez mukuru, eta orekari uko egindako gaupasa horietako batean katebegi galdua topatu genuen. Bestalde, sargori zenean ez zen hausturarik falta izan, ezta itxaro penik ere.
Literatura izan da Iruñea euskaraz irudikatzen lagundu diguna. Kulturari dagokionez inoiz baino sormen handien izan da hiriburuzagian, izaten ari da, eta garrantzitsuago dena, aukerak biderkatu egiten dira beste garai historikoak aintzat hartzen baditugu. Bada, egun balantzea egiteko tenorean, osasunaren egoerari erreparatzen badiogu, zein da Iruñeak sormenari egin dion ekarpena? Zeintsuk Iruñeko euskaldunok ezaugarritzen gaituzten toki, ikur, hitz, festa? Ba al dugu erreferentzia gunerik? Zer dugu amankomunean gu gaurko euskaldunok? Non ikusten dugu gure burua islaturik? Horrelakorik behar ote Iruñean euskaldun izateko?
Krisia ez da arrotza euskalgintzaren munduan, zer esanik ez Iruñean. Bada, agian estrategia aldaketa behar dugu, beste era batera jokatu. Euskararen aldeko mezu positiboak hedatzen jarraitu eta aldi berean ohitura multzoa saiatu, gu asebeteko gaituzten ohiturak, Koxme 80. hamarkadako Gazteluko Plazako mahaia hurak asebetetzen zuen gisa berean. Koxme guregana hurbildu zen abaro bila, eta harremana hori zaintzen zuen moduan, guk ere, eguneroko bizitzan txertatu ohitura multzoa abiatu eta mantendu beharko dugu. Beste baterako utzi behar erakundeen papera, erakundeak eta elkarteen arteko elkarlanarena. Bada, inoiz, euskaldunok proposamen eta egitasmoa berriak aurrera ateratzeko gai bagara, ohitura multzo horrek indartu egin gaituelako gertatuko da hori. Hori guzti hori mamitu bitartean, norberak bere abaroa bilatuko du.

Patxi Larrion. Autoikaskuntzan aditua



ZENBAT BURU... Iker Rozas

Gurasoengandik jaso du txikitatik kirol afizioa. 1998az geroztik triatloian dihardu eta Nafarroako txapelduna da. Egunen batean euskal selekzioan aritzea gustatuko litzaioke, baina bitartean Lagunak-Navarra Triatloi taldearekin Niza eta Bartzelonako Ironman-ak prestatuko ditu aurten.

Nola sortu zitzaizun kirol zaletasuna?
Txikitatik aitak sartu zidan kirolaren pozoia. San Fermin ikastolako Astobizkar mendi taldearekin hasi ginen eta 8 urterekin mendiko bizikletan. Koxkortzen joan ahala, aita atzean utzi nuen. Ahalegina eta esfortzuaren balioa ikasi nuen harengandik eta baita ingurugiroarekin harremana duen edozein kirolenganako zaletasuna. Amak ere inork baino sendoago animatu nau beti. Jada 21 urte dira lehiaketetan emandakoak. Mendiko bizikletarekin ibili ondoren, errepideko txirrindularitzarekin hasi nintzen, eta aldi berean iraupen eski probetan parte hartzen hasi nintzen. Nafarroako hainbat txapelketa irabazi nituen iraupen eskian eta estatu mailan ere emaitza onak lortu nituen. Gaur egun aitarekin entrenatzen dut oraindik ere.

Noiz hasi zinen triatloia egiten? Eta zer moduzkoa izan da orain arteko martxa?
1998. urtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Triatloi Taldearekin. Ongi joan zait. Espainiako Neguko Triatloian, 23 urte azpikoen artean txapeldun izan naiz eta elite mailan 3. postuan izan nintzen. Munduko bi txapelketatan eta Europako batean parte hartzera iritsi nintzen eta udako triatloian Nafarroako Txapelketa egin den 8 edizioetatik zazpitan izan naiz txapeldun, azkena iazkoa.

Laster hasiko da omen da denboraldia. Zer prestakizun egiten duzu?
Neguan Kross probetan hartzen dut parte. Espainiako Neguko Triatloian izango naiz aurten eta hortik aurrera Distantzia Luzeko Triatloi denboraldian sartuko naiz, martxoan Gran Kanaria uhartean baitaukat lehen proba luzea. Niza eta Bartzelonako Ironman-ak ditut helburu aurten, Espainiako Distantzia Luzeko Triatloi Kopaz gain. Prestaketa, egunerokoa da, momentuz lasaia eta igeriketan, korrikan eta iraupen eskian oinarriturikoa. Martxotik aurrera iritsiko da gogorrena, egun batzuetan, asteburuetan, 7 orduko entrenamendu saioak izango ditudalarik. Garai horretan bizpahiru igeriketa saio, hiruzpalau saio korrika eta beste hiruzpalau saio egingo ditut bizikletan astero. Egun bat atseden hartzen dut astean behin.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko triatloia?
Euskal Triatloia maila onean dago, kontuan hartuta profesional oso gutxi daudela eta erakunde eta enpresen babesa hutsaren hurrena dela. Guztien buru Eneko Llanos arabarra da, aurtengo munduko Ironman txapelketan, Hawaii uharteetan, txapeldunorde izandakoa. Mundu mailako distantzia luzeko triatloilarien artean onena izan daiteke nire ustez. Eta beste izen aipagarri batzuk: Ainhoa Murua zarauztarra, Beijingeko joko olinpiarretan izandakoa, Virginia Berasategi bilbotarra, munduko 6.a Hawaiin, etab.
Proba herrikoietan ere maila nahiko ona da. Dena den, Nafarroan federaziotik promozio mailako triatloiak bultzatzen dira, baina maila altuagokoetarako jauzia oso eskaski. Maila hobea izan dezakegunoi trabak jartzen dizkigute eta harremana ez da oso ona.

Euskal selekzioaren izena dela eta, sekulako iskanbila sortu da azken boladan? Zer iritzi duzu?
Euskalduna naiz, nire aberria Euskal Herria da eta, beraz, euskal selekzioaren aldekoa naiz. Espainiako selekzioan izan naiz eta horrek federazio mailan leku guztietan dauden kirol-politika kontu nazkagarriak erakutsi dizkit. Gustatuko litzaidake Euskal Herriko selekzioarekin nazioarteko probetan parte hartzea, dudarik gabe, baina politikariek daukate oraingoz azken hitza honetan, eta egungo klase politikoa gazteriak izan behar ez duenaren islada besterik ez da. Beraz, ez dut itxaropenik ezer egingo dutenik. Gaur egun jendearen eta kirolarien herri nortasuna ez dago agenda politikoan. Aurreko hilabeteetan hainbat kirolarik sinatutako manifestuaren aldekoa naiz beraz, baina ez dut oraingoz aukerarik izan sinatzeko. Gustura eginen nuke.

Zer erronka dituzu denboraldi berriari begira?
Nire helburuak Niza eta Bartzelonako Ironman-ak dira, Espainiako Distantzia Luzeko Triatloi Koparekin batera (zazpi proba inguru). Dena den, kontuan izanda ogibidez ez naizela kirolari, xederik nagusiena disfrutatzea da. Nafarroako txapelketa beste behin irabaztea gustatuko litzaidake, baina ikusita Nafarroako Federazioak jartzen dizkigun arazoak, jadanik ez dit horrenbesteko ilusiorik egiten. Ez dut baztertzen etorkizunean Euskadiko Federazioan lizentzia ateratzea.


HERRIEN ELEAK   
Tanzania eta swahilia

1964ko apirilean Tanganyka eta Zanzibar irla batu ziren Tanzaniako errepublika sortuz. Geroztik estatu bakarra izan dira baina Zanzibarrek autonomia zabala dauka bere ekonomia eta bizi modua nahi duen erara antolatzeko. Tanzania 945.090 metro koadro zabalera eta 32milio pasatxo biztanle dauzka. Erlijioari dagokionez os datu zehatzik ez dago baina %35-40 gutxi gora behera musulmanak dira, %45-50 kristauak eta gainerakoak animistak.
Talde etniko asko daude, bakoitza bere kultura eta hizkuntzarekin eta ehundik gora dira hitz egiten diren eleak.

Tanzaniako artea oso aberatsa da. Egurrezko tailak dira bere ezaugarri nagusia eta haietan erlijioarekiko harremanak eta antzinako kosmogonia azaltzen dira.

Hemen duzue Tanzaniako 4 talde etniko esanguratsuei buruzko informazio apur bat.
ZARAMO: Dar el Salaam inguruan bizi dira. Gehienbat nekazariak diren arren, haien artean arrantzaleak ere badaude. Herri honetan hastapen erritualek eta hiletaren ospakizunek garrantzi handia daukate.

NYAMWEZ: “Mendebaldeko herria”, izen honekin dira ezagunak. Merkatariak eta karabanariak izan dira baina egun lanbide hori desagertzear dago.

MAKONDE: Tanzania eta Mozambike herrialdeetan bizi dira. Haien maskarek eta tailek prezio handia hartzen dute arte merkatuan.

SWAHILI: Herri bat baino mestizaje kultura eta hizkuntza bat da. Bantu kultura baldin bada ere, arabiar, persiar eta Asiako kulturen oso eragin nabaria du eta, hortaz, hemen dugu mestizajeren adibide argienetariko bat.

Bi dira Tanzaniako hizkuntza ofizialak, ingelesa eta swahili. Ingelesa kolonizatzaileen hizkuntza da, eta goi kultura mailako eliteen hizkuntza izan arren, swahiliren alde presentzia galtzen ari da, swahili estatuaren hizkuntza nagusia bilakatzen ari baita.

Aipatu dugun bezala, 100 hizkuntzatatik gora hitz egiten dira Tanzanian, eta 4 familia osatzen dute:
BANTU: hitz honek “jendea” esan nahi du. Sahara basamortutik beheiti hitz egiten diren 500 eleek osatzen dute familia hau, eta 200 milioi hiztun daude. Afrikako hizkuntz zabalduenetarikoa da.

CUSHIT: familia honen jatorriak Etiopiaren inguruan du sorlekua. Tanzanian “Iraqw” aldaera hitz egiten da.

NILOAR: hizkuntza hauek Etiopia, Sudan, Kenya, Uganda, Tanzania eta Zairen hitz egiten dira.

KHOISAN: Tanzanian hitz egiten duten aldaera “Sandawe” da, eta geografikotik oso urrun dago adar nagusitik. Familia hau Angolan, Namibian eta Hego Afrikan hitz egiten da.
Afrikako beste hizkuntzekin gertatzen den bezala, ( Wolofera, Hausa, Yorubera…) Swahili hizkuntza ofiziala bilakatu den heinean bertako hizkuntzak ordezkatzen ari da.
Dagoeneko Tanzaniako ele batzuk desagertu dira, (Hamba, Kw´adza, Aasax, Segeju) eta beste batzuk egoera larrian daude (Ongano, Gweno, Akei…).
Gobernuak swahili arautzeko “Baraza la Kiswahili la Taifa” (Bakita) erakundea sortu du baina ez du inolako neurrik hartu gainerako eleak babesteko. Tanzanian ere, nazio hizkuntza delakoaren eredu europarra imitatzen da beste hizkuntzen kaltetan.

 

 

Karrika 124. 2008ko abendua

Aterako al da aurrera?

“Aterako al da aurrera Mailope?” Horixe gure amona Inaxik ia astebururo errepikatzen didan galdera. Kezkatuta begiratzen nau halakoetan. Ez du soilik bertako aldizkariaren etorkizunak kezkatzen. Bere bilobaren lan gaindosiak kezkatuko du akaso gehiago. Badaki aste guztia lanean eman eta gero, asteburua iritsi, eta mendira edo juergara joan beharrean, ordenagailu baten aurrean jarri beharko dudala aldizkariari azken ikutuak emateko. Martxa horrekin luzaroan ezin jarraituko dudala jakitun, horixe da bere kezka: “mutila eta lagunak nekatzen direnean, jarraituko al du aldizkariak?” Galdera erretorikoa da hori neurri batean, jakin badakielako gure Inaxik, bere bilobak, ahal duen bitartean bederen, hortxe jarraituko duela Araitz eta Larraungo herritar guztiek hilabetero debaldeko eta batez ere euskara hutsez idatzitako aldizkaria etxean izan dezaten. Amona da Mailope kultur elkarteak dituen 120 bazkideetako bat. Urteroko kuotatxoa ez du bere bilobaren soldata bermatze aldera ordaintzen, badakielako ez duela hark soldatarik. Isuritako izerdi guztia euskararen aldekoa dela jakitea, horixe dela bere ordain guztia. Bere apaltasunean, Mailoperi egin diezaiokeen ekarpenik handiena dela uste du. Bost seme-alaben ama, gerra garaian bizitakoa, Inaxik inork baino hobeto daki zeinen gogorra den famili bat aurrera ateratzea. Ederki aski daki bestela ere dirurik izan ez, eta aurrera egin beharra zeinen zaila gertatzen den. Krisi ekonomikoaz ari garenean, badaki zertaz ari garen, alegia. Xoxarik ez zegoenean ere, aurrera atera zuen berak familia, eta nola atera gainera! Horixe da arazoa. Krisiaren aitzakia hartzen dutenek, gu ez gaituztela semetzat hartzen. Seme baino, etsai. Eta bateonbati bazka kentzekotan, aurkariarenetik hasi behar. Makroekonomia arrotza egingo zaio Inaxiri, Gobernuaren aurrekontua zenbaterainokoa den ez du jakingo, baina garai zailei aurre egiten badaki berak. Borondatea da kontua. Patxi Pantanosen garaian, seme-alabei tarta handi bat eman beharrean, ogi puska gogor bat emango zien akaso, baina gosez ez zituen sekulan utzi. Gaur berriz ere ohiko galdera egin dit amonak: “Aterako al da aurrera Mailope?” Oraingoan ordea, bestelako kezka ikusi dut haren begi zimurretan. Bart emandako prentsaurrekoaren argazkian ikusi nau, Nafarroako Gobernuak euskal komunikabideak dirurik gabe utziko dituela salatzeko egindako agerraldian ikusi nau. Nire erantzuna, betikoa izan da. “Saiatuko gara behintzat!”. Normalean irrifartxo bat izaten du ondoren erantzun horrek, konplizidade irrifarra. Gaur berriz, madarikazioa atera da haren ahotik. Orduan jabetu naiz, ez dela gure aldizkaria dirurik gabe geratuko dena, ezta alboko herriko irratia ere. Ez, nire amona, eta haren antzera, herrian zer gertatzen den euskaraz jaso nahi duten milaka herritar direla ogi apurrik gabe geratuko direnak. Horretaz ari baikara, ez ogiaz, ogi apurraz baizik. Maiz dio gure amonak “baratzean patata dugun bitartean ez dugu goserik pasatuko!” Ez ba... gure baratzean uzta oparoa espero genuen aurten, aspaldiko partez, euskarak berak etxe eta baratze propioak zituelako, baina hara non, etxea eraiki orduko, hustu egin behar! Beteko al da inoiz? Hauxe ere galdera erretorikoa ote? Gure amonak, honez gero, badaki erantzuna: “Saiatuko gara behintzat!”

