
|
Euskara eta
biok
Ez dakit xuxen zergatik hasi nintzen euskara ikasten, hots, zein izan
zen garai hartan (hamalau-mabost urteetan) nire barnean izeki zen suaren
pizgarria. Beharbada frankismoaren azken sasoian somatzen zen askatasun
giroak eraman ninduen euskara ikastera, baina uste dut hori bakarra
ez zela aski izan ni holako abenturan sartzeko. Iruditzen zait nire
deiturak eta inguruan etengabe aditzen nituen herriko hainbat aurkintzaren
izen ilun eta enigmatiko haiek ere erabakigarri suertatu zirela euskara
ikasten has nendin: Anzandieta, Aliaga, Ardui, Lakilazabal, Mantxin-txurreta,
Mugazuria, Rusiana, Turtun-bera, Zapaiz, Zonbolozoko eta beste
ziren etxean, familian, txitean-pitean entzuten nituen toponimoetako
batzuk, izendatzen zituzten aurkintzak Uxueko gure etxearen aitzinean
edo hurbil zeudelako, edo bertan ardantze zaharren bat, soro utzitako
alorren bat genuelako. Honetaz landara, pentsatzen dut orain, nerabezaroak
berekin ekarri ohi duen izaeraren gainazpikatze eta hankazgoratzeak
ere zerikusia izan zukeen nire euskaltzaletze hartan.
Trantsizio garaian euskara-irakasle behar handia egon zen bat-batean,
diktadorea hiltzearekin ordura arte debekaturik zeuden gauza anitz,
goizetik arratsera, baimendurik gelditu zirelako, euskararen irakaskuntza,
erraterako. Irakasle asko behar ziren eskaera izugarriari aurre egiteko,
baina gutxi ziren eskolak emateko moduan zirenak. Horregatik, Arturo
Campionen (Arturo Kanpion zen orduan) ikasten hasi eta hurrengo
urtean irakasteari lotu behar izan nintzaion, euskara nahi eta behar
baino aise okerrago nekiela eta hizkuntzak irakasteko metodoez, glotodidaktikaz,
deus ere ez nekiela. Interes handia bai, gogo ikaragarria, baina eskolak
nola eman behar ziren ideia zipitzik ere ez nuen!
Euskarazaintzako Oña-tibia jaunaren Método radiofónico
izena zuen liburuarekin hasi nintzen euskara ikasten salestarrek
Iruñeko ikastetxeko sotoan zuten urte haietako “gaztetxe”
deskafeinatuan, eta gero, Kanpionen, Patxi Altunaren Euskera hire laguna
baino gehiago Imanol Berriatuaren Euskalduntzen ibili genuen.
Garai hartantsu, bestalde, J. M. Iriondok astean behin telebistan aurkezten
zuen ordu erdiko euskarazko saioa zirkinik egin gabe segitzen nuen etxean,
urrea balitz bezala.
Geroztik beti euskara ikasten ibili naiz, modu batera edo bestera; hasiera-hasieratik
gauzak kontatzeko gai nintzen, baina etxeko euskaldunek ohi duten adierazkortasun
eta erraztasun hori eskas nuen. Literatura lanak irakurtzeari ekin nion:
lehenbizi Saizarbitoria, Etxaide, Txomin Agirre, Haranburu-Altuna eta
Txillardegiren eleberriekin eta Mitxelenaren idazki trinkoekin egin
nuen talka, eta literatura klasikoarekin ondoren, Bernat Etxepare lizun-debotarekin
eta Axular mihizaluarekin hastean, Oihenart bihurriarekin geroxeago,
Elkanoko Lizarraga xume itxurakoarekin berantago. Euskaraz ahal nuen
guztietan hitz egiten nuen, euskaldun edo sasieuskaldun ziren guztiekin,
helburua, azken batean eta absolutuki, euskara amarengandik jasoa zutenen
pareko maila erdiestea baitzen, kosta ahala kosta, euskaldun oso-osoa
izatea alegia.
