
|
Euskara politizatuta
dago
Gizakiak Zoon Politikon den aldetik ikutzen duen guztia politika
bilakatzen du. Hizkuntza da ikutzen dituen gauza guzietarik bat, besterik
ez. Zentzu honetan hizkuntza guztiak politizatuta daude: euskara, bretoiera...
gaztelera, ingelesa eta frantsesa ere (Piarres Hegitoak irrigarri utzi
zuen jaun frantximentari galdetzea baizik ez dago... Gora Frantzia!).
Halere, politizatuta egoteko modu guztiak ez dira berdinak. Hizkuntza
batzuk dira ministro eta besteak zerbitzari. Tamazight hizkuntza oinezko
hauetariko bat da. Afrikako Melilla hiriko presidenteak adierazi duenez,
hiri horretako biztaleen herenaren hizkuntza ezin da ofizialdu espainiar
hizkuntza ez delako. Izan ere, bere ustez, Melillan den guztia espainiarra
da, Melillan erabiltzen den hizkuntzarik zaharrena izan ezik. Eta hau
esatea ez da politizatzea, taxuz jokatzea baizik.
Euskara aipatu hizkuntza berbere, bretoi eta beduino guztien antzekoa
da: munduko beste hizkuntza politizatuetariko bat, kitxuaren, aimararen
eta mapudungunaren parekoa.
Politizatuta egotea ez da ez txarra, ez ona. Egoera bat da. Lodia edo
argala izatea bezalakoa. Politikari esker euskarari behar zuen thornuia
eman zitzaion. Arloteen hizkuntza Basarteko Unibertsitatera iritsi zen
Peru Abarkaren eskutik eta noizbait beren hizkuntzaz lotsatu zirenak
euskararen katedradunak zirela konturatu eta beren buruaz maitemindu
ziren berriro, autoestimua ikaragarri goratuz. Jinko jaun guztiz ahaltsuarengandik
hurbilago hiltzeko mendien kaskoetara igo beharrean, ibarretara eta
hirietara jeitsi zen politikaren eskutik. Euskara politizatu zen “hemen
nago” edota “bizi naiz eta bizi nahi dut” (ahal
baldin bada...) lehenengo aldiz esan zuenean. Orduan politizatu
zen.
Politikak euskara berpiztu zuen eta politikak berak euskara hil dezake.
Badu, bai, ahalmena hilik dagoena pizteko (Lizardiren amona zaharra
berpiztu zuen bezala) eta bizirik dagoena hiltzeko (Lauaxetaren langilea
eraildu zuen bezala). Euskarak adimentsuki eta zuhurtasunez jokatu behar
du politikak bere alde joka dezan, zeren eta euskara berez hilko baita,
dagokion unean, eta tamalgarria bailitzateke politikak kontrako norabidea
hartu eta heriotza azkartzea.
Fernandez Ostolatzak irakatsi zigun bezala “euskara” markari
tasun erakargarriak erantsi behar dizkiogu. Euskararen saltzaile onak
izan gaitezen, euskararen alderdikide seduzitzaileak. Galde diezaiogun
geure buruari ea euskararen alde ongi ari ote garen jokatzen edo gure
jarrera desegokiekin ez ote diogun kalte egiten ari.
Euskara politizatuta baldin badago, bego, baina eraginkortasunez, senaz
eta gainerako hizkuntza politizatu guztien miresmena eta inbidia lortuz.
Eta ingelesaren txapelaren distira kontrajarriz euskararen boneta baztertzen
eta iraintzen duenari kanta diezaiogun guztiz politizaturik... eta pozik...
Txapela badük bena arhin barnekua
Nun ützi dük boneta Uxkal-Herrikua?
Txapel horrek eztereik edertzen kaskua
Basta ederragatik, asto dük astua
Juanka Lopez-Mugarza. Filologoa
|
Huan
Vélez
|
Duela jada hiru urte
Iruñerriko zenbait elkarteren bultzadaz eta Euskal Herriko beste
hiri batzuetan egiten zenari jarraikiz, Iruñeko karriketan giro
herrikoian euskaraz abesteko ekimenari hasiera eman zitzaion; Iruñean
kantuz sortu zen. Hiru urte pasa dira dagoeneko eta hilabetearen lehenengo
larunbata hitzordu finkoa bilakatu da euskaraz abestea gustuko duten
lagunentzat. Huan Vélez, Euskal Kantuzaleen Elkarteko kidea,
arduratzen da koordinazioz eta egitasmoaren inguruan solasean aritu
gara berarekin.