Urko Aristi. Kazetaria eta Mailope elkarteko kidea



ZENBAT BURU... Hedoi Etxarte

Hedoi Etxarte 22 urteko gazte iruindarrak lau urtetan mamitutako “Suzko Lilia” olerki liburua karrikaratu berri du Susa argitaletxearen eskutik. Estresa garaitzen den garai honetan, Berlin, Gasteiz eta Budapest hiriak eszenatoki dituen olerki lan hau astiro irakurtzeko gomendioa egiten digu egileak. Idazteaz gain, biolina ere jotzen du Etxartek eta Fermin Muguruzaren azken lanean ekarpen txiki bat egiteko aukera izan duela aipatu digu.

Berriki zure lehenengo liburua karrikaratu duzu; Suzko lilia izenburu iradokitzailea duen olerki lana. Gustura gelditu al zara emaitzarekin? Zer moduzko erditzea izan da?
Liburua sortzeko prozesuak asko erakutsi dit. Bereziki editorearekin sortu den dinamikak lagundu dit. Lehendik egokiak ziren bideek inora ez nindutela eramaten ohartu naiz eta beste bide batzuetan adore gehiagorekin sartzeko indarra eman dit. Gorka Arrese editoreak egiten nuen hori zalantzan jartzen lagundu dit, erabaki bat hartzen banuen erabat kontzienteki izan zedin. Behin liburua fisikoki ikusita emaitza elegantea iruditu zait. Xabier Gantzarainen azaletik hasi, Harkaitz Canoren misil-hitzaurretik jarraitu eta Susaren edizioarekin berarekin. Orain irakurleek eta kritikak epai dezatela, jada umea ez da nirea.

“Fast food”-a eta estresa garaile diren gure gizarte honetan, liseriketa astiroko olerkiak eskaintzen dituzu.

Liburua astiro idatzia izan da. Lau urtetan jasotako olerkietatik hilabetean kontzeptua eta forma eman dizkiet. Ekite mantso horrek kontsumo lasaia behar du eduki, olerki gehienak dentsoak dira, irudi asko dituzte, hari bat baino gehiago. Egun azkar irakurtzeko liburuak eskaintzen dizkigu merkatuak, azkar irakurrita gehiagotara gerturatuko garelakoan. Astiro irakurtzekoak nahiago. Eider Rodriguezen Haragia astiro irakurri behar da, bestela ezkortasunak jaten zaitu, Paul Eluarden Poésie Ininterrompue ia banaka irakurri behar da, olerki bakoitzak egoera bat aurpegiratzen du. Irakurtzea gogoko dudan horren isla ematen ahalegindu naiz.

Irakurle askorentzat olerkigintza genero zaila da. Zergatik hautatu duzu zure lehenengo lanerako?

Olerkia irakurtzen ohituta dagoenari ez zaio liburu hau irakurtzea gehiago kostatuko. Agian olerkia irakurtzeko ohitura urriagoa da. Olerkian eroso nago, horregatik hautatu dut. Liburua den mundu globalak hainbat mezu ditu (presentzia, ausentzia, bidaia, bikotea monogamian, politika eta moralaren inguruko gogoetak) eta olerki bakoitzak hari horiekin lotura izanagatik ere lokaltasunaren isla du.

Olerkigintza jendearengana hurbiltzeko musikarekin uztartzeko ekimen bereziak egin dira Euskal Herrian eta oso harrera ona izan dute. “Zaharregia txikiegia agian”, Mikel Markez eta Pako Aristiren emanaldiak, “Katamalo” egitasmo arrakastatsua, e.a. Zu ere molde bereko zerbait egiten hasi zara, ezta?

Andoni Arcilla aspaldiko laguna dut, koadrilakoa. Noiz edo noiz halako zer edo zer egitea otu zaigu. Liburuaren aurkezpena profitatuz jendartera olerkia eta jazza uztartzen dituen ekitaldia egituratu dugu. Musika, irakurketak, liburukoak batzuk, beste olerkari edo idazleenak besteak. Hitza lehengai eta musika gerriko dituen ikuskizuna egituratu dugu.

Nola ikusten duzu olerkigintzaren egoera Euskal Herrian? Eta literaturarena oro har?

Euskal literatura gozagarria da. Koldo Izagirre, Anjel Erro, Xabi Borda, Harkaitz Cano, kristoren olerkia dugu. Eta literaturan ahots mitikoez gainera ahots berriak ere azaltzea seinale ona da. Formetan eta sakonean bide berri ugari ireki dira, alde batetik posmodernia iritsi da euskal letretara, agian ez da bereziki identifikatua sentiarazten nauen aukera, baina egotea baikorra da. Periferiak ari dira ekarpen horiek egiten, egia esan euskaraz gazteleraz (itzulpenak salbu) aurkitzen ez dudanarekin egiten dut topo.

Idazteaz gain, biolina jotzen duzu eta Fermin Muguruzaren lan berrian parte hartzeko parada izan omen duzu.

Bai, Ferminen Balazalak kantuan bibolina sartu dut; izugarrizko aukera izan da eman didana. Betidanik jo izan dut bere musika, baina CDaren gainean. Oraingoan CD barnean sartu naiz. Honen aurretik Mirant al Cel soinu banda grabatu genuen, eta Gelditu AHT! kantua. Aukera honek miresten nituen kide eta leku asko ezagutzeko aukera eman dit (Kaki Arkarazo, Mikel Abrego, Angel Katarain, Karlos Osinaga, Oskar Benas, Jon Tronbon, DZ). Grabaketa estudioan birritan sartzea oso handia izan da biografikoki, halere diskoari begira nire ekarpena txikia da. Asian Dub Fundationeko lagunak daude, DAMekoak, Manu Chao, Txap, etabar, haien tartean izatea ametsa izan da.

Aurrera begira ba al duzu bestelako egitasmorik buruan?
Batzuk bai, duela bi urte 2 fantzine egin genituen Berlinen Karkrak izenaren pean. Agian hirugarrena aterako dugu. Alain Urrutia margolariarekin olerkia eta irudia uztartuko dituen hibridoa, olerkia, aukera ezberdinak har ditzake etorkizunak.


HERRIEN ELEAK   
El Salvador

El Salvador, Erdialdeko Amerikako estatu txiki honetan indigenak populazioaren %10 besterik ez dira, mestizoak berriz %89 dira eta zuriak %1. Talde etnikoen portzentajea ikusi besterik ez dugu egin behar, ohartzeko zein motako bilakaera kultural eta linguistiko gauzatu den El Salvadorren. Amerikako estatu guztietatik El Salvador da bere hizkuntza eta kulturei gutxien eutsi dien herrialdea.

Egin dezagun historia pixka bat hau dena ongi azaltzeko. 1932an El Salvador mendebaldeko nekazariak matxinatu ziren botere politikoaren kontra. Hori zela-eta, jasan zuten errepresioa izugarri latza izan zen. Militarrek 25.000 indigena garbitu zituzten eta bizirik iraun zutenek ezkutatu behar izan zuten. Gertaera bortitz haiek ama hizkuntzaren transmisioa eten zuten. Errepresioa bezain gogorra izan zen kultur eta hizkuntzaren galera.

Egun, %92k dio bere ama-hizkuntza gaztelania dela eta Administrazioan gaztelania soilik erabiltzen da; hezkuntzan, ekonomian, hedabidetan…hizkuntza bakarra da. Hizkuntza indigenek kultura-ondaretzat harturik baldin badaude ere, ez dute benetako legezko bermerik. Izan, badira hezkuntza elbiduna bultzatzen duten toki-ekimen gutxi batzuk, baina, momentuz, oso mugatua da euren ahaleginen eragina.

El Salvadorren dauden talde etnikoak hauexek dira: pipil edo nahuat, lenka, kakaopera eta maia qeqchi herria. Hauetako talde askoren mintzaera galduta dago, alegia, kakaopera, lenkera eta pipilera aspaldian desagertu ziren.

Maiek oraindik mantentzen dute euren hizkuntza. Hala ere, esan dezakegu, bizirik dirauten indigenen hizkuntzak oso egoera larrian daudela.

Egoera ilun honetan, gorago aipatu dugun bezala, pertsona batzuk hasi dira jabetzen arazo honetaz. Duela ez asko, IRIN (náhuat hizkuntza berreskuratzeko ekimena) erakundea sortu da. Talde hau osatzen dutenek náhuat hiztunen eleak eta lekukotasuna jaso dituzte eta haiekin liburuak eta hezkuntzarako material didaktikoa sortu dituzte. Horrez gain, herri batean eskola bat zabaldu dute eta San Salvador hiriburuan hasi dira náhuatez klaseak ematen.

Orain arte El Salvadorreko indigenen eleen eta kulturaren biziraupenaren alde emandako urratsak ez dira oso ugariak izan baina hodei grisen artean eguzkiak azaldu nahi du. Espero dugu atertuko dela eta El Salvadorreko ele zaharrek bizi berria izanen dutela.

 

 

Karrika 123. 2008ko urria

Adrian Amberes XXI. mendean

Santxo Eltsokoaren katixima izan omen zen Nafarroa Garaian argitaratu zen euskarazko lehen liburua, eta gure eskuetara heldu ez bada ere, badakigu Lizarran inprimatu zela Adrian Amberesen moldiztegian 1561. urtean (ikusi Joxemiel Bidadoren Materiales para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra).

Laurehun eta berrogeita zazpi urte geroago, Iruñeko editore baten kezkak ez daude Adrian Amberesek (garai haietan editore eta inpresore lanak nahasi egiten ziren) zituenetik urrun. Hau da, zer egin liburu bat argitaratzeko erabakia hartzen duzunean? Izan ere, uste denaren aurka eta nahiz atsegina ez izan, zailena ez da ezetz esatea; benetako erronka eta arazoak sortzen dituena baietz esatea da. Ondoren, maketazio eta inprimaketa egokiak egitea, plazaratzeko garaian babesa eskaintzea, ondoko jarraipena egitea... baitatoz. Baietz esaten den unean hasten dira erantzukizunak, kezkak; hots, erronka. Eta gainera gero eta zailagoa den munduan.

Marshall McLuhanek igarlearena egin zuen liburu-aroaren amaieraz, baina liburuen eztandak isilarazi zuen haren diskurtsoa. Gabriel Zaid idazle mexikarrak datu adierazgarriak ematen ditu Los demasiados libros saiakeran: Gutenbergen garaian, 1450. urtean, 100 liburu argitaratu ziren munduan, 2000. urtean 1.000.000 (milioi bat). Garai bakoitzeko biztanleria kontuan hartuz, milioiko 0,2 liburu argitaratu ziren 1450ean, 100 liburu 1950ean (telebista sortu zen urtean) eta 167 2000. urtean!

Liburugintza kinka larrian egotearena, beraz, aspaldiko kontua bada ere, gero eta liburu gehiago egiten dira. Krisia bai, baina liburu gehiago ere bai. Zorioneko hazkunde horrek liburuaren bizia ikaragarri laburtu du; are gehiago euskarazkoarena.
Bilakaera hori euskal letretara ekartzen badugu, gauza bertsua gertatzen zaigula ikus baitezakegu. Euskarak ez du bere historian hainbeste irakurle, idazle eta liburu izan. Baina hizkuntza agian inoiz baino kinka handiagoan dago eta euskarazko literatura, ondorioz, ere bai.

Irakurle potentzialak ugaritu dira, baina eskaintza gero eta anitzagoaren aurrean inoiz baino galduagoak dabiltza. Zaidek emandako datuen bilakaera gurera ekartzen badugu, ohartuko gara urtean 1.200 liburu argitaratzen direla -batez beste- zazpiehun milaren bat euskaldunentzat (mundu osoan baino zazpi/zortzi aldiz gehiago!). Eta hori, gainera, ez da uharte batean gertatzen, hizkuntza eta literatura askoz ere boteretsu eta lehiakorragoen merkatu berean baizik. Horrela, beraz, nola jarri euskarazko lan bat harremanetan bere irakurleekin? Nola lortu lan hori nabarmentzea merkatuan? Hori da, besteak beste, editore baten promoziorako erronka larria, liburugintza baino haratago doana, bistan da.
Arlo horretan laguntza instituzionalaren gaia ere aztertu beharko litzateke, liburugintzan erakundeek daramaten politika..., Horretan ere gauzak ez dira gehiegi aldatu Adrian Amberesen garaietatik. Agintarien ez ikusia, mespretxua (eraso zuzena ez denean) jasaten jarraitzen dugu. Baina hori beste aldi baterako utzi beharko dugu.

Pello Elzaburu. Pamiela argitaletxea



ZENBAT BURU... Petra Elser
 

Alemaniako Pahl-Rugenstein Verlag argitaletxeak (www.zubiak.de) Aingeru Epaltza eta Anjel Lertxundi euskal idazleen liburu bana aurkeztuko ditu hilabete honetan Frankfurten eginen den liburu azokan. Petra Elser Aingeru Epaltzaren “Rock Roll” liburuaren itzulpenaz arduratu da eta, gainera, Alemaniako argitaletxe horren komertziala da Euskal Herrian.

