
|
Munduko
herritar euskaldun baten memoriak
Gizon ikusiezina
Duela gutxi, gizarte gaien inguruko solasaldi batean parte hartzen hasi
nintzen gaztelerazko irrati batean. Ordutik, senide, lagun, ezagun erdaldun
andanak guztiz harriturik esan dit irratian entzun nauela. Bakoitzak
bere eufemismoa erabili du, baina oso argi dago finean zer esan didaten:
“Kontxo! Egia da! Kazetaria zara! Euskaraz aritzen zinela esaten
zenuenean ez genuen erabat sinesten”. Euskaraz ez jakiteagatik
zer galtzen duten ikusarazi nahi diegu, baina nekeza da: haientzako
ikusiezinak gara, eta, Santo Tomasek bezala, haiek ikusten dutena besterik
ez dute sinisten.
Ama-hizkuntza vs. amaren hizkuntza
Seme-alabei jaio zirenetik euskaraz egiten dieten ama euskaldun-berri
batzuei elkarrizketa egin diet. Hori egitea nekeza ote den galdetu diot
haietako bati: “Ateratsen sait natural. Es dut egin behar esfuerzo
beresia”. Alberto Barandiaranen Mundu txikia liburuko ipuin itzel
bezain aztoragarri batekin oroitu naiz. Aita euskaldun berriak euskaraz
egiten dion haurraren istorioa kontatzen du. Umeak ez du batere gogoko
aitak erabili ohi duen hizkuntz lau, idor, hotza. Eta ikaragarri maite
du, aldiz, aitak gutxitan darabilen beste hizkuntz jostari, xamur, bero
hori. Gaztelera da nire ama hizkuntza. Neure buruari galdetu diot egunen
batean seme-alabarik badut euskaraz ala gazteleraz eginen ote diodan.
Neure buruak erantzun dit hori ezin dela galdetu ere egin. Hori tabua
dela.
Beti geratuko zaie Nafarroa
Bernardo Atxagari elkarrizketa egin diot. Gauza asko esan dizkit. Baina
gehien errepikatu duena izan da nekatuta dagoela. Euskalduna izatea
nekagarri zaiola. Eta idazle euskalduna izatea, are nekagarriagoa. Nolanahi
ere, jarraian Nafarroara etortzeak berpizten duela gaineratu du. Biziberritu
egiten duela non eta Iruñean norbaitek euskaraz elkarrizketa
egiteak. Inoiz baino nekatuago sentitu naiz kazetari euskalduna izateaz.
Kazetari euskaldun nafarra izateaz. Sikiera berpizteko Nafarroara joaterik
edukiko banu… Baina ezin dut: Nafarroan nago.
Munduko herritarrak
Ruper Ordorika handia entzun dut Barañaingo Auditoriumean, Euskalerria
Irratiaren eskutik kantuan. Abestietako batean Atxagaren bidetik jo
du: “Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den, hobe
nuela hautatzea munduko hiritar izatea”. Munduko herritarrak…
Askoz jota berrehun lagun hurbildu gara Auditoriumera, eta haietatik
199 euskaldunak gara. Munduko herritar sentitzen diren iruindar erdaldun
askori Ruper nor den galdetuko bagenio, ile-apaintzaile friki samarra
dela erantzunen liguke. Behin Zaragozatik etorritako lagun batekin edukitako
solasaldiaz oroitu naiz. Hark: “Ez dakit zergatik tematzen zareten
euskaldun izate horrekin. Ni munduko herritarra naiz”. Eta gure
koadrilako mihigaizto samar batek: “Ni ere munduko herritarra
naiz, munduko herritar euskalduna”.
Post scriptum
-Anjel Lertxundi maisua haren blogean post scriptum-ak idazten hasi
zenetik, aldiren batean neuk ere halakoren bat idazteko gogo ikaragarria
nuen. Idazki hau hori egiteko aukera ona iruditu zait.
-Euskaldun izatea niretzako zer den azaltzen hasita, testutxo ezkor
samarrak atera zaizkit. Tonua aldatzekotan izan naiz, bistan baita euskaldun
izateak baduela niretzako gauza on asko. Baina azkenean bere horretan
uztea erabaki dut; izan ere, euskaldun izatea ezkortasunarekin, kexarekin,
aldarrikapenarekin estuki loturik dago. Eta lotura laxatzen bada, kasu,
euskararen etorkizuna kolokan izan daiteke eta.
-Aipatu ditudan erreferentziak Atxaga, Lertxundi, Barandiaran eta Ordorika.
Zaharkitua eta misoginoa ematen dut. Hona hemen beste jite bateko lau
erreferentzia, irudi hori aldatzeko ahalegin desesperatu moduan: Karmele
Jaio, Eider Rodriguez, Edurne Elizondo eta The Foralettes.
Juan Cruz Lakasta. Kazetaria
|
Marian
Gorraiz
|
Txantreako Euskaldunon
Biltoki elkartea euskaraz bizi eta euskarazko ekitaldi eta jarduerak
antolatzeko xedearekin sortu zen duela jada 7 urte. Bertan lanean dihardu
Marian Gorraizek eta hark eman digu elkartearen berri.
Nola sortu zen Txantreako Euskaldunon Biltoki?
2000ko ekainean ireki zituen ateak eta hasieran ametsa zena ideia bihurtu
zen.
Euskaldunon kopurua gora zihoan, baina, hala ere, zaila ikusten zen
beste euskaldun batzuekin harremanetan hastea, barreiatuak bizi baikinen.
Bestalde, konturatu ginen euskaraz ikasten dutenek zaila dutela ondoren
gune euskaldunak aurkitzea euskaraz bizi ahal izateko. Ikasi ondoren,
“erdal herrira” itzultzen dira eta batzuei ahaztu ere egiten
zaie, pixkana. Horrek motibazioa galtzea ekartzen du.
Horrekin batera, joera euskara gune pribatuetan baizik ez erabiltzekoa
da, beraz euskararen presentzia testigantzakoa da toki gehien-gehienetan,
baita gune euskaltzaleetan ere.
Horretaz ohartuta, erabilera bultzatu beharra ikusten genuen. Erabilera
errazten duten jarduerak eta errealitateak eraiki nahi genituen, batzuek
euskaraz bizi nahi genuelako, errealitate batzuetan behinik behin. Garaia
bazen, gure ustez, euskaltzale izatetik euskaraz bizitzera pasatzekoa.
Euskararentzako erreferentzia bizia behar zuen auzoak eta sortu egin
genuen.
Zeintzuk dira zuen xede nagusiak?
Gu elkarte euskaldun bat gara, bazkide euskaldunok osatuta eta anitza.
Euskara da beste gauza guztien gainetik (arraza, erlijioa, generoa edota
ideologia) batzen gaituena. Eta hauxe izan nahi dugu eta bagara neurri
handi batean:
- Euskaldunentzako biltokia, elkargunea. Euskara nagusi den toki bat.
- Erreferentzia bat euskararentzat. Toki fisiko bat, auzoko leku on
batean.
- Elkargune bat, aisialdirako, festarako, ongi pasatzeko, afariak-eta
egiteko
- Euskarazko jarduerak eskaintzen dituen elkarte bat.
- Laguntza eta zerbitzua eskaintzea euskararen normalizazioan: euskara
ikasten ari direnei, D ereduetako haurrei, gazteei...
Zer jarduera bideratzen dituzue?
Urte osoan zehar programazio kultural bat eskaintzen dugu: hitzaldiak,
literaturaren inguruko ekitaldiak, ