
|
Euskara forala
Praktika kulturalak eta nortasun kolektiboak proiektuak (2006) ondorioztatzen
du Euskal herritarrek –nafarrak barne– euskal kulturarekin
gehien lotzen duten elementua euskara dela, eta neurri txikiagoan dantza,
pilota eta herri kirolak. Gutxiago aipatu dira ohiturak eta gastronomia,
eta oraindik gutxiago musika, jaiak, euskal sinboloak, literatura idatzia,
kantua edo ahozko literatura. Egon badira bestelako ikerketa batzuk
euskarari tarte txikia egiten diotenak. Ángel Aguirre Baztán
antropologoak (1998) eta Josetxo Beriáin (1998) soziologoak adibidez,
XX. mende bukaerako nafar identitatearen ikur esanguratsuenen artean,
xabieradak eta sanferminak aipatzen dituzte; euskarak ez du presentziarik.
Amando de Miguelek eta Iñaki de Miguelek Jaime Ignacio del Burgoren
eskariz lan bat egin zuten Sociedad de Estudios Históricos de
Navarra-rentzat, eta jubilatzear dagoen politikariak idatzi zuen hitzaurrea
(2002). De Migueltarren ikerketan foruek protagonismo berezia hartzen
dute, autoreek, espresuki, foruen irudia nabarmendu nahi zutelako egungo
nafar identitatearen ikur forjartzaile gisa. Haien aburuz, nafarrek
gainerako herrietatik bereizteko aintzat hartzen dituzten lau elementu
bereizgarriak ondokoak dira: foruak (% 50ek); izaera (% 43k); Nafarroa
erresuma ohia izatea (% 39k); bi hizkuntza egotea (% 36k). Jaime Ignacio
del Burgorentzat (2003), ordea, Nafarroaren izatea hiru puntutan
laburbiltzen da: 1.a Nafarroa erkidego anitza da; 2.a Nafarroa komunitate
espainiarra da; 3.a Forua nafar erkidegoaren identitate ezaugarri nagusia
da.
Foruak, ordea, Víctor Pradera eta Jaime Ignacio del Burgoren
tesiak garaile atera arte, euskarari loturik zeuden, identitate ikurra
ziren. Gogoratu beharra dago foruen monumentua eta Gamazadaren bultzada
euskaroen eskutik etorri zirela. Foruak eta euskara, garaiko intelektualitatearen
banaezineko binomioa, Hermilio de Olóriz edo Arturo Kanpionen
lanetan agertzen den bezala. Egungo Gobernuaren identitate politikoaren
foralitatea Fuero y Libertad. Navarra no es negociable manifestazio
mitikoan ikusi genuen. Zer esanik ez, nafar guztiek ordaindutako irrati,
telebista eta egunkarietan manifestaziora deitzeko agertu ziren iragarki
garesti guztiak elebakarrak izan ziren. Euskara ikusezina bihurtu eta
foruen izaera aldatu. Egun horietan bitxia suertatu zitzaidan ikustea
nola Nafarroako presidenteak Gamazadaren ikurra erabiltzen zuen. Hori
zilegia da, azken batean foruak historian zehar jendearen irudimenean
birsortu dira era aldakorrean. Identitateek, batik bat askeak direnek,
foruak moldatzen dituzte momentu bakoitzaren errealitate sozio-politikoaren
arabera. Zilegia ez dena Gamazada eta bere sinbolorik gorenena, foruen
monumentua, erabiltzen den moduan erabiltzea da. Azken batean, Gamazada
eta foruen monumentua foralitate jakin baten ikurrak dira, Gamazoren
kontra Nafarroako foruak eta euskara defendatzen zituen foralitatea.
Bai foralitate bitxia manifestazio hartan ikusi genuena, Gamazoren gustuko
foralitate elebakarra, alegia.
Roldan Jimeno Aranguren. Historialaria
|
Mikel
Bujanda
|
Azaroaren 7an 20 urte
beteko dira Iruñeko Euskalerria irratiaren lehenengo irratsaioa
egin zenetik. Iruñerriko euskaldunen sostengua jaso duten arren,
oraindik ere ez diete lizentziarik eman. Mikel Bujanda, irratiko zuzendaria,
eginiko ibilbideaz eta ekainaren 5ean banatuko den Larreko sariaz solastu
zaigu.
Zer moduzko ibilbidea izan da orain artekoa?
Hogei urteren perspektibatik irrigarri egiten da hasierako hartan zer
egin eta nola joka zalantzatan ibili ginela gogoratzea. 1988ko udazkena
zen: prestaturik genuen tresneria, diseinaturik proiektua, baina zain
geunden Admi-nistrazio Publikoak baimenak banatzeko lehiaketa noiz antolatuko.
Hasi ala baimenak eskuratu arte itxoin. Eraba-kia, behar den bezala,
sintesiaren bidetik etorri zen: itxoiten genuen bitartean
ibiltzen hasi. Eskerrak ez ginen esperoan gelditu.
Ameslari izaten jarraitzen dugu: nahia eta asmoa jarriak ditugun puntutik
urruti gaude. Iruñerrian euskararen bizitasuna eta funtzionalitatea
den baino askoz ere handiagoa izatea nahi dugu. Horren bila gabiltza,
errealitatea nahi dugun bezalakoa izan dadin ahaleginduz, baina errealitatea
den bezalakoa dela jabeturik.
Ibilbideaz pentsatzen jarrita, hasieratik finkaturiko ideia nagusiekin
koherente samar izaten jakin dugula iruditzen zait. Tokiko irratia,
Iruñea eta inguruko euskaldunon zerbitzura egina, geure bazterrotako
euskararen erabiltzaileen topaleku, harremangune, elkarganatzaile; informazioa
eta entretenimendua eskaintzen duena; konpainia egiten duen irratia,
geure kultur produkzioaren hedatzailea; irizpide profesionalez jokatuz,
denen zerbitzura eta ez inoren mendean ari dena; gobernuaren propaganda
egin ez, eta justifikaziorik ez duena justifikatzen ez duena, edonor
delarik ere horien egilea, nahiz inoiz estropozoren bat edo beste egin.
Batipat funtsezkora joaz ari gara, funtsezko eta garrantzizkora: euskara
da baliatzen eta balidatzen dugun ondarea. Euskararen erabiltzaile gara.
Fun-tzionaliatea emanez, hemen eta oraingo jendearen arteko komunikaziorako
tresna doitua izateko ahaleginean ari gara. Hori guztia, hasierako planteamenduan
zeukan Euskalerria Irratiak. Hori dugu gaur egun ere geure jokabidearen
gida. Komunikaziorako da hizkuntza, ahotik belarrirako bidean mihia
dantzan ibiltzeko gailua, jostailua.
Zertan da lizentziaren afera?
Ez dago legerik, ez debeku ez betebeharreko agindurik, jende multzo
baten gogoa mendera dezakeenik. Lizentzia-rena auzia baldintzatzaile
dela ukatu gabe ere, ez da determinatzailea. Ez daiteke geure hutsak
onargarriago egiteko aitzakia izan. Baina legerik legeztatzaileenak
ere ezin du funtsezkoaren ordezko lanik egin.
Funtsezkoa eta berebizikoa geure jokaleku honetako egoera soziolinguistikoa
da. Euskaldun kopuru mordoska gara Iruñerrian, multzoa, baina
gehiago izan behar genuke, gehiago izatea komeni zaigu. Iruñaldean
ozenago aditu behar litzateke euskara. Urrun daude jakite eta erabiltze
tasak. Euskaldunok erabiltzaileago izan behar genuke. Errealitate
sozial, dinamikoagoa, biziagoa, nabarmenagoa izan behar luke euskarak.
Horri lotua dago, kateatua, gatibatua dago Euskalerria Irratiaren indarra.
Euskalerria Irratiak Iruñerria euskaldunagoa nahi du. Besteak
beste, horrela izatea komeni zaigulako. Irratia bera indartsuago izateko.
Agintariek baimena eman behar digute. Zor digute. Berriro ere zeregin
horretan ari gara. Baina agintariek ezin digute eman euskaldungoak,
eta ez beste inork, eman behar diguna: euskara errealitate funtzional
eta aberats izatea geure paraje hauetan.
Urteurrena dela eta, ekitaldi bereziak prestatzen ari al zarete?
Udazkenerako utzi ditugu ospakizunak. Dena dela, inork ez dezala pentsa
sufesta antzu eta arranditsuetan galdu behar dugunik. Zer edo zer eginen
dugun bai irratian –intra- bai irratitik kanpo –extra-.
Zer iruditzen Iruñerriko euskararen erabiltzaile aktiboen Biltza-rrean
elkartuko bagina?
Edo moda modako mintza eta hizketagaia,- Nafarroa, Euskal Herria, ametsa
ala eldarnioa?- hartu eta saio batzuk antolatuko bagenitu? Aurrez udaberrian
LARREKO sariketa antolatu dugu.
Hamalaugarren Larreko saria nori?
Aurten gure arteko bat izendatu dugu sari hartzaile: XANTI BEGIRISTAIN.