Urte anitz igaro dira, euskara dut orain laneko eta etxeko hizkera,
eta ahal dudan guztietan euskaraz mintzatzen jarraitzen dut. Gaztaroko
sua itzalixea dago, izarkitua segurik bai; horren truke, urteek heldutasun
pittin bat eman didate gauzak ikusteko tenorean. Oraingo nire borroka,
batez ere, hiztegiarekikoa eta esamoldeekikoa da, hots, lehen urte haietako
zekarkigun, gintzaizkion eta beste utzirik, bi sosen zentzurik
ez du ‘no tiene dos dedos de frente’, haren lanari
ez dio zorrik batere ‘no le tiene ninguna envidia al trabajo
de aquel’, ez naute deabrua baino gehiago ikusi nahi ‘no
me pueden ver ni en pintura’ eta antzekoekin ari naiz gatazkan
egunotan, gaztelaniaz hain ohiko eta egunerokoak diren horiek euskaraz
ere erabili behar baititugu barruan duguna kanporatuko badugu. Erda-raz
errazkiago eta hobeki adierazten ditut gauza asko, eta etsia nago hola
izanen dela beti; ohartzen naiz hala ere zenbait arlotan, laneko kontuetan
eta, euskaraz gauzak aisekiago erraten ditudala, segur aski arlo horiek
beti euskaraz ukitu eta landu ditudalako, eta etxean ere, hizkuntza
erabiltzearen bortxaz, franko eroso nabilela, aldian behingo behaztopatze
eta hanka-sartze saihetsezinak alde batera utzita. Hau da bada, laburbilduz,
euskaldun berri saiatu baten hizkuntza-historia ttipia.
Patxi Salaberri. Filologoa eta euskalzaina
|
Castillo
Suarez
|
Altsasun jaioa da
Castillo Suarez eta berriki “Souvenir” bere azken poesia
liburua karrikaratu du. Haren irudikoz, idatzi duen lanik borobilena
da eta horren gainean solasean aritu zaigu, baita orain arte eginiko
jardunbideaz ere.
Nola hasi zinen poesia idazten? Zerk erakarri zintuen genero “zail”
honetan murgiltzera?
Egian esan, poesia irakurtzen hasi nintzen. Garai hartan Mondadori argitaletxeak
poema liburu txikiak argitaratzen hasi zen -oso merkeak zirenak- eta
irakurtzen nuen bitartean ni ere poemak idazten hasi nintzen, udako
opor batzuetan, orri solteetan eta esperimentu gisa. Iruñeko
egile berriendako lehiaketak eman zidan poeta “labela”.
Niretako ez da genero zaila, desordenatua agian, baina mundua desordenatua
baita… Seguruena nire izaerarekin lotua dago, bat-bateko gauzak
gustatzen zaizkidalako, eta ez dut neure burua ikusten nobela bat idazten.
Arreta handiegia eskatuko lidake. Poemak, ordea, nonahi eta noiznahi
idatz daitezke.
Berriki “Souvenir” zure laugarren poesia liburua
karrikaratu duzu. Zergatik izenburu berezi hori?
Iruditzen zait souvenirrekin poesiarekin geratzen den fenomeno bera
gertatzen dela: jendeak ez die aparteko balioa ematen, baina, aldi berean,
balio sinboliko handiko gauzak dira. Kontsu-mo turistikoaren parafernalian,
oroigarria da alferrikako gasturik agerikoena. Turismoaren euskarri
sinboliko nagusia baita, pilan egiten den gomutaki txiki honek ezin
du bere hutsalkeria ezkutatu, baina bidaiako esperientzia ukigaitzak
ukigarri bihurtzen ditu, hein batean. Ezin da ukatu oroigarriek ukigarri
egiten dituztela bidaiako esperientzia ukigaitzak. Oroigarriaren materialtasunak
ohiko denboran eta tokian (etxean, lantokian) definitu eta kokatzen
du denbora berezi-berezi batean bizi izandako esperientzia iheskorra.
Aurretik eginiko lanekin alderatuta, eten bat egin nahi izan
duzula esan duzu. Zer aurkituko du irakurleak lan berri honetan?
Orain arte adieraziari begiratu diot. Esan nahi nuena garbi -poesiak
duen berezko “nahas-mahasa” ahaztu gabe betiere- geratzea
nahi nuen. Orain, ordea, esan nahi dudan hori nola esan nahi dudan horri
begiratu diot. Adierazpena zaindu dut bereziki eta hitzekin jolasten
saiatu naiz. Ez dakit nik esan beharko nukeen, baina orain arte idatzi
dudan lanik borobilena dela iruditzen zait. Ariketa poetiko kontzientea
egiten saiatu naiz inoiz baino gehiago.
Teknologia berriak direla eta, egunetik egunera gutxiago irakurtzen
omen da, eta euskaraz are guttiago edo. Egileak, berriz, ez dira falta
eta azkeneko urteotan horietako zenbaitek Estatu mailan emaniko sari
garrantzitsuak jaso dituzte. Nola dakusazu euskal literatura? Eta poesia?
Gauza osos onak egiten dira, baina beti irakurtzen da gutxiegi, eta
beti saltzen da gutxiegi… Hala ere, nik uste txiki izateak -eta
areago, poesia alorrean- badakartzala zenbait abantaila, eta ozeano
handiaren ordez osina dela gurea. Paregabea da irakurleekin harreman
zuzena izateko daukagun aukera.