Nola sortu zen Iruñean Kantuz ekimena?
2005eko udazkenean Iruñerriko zenbait elkartek (Muthiko Alaiak,
Karrikiri, Orreaga, Manexak, Euskaldunon Biltoki…) beste herrietan
erabiltzen zen formula ikusita, Iruñean egiteari ekin genion,
euskaraz kantatzeko aukera eman nahian. Hasiera apala izan zen, bai
antolakuntzaren aldetik -hilero A3 bat besterik ez baizen banatzen-,
baita partaideen aldetik ere. Izan ere, lehendabiziko egunetan 40-50
bat lagun elkartzen ginen.
Zer xede bilatzen dira? Eta nori zuzenduta dago?
Ekimena guztiz irekita dago, euskaraz kantatu nahi duen orok parte hartzen
ahal du; gazte zein helduak, euskaldun edo erdaldunak, hemengoak edo
kanpotarrak, musikan jakitunak edo musikarekin harremanik ez duenak.
Baldintza bakarra euskaraz abestea da. Eta hau da, hain zuzen ere, egitasmo
honen xede nagusia; giro herrikoian euskaraz abestea eta ongi pasatzea,
alegia. Bigarren lerro batean gelditzen dira beste xede batzuk: karriketan
presentzia izatea, gure ondare kulturala kantuaren bidez mantentzea
eta zabaltzea.
Euskal Herriko bertze hiri batzuetan badago antzeko egitasmorik.
Haiekin harremanik al duzue?
Egia esan, ditugun harremanak pertsonalak dira, ez elkarteen artekoak.
Donostiako Kantujira, Baionan Kantuz eta Iruñean Kantuz ekimenen
funtzionamenduak tokian tokikoak dira. Halere, gure lehen erronka Iruñeko
ekimena sendotzea izan da eta hori behin lortuta, besteekin batera egitasmoak
gauzatzera abiatuko gara. Proiektu komunak egiteaz landa, besteek egiten
dutena ere ikasi nahi dugu eta guk ere ekarpenak egin gure esperientziatik
abiatuta. Euskal Herriko “sare” bat egituratzea litzateke
egokiena eta hortara goaz, lan itzela izan arren.
Gutxika-gutxika jendea ohitu egin da eta gustura biltzen da
lagun giroan abestera. Pozik al zaudete jasotako erantzunarekin?
Jakina, lehen esan dugun bezala, 40-50 lagun egotetik 300-400 izatera
pasatu gara eta ikustea jendeak zeinen ongi pasatzen duen eta zein kementsu
eta adoretsu etortzen den, asmatu dugunaren seinalea da guretzat. Gogoratu
helburu nagusia kantuarekin batera jendea gustura egotea dela eta hau
lortu dugulakoan gaude. Gazte gehiago eta musikari gehiago etortzea
nahi dugu, eta ditugun erronken artean, nagusietako bat hau da. Gainera,
Nafarroako beste herri batzuetan ere hasi dira jada kantatzera ateratzen
(Zizur, Tafalla, Tutera, Lizarra, eta abar).
Bestalde, jende kopuru handia denean antolakuntza lanak zailtzen dira
eta lanerako prest egonen diren lagunen beharra dugu: diskoak eta kantutegiak
banatzeko, zuzendaritzan egoteko edo musikari lanetan aritzeko. Beraz,
inor prest izanez gero gurekin harremanetan jar daiteke iruineankantuz@kantuzale.net
posta helbidera mezua igorriz edota 948 14 47 06 telefono zenbakira
hots eginez.
Abesten diren kantuekin disko bat osatu duzue, ezta? Zer asmo
dituzue aurrera begira?
Diskoa ateratzea jendearen kezka nagusi bat bideratzen saiatzea izan
zen. Izan ere, doinuak ikasi nahi zituzten eta kantutegia zabala dela
ikusita, disko mordo batera jo behar zuten kantuak entzuteko. Orduan
bururatu zitzaigun doinuak guk geuk grabatzea eta jendearen esku uztea
kantak ikas ditzaten. Gainera, karrikan grabatzeak kutsu informal, herrikoi
eta lagunen artekoa eman dio diskoari, edozein partaideri berea dela
erakusten dioena. Hemen ere, asmatu dugulakoan gaude eta urte bukaerarako
bigarren diskoa ateratzeko asmoa dugu, doinutegia eta kantutegia zabaltzeko
asmoz.
|

|
Kaledonia
Berria
Ozeano Bareko Melanesiako irla bat da Kaledonia Berria.