Nola sortu zen euskal liburuak itzuli eta Alemanian ezagutarazteko ideia?
Duela hiru urte, Euskal Idazleen Elkarteak Joseba Sarrionaindiaren “Narrazioak” liburua itzultzea eskatu zidan. UNESCO-k ordaindu zuen, baina Alemanian ez zegoen liburua argitaratuko zuen argitaletxerik. Bila hasi ginen eta Pahl-Rugensteineko jendea ezagutu genuen. Beraiek esan zuten hizkuntza arrotzaz eta idazle ezezagun bakar baten liburua argitaratzeak ez zuela merezi, bilduma osoa izan beharko zela. Eta iaz ekin genion euskal literatura Alemaniako merkatuan ezagutarazteari.

Laguntzarik jaso al duzue euskal erakundeen artean?
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak dirulaguntza eman digu itzulpenak egiteko, prestakuntzarako eta idazleen bidaietarako. Horri esker atera dugu aurrera proiektua, baina ez da nahikoa gauzak behar bezala egiteko. Itzultzaileen prestakuntza, adibidez, sistematizatu egin beharko litzateke itzultzaile gazteen interesa pizteko.

Zer prestatu duzue aurkezpenerako?
Frankfurteko liburu azokan Epaltza eta Lertxundiren lanen aurkezpena eginen dugu eta horretaz gain, lau irakurraldi dauzkagu aurreikusita: Berlin, Cottbus, Essen eta Paderbornen. Alemanian irakurraldiak ekimen oso herrikoiak eta maitatuak dira. Idazleek –gure kasuan idazleek eta itzultzaileek– euren liburuetako zenbait pasarte irakurtzen dituzte eta publikoak arretaz entzuten du. Gero, idazleari galderak egiteko aukera izaten da.

Orain arte lau euskal egileren liburuak itzuli dituzue. Zer moduz haien jarrera?
Oso ona, interesa handia dute. Gure ekimena xumea da, baina bitarteko gehiago izanez gero, aukera zabalagoak izango lirateke euskal idazleak atzerriko literatur jaialdi eta ekimenetan parte hartzeko. Bi aldeentzat oso aberasgarria dela iruditzen zait. Aleman hizkuntzako herrietan, euskal literatura eta euskara bera nahiko ezezagunak dira eta, horregatik, bertako idazleek, irakurleek eta literatura munduko jendeak interesa dute mundu hori ezagutzeko. Eta hemengo idazleentzat ere interesgarria da beren obra kanpoko ispilu horretan ikustea, baina horretarako itzulpena funtsezkoa da.

Aurrera jarraitzeko asmorik al duzue?
Bai, printzipioz proiektua bost urteko epe baterako pentsatuta dago. Hala ere, beti errebisatu egin behar dira emaitzak, batez ere alde ekonomikotik. Pozik gaude bigarren urtera iritsi garelako eta literatur giroko aditu eta jendearen harrera ona izan delako. Argitaletxe handiak menperatzen dituzten zirkuituetan muturra sartzea zaila da, baina saiatuko gara.

Nola ikusten duzu euskal literaturaren egoera?

Euskal literatura modernoan, azken 30-40 urtetakoan alegia, oso bidaia luzea egin da eta hainbat obra garrantzitsu eta goi mailakoak idatzi dira. Guk argitaratzen dugun bildumarako eskaintza handia da eta aukeraketa erraz egin daiteke. Hala ere, nazioarteko merkatuak gauza berriak eskatzen ditu, idazle gazteak eta nobelak batez ere. Euskal literaturaren merkatua bera zertxobait artifiziala da. Argitaratzen diren gauzetako batzuk agian beste leku batzuetan ez lirateke argitaratuko, eta horrek batzuetan hemengoari halako kutsu folklorikoa ematen dio. Hala ere, nire ustez irakurleek ahots gazteak nahi dituzte, gai garaikideak lantzen dituztenak, norberak bere burua identifikatu ahal izateko. Horrexegatik ez naiz harritzen, adibidez, 2006an Karmele Jaioren Amaren eskuak gehien saldu zen liburua izatea. Izan ere, oso garaikideak diren bi gai jorratzen ditu: Alzheimer gaixotasuna eta emakume baten historia eta nortasuna.


HERRIEN ELEAK 
Salomon Irlak

Azken boladan, bidaia aldizkarietan, turismo agentzietan, haien berri jaso dugu, turismo helmuga bilakatu baitira gure gizartean. Ez da harritzekoa, hondartza ederrak, palmondoak, eguraldi ederra eguzkitan egoteko, hots, mendebaldekoentzako paradisua. Baina, Salomondarrentzat ere paradisua ote da? Artikulutxo honetan saiatuko gara gauzak pixka bat argitzen, eta hango hizkuntzetaz informazio apur bat ematen.

450.000 biztanleak dira Salomon Irletako populazioa. Gehienek, % 94,2k, melanesiar jatorria daukate, %3,7 polinesiarrak dira, eta %2,1 bestelakoak.

Erlijioari dagokionez, %77,5 kristau-protestante, %19,2 katoliko, %0,4 bahista, %0,2 sinesmen tradizionalekoa eta %2,1ek beste sinesmena dute. Argi dago Europatik heldutako erlijioak erabat erroturik daudela.

1978an Commonwelth Britainiarraren babesean independentzia lortu zuten, baina Britainia Handiko erreginaren menpean; beraz, ganbara bakarreko legegile monarkia konstituzionala da.

1990ean elikagaien prezioak zirela kausa, gaur arte bizirik jarraitzen duten istiluak hasi ziren. Zoritxarrez, hilak eta tortura salaketak egon dira, eta politikoki giroa lasaitu izan arren, oinarrizko arazoek berdin diraute.

Salomon Irletan 80 hizkuntza bizirik daude, bainan nagusitasun osoa eta ofizialtasuna ingelesak dauzka. Bigarren hizkuntza gisa pijing salomon dago, 175000 hiztunekin (Ozeano Bare osoan 2 milioi hiztun dauzka). Aipatzekoak dira ROVIANAN eta MARINGHE eleak ere. Lehenengoa metodista elizarena eta bigarrena melanesia eliza anglikanoaren hizkuntza dira. Oso zabaldurik ez badira ere eragin handia izan dute komunitate txiki batzuetan, haien eraginez mintzaira batzuk desagertu baitira, besteak beste, GULIGULI, DORORO, KAZUKURU edo hil zorian daude, LAGHU mintzaira kasu (3 hiztun besterik ez).

Georgia Berria irlan bi hizkuntza oso egoera larrian daude, RIRIO (80 hiztunekin), eta HOAVA (honek 600 hiztun ditu); ele hauek malayo-polinesiako taldekoak dira eta euren hiztunak elebidunak dira.

Santa Isabel irlan KOKOTA (200 hiztun), ZAZAO (166), GEMA (600), GAO (550), eleak ditugu. Kasu guztietan elebidunak dira, oso agerikoa da ingelesa, maringhe, rovianan eta pjing salomon eleek ordezkapen linguistikoan duten ardura.

Savo irlan SAVO mintzatzen da (1976an, 1.147 hiztun zegoen). Egun esan dezakegu askoz gutxiago direla, gazteek nahiago baitute ingelesa edo pijing salomon euren bizitzarako.
Malaita irlan OROHA dugu (ez dago daturik), eta San Cristobalen FAGHANI (300).
Ikusi ahal izan dugun bezala, ele hauetan hiztun gutxi daude, denak elebidunak, eta ez dago alfabetatzerik haiendako. Beraz ez da oso zaila iradokitzea etorkizun iluna daukatela, Salomon Irletako gobernuak ez baditu haien alde berehalako neurriak hartzen.

 

 

Karrika 122. 2008ko iraila

Euskararen egoera nafarroan

Hemen esanen dudanak balioko du bereziki Nafarroa Garairako, baina, jakina, oro har, Euskal Herri osorako ere balio lezake.

Jarraitu baino lehen zera azaldu nahi dut, bi esparru nagusitan zatituko dudala orrialde honetan adieraziko dudana, alegia, bat, eremu publikoarena nolabait esateko: administrazioak, gobernuak, legeak, e.a., eta bestea, alor pribatuarena: harreman pertsonalak, kultur kontsumoa, euskara transmisioa, eta bat eta beste.

Lehenengoaren inguruan ez dut asko hitz eginen, denok dakigu-eta zer egoera zaila dugun Euskal Herri osoan euskarari dagokionez, bereziki Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako Foru Erkidegoan. Espainia, Frantzia eta Nafarroako Gobernuek ez diote asko laguntzen euskarari, are gehiago, kasu askotan esan liteke aurkakoa egiten dutela, eta, jakina, beren legeek, arautegiek, ordenantzek, administrazio publikoek, eta abar, modu bertsuan jokatzen dute, horregatik, nire iritziz, arlo horretan euskaltzale, ezkertiar, abertzale guzti-guztiok, eta abarrek jarraitu beharko dugu lan serioan, hor pixkanaka-pixkanaka, egoera aldatzeko lorpenak eskuratzen, hau da, legeak, ordenantzak, araudiak, e.a. hobetuz, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Bigarrena, ordea, nire ustez, eskuragarriago dugu, hots, askotan aukeratu ahal ditugu hedabideak, prentsa, abestiak, zinema –hau gutxiagotan-, literatura, aldizkariak, elkarrizketak –etxean, kalean, lantokian, aisialdian…-, e.a. euskaraz ala erdaraz izatea. Beste horrenbeste gertatzen da gurasoen transmisioarekin, etorkinekin… Denetan erakusbide onak eta txarrak ikusten ditut. Konparaziora, adituek askotan esaten digute euskal produktuen kontsumoa oso txikia dela, eta hori bakarrik euskaldunon ardura da, hau da, gurea. Halaber, nire aburuz, gehiegitan ikusten dira euskaldunak beraien artean lasai-lasai erdaraz egiten, inork behartu gabe, edo, guraso batzuk transmisiorik egin ez dutenak –Julian Retegi, Fernando Arretxe, kasu ospetsu batzuk jartzeagatik-, edo euskal dantzari, txistulari eta dultzainari artean berdin, erdaraz mintzatzeaz gain, izenak ere gaztelaniaz edo frantsesez aipatzen –La Era, Valcarlos, El zortziko de Lantz, El ingurutxo de Iribas, El Aurresku, El Agur Jaunak, El Gernikako… Zorionez, alderantzizko kasu ondratsuak ere ezagutzen ditut, gutxiago baldin badira ere: euskara ederki ikasi duten etorkinak, edo beren seme-alabak, behintzat, D ereduan matrikulatzen dituztenak, e.a.

Bukatzeko, jendea animatu nahi dut konpromiso eta koherentzia handiagoak izan ditzan, eta denok pasa gaitezela EUSKARA BAItik EUSKARAZ BAIra.

Xanti Begiristain Madoz. Irakaslaea. Larreko Saria 2008


 

ZENBAT BURU... Iñigo Aranbarri

1994an karrikaratutako “Emon biar yako” lanaren ondotik, “Zulo bat uretan” Iñigo Aranbarri idazlearen bigarren eleberria da. Filologian lizentziatua eta irakasle lanetan ari den idazle azkoitiarrak, ordea, beste hainbat jenero jorratu ditu (poesia bereziki, saiakera, kronika, biografia) eta guztietan gustura sentitzen dela aipatu digu. Bere azkeneko lan hau Iruñerrian, Itoizko urtegian eta Argentinan girotuta dago eta Donostiako liburu ferian Zilarrezko Euskadi saria jaso zuen, baita irakurleen harrera beroa ere. Hilabete honetan Iruñerrian eginen da aurkezpen ofiziala.

“Zulo bat uretan” zure bigarren eleberriaren aurkezpena iraila partean eginen da Iruñeko zenbait dendetan. Zer prestatu duzue aurkezpen honetarako?
Prentsarekikoak uda aurretik beteta, libreago ibiliko gara gauza bereziren bat egiteko. Badakit Iruñeko lagunak zerbait bitxia prestatzen ari direla, baina egia esan behar badizut, neuk ere ez dakit dena. Liburuan agertzen den geografia bizitzearekin duela zerikusia, hori baino ez dakit.

Karrikiriko dendan izanen omen naiz, baina ez dakit zehazki noiz izanen den hori. Data zehazten denean horren berri emanen duzuela espero dut, ezta? Nobela Itoitzen girotuta dago. Zer dela eta?
Itoizko urtegian soilik ez, baita Iruñerrian ere. Eta Argentinan. Arrazoia sinbolikoa da, batez ere Artzibarren eta Longidaren kasuan (iragana estaliko duen obra bat), eta urtegia betetzen hasteak intrigari laguntzen diolako. Iruñerrikoa, berriz, gerraosteko larderiazko harremanek itsutu didatelako begia istorioa kontatzen ari nintzela. Eta non hobe hemen baino?

Zilarrezko Euskadi saria jaso zenuen Donostiako liburu ferian eta ematen du jendartean ere harrera ona izaten ari dela, ezta?
Bueno, sariek baino irakurleen komentario zuhurrek gehiago pozten naute… Literaturak duen ederrena ez da konpartitze hori?

Zure bigarren eleberria da, baina beste hainbat lan egin dituzu beste jenero batzuk landuz. Zein duzu nahiago?

Gustura sentitzea dela uste dut kontua, esateko daukazun horri neurriko arropa egitea. Batzuetan poesia izango da, beste batzuetan saio bat, edo ipuin bat, nik dakit ba. Nahi bai, baina denetan ongi moldatzea da zaila.

Egun, teknologia berriak direla eta, gutxi irakurtzen dela esaten dute eta euskaraz are guttiago. Zer deritzozu?
Begira, Venezuelatik etorri berri naiz, eta ez dut ia inor irakurtzen ikusi, ez kalean, ez metroan edo autobusetan. Hango idazleek ere zerbait esango dute ba! Gure egoera, badakit, ez da onena, baina begira zer telebista daukagun, nola hezitzen den jendea. Esan nahi dut ez dela teknologien berrien errua, sakonagoa dela gure gaitza. Hori uste dut behintzat.

Nola ikusten duzu euskal literatura?