Azken urteotan Bertsolaritzari esker eta horrekin lotutako zenbait
musika proieturi esker (“Zaharregia, txikiegia agian”, Karidadeko
Bentak, Gu eta gutarrak...) poesia jendearengana errazago heltzen ari
dela ematen du. Zer deritzozu?
Irakurketa hutsarekin jendearen arreta piztea oso zaila da. Beraz, ongi
daude jendea poesiara hurbiltzeko balio duten aldetik. Nik uste, dena
den, batzuetan ikuskizunak baleko poemak ezkutatzen dituela. Ikuskizuna
erakargarria bai, baina ez testuak ez dira apartekoak.
Zutabegilea ere bazara, bestelako proiekturen bat ba al duzu esku artean?
Egun ez dut egitasmorik esku artean. Beti esan izan dut zutabe bat poema
bat gutxiago dela. Zutabeak astero idazteak gai posibleak “kendu”
egiten dizkizula poemak egiteko, agortu egiten zaituela nolabait.
|

|
Sardiera
Sardinia Mediterraneoko uharteak 24090 km koadro eta
2.000.000 biztanle dauzka. 1948an Italiak eskualde autonomo izendatu
zuen eta lau probintziak osaturik dago.
Irla honetatik herri asko pasatu dira, feniziarrak, kartagotarrak, erromatarrak,
bizantziarrak, arabiarrak, normandiarrak…eta Aragoiko koroaren
menpe ere egon zen. Normala denez, herri bakoitzak utzi zituen bere
aztarnak eta eragina, bizitzaren arlo guztietan, kulturan, hizkuntzan,
arkitekturan…
Sardinia ospetsua da mafiagatik ere.”La Cosa Nostra” delakoak
baldintzatu du uharteren bizitza, bere morroi izan dira, eta izaten
omen dira, politikari, epaile, polizia, funtzionari asko. Italiako estatuaren
barruan, itzalean dagoen sasi estatu gaiztoa da, beti prest faboreak
egiteko, baina gero ongi kobratuko ditu emandako mesedeak.
Sardiera hizkuntza erromanikoa da, askoren ustez latinetik gutxien urrundu
den hizkuntza erromanikoa. Batzuek Italieraren aldaeratzat hartzen dute
hizkuntza hau, baina asko dira italierarekiko dituen desberdintasunak.
Egun, uharteko %70ek Sardieraz hitz egiten dute, 1.600.000 lagun inguru.
Lau aldaera edo dialekto dauzka: iparraldean Logudorese, Campidanese
deritzona hegoaldean, Nourese edo Gallurse ipar-ekialdean, eta mendebaldean
Arborense edo Sassarese deiturikoa. Lau dialektoen arteko desberdintasunak
nahiko handiak dira, eta bi dira jaso dituzten eragin nabarmenenak,
Italierarena eta Katalana-rena. Uhartea historiaren isla da. Ezin dugu
ahaztu zenbat inbasio jasan dituen eta bakoitzak bere arrastoa utzi
duela.
Italia osoan, hizkuntza ofizial bakarra Italiera da, eta honek eragin
txarra izan du Italiako gainerako hizkuntzentzat. Munduko II. Gerlaren
ondoren, Sardinia irlaren industrializazioarekin batera, Italiera hirietako
hizkuntza bilakatu zen, hezkuntzan ere guztiz hedatu zen eta, horren
ondorioz, Sardieraren ordezkapena zabaltzen hasi zen. Sardiera senitarte
eta lagun artean gorde da batez ere. 1992an egindako ikerketaren arabera
biztanleen %31k Italiera baino ez darabil senitartean, eta %54k batez
ere Italiera darabil lagunen artean ari direnean. Azken urteotan egoerak
okerrera egin du, gazte askok etxean jasotako ama-hizkuntza alboratzen
dute, goiko hezkuntzara heldutakoan Italiera erabiltzera pasatzen direlako.
Sardiniaren iritzi publikoa, hizkuntza koofizialtasunaren alde lerrotuta
dago, baina Italiako botere politikoak ez du aintzat hartu nahi. Bitartean
bertako agintari batzuk Sardiera hasi dira erabiltzen, bai administrazioan,
bai hezkuntzan.
Sardiera estandarra oraindik ez dute sortu.Académi Campidanesa
de sa Língua Sarda dagoen arren, ez da aski Sardieraren aldaerak
batzeko eta hizkuntza estandarra sorrarazteko.
Bestalde, “Sa Repubblica Sarda” izeneko egunkaria argitaratzen
da eta irrati eta telebista saio batzuk ere egiten ari dira. |