Ingelesek aurkitu zuten eta kolonizazioarekin hasi ziren, baina 1843.
urtean Frantziako kolonia bilakatu zen eta egun Frantziako itsas gaindiko
departamentua da. Irla honek 1905km dauka; populazioari dagokionez,
2005. urteko erroldaren arabera 232.258 biztanle ditu, %45 kanakoak
dira, jatorrizko indigenak; gainerakoak, europarrak, ozeaniarrak eta
asiatikoak dira. Hiri burua Noume da eta han kokatzen dira zerbitzuak,
ikastetxeak eta koloniaren egitura nagusiak.
1980. hamarkadan kanakoek independentzia aldarrikatu zuten bainan Parisek
ez zuen onartu, europar populazioaren laguntzarekin independentziari
bidea moztu zion, eta autonomia mugatua ezarri zuen. Hurrengo urteak
oso korapilatsuak izan ziren baina egun Oskar Temaru buruzagi independentista
Kaledonia Berriako lehendakari da eta 2009-2019 bitartean independentziari
buruzko erreferenduma egin behar du.
Frantziako kolonia izanik hizkuntza nagusia frantsesa bada ere, irla
honen ezaugarri garrantzitsuenetariko bat bere eleaniztasuna da. Ez
da irla handia, bere populazioa ez da oso ugaria bainan asko dira bere
barruan bizirik dirauten eleak.
Kaledonia Berriaren eleek malayo-polinesiko jatorria daukate. Duela
ez asko bi desagertu dira eta irlako hizkuntza txikiek nabarmenki gibelera
egin dute. Frantsesaren ordezkatze prozesua oso aurreratua dago eta,
kasu batzuetan, auzokideen hizkuntzek ere hizkuntza txikiak ordezkatzen
dituzte. Egia da azken hamarkadetan kanakoen artean hizkuntza eta kulturarekiko
atxikimendua biziki indartu dela, bainan, hori nahiko ote da?. Ikus
dezagun ele minorizatu batzuen egoera eta bakoitzak atera ditzala ondorioak.
HMWAVEKE. Iparraldean mintzatzen da, 1982an 300 hiztun
zituen, baina gaur gutxiago dira. Ez dago hitz egiten duen haurrik eta
frantsesaren ordezkapenaz gain PAICIren presioa ere jasaten du. Gaineko
ele minorizatuak bezala ez dago alfabetatzerik.
NEMI. Ipar-ekialdeko kostan mintzatzen da. 1982ko erroldaren
arabera 600 hiztun ziren arren, egun 325 dira. Haurrek ez dute ikasi
eta ez dago alfabetatzerik. JAWE eta FWÁI eleek mehatxatzen dute.
PWAPWÁ. Hil zorian dago ele hau. 1982an 130
hiztun ziren baina asko murriztu da kopurua. Ez da alfabetatzerik eta
JAWE eta YUAGA auzokideen eleek erabat ordezkatu dute.
PIJE. 1982an Tiendanite eskualdean 100 hiztun zeuden, baina egun gutxiago
dira. Frantsesa eta FWÁIren mehatxua erabatekoa da. Oso larria
da bere egoera.
PWAAMEI. Teomata eskualdearen iparraldean hitz egiten
da. 1974an bazeuden 325 hiztun. Ez dago alfabetatzerik eta JAWEk mehatxatzen
du.
ARMÖ. Poya herriaren inguruan mintzatzen da. 1982an
100 baino gutxiago hiztun ziren eta egun gutxi batzuk geratzen dira.
Aspalditik jasan dute AJIËren ordezkapena horrexegatik geratzen
diren hiztun gutxi horiek elebidunak dira.
ARHÂ. 1974an 250 hiztun ziren eta egun asko gutxiago
dira. AJIË, PAICÎ eta frantsesaren mehatxupean dago.
NEKU. Boruail inguruan hitz egiten da eta 1982an 200
hiztun geratzen ziren. AJIË eta PAICÎren presioa oso nabarmena
da.
WAILU. HOKAILOU eta AJIE izenekin ere ezagutzen zaio.
XX. mende hasieran, Eliza protestanteak ele misiolaritzat aukeratu zuen
eta, hori dela kausa, hizkuntza franka bilakatu zen. Egun 5.000 hiztunentzako
ama-hizkuntza da, eta beste 2000entzat bigarren hizkuntza da. |