Irakurle bezala, oso garai onean gaudela iruditzen zait. Ia oraintsu arte ez bezala, ez bat eta ez bi, gehiago dira urtean argitaratzen diren liburu interesgarriak. Ongi idazten duen jende asko dago.

Ba al duzu eskuartean beste lanen bat?

Buruan darabildana idazteko gauza izango banintz…


HERRIEN ELEAK   
Ekuador

Andeetako errepublika honetan hamahiru milioi pertsona pasatxo bizi dira, horietatik %40 amerindiarrak , %40 mestizoak, %15 zuriak eta %5 beltzak dira. Ikusten duzunez, indioen presentzia oso handia da eta azken urteotan oso nabaria izan da haien eragina, bai eguneroko bizi moduan, bai politikan.

Ekuadorren hamalau indio nazio desberdin daude. Kitxua etnia nagusia da (4 milioi, gutxi gora behera) eta eskualde guztietan bizi dira; Shuar (70.000 kide), kideen aldetik, bigarren talde handiena da baina hauekin batera beste talde gehiago daude, horietako batzuk oso txikiak, besteak beste, Lofán (500), Siona (200), Secoya; (400), Huaorani (2000), Zápara (150), Shiwiar (600) eta Atxuar (3000). Tribu hauek guztiak oihanean bizi dira. Kosta aldean bizi direnak hauexek dira: Tsatxíla (2000), Awa (1000), Txatxi (4000) eta Epera (250).

Indio nazio guztiek Ekuadorreko gainerako biztanleek baina bizi baldintza kaskarragoak dituzte eta horietako askok pobrezia larria jasaten dute. Salbuespena Otavalo herria da, hauek garatu duten merkataritzari esker bizi maila duina lortuta baitaukate.

Hemen dituzue amerindiarrak diren hizkuntzei buruzko hainbat informazio.

KITXUA: Inka herriaren hizkuntza da, Ekuadorren milioi eta erdi hiztun daude, baina Andeetan zehar zazpi milioi inguru daude.

SUHARRERA: Jibaroen elea da eta ba ditu 70.000 hiztun. Egun jibaro hitza gaizki ikusita dago, beraz ez ba dugu erabiltzen hobe.

CAYAPA: Amerindiar eleen artean oso hizkuntza zaharra da, bere antzinatasuna 3.300 urtekoa da. Esmeralda eskualdean hitz egiten da eta 5.000 hiztun ditu.

TSÁFIKI: (Tsátxela, Colorado). Pitxitxan eta Los Riosen hitz egiten da, 5.000 hiztun dira. Colorado izena ez da indigenen gustukoa, beraz bere erabilera saihestu behar da. Ele hau Barbacoana familiakoa da.

SÁPARO-KONANBO: Autónimoa Káyawi. Ekuadorreko Pastazan eta Peruko Loreton eskualdetan hitz egiten da, oso hiztun gutxi du (200). Zaparoana familiakoa da eta oso ele zaharra da; 4.100 urteko antzinatasuna dauka.

MEDIA LENGUA: Quitora emigratutako indigenen hizkuntza da, jatorriz Kitxua da baina erroak aldatu zituzten espainolarenak ezarriz. Horrela sortu omen zen. Quitoren inguruan hitz egiten da, 1.000 hiztun daude baina beste eskualdeetan ere badaude hiztun gutxi batzuk.

SABELA: (Auka), autónimoa Wao. Ekuadorren ekialdean bizi dira bere 1.000 hiztun.

PIOHÉ: (Sekoya), Ekuadorren, Perun eta Kolonbian hitz egiten da, osotara 2.000 hiztun dira.

KOFAN: Kolonbiako Putamayon eta Ekuadorreko Napon eskualdeetan bizi dira bere 1.000 hiztun. Jibaroano familiakoa da.

Duela gutxi Ekuadorreko batzar konstituzionalean, 130 ordezkaritatik 90ek baietza eman zioten Kitxua eta Suharreraren ofizialtasunari, hemezortzi orduko eztabaida egin ondoren. Irailaren 28an egingo den erreferendumean herritarrek onartu behar dute lege ebazpen hau. Conaie Ekuadorreko Nazionalitate Indigenen Konfederazioaren ustez proposamena motz geratzen da baina aurrerapausotzat hartu nahi dute. “Identitate nazionala sendotzeko baliagarria izango da, gure sustraiak indartzeko aniztasunean sakontzeko” adierazi dute parlamentuan dauden indigenen 20 ordezkariek.

Espero dezagun hasitako bidea indartuko dela eta Ekuadorreko indigenen bizi modua, kultura eta eleen baldintzak hobetuko direla

 

 

Karrika 121. 2008ko uztaila

Euskara eta biok

Ez dakit xuxen zergatik hasi nintzen euskara ikasten, hots, zein izan zen garai hartan (hamalau-mabost urteetan) nire barnean izeki zen suaren pizgarria. Beharbada frankismoaren azken sasoian somatzen zen askatasun giroak eraman ninduen euskara ikastera, baina uste dut hori bakarra ez zela aski izan ni holako abenturan sartzeko. Iruditzen zait nire deiturak eta inguruan etengabe aditzen nituen herriko hainbat aurkintzaren izen ilun eta enigmatiko haiek ere erabakigarri suertatu zirela euskara ikasten has nendin: Anzandieta, Aliaga, Ardui, Lakilazabal, Mantxin-txurreta, Mugazuria, Rusiana, Turtun-bera, Zapaiz, Zonbolozoko eta beste ziren etxean, familian, txitean-pitean entzuten nituen toponimoetako batzuk, izendatzen zituzten aurkintzak Uxueko gure etxearen aitzinean edo hurbil zeudelako, edo bertan ardantze zaharren bat, soro utzitako alorren bat genuelako. Honetaz landara, pentsatzen dut orain, nerabezaroak berekin ekarri ohi duen izaeraren gainazpikatze eta hankazgoratzeak ere zerikusia izan zukeen nire euskaltzaletze hartan.

Trantsizio garaian euskara-irakasle behar handia egon zen bat-batean, diktadorea hiltzearekin ordura arte debekaturik zeuden gauza anitz, goizetik arratsera, baimendurik gelditu zirelako, euskararen irakaskuntza, erraterako. Irakasle asko behar ziren eskaera izugarriari aurre egiteko, baina gutxi ziren eskolak emateko moduan zirenak. Horregatik, Arturo Campionen (Arturo Kanpion zen orduan) ikasten hasi eta hurrengo urtean irakasteari lotu behar izan nintzaion, euskara nahi eta behar baino aise okerrago nekiela eta hizkuntzak irakasteko metodoez, glotodidaktikaz, deus ere ez nekiela. Interes handia bai, gogo ikaragarria, baina eskolak nola eman behar ziren ideia zipitzik ere ez nuen!

Euskarazaintzako Oña-tibia jaunaren Método radiofónico izena zuen liburuarekin hasi nintzen euskara ikasten salestarrek Iruñeko ikastetxeko sotoan zuten urte haietako “gaztetxe” deskafeinatuan, eta gero, Kanpionen, Patxi Altunaren Euskera hire laguna baino gehiago Imanol Berriatuaren Euskalduntzen ibili genuen. Garai hartantsu, bestalde, J. M. Iriondok astean behin telebistan aurkezten zuen ordu erdiko euskarazko saioa zirkinik egin gabe segitzen nuen etxean, urrea balitz bezala.

Geroztik beti euskara ikasten ibili naiz, modu batera edo bestera; hasiera-hasieratik gauzak kontatzeko gai nintzen, baina etxeko euskaldunek ohi duten adierazkortasun eta erraztasun hori eskas nuen. Literatura lanak irakurtzeari ekin nion: lehenbizi Saizarbitoria, Etxaide, Txomin Agirre, Haranburu-Altuna eta Txillardegiren eleberriekin eta Mitxelenaren idazki trinkoekin egin nuen talka, eta literatura klasikoarekin ondoren, Bernat Etxepare lizun-debotarekin eta Axular mihizaluarekin hastean, Oihenart bihurriarekin geroxeago, Elkanoko Lizarraga xume itxurakoarekin berantago. Euskaraz ahal nuen guztietan hitz egiten nuen, euskaldun edo sasieuskaldun ziren guztiekin, helburua, azken batean eta absolutuki, euskara amarengandik jasoa zutenen pareko maila erdiestea baitzen, kosta ahala kosta, euskaldun oso-osoa izatea alegia.

Urte anitz igaro dira, euskara dut orain laneko eta etxeko hizkera, eta ahal dudan guztietan euskaraz mintzatzen jarraitzen dut. Gaztaroko sua itzalixea dago, izarkitua segurik bai; horren truke, urteek heldutasun pittin bat eman didate gauzak ikusteko tenorean. Oraingo nire borroka, batez ere, hiztegiarekikoa eta esamoldeekikoa da, hots, lehen urte haietako zekarkigun, gintzaizkion eta beste utzirik, bi sosen zentzurik ez du ‘no tiene dos dedos de frente’, haren lanari ez dio zorrik batere ‘no le tiene ninguna envidia al trabajo de aquel’, ez naute deabrua baino gehiago ikusi nahi ‘no me pueden ver ni en pintura’ eta antzekoekin ari naiz gatazkan egunotan, gaztelaniaz hain ohiko eta egunerokoak diren horiek euskaraz ere erabili behar baititugu barruan duguna kanporatuko badugu. Erda-raz errazkiago eta hobeki adierazten ditut gauza asko, eta etsia nago hola izanen dela beti; ohartzen naiz hala ere zenbait arlotan, laneko kontuetan eta, euskaraz gauzak aisekiago erraten ditudala, segur aski arlo horiek beti euskaraz ukitu eta landu ditudalako, eta etxean ere, hizkuntza erabiltzearen bortxaz, franko eroso nabilela, aldian behingo behaztopatze eta hanka-sartze saihetsezinak alde batera utzita. Hau da bada, laburbilduz, euskaldun berri saiatu baten hizkuntza-historia ttipia.

Patxi Salaberri. Filologoa eta euskalzaina



ZENBAT BURU... Castillo Suarez
   

Altsasun jaioa da Castillo Suarez eta berriki “Souvenir” bere azken poesia liburua karrikaratu du. Haren irudikoz, idatzi duen lanik borobilena da eta horren gainean solasean aritu zaigu, baita orain arte eginiko jardunbideaz ere.

Nola hasi zinen poesia idazten? Zerk erakarri zintuen genero “zail” honetan murgiltzera?
Egian esan, poesia irakurtzen hasi nintzen. Garai hartan Mondadori argitaletxeak poema liburu txikiak argitaratzen hasi zen -oso merkeak zirenak- eta irakurtzen nuen bitartean ni ere poemak idazten hasi nintzen, udako opor batzuetan, orri solteetan eta esperimentu gisa. Iruñeko egile berriendako lehiaketak eman zidan poeta “labela”. Niretako ez da genero zaila, desordenatua agian, baina mundua desordenatua baita… Seguruena nire izaerarekin lotua dago, bat-bateko gauzak gustatzen zaizkidalako, eta ez dut neure burua ikusten nobela bat idazten. Arreta handiegia eskatuko lidake. Poemak, ordea, nonahi eta noiznahi idatz daitezke.

Berriki “Souvenir” zure laugarren poesia liburua karrikaratu duzu. Zergatik izenburu berezi hori?

Iruditzen zait souvenirrekin poesiarekin geratzen den fenomeno bera gertatzen dela: jendeak ez die aparteko balioa ematen, baina, aldi berean, balio sinboliko handiko gauzak dira. Kontsu-mo turistikoaren parafernalian, oroigarria da alferrikako gasturik agerikoena. Turismoaren euskarri sinboliko nagusia baita, pilan egiten den gomutaki txiki honek ezin du bere hutsalkeria ezkutatu, baina bidaiako esperientzia ukigaitzak ukigarri bihurtzen ditu, hein batean. Ezin da ukatu oroigarriek ukigarri egiten dituztela bidaiako esperientzia ukigaitzak. Oroigarriaren materialtasunak ohiko denboran eta tokian (etxean, lantokian) definitu eta kokatzen du denbora berezi-berezi batean bizi izandako esperientzia iheskorra.

Aurretik eginiko lanekin alderatuta, eten bat egin nahi izan duzula esan duzu. Zer aurkituko du irakurleak lan berri honetan?
Orain arte adieraziari begiratu diot. Esan nahi nuena garbi -poesiak duen berezko “nahas-mahasa” ahaztu gabe betiere- geratzea nahi nuen. Orain, ordea, esan nahi dudan hori nola esan nahi dudan horri begiratu diot. Adierazpena zaindu dut bereziki eta hitzekin jolasten saiatu naiz. Ez dakit nik esan beharko nukeen, baina orain arte idatzi dudan lanik borobilena dela iruditzen zait. Ariketa poetiko kontzientea egiten saiatu naiz inoiz baino gehiago.

Teknologia berriak direla eta, egunetik egunera gutxiago irakurtzen omen da, eta euskaraz are guttiago edo. Egileak, berriz, ez dira falta eta azkeneko urteotan horietako zenbaitek Estatu mailan emaniko sari garrantzitsuak jaso dituzte. Nola dakusazu euskal literatura? Eta poesia?

Gauza osos onak egiten dira, baina beti irakurtzen da gutxiegi, eta beti saltzen da gutxiegi… Hala ere, nik uste txiki izateak -eta areago, poesia alorrean- badakartzala zenbait abantaila, eta ozeano handiaren ordez osina dela gurea. Paregabea da irakurleekin harreman zuzena izateko daukagun aukera.

Azken urteotan Bertsolaritzari esker eta horrekin lotutako zenbait musika proieturi esker (“Zaharregia, txikiegia agian”, Karidadeko Bentak, Gu eta gutarrak...) poesia jendearengana errazago heltzen ari dela ematen du. Zer deritzozu?
Irakurketa hutsarekin jendearen arreta piztea oso zaila da. Beraz, ongi daude jendea poesiara hurbiltzeko balio duten aldetik. Nik uste, dena den, batzuetan ikuskizunak baleko poemak ezkutatzen dituela. Ikuskizuna erakargarria bai, baina ez testuak ez dira apartekoak.
Zutabegilea ere bazara, bestelako proiekturen bat ba al duzu esku artean?
Egun ez dut egitasmorik esku artean. Beti esan izan dut zutabe bat poema bat gutxiago dela. Zutabeak astero idazteak gai posibleak “kendu” egiten dizkizula poemak egiteko, agortu egiten zaituela nolabait.


HERRIEN ELEAK   
Sardiera

Sardinia Mediterraneoko uharteak 24090 km koadro eta 2.000.000 biztanle dauzka. 1948an Italiak eskualde autonomo izendatu zuen eta lau probintziak osaturik dago.
Irla honetatik herri asko pasatu dira, feniziarrak, kartagotarrak, erromatarrak, bizantziarrak, arabiarrak, normandiarrak…eta Aragoiko koroaren menpe ere egon zen. Normala denez, herri bakoitzak utzi zituen bere aztarnak eta eragina, bizitzaren arlo guztietan, kulturan, hizkuntzan, arkitekturan…

Sardinia ospetsua da mafiagatik ere.”La Cosa Nostra” delakoak baldintzatu du uharteren bizitza, bere morroi izan dira, eta izaten omen dira, politikari, epaile, polizia, funtzionari asko. Italiako estatuaren barruan, itzalean dagoen sasi estatu gaiztoa da, beti prest faboreak egiteko, baina gero ongi kobratuko ditu emandako mesedeak.

Sardiera hizkuntza erromanikoa da, askoren ustez latinetik gutxien urrundu den hizkuntza erromanikoa. Batzuek Italieraren aldaeratzat hartzen dute hizkuntza hau, baina asko dira italierarekiko dituen desberdintasunak.

Egun, uharteko %70ek Sardieraz hitz egiten dute, 1.600.000 lagun inguru. Lau aldaera edo dialekto dauzka: iparraldean Logudorese, Campidanese deritzona hegoaldean, Nourese edo Gallurse ipar-ekialdean, eta mendebaldean Arborense edo Sassarese deiturikoa. Lau dialektoen arteko desberdintasunak nahiko handiak dira, eta bi dira jaso dituzten eragin nabarmenenak, Italierarena eta Katalana-rena. Uhartea historiaren isla da. Ezin dugu ahaztu zenbat inbasio jasan dituen eta bakoitzak bere arrastoa utzi duela.

Italia osoan, hizkuntza ofizial bakarra Italiera da, eta honek eragin txarra izan du Italiako gainerako hizkuntzentzat. Munduko II. Gerlaren ondoren, Sardinia irlaren industrializazioarekin batera, Italiera hirietako hizkuntza bilakatu zen, hezkuntzan ere guztiz hedatu zen eta, horren ondorioz, Sardieraren ordezkapena zabaltzen hasi zen. Sardiera senitarte eta lagun artean gorde da batez ere. 1992an egindako ikerketaren arabera biztanleen %31k Italiera baino ez darabil senitartean, eta %54k batez ere Italiera darabil lagunen artean ari direnean. Azken urteotan egoerak okerrera egin du, gazte askok etxean jasotako ama-hizkuntza alboratzen dute, goiko hezkuntzara heldutakoan Italiera erabiltzera pasatzen direlako.

Sardiniaren iritzi publikoa, hizkuntza koofizialtasunaren alde lerrotuta dago, baina Italiako botere politikoak ez du aintzat hartu nahi. Bitartean bertako agintari batzuk Sardiera hasi dira erabiltzen, bai administrazioan, bai hezkuntzan.

Sardiera estandarra oraindik ez dute sortu.Académi Campidanesa de sa Língua Sarda dagoen arren, ez da aski Sardieraren aldaerak batzeko eta hizkuntza estandarra sorrarazteko.
Bestalde, “Sa Repubblica Sarda” izeneko egunkaria argitaratzen da eta irrati eta telebista saio batzuk ere egiten ari dira.

 

 

Karrika 120. 2008ko ekaina

Euskara forala

Praktika kulturalak eta nortasun kolektiboak proiektuak (2006) ondorioztatzen du Euskal herritarrek –nafarrak barne– euskal kulturarekin gehien lotzen duten elementua euskara dela, eta neurri txikiagoan dantza, pilota eta herri kirolak. Gutxiago aipatu dira ohiturak eta gastronomia, eta oraindik gutxiago musika, jaiak, euskal sinboloak, literatura idatzia, kantua edo ahozko literatura. Egon badira bestelako ikerketa batzuk euskarari tarte txikia egiten diotenak. Ángel Aguirre Baztán antropologoak (1998) eta Josetxo Beriáin (1998) soziologoak adibidez, XX. mende bukaerako nafar identitatearen ikur esanguratsuenen artean, xabieradak eta sanferminak aipatzen dituzte; euskarak ez du presentziarik.

Amando de Miguelek eta Iñaki de Miguelek Jaime Ignacio del Burgoren eskariz lan bat egin zuten Sociedad de Estudios Históricos de Navarra-rentzat, eta jubilatzear dagoen politikariak idatzi zuen hitzaurrea (2002). De Migueltarren ikerketan foruek protagonismo berezia hartzen dute, autoreek, espresuki, foruen irudia nabarmendu nahi zutelako egungo nafar identitatearen ikur forjartzaile gisa. Haien aburuz, nafarrek gainerako herrietatik bereizteko aintzat hartzen dituzten lau elementu bereizgarriak ondokoak dira: foruak (% 50ek); izaera (% 43k); Nafarroa erresuma ohia izatea (% 39k); bi hizkuntza egotea (% 36k). Jaime Ignacio del Burgorentzat (2003), ordea, Nafarroaren izatea hiru puntutan laburbiltzen da: 1.a Nafarroa erkidego anitza da; 2.a Nafarroa komunitate espainiarra da; 3.a Forua nafar erkidegoaren identitate ezaugarri nagusia da.

Foruak, ordea, Víctor Pradera eta Jaime Ignacio del Burgoren tesiak garaile atera arte, euskarari loturik zeuden, identitate ikurra ziren. Gogoratu beharra dago foruen monumentua eta Gamazadaren bultzada euskaroen eskutik etorri zirela. Foruak eta euskara, garaiko intelektualitatearen banaezineko binomioa, Hermilio de Olóriz edo Arturo Kanpionen lanetan agertzen den bezala. Egungo Gobernuaren identitate politikoaren foralitatea Fuero y Libertad. Navarra no es negociable manifestazio mitikoan ikusi genuen. Zer esanik ez, nafar guztiek ordaindutako irrati, telebista eta egunkarietan manifestaziora deitzeko agertu ziren iragarki garesti guztiak elebakarrak izan ziren. Euskara ikusezina bihurtu eta foruen izaera aldatu. Egun horietan bitxia suertatu zitzaidan ikustea nola Nafarroako presidenteak Gamazadaren ikurra erabiltzen zuen. Hori zilegia da, azken batean foruak historian zehar jendearen irudimenean birsortu dira era aldakorrean. Identitateek, batik bat askeak direnek, foruak moldatzen dituzte momentu bakoitzaren errealitate sozio-politikoaren arabera. Zilegia ez dena Gamazada eta bere sinbolorik gorenena, foruen monumentua, erabiltzen den moduan erabiltzea da. Azken batean, Gamazada eta foruen monumentua foralitate jakin baten ikurrak dira, Gamazoren kontra Nafarroako foruak eta euskara defendatzen zituen foralitatea. Bai foralitate bitxia manifestazio hartan ikusi genuena, Gamazoren gustuko foralitate elebakarra, alegia.

Roldan Jimeno Aranguren. Historialaria



ZENBAT BURU... Mikel Bujanda

Azaroaren 7an 20 urte beteko dira Iruñeko Euskalerria irratiaren lehenengo irratsaioa egin zenetik. Iruñerriko euskaldunen sostengua jaso duten arren, oraindik ere ez diete lizentziarik eman. Mikel Bujanda, irratiko zuzendaria, eginiko ibilbideaz eta ekainaren 5ean banatuko den Larreko sariaz solastu zaigu.

Zer moduzko ibilbidea izan da orain artekoa?
Hogei urteren perspektibatik irrigarri egiten da hasierako hartan zer egin eta nola joka zalantzatan ibili ginela gogoratzea. 1988ko udazkena zen: prestaturik genuen tresneria, diseinaturik proiektua, baina zain geunden Admi-nistrazio Publikoak baimenak banatzeko lehiaketa noiz antolatuko. Hasi ala baimenak eskuratu arte itxoin. Eraba-kia, behar den bezala, sintesiaren bidetik etorri zen: itxoiten genuen bitartean ibiltzen hasi. Eskerrak ez ginen esperoan gelditu.
Ameslari izaten jarraitzen dugu: nahia eta asmoa jarriak ditugun puntutik urruti gaude. Iruñerrian euskararen bizitasuna eta funtzionalitatea den baino askoz ere handiagoa izatea nahi dugu. Horren bila gabiltza, errealitatea nahi dugun bezalakoa izan dadin ahaleginduz, baina errealitatea den bezalakoa dela jabeturik.
Ibilbideaz pentsatzen jarrita, hasieratik finkaturiko ideia nagusiekin koherente samar izaten jakin dugula iruditzen zait. Tokiko irratia, Iruñea eta inguruko euskaldunon zerbitzura egina, geure bazterrotako euskararen erabiltzaileen topaleku, harremangune, elkarganatzaile; informazioa eta entretenimendua eskaintzen duena; konpainia egiten duen irratia, geure kultur produkzioaren hedatzailea; irizpide profesionalez jokatuz, denen zerbitzura eta ez inoren mendean ari dena; gobernuaren propaganda egin ez, eta justifikaziorik ez duena justifikatzen ez duena, edonor delarik ere horien egilea, nahiz inoiz estropozoren bat edo beste egin.
Batipat funtsezkora joaz ari gara, funtsezko eta garrantzizkora: euskara da baliatzen eta balidatzen dugun ondarea. Euskararen erabiltzaile gara. Fun-tzionaliatea emanez, hemen eta oraingo jendearen arteko komunikaziorako tresna doitua izateko ahaleginean ari gara. Hori guztia, hasierako planteamenduan zeukan Euskalerria Irratiak. Hori dugu gaur egun ere geure jokabidearen gida. Komunikaziorako da hizkuntza, ahotik belarrirako bidean mihia dantzan ibiltzeko gailua, jostailua.

Zertan da lizentziaren afera?
Ez dago legerik, ez debeku ez betebeharreko agindurik, jende multzo baten gogoa mendera dezakeenik. Lizentzia-rena auzia baldintzatzaile dela ukatu gabe ere, ez da determinatzailea. Ez daiteke geure hutsak onargarriago egiteko aitzakia izan. Baina legerik legeztatzaileenak ere ezin du funtsezkoaren ordezko lanik egin.
Funtsezkoa eta berebizikoa geure jokaleku honetako egoera soziolinguistikoa da. Euskaldun kopuru mordoska gara Iruñerrian, multzoa, baina gehiago izan behar genuke, gehiago izatea komeni zaigu. Iruñaldean ozenago aditu behar litzateke euskara. Urrun daude jakite eta erabiltze tasak. Euskaldunok erabiltzaileago izan behar genuke. Errealitate sozial, dinamikoagoa, biziagoa, nabarmenagoa izan behar luke euskarak.
Horri lotua dago, kateatua, gatibatua dago Euskalerria Irratiaren indarra.
Euskalerria Irratiak Iruñerria euskaldunagoa nahi du. Besteak beste, horrela izatea komeni zaigulako. Irratia bera indartsuago izateko.
Agintariek baimena eman behar digute. Zor digute. Berriro ere zeregin horretan ari gara. Baina agintariek ezin digute eman euskaldungoak, eta ez beste inork, eman behar diguna: euskara errealitate funtzional eta aberats izatea geure paraje hauetan.

Urteurrena dela eta, ekitaldi bereziak prestatzen ari al zarete?
Udazkenerako utzi ditugu ospakizunak. Dena dela, inork ez dezala pentsa sufesta antzu eta arranditsuetan galdu behar dugunik. Zer edo zer eginen dugun bai irratian –intra- bai irratitik kanpo –extra-. Zer iruditzen Iruñerriko euskararen erabiltzaile aktiboen Biltza-rrean elkartuko bagina?
Edo moda modako mintza eta hizketagaia,- Nafarroa, Euskal Herria, ametsa ala eldarnioa?- hartu eta saio batzuk antolatuko bagenitu? Aurrez udaberrian LARREKO sariketa antolatu dugu.

Hamalaugarren Larreko saria nori?
Aurten gure arteko bat izendatu dugu sari hartzaile: XANTI BEGIRISTAIN.
Iruñerriko euskaldunon komunitatean pertsona maitatua, euskararen erabiltzaile zintzo eta leial, nonahi euskaraz aritzaile, lagun arteko harremanetan bezala agerraldi publikoetan ere, euskara harremanetarako tresna duena. Iruñealdean euskaldunon bilera non, hortxe da XANTI BEGIRISTAIN.
Saria emateko moduari ere esanahi eta sinbolismo berria eman nahi diogu: Nabarreria hiri historikoaren gailurtzat jo daitekeen parajean, Redingo harresien ondoan, Zaldi Zuri ostatuan. Iruñea, hiri zahar honetan euskara sustrai historikoetan tinkaturik eta egungo gizartean bizirik daukagula adierazteko.


HERRIEN ELEAK
Guatemala

Guatemala izenak “Náhuatl Quauh-tlemalla” (zuhaitz askotako lekua) esan nahi du eta herri hau txikia bezain anitza da. Anitza arlo desberdinetan; natura oso oparoa da, beraz loreak, zuhaitzak, txoriak… ugari eta mota askotarikoak dira. Oso herri oso menditsua da eta Itsas barearen eta Karibeko itsasoaren eragina antzematen da bere eguraldian. Mendi asko sumendi itzaliak dira, haran bakoitzean mikroklima bat aurkituko dugu. Eta hizkuntzetaz zer esan dezakegu, arlo honetan ere aniztasuna da ezaugarri nagusia. Gehienak Mayen-se enborrekoak dira (maien kulturakoak) baina, hala ere, badira maia jatorria ez duten bi hizkuntza, Xinea, hau maiaren aurrenekoa da, eta, Garifuna. Bi hauek Karibeko kostaldean hitz egiten dira.

Esan dugun bezala Guatemalako ele gehienek maia jatorria daukate. Antzinako hizkuntzak dira, 4.200 urtekoak baina zaharragoak dira. Familia hau 30 hizkuntzak osatzen dute eta Mexikoko istmotik Hondu-raseraino mintzatzen dira.
Maien hizkuntza indartsuena Quiché da baina bere parean badaude beste batzuk nahiko osasuntsuak, besteak beste, Mam, Kakchikel, Pokomam eta Kekchi.
Quiché: Bere barruan dialekto eta aldaera ugari gordetzen dira. Guatemalako indigenen hizkuntza nagusia da, milioi eta erdi pertsonak hitz egiten dute, eta hiztunen hazkundea oso azkarra izaten ari da.

Mam: Honek, azken erroldaren arabera, 700.000 mila hiztun ditu. Chiapasen ere mintzatzen da, gutxi gora behera 28.000 mila pertsona.

Cakehiquel: Guatemalako barne aldean hitz egiten da eta 500.000 hiztun dauka. Familia honen barruan Tzutujil elea kokatzen da; honek baditu 80.000 hiztun.

Pokomam: 30.000 hiztun biltzen ditu.

Kekchí: Talde hau elebakarrekoa da eta osotara 361.000 hiztun dira; hala ere joan den mendean garapen zabalagoa izan zuen.

Kanjobalano: Hau hizkuntza familia da. Huehuetango eskualdean mintzatzen da eta 112.000 hiztun dira. Mexikon eta Floridan ere mintzatzen da.

Garifuna: Ez da maia hizkuntza, bere jatorria Arahucanakoa da. Hondurasen, Guatemalan, Belizen, eta Nikaraguan mintzatzen da. Baditu 100.000 hiztun eta bere egoera oso larria ez baina bai kezkatzeko modukoa da. Onartuta dago Guate-malako hizkuntza nazionaltzat.

Xinca: Hau ere ez da maien familiakoa, aintzinako tribuen elea da eta hizkuntza ofiziala izan arren, bere egoera oso larria da.

Guatemalako maien hizkuntza zerrenda oso luzea da, Yucateka, Mopan, Chotí, Chuj, Kanjobal… eta horietako batzuek oso hiztun gutxi biltzen dute eta oso egoera larrian daude, Itzá, Lacandón, Luzatenko, Mocho Poconachi, Sipacapense, Pipil.

1996an sinatu zen bake hitzarmena gobernuaren eta gerrilaren artean. Horrela bukaera eman zitzaion Guatemala astindu zuen gatazka armatuari. Horren harira 2003an gaztelaniaz gain, 23 hizkuntza indigenak lortu zuten ofizialtasuna.Oraindik asko falta da benetako ofizialtasuna lortzeko, eta indigenen eskubideak bermaturik izan daitezen, baina onartu behar dugu urratsak ematen ari direla.

 

 

Karrika 119. 2008ko maiatza

Hello, Europa
(edo komunikazioa-inkomunikazioa)

Astelehena. Goizeko zortziak. Hau nahasmendua! Paper guztiak, biltzeko. Eta gero, bilerara! “Ez ahaztu: irakasle harekin hitz egin behar duk… Ikasgelara sartu aurretik harrapatu!” Hara, orain, telefonoa! Nor ote, hain goiz?

- Hello! Klaus naiz, eta Antwerpenetik deitzen dizut, Belgiatik. Europako Batzordeak Leonard Orban izendatu du Eleaniztasun Komisario berria, eta hark nire enpresari egin dio enkargua, hizkuntzen alorrean lan egiten duen jendeari inkesta egiteko. Zu “Camps in euskera” izeneko proiektuaren arduraduna omen zara… Nafarroan egiten duzu lan, ezta? Nola dago euskara Nafarroan?

- Hello, Klaus. Ez da kontu erraza… eta luze joko luke dena kontatzeak! Euskara etengabe joan zen galtzen Nafarroan, lurraldez lurralde, eta XX. mendearen erdialdetik aitzina azkartu egin zen galera. Unescoren arabera, hizkuntza bat galtzeko bidean da, hiztunak populazio osoaren % 10 baino gutxiago badira. Nafarroan, egun, Miquel Grosek dioenaren arabera, doi-doi gainditzen dugu % 10eko muga. Eta azken bi hamarkadetan abiatutako berreskuratze-prozesuari zor diogu muga hori gainditu izana. Orain hizkuntzaren erabilerak kezkatzen gaitu gehien.

- Europako Elkarteak baditu hizkuntzak babesteko hainbat neurri eta programak. Ezagutzen al dituzu?

- Bai… Europako Gutunaz eta Erasmus tankerako programei buruz ari zara, ezta? Bai, baina hemen… Hemen, beste modu batean ulertu dute BERDINTASUNA… Hemen, orain arte behintzat, berdinak izateko, hizkuntza nagusia –gaztelania, gure kasuan– baino ez da jakin behar… Hemengo agintari batzuek behin baino gehiagotan esan dute gutxiengoaren hizkuntza –euskara, kasu honetan– baloratzeak edota esijitzeak –demagun, Administra-zioan lanpostu bat eskuratzeko orduan– hizkuntza hori ezagutzen ez dutenak diskriminatzea dela... Paradoxa da, gero, bizirauteko babesa behar duen hizkuntza diskriminatzailetzat jotzea…

- Leonard Orbanek interes berezia dauka lan-munduan eta komunikabideen esparruan. Zer-nolako laguntza eman ahal zaio zuen hizkuntzari alor horietan?

- Hasteko, espero dut Orban jaunak hizkuntza ofizialak eta nazioartean erabiltzen diren laupabost hizkuntza nagusiak baino zerbait gehiago hartzea kontuan... Espero dut gurea bezalako hizkuntzak ere gogoan hartzea! Hemen izan, badira hainbat saio, euskara eta lan-mundua uztartzeko abiatuak, nahiz administrazio publikoaren aldetik laguntza handirik ez duten... Bestetik, ongi da kanpainak egitea, hizkuntza guztiak balioeste aldera, baina askotan oso puntualak eta jarraipen gabekoak izaten dira halako kanpainak. Nork du jada gogoan zertarako balio izan zuen Europako hizkuntzen urteak? Agian hor izanen dugu oraindik gure mahaietako baten gainean pegatina bat edo beste, baina segur aski ez da askoz gehiago gelditu…
Bederatziak! Ordubete hizketan Klausekin, eta berandu da, irakaslearekin hitz egiteko… Eta Klausek zerbait ulertu ote duen jakiterik ez … Eta paperak antolatzeko astirik gabe, bilerara joan behar… Baldinba Klausek zerbait ulertuko ahal du!

Eduardo Aldasoro



ZENBAT BURU... Kerobia

Kerobia taldeak apirilaren 29an lan berria aurkeztu zuen. Lan hau urte eta erdian kaleratuko den trilogia baten lehen zatia da eta Materia organikoa eta gainerakoak du izenburu. Taldeak, diskoa osoa goitik behera egin du, produkzioa barne, eta berrikuntza ugari izan duen diskoa aurkeztu digu. Haiekin aritu izan gara solasean.

"Kerobia" (2004), "Rose Escargot" (2006) eta laster batean zuen hirugarren lana, "Materia organikoa eta gainerakoak", karrikaratuko duzue. Zer moduzko diskoa da? Zer moduz joan dira prestaketa lanak?
Egia esan, disko honen enfokea guztiz ezberdina izan da. Gure hirugarren lan gisa trilogia bat prestatu dugu. Trilogia honen ardatz nagusia kontenedoreak dira. Bertan biltzen dira kontsumitutako produktu eta ilusio guztiak. Oraingo lan honek Materia Organikoa eta Gainerakoak izena duen kontenedoreari egiten dio so, eta trilogiaren beste hurrengo lanek, paper eta kartoia eta plastikoei egingo diete erreferentzi. Trilogia hau urte eta erdian kaleratuko da. Materia Organikoa eta Gainerakoak jadanik kaleratua dago (2008ko apirilean), bigarren zatia 2009ko otsailean kaleratuko da, eta hirugarrena 2009ko urriaren partean.

Musika munduan sekulako giro nahasia bizitzen ari gara (Top manta, interneteko jaitsierak, e.a.) azkeneko urteotan. Zer deritzozue? Zuen proposamena ere berritzailea da zentzu horretan.
Bai, gaur egungo egoera ez da batere egonkorra, disko etxeak, musikaren orain arteko hedapena eta gaur egungo medioekin ikusten ari garena, SGAEren lana.... Gure proposamena erabat berritzailea da. Hasteko gure lana dendetan orain arte bezala egongo bada ere, www.kerobia.com orrialdean lan guztiak libreki deskargatu daitezke. Dohainik deskargatu badaitezke ere, nahi duenak gure proiektua aurrera eraman ahal izateko bere diru ekarpena egiteko aukera izango du. Bestalde, gure buruari SGAEtik baja eman diogu eta aurreko diskoen etekinei uko egitea erabaki dugu, bere metodologiarekin ez gaudelako ados, eta ez datorrelako bat gure filosofiarekin.

"Asteroideen antzokian artista eraila" kantaren bideoa Vigon grabatu omen duzue. Nola joan zen? Noiz izanen da ikusgai?
Bideoklip hori diskoko lehenengo abestiarekin grabatu dugu eta jadanik ikusgai dago www.kerobia.com web orrialdean. Vigon grabatu dugu Lohitzune Sistiagaren zuzendaritzapean. Grabaketa oso intentsoa izan zen Vigoko lan taldearentzat. Guk 4 egun pasa genituen bertan gu azaltzen ginen tomak grabatzen eta egia esan oso gustura egon ginen. Gainera oso pozik gaude lortutako emaitzarekin.

Zuen lehenengo maketako kantekin Nafarroako Unibertsitate Publikoko Pop Rock lehiaketa eta Euskadi Gaztearen maketa lehiaketa irabazi zenituzten. Halere, inpresioa dut Rose Escargotekin ezagunak egin zaretela Euskal Herrian ezezik, Estatuan barna eta bestelako toki batzuetan ere. Horrela al da? Zer eman dizue disko horrek?

Lehenengo diskoa atera zen bezala atera zen, orain arte egindako abestiak edukita baino gehiago landu gabe. Bigarren diskoa, ordea, Kerobiak prestatutako goitik beherako lana izan zen. Kontzeptua, abestiak, estiloa, dena goitik behera pentsatua. Guretzat gure kontsolidazioa eta gure eboluzioa erakusteko lana izan zen. Oso pozik geratu ginen lortutakoarekin. Orain beste aurrerapausu bat eman nahi dugu, eboluzio aldetik, eduki aldetik, forma aldetik... Euskal Herritik kanpo ezagunak egitearena, ordea, ez da batere erraza, eta kontzerturen bat eman dugun arren eta oso gustura sentitu garen arren, jendea biltzea eta zure musika ezaguna duten jendea topatzea lan zaila eta luzea da.

Zergatik erabaki zenuten euskaraz abestea? Arazorik izan al duzue horrekin kanpoaldera joan zaretenean? Pasadizoren bat?
Euskaraz abesten dugu naturalki horrela suertatu delako, gure hizkuntza delako. Ez dugu sekula arazorik izan, baino segur aski, horrek, beste erabaki guztiek bezala, Kerobiaren traiektoria baldintzatu du; egondako lehiaketetan, irratietan, giroan...

Diskoa atera bezain laster kontzertuekin hasiko zarete, ezta? Zer planak dituzue?
Bai, hemendik aurrera eta iraila arte kontzertuak egiten ibiliko gara. Kontzertu horien berri gure web orrialdean izango duzue. Irailetik aurrera trilogiaren bigarren zatia hasiko gara prestatzen, nahiz eta gauza asko jadanik buruan baditugun.

Bestelako proiekturik?
Gure proiektua epe luzerako begiradarekin eginda dago eta batez ere gure ikuslegoarekin horizontaltasuna landu nahi dugu. Gure artean interakzioa eta komunikazio ona egon dadila. Horregatik garrantzi handia emango diogu gure www.kerobia.com-i, bertan abestiak deskargatzeko jarriz, gure blog atalarekin. Bertan jendeari era sinple eta eguneratuan informazioa trukatzeko aukera eman nahi diogu.


HERRIEN ELEAK   
Butan

Shangri Latza gisa ezagutu zen gure gizartean, paradisua omen zen, horrela zela sinestarazi nahi ziguten, eta guk bidaia agentziek saltzen zutena irentsi genuen. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Hurrengo lerroetan saiatuko gara pixka bat azaltzen nolakoa den herri hori.
Butanen azalera 47.000 km karratukoa da. Muga egiten du Txina, Nepal eta Indiarekin. Hiru estatu hauek betidanik eragin handia izan dute Butango barne bizitzan. Erlijio ofiziala, Mahayana budismoa da. %69,6 budistak dira, %24,6 hinduistak, %5 musulmanak eta %0,8 bestelakoak. Talde etnikoei dagokienez, %62,5 butia, %17,7gurung eta %19,8 bestelakoak dira. Analfabetismo maila oso altua da, % 82 (15 urtetik gorako populazioan). Datu honek oso ongi adierazten digu zein motako herria den Butan, zeintzuk diren haien gabeziak eta arazoak.

Historia apur bat. XVII. mendean Tibetetik heldutako talde batzuek Butan okupatu zuten eta euren menpe geratu zen. 1865az geroztik Indiako basailu bilakatu zen eta Bretainia Handiak India konkistatu zuenean, Butan ere bere menpe geratu zen. 1949an Indiak independentzia eskuratu zuen eta hori zela-eta, Butan Indiako protektoratu izatera pasatu zen. 1970an Butan estatu independente bilakatu zen eta 1974an Jigme Singie errege koroatu zuten. Geroztik monarkia izan da.

Hiru dira etnia nagusiak: mendebaldean XIX. mendean Tibetetik heldutako ngalongak bizi dira, euren eskuetan dago boterea eta erregea honen etnia-kide da. Ekialdean sarchopsak bizi dira. Hauek dira aintzinako biztanleak baina egun gune politikoetatik kanpo daude. Eta hegoaldean lhots-hasmpas etniakoak daude, Nepaletik heldutako azken emigrazioa. Hauek Butango bizitzan hutsaren hurrengoak dira, ez baitute inongo eskubiderik eta horietako asko kanporatuak izan dira azken hamarkadan.

Erregeak, ngalong etniakoak, 1989etik “driglam namzha” (nazio bat, herri bat) izeneko kanpaina abian jarri zuen eta horrek beste etniei bere kultura eta hizkuntzaren bazterketa ekarri die, giro politikoa erabat gaiztotuz. 1990etik 100.000 lagun erbesteratuta izan dira, eta lhots-hasmpas asko, lehen esan dugun bezala, kanporatuta izan dira legez etorkinak direla egotzita. Bi alderdi politiko bakarrik dira legezkoak, DPT (Butango harmoniaren alderdia) eta PDP (herriaren alderdi demokratikoa), biak monarkikoak dira eta ez dute kolokan jartzen erregearen politika baztertzailea. Ezkertiarrek BCP-MLM (alderdi komunista butandarra marxista-leninista-maoista) alderdian bilgune aurkitu dute. Talde honek lehergailu batzuk paratu ditu eta horren ondorioz giro politikoa goitik behera kaskatu da; ezin dugu ahaztu Nepalen aldaketa politikoa gauzatzen ari dela, eta munduko bazter honetan Txinaren itzala oso luzea dela.

2008ko martxoaren 24an egin dira lehenengo hauteskundeak. Irabazlea DPT alderdia izan da eta parte hartzea handia izan da, %79,4koa. Ematen du Butango monarkia bizkortuta atera dela erronka honetatik.

Hizkuntzei dagokienez hauek dira mintzaerak, eta bizi duten egoera linguistikoa:
DZONGKHA, Druka izenarekin ere ezaguna. 250.000 hiztun ditu eta ingelesarekin batera hizkuntza ofiziala da. Hezkuntzan monarkiak onartzen duen hizkuntza bakarra da. 1991tik idazteko Erromako alfabetoa erabiltzen den arren, erlijioan tibetar idazkera jarraitzen dute baliatzen.

Lau dira natiboen hizkuntzak, TSHANGLA, IHOKPU, GENGDU, eta OLIKHA. Osotara 150.000 hiztun biltzen dituzte, hots, Butango biztanleriaren laurden bat.

BUTHANG, tibetar familiakoa da, Butango erdialdean mintzatzen da eta 150.000 hiztun ditu, herriaren laurden bat. Nepalen ere mintzatzen da.

CHONCHAN NGACHA, hau ipar-ekialdean mintzatzen da eta gutxi gora behera 20.000 hiztun ditu.

DZALAKHA, ekialdean, Indian eta Tibeteko Cuona (Tsona) eskualdean hitz egiten da.
Hizkuntz honek 62.500 hiztun ditu eta mehatxatuta dago. Shangri Latza gisa ezagutu genuen gure gizartean, paradisua zela sinestarazi nahi.

Ba daude beste ele batzuk, besteak beste, IHAKPU, OLIKHA/MONPA, GONGDU. Bakoitzak 2.000 hiztun inguru ditu. Denak elebidunak dira eta egoera larrian daude, ordezkapenaren prozesua oso aurreratua baitago.

Butango hizkuntza minorizatuen mehatxurik handienak bi dira: erregea aurrera eramaten ari den “driglam namzha” kanpaina, eta ingelesaren ordezkapena. Aukeratutako parlamentu berria gai izango al da arazo hau konpontzeko?

 

 

Karrika 118. 2008ko apirila

Euskara politizatuta dago

Gizakiak Zoon Politikon den aldetik ikutzen duen guztia politika bilakatzen du. Hizkuntza da ikutzen dituen gauza guzietarik bat, besterik ez. Zentzu honetan hizkuntza guztiak politizatuta daude: euskara, bretoiera... gaztelera, ingelesa eta frantsesa ere (Piarres Hegitoak irrigarri utzi zuen jaun frantximentari galdetzea baizik ez dago... Gora Frantzia!). Halere, politizatuta egoteko modu guztiak ez dira berdinak. Hizkuntza batzuk dira ministro eta besteak zerbitzari. Tamazight hizkuntza oinezko hauetariko bat da. Afrikako Melilla hiriko presidenteak adierazi duenez, hiri horretako biztaleen herenaren hizkuntza ezin da ofizialdu espainiar hizkuntza ez delako. Izan ere, bere ustez, Melillan den guztia espainiarra da, Melillan erabiltzen den hizkuntzarik zaharrena izan ezik. Eta hau esatea ez da politizatzea, taxuz jokatzea baizik.

Euskara aipatu hizkuntza berbere, bretoi eta beduino guztien antzekoa da: munduko beste hizkuntza politizatuetariko bat, kitxuaren, aimararen eta mapudungunaren parekoa.
Politizatuta egotea ez da ez txarra, ez ona. Egoera bat da. Lodia edo argala izatea bezalakoa. Politikari esker euskarari behar zuen thornuia eman zitzaion. Arloteen hizkuntza Basarteko Unibertsitatera iritsi zen Peru Abarkaren eskutik eta noizbait beren hizkuntzaz lotsatu zirenak euskararen katedradunak zirela konturatu eta beren buruaz maitemindu ziren berriro, autoestimua ikaragarri goratuz. Jinko jaun guztiz ahaltsuarengandik hurbilago hiltzeko mendien kaskoetara igo beharrean, ibarretara eta hirietara jeitsi zen politikaren eskutik. Euskara politizatu zen “hemen nago” edota “bizi naiz eta bizi nahi dut” (ahal baldin bada...) lehenengo aldiz esan zuenean. Orduan politizatu zen.

Politikak euskara berpiztu zuen eta politikak berak euskara hil dezake. Badu, bai, ahalmena hilik dagoena pizteko (Lizardiren amona zaharra berpiztu zuen bezala) eta bizirik dagoena hiltzeko (Lauaxetaren langilea eraildu zuen bezala). Euskarak adimentsuki eta zuhurtasunez jokatu behar du politikak bere alde joka dezan, zeren eta euskara berez hilko baita, dagokion unean, eta tamalgarria bailitzateke politikak kontrako norabidea hartu eta heriotza azkartzea.

Fernandez Ostolatzak irakatsi zigun bezala “euskara” markari tasun erakargarriak erantsi behar dizkiogu. Euskararen saltzaile onak izan gaitezen, euskararen alderdikide seduzitzaileak. Galde diezaiogun geure buruari ea euskararen alde ongi ari ote garen jokatzen edo gure jarrera desegokiekin ez ote diogun kalte egiten ari.

Euskara politizatuta baldin badago, bego, baina eraginkortasunez, senaz eta gainerako hizkuntza politizatu guztien miresmena eta inbidia lortuz. Eta ingelesaren txapelaren distira kontrajarriz euskararen boneta baztertzen eta iraintzen duenari kanta diezaiogun guztiz politizaturik... eta pozik...

Txapela badük bena arhin barnekua
Nun ützi dük boneta Uxkal-Herrikua?
Txapel horrek eztereik edertzen kaskua
Basta ederragatik, asto dük astua

Juanka Lopez-Mugarza. Filologoa


ZENBAT BURU... Huan Vélez

Duela jada hiru urte Iruñerriko zenbait elkarteren bultzadaz eta Euskal Herriko beste hiri batzuetan egiten zenari jarraikiz, Iruñeko karriketan giro herrikoian euskaraz abesteko ekimenari hasiera eman zitzaion; Iruñean kantuz sortu zen. Hiru urte pasa dira dagoeneko eta hilabetearen lehenengo larunbata hitzordu finkoa bilakatu da euskaraz abestea gustuko duten lagunentzat. Huan Vélez, Euskal Kantuzaleen Elkarteko kidea, arduratzen da koordinazioz eta egitasmoaren inguruan solasean aritu gara berarekin.

Nola sortu zen Iruñean Kantuz ekimena?
2005eko udazkenean Iruñerriko zenbait elkartek (Muthiko Alaiak, Karrikiri, Orreaga, Manexak, Euskaldunon Biltoki…) beste herrietan erabiltzen zen formula ikusita, Iruñean egiteari ekin genion, euskaraz kantatzeko aukera eman nahian. Hasiera apala izan zen, bai antolakuntzaren aldetik -hilero A3 bat besterik ez baizen banatzen-, baita partaideen aldetik ere. Izan ere, lehendabiziko egunetan 40-50 bat lagun elkartzen ginen.

Zer xede bilatzen dira? Eta nori zuzenduta dago?
Ekimena guztiz irekita dago, euskaraz kantatu nahi duen orok parte hartzen ahal du; gazte zein helduak, euskaldun edo erdaldunak, hemengoak edo kanpotarrak, musikan jakitunak edo musikarekin harremanik ez duenak. Baldintza bakarra euskaraz abestea da. Eta hau da, hain zuzen ere, egitasmo honen xede nagusia; giro herrikoian euskaraz abestea eta ongi pasatzea, alegia. Bigarren lerro batean gelditzen dira beste xede batzuk: karriketan presentzia izatea, gure ondare kulturala kantuaren bidez mantentzea eta zabaltzea.

Euskal Herriko bertze hiri batzuetan badago antzeko egitasmorik. Haiekin harremanik al duzue?

Egia esan, ditugun harremanak pertsonalak dira, ez elkarteen artekoak. Donostiako Kantujira, Baionan Kantuz eta Iruñean Kantuz ekimenen funtzionamenduak tokian tokikoak dira. Halere, gure lehen erronka Iruñeko ekimena sendotzea izan da eta hori behin lortuta, besteekin batera egitasmoak gauzatzera abiatuko gara. Proiektu komunak egiteaz landa, besteek egiten dutena ere ikasi nahi dugu eta guk ere ekarpenak egin gure esperientziatik abiatuta. Euskal Herriko “sare” bat egituratzea litzateke egokiena eta hortara goaz, lan itzela izan arren.

Gutxika-gutxika jendea ohitu egin da eta gustura biltzen da lagun giroan abestera. Pozik al zaudete jasotako erantzunarekin?
Jakina, lehen esan dugun bezala, 40-50 lagun egotetik 300-400 izatera pasatu gara eta ikustea jendeak zeinen ongi pasatzen duen eta zein kementsu eta adoretsu etortzen den, asmatu dugunaren seinalea da guretzat. Gogoratu helburu nagusia kantuarekin batera jendea gustura egotea dela eta hau lortu dugulakoan gaude. Gazte gehiago eta musikari gehiago etortzea nahi dugu, eta ditugun erronken artean, nagusietako bat hau da. Gainera, Nafarroako beste herri batzuetan ere hasi dira jada kantatzera ateratzen (Zizur, Tafalla, Tutera, Lizarra, eta abar).
Bestalde, jende kopuru handia denean antolakuntza lanak zailtzen dira eta lanerako prest egonen diren lagunen beharra dugu: diskoak eta kantutegiak banatzeko, zuzendaritzan egoteko edo musikari lanetan aritzeko. Beraz, inor prest izanez gero gurekin harremanetan jar daiteke iruineankantuz@kantuzale.net posta helbidera mezua igorriz edota 948 14 47 06 telefono zenbakira hots eginez.

Abesten diren kantuekin disko bat osatu duzue, ezta? Zer asmo dituzue aurrera begira?
Diskoa ateratzea jendearen kezka nagusi bat bideratzen saiatzea izan zen. Izan ere, doinuak ikasi nahi zituzten eta kantutegia zabala dela ikusita, disko mordo batera jo behar zuten kantuak entzuteko. Orduan bururatu zitzaigun doinuak guk geuk grabatzea eta jendearen esku uztea kantak ikas ditzaten. Gainera, karrikan grabatzeak kutsu informal, herrikoi eta lagunen artekoa eman dio diskoari, edozein partaideri berea dela erakusten dioena. Hemen ere, asmatu dugulakoan gaude eta urte bukaerarako bigarren diskoa ateratzeko asmoa dugu, doinutegia eta kantutegia zabaltzeko asmoz.


HERRIEN ELEAK   
Kaledonia Berria

Ozeano Bareko Melanesiako irla bat da Kaledonia Berria. Ingelesek aurkitu zuten eta kolonizazioarekin hasi ziren, baina 1843. urtean Frantziako kolonia bilakatu zen eta egun Frantziako itsas gaindiko departamentua da. Irla honek 1905km dauka; populazioari dagokionez, 2005. urteko erroldaren arabera 232.258 biztanle ditu, %45 kanakoak dira, jatorrizko indigenak; gainerakoak, europarrak, ozeaniarrak eta asiatikoak dira. Hiri burua Noume da eta han kokatzen dira zerbitzuak, ikastetxeak eta koloniaren egitura nagusiak.

1980. hamarkadan kanakoek independentzia aldarrikatu zuten bainan Parisek ez zuen onartu, europar populazioaren laguntzarekin independentziari bidea moztu zion, eta autonomia mugatua ezarri zuen. Hurrengo urteak oso korapilatsuak izan ziren baina egun Oskar Temaru buruzagi independentista Kaledonia Berriako lehendakari da eta 2009-2019 bitartean independentziari buruzko erreferenduma egin behar du.

Frantziako kolonia izanik hizkuntza nagusia frantsesa bada ere, irla honen ezaugarri garrantzitsuenetariko bat bere eleaniztasuna da. Ez da irla handia, bere populazioa ez da oso ugaria bainan asko dira bere barruan bizirik dirauten eleak.

Kaledonia Berriaren eleek malayo-polinesiko jatorria daukate. Duela ez asko bi desagertu dira eta irlako hizkuntza txikiek nabarmenki gibelera egin dute. Frantsesaren ordezkatze prozesua oso aurreratua dago eta, kasu batzuetan, auzokideen hizkuntzek ere hizkuntza txikiak ordezkatzen dituzte. Egia da azken hamarkadetan kanakoen artean hizkuntza eta kulturarekiko atxikimendua biziki indartu dela, bainan, hori nahiko ote da?. Ikus dezagun ele minorizatu batzuen egoera eta bakoitzak atera ditzala ondorioak.