Iruñerriko euskaldunon komunitatean pertsona maitatua, euskararen
erabiltzaile zintzo eta leial, nonahi euskaraz aritzaile, lagun arteko
harremanetan bezala agerraldi publikoetan ere, euskara harremanetarako
tresna duena. Iruñealdean euskaldunon bilera non, hortxe da XANTI
BEGIRISTAIN.
Saria emateko moduari ere esanahi eta sinbolismo berria eman nahi diogu:
Nabarreria hiri historikoaren gailurtzat
jo daitekeen parajean, Redingo harresien ondoan, Zaldi Zuri
ostatuan. Iruñea, hiri zahar honetan euskara sustrai
historikoetan tinkaturik eta egungo gizartean bizirik daukagula adierazteko.
|

|
Guatemala
Guatemala izenak “Náhuatl Quauh-tlemalla”
(zuhaitz askotako lekua) esan nahi du eta herri hau txikia bezain anitza
da. Anitza arlo desberdinetan; natura oso oparoa da, beraz loreak, zuhaitzak,
txoriak… ugari eta mota askotarikoak dira. Oso herri oso menditsua
da eta Itsas barearen eta Karibeko itsasoaren eragina antzematen da
bere eguraldian. Mendi asko sumendi itzaliak dira, haran bakoitzean
mikroklima bat aurkituko dugu. Eta hizkuntzetaz zer esan dezakegu, arlo
honetan ere aniztasuna da ezaugarri nagusia. Gehienak Mayen-se enborrekoak
dira (maien kulturakoak) baina, hala ere, badira maia jatorria ez duten
bi hizkuntza, Xinea, hau maiaren aurrenekoa da, eta, Garifuna. Bi hauek
Karibeko kostaldean hitz egiten dira.
Esan dugun bezala Guatemalako ele gehienek maia jatorria daukate. Antzinako
hizkuntzak dira, 4.200 urtekoak baina zaharragoak dira. Familia hau
30 hizkuntzak osatzen dute eta Mexikoko istmotik Hondu-raseraino mintzatzen
dira.
Maien hizkuntza indartsuena Quiché da baina bere parean badaude
beste batzuk nahiko osasuntsuak, besteak beste, Mam, Kakchikel, Pokomam
eta Kekchi.
Quiché: Bere barruan dialekto eta aldaera ugari gordetzen dira.
Guatemalako indigenen hizkuntza nagusia da, milioi eta erdi pertsonak
hitz egiten dute, eta hiztunen hazkundea oso azkarra izaten ari da.
Mam: Honek, azken erroldaren arabera, 700.000 mila
hiztun ditu. Chiapasen ere mintzatzen da, gutxi gora behera 28.000 mila
pertsona.
Cakehiquel: Guatemalako barne aldean hitz egiten da
eta 500.000 hiztun dauka. Familia honen barruan Tzutujil elea kokatzen
da; honek baditu 80.000 hiztun.
Pokomam: 30.000 hiztun biltzen ditu.
Kekchí: Talde hau elebakarrekoa da eta osotara
361.000 hiztun dira; hala ere joan den mendean garapen zabalagoa izan
zuen.
Kanjobalano: Hau hizkuntza familia da. Huehuetango
eskualdean mintzatzen da eta 112.000 hiztun dira. Mexikon eta Floridan
ere mintzatzen da.
Garifuna: Ez da maia hizkuntza, bere jatorria Arahucanakoa
da. Hondurasen, Guatemalan, Belizen, eta Nikaraguan mintzatzen da. Baditu
100.000 hiztun eta bere egoera oso larria ez baina bai kezkatzeko modukoa
da. Onartuta dago Guate-malako hizkuntza nazionaltzat.
Xinca: Hau ere ez da maien familiakoa, aintzinako tribuen
elea da eta hizkuntza ofiziala izan arren, bere egoera oso larria da.
Guatemalako maien hizkuntza zerrenda oso luzea da, Yucateka, Mopan,
Chotí, Chuj, Kanjobal… eta horietako batzuek oso hiztun
gutxi biltzen dute eta oso egoera larrian daude, Itzá, Lacandón,
Luzatenko, Mocho Poconachi, Sipacapense, Pipil.
1996an sinatu zen bake hitzarmena gobernuaren eta gerrilaren artean.
Horrela bukaera eman zitzaion Guatemala astindu zuen gatazka armatuari.
Horren harira 2003an gaztelaniaz gain, 23 hizkuntza indigenak lortu
zuten ofizialtasuna.Oraindik asko falta da benetako ofizialtasuna lortzeko,
eta indigenen eskubideak bermaturik izan daitezen, baina onartu behar
dugu urratsak ematen ari direla. |