HMWAVEKE. Iparraldean mintzatzen da, 1982an 300 hiztun zituen, baina gaur gutxiago dira. Ez dago hitz egiten duen haurrik eta frantsesaren ordezkapenaz gain PAICIren presioa ere jasaten du. Gaineko ele minorizatuak bezala ez dago alfabetatzerik.

NEMI. Ipar-ekialdeko kostan mintzatzen da. 1982ko erroldaren arabera 600 hiztun ziren arren, egun 325 dira. Haurrek ez dute ikasi eta ez dago alfabetatzerik. JAWE eta FWÁI eleek mehatxatzen dute.

PWAPWÁ. Hil zorian dago ele hau. 1982an 130 hiztun ziren baina asko murriztu da kopurua. Ez da alfabetatzerik eta JAWE eta YUAGA auzokideen eleek erabat ordezkatu dute.
PIJE. 1982an Tiendanite eskualdean 100 hiztun zeuden, baina egun gutxiago dira. Frantsesa eta FWÁIren mehatxua erabatekoa da. Oso larria da bere egoera.

PWAAMEI. Teomata eskualdearen iparraldean hitz egiten da. 1974an bazeuden 325 hiztun. Ez dago alfabetatzerik eta JAWEk mehatxatzen du.

ARMÖ. Poya herriaren inguruan mintzatzen da. 1982an 100 baino gutxiago hiztun ziren eta egun gutxi batzuk geratzen dira. Aspalditik jasan dute AJIËren ordezkapena horrexegatik geratzen diren hiztun gutxi horiek elebidunak dira.

ARHÂ. 1974an 250 hiztun ziren eta egun asko gutxiago dira. AJIË, PAICÎ eta frantsesaren mehatxupean dago.

NEKU. Boruail inguruan hitz egiten da eta 1982an 200 hiztun geratzen ziren. AJIË eta PAICÎren presioa oso nabarmena da.

WAILU. HOKAILOU eta AJIE izenekin ere ezagutzen zaio. XX. mende hasieran, Eliza protestanteak ele misiolaritzat aukeratu zuen eta, hori dela kausa, hizkuntza franka bilakatu zen. Egun 5.000 hiztunentzako ama-hizkuntza da, eta beste 2000entzat bigarren hizkuntza da.

 

 

Karrika 117. 2008ko martxoa

20.00etan. Sukaldean.
Muturreko errealismoa


(Parentesi artean adinak)

Oskia (3): ¡No quiero afaldu!
Amaia (40): ¿Prefieres lekas?
Oskia: Quiero bibe.
Gaizka (40): Purea ona dago, txiki.
Joanes (5): Eske está malo. A Oskia le gusta el puré laranja y este es berdea.
Gaizka (40): Purea oso ona da, eta errazu euskaraz, motel.
Joanes (5): Amari erran diot, ez zuri, Tonto!
Gaizka (40): Amak hori ulertzen du euskaraz!
Amets (9): Agua. (Edalontzia altxatu du).
Gaizka (40): Joder, Amets!
Amets (9): Zeeer?
Amaia (40): Venga, Amets, pídelo bien.
Amets (9): Ama, me das agua, por favor.
Gaizka (40): Eskerrik asko Amets!!
Amets (9): Joder, aita, amari eskatu diot!
Gaizka (40): Eta?
Amets (9): Buf!
Gaizka (40): Beti berdin.
(…)
Oskia (3): Bibeeeee! Uaaaaaaaaaaaaaaaaa.
Amaia mahaitik jaiki da eta biberoia prestatzeari ekin dio.
Gaizka (40): Amaia, la hostia, ¿no ves que otra vez ha conseguido lo que quería?
Amaia (40): ¿Y qué? Así al menos come algo.
Joanes (5): Eeeeeeeeeeehh! Eta zu zer, eeeeehhh! Morrudo!
Gaizka (40): Ni, zer?
Joanes (5): Espainolez ari zara!
Gaizka (40): Amari gauza bat azaltzen ari nintzaion.
Joanes (5): Ja!
Amets (9): Eta gu ere bai!
Gaizka (40): Benga, benga, eseri ongi eta jan purea behingoz.
(Mikroondasak klink! egin du)
Amaia (40): Tori Oskia, bibe.
Oskia (3): Está bero!
Amaiak biberoia hoztu du txorrotaren azpian.
Amaia (40): Toooori.
Oskiak nazka keinuz, biberoia mahai gainean utzi du.
Oskia (3): Putita!
(…)
Amaiak eta Gaizkak, aztoratuta, elkarri begiratu diote. Amets barre algaraka ari da. Joanesek, bere arreba gazteari so, ez du ezer arrarorik sumatzen; zaharrenen erreakzioak ulergaitzak zaizkio, argi dago ta:
Oskia (3): Está putita!
Aginduarekin zuzendu nahi eta ereduarekin jai.
Aitatasuna nahi eta aitakerietan blai.
Seme-alabei euskaraz bizi daitezkeela sinestarazi nahi, eta ezinaren amorruetan blai.
Egia erran, errealitatea “putita” dago, oso “putita”

Gaizka Aranguren. Aita bat… edo



ZENBAT BURU... Joxema Leitza

“Askotan ondokoa  txalotzen dugu eta ez dugu etxean duguna baloratzen”

Hilaren 15ean jokatuko da Elizondon aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Horixe da, apika, Nafarroako bertsolaritzaz gehien ezagutzen den jarduera, baina ez bakarra. Hainbat dira Nafarroako Bertsozale Elkarteak sustatzen dituen ekimenak, eta beste hainbat datozen urteotan martxan jarriko dituenak. Txapelketaz eta Bertsozale Elkartearen asmoez mintzatu gara Joxema Leitza Nafarroako Bertsozale Elkarteko idazkariarekin.

Txapelketak bere 37. edizioa bete du aurten. Zer ezaugarri berezi ditu?
Egia esateko, azken urteotako ildoa segitzen du. Alde horretatik, gero eta nabarmenagoa da belaunaldi berri batek hartu duela Nafarroako bertsolaritzaren lekukoa, bertsolari gazteak dira aurtengo Txapelketan parte hartzen duten gehienak. Horren ondorioz, parte hartzaile kopurua handitu da aurten, azken urteotako kopururik handiena izan dugu, 25 bertsolari aritu baitira Txapelketan. Entzuleen aldetik ere, nabarmena da belaunaldi aldaketa hori.

Horrela bada, Nafarroan bertsolaritzaren egoera inoiz baino hobea dela esan al daiteke? Iruñeko Bertso Eskola horren erakusle al da?
Inoiz baino hobea dela asko esatea da. Hala ere, egia da azken urteotan Bertsozale Elkarteak lan handia egin duela, besteak beste transmisioan, eta orain ari gara ikusten horren fruitua. Bertsolari eta bertsozale gazteak egotea seinale ona da, baina horrekin ezin gara itsutu, lanean segitu behar dugu, orain arte bezala transmisioan, baina baita sustapenean eta Nafarroako bertsolaritzaren prestigioan ere.
Horren barruan, bertso eskolek zeregin garrantzitsua dute, eta dudarik ez da Iruñekoa sortu izana urrats garrantzitsua dela, azken urteotan Iruñerrian bertsolaritza dezente suspertu delako eta etorkizunari begira bertan lan garrantzitsua dagoelako egiteko.

Duela zenbait urtetik egiten ari zareten transmisio lana fruitua ematen ari dela diozue. Zertan gauzatzen da ereite hori?
Lehenik eta behin oso inportantea da gaztetxo euskaldun horiek bertsolaritza zer den ezagutzea, bertsogintzarekin gutxieneko hartu-eman bat izatea. Gero gustuko badute, aukera izango dute bertso eskoletan trebatzen segitzeko. Esan bezala, transmisio lana da Nafarroako Bertsozale Elkarteko ardatz nagusietako bat eta horren barruan irakaskuntza arautuan dauden eskolek garrantzi handia dute. Eta ez bakarrik guretzat, ikasleentzat ere, azken finean bertsoa lantzean hizkuntza ere lantzen dute, baita kultura orokorra, trebetasun pertsonala eta musika ere. Lan hori ari da fruitua ematen, lehen aipatu dugun belaunaldi berri hori ez baita ezerezetik sortu.

Txapelketari ukitu modernoagoa eman nahi izan diozue. Bertsolaritza beraren bilakaerarekin lotzen al duzue?

Ez da txapelketa honen kontua, aspaldiko ahalegina da. Argi dago bertsolaritza tradizio errotua dela gure herrian, baina, era berean, ukaezina da aspaldian egin zuela jauzi garrantzitsu bat: tradizioa izatetik, kultur ekitaldi modernoa izatera pasa da. Dagoeneko ez da baserri giroarekin lotutako ekimen bat, bere sustraiak galdu gabe gero eta hiritarragoa da, eta joera berriekin bat egiten jakin izan du. Horrexegatik egiten zaie gazteei erakargarria, ikusten dutelako haientzat adierazpide baliagarria dela.

Egoitza aldatuko omen duzue laster. Erronka berriak planteatzen ari al zarete?
Bai, laster egoitza berria izango dugu eta aldaketa hori ere aprobetxatu nahiko genuke nolabait etapa berri bat hasteko. Orain arteko lan ildoekin segitu nahi dugu, transmisio eta sustapenean, baina kontu berriei heldu nahi diegu. Besteak beste, Bertsozale Elkarteak egiten duen lana ezagutarazi nahiko genuke, askotan ez baita ikusten Txapelketa edo beste ekimenen atzean dagoena. Halaber, oso inportantea iruditzen zaigu Nafarroako bertsolaritza eta horretan aritzen diren bertsolarien lana behar bezala prestigiatzea; askotan ondokoa txalotzen dugu eta ez dugu etxean duguna baloratzen. Horrez gain, Nafarroako herritarrei, euskaldun zein erdaldun izan, bertsolaritzaren berri eman nahi diegu. Azkenik, ikerkuntza arloan ere hainbat kontu egin nahi ditugu, bertsolaritzarekin lotutako ondarea behar bezala gorde eta ezagutarazteko. Horiek eta buruan ditugun beste proiektu batzuk.


HERRIEN ELEAK   
Myanmarko eleak

Asiako herri honek 1948an lortu zuen independentzia. Bere bizitzaren hurrengo urteak oso korapilatsuak izan ziren: gerrilak, kolpe estatu militar bat, etnien arteko liskarrak… Hori zela eta, 1962an militarrek boterea eskuratu zuten komunistak garaituz eta erabat ezabatuz eta alderdi politikoak debekatuz. Orduz geroztik Myanmarko herriak ez du demokrazia ezagutu.
1990ean hauteskundeak egin ziren eta militarren kontra modu baketsuz borrokatzen duen Aung San Suukyi oposizioko emakumeak irabazi zituen, baina junta militarrak ez zituen onartu emaitzak eta jarraitu zuten botereari atxikitzen.

Myanmaren ez dago erlijio ofizialik bainan %89,4 budistak dira. Gaineko konfesioen presentzia hau da: %4,9 kristauak, %3,8 musulmanak eta %1,9 beste konfesiokoak.
Talde etniko nagusiak hauexek dira: %69 Bamab (Birmaniar), %8,2 Shan, %6,2 Karen, %2,4 Mon, %2,2 Chin, %1,4 Kashin, %10,3 besteak. 135 goitik etnia daude baina garbi dago birmaniarrak direla estatu honetako talde nagusia eta boteretsuena.

Myanmarko eleek lau hizkuntza familiatan dute jatorria: sino-tibetano, monjermer, austrotai eta kareni. Osotara 60 ele baino gehiago hitz egiten dira. Birmaniera da hizkuntza ofizial bakarra; berak dauka nagusitasun osoa bizitza publikoan, telebistan, irratian, prentsan… Besteak familia harremanetarako eta erosketak egiteko murrizturik daude.
Hona hemen arriskuan dauden Myanmako eleen zerrenda:

YAW sino-tibetano familiako hizkuntza hau Myanmarko erdi-mendebaldean hitz egiten da. 100.000 hiztun ditu, gazteek ulertzen dute bainan ez dira gai hitz egiteko.

ZAIWA hau ere sino-tibetano familiakoa. Tsaiwa ahoskatzen da eta Atsi izenarekin ere ezagutzen zaio. 150.000 dira dituen hiztunak.

DANAU (Danaw) elea austroasiatikoa da eta oso egoeran larrian dago. Milaka gutxi batzuk hiztun ditu eta inguratzen duten tibetano-birmano adarreko hizkuntzek ordezkatzearen bidean jarri dute.

AKEU elea Txinako Jinghong eta Menghai eskualdetan, Thailandiako iparraldean eta Mianmarko MyanmakoShan eskualdean hitz egiten da. Akeu sino-tibetano elea da. Akeau hiztun askok AKHA elea ere hitz egiten dute eta horregatik eta Akeu indarra galtzen ari delako, ordezkatze prozesuan sartuta dago.

MOON eleak jatorria austroasiatikoa dauka. Talaing edo Peguan izenekin ere ezagutzen zaio. Egun milioi bat hiztun ditu, 800.000 Myanman eta 200.000 Thailandian, azken honetan oso egoera larrian dagoelarik. Hiru dialekto ditu, Ro, Rau eta Thailandiakoa. Idazteko, “mon” izeneko idazkera, brahmi-ren aldaera bat dena, erabiltzen da.

MOKEN hau malayo-polinesia familiakoa da, arrantzale talde baten elea da. Bakarrik 6.000 inguru dira bainan alfabetatzeko hainbat materiala dute. Hiztun kopurua oso txikia bada ere, 6 dialekto ditu.

MALIN sino-tibetano elea hau 1931tik galduta dago. Katha eskualdean hitz egiten zen. Kadu eta Ganan eleekin harreman estuak zituen.

KADU hil zorian dago. 20.000 inguru hiztun dauzka eta birmaniera aspalditik ordezkatzen ari da.

GANAN elea Kadu bezala sino-tibetanokoa da eta bera bezala hil zorian dago. Namza eskualdean bizi dira bere 7000 hiztunak.

 

Iruñeko UdalaEusko JaularitzaUdalbide-Udalbiltza

 

 


Karrikiri. Iruñeko Euskaldunon Topagunea
Xabier karrika, 4. 31001. Iruñea. Tel. 948 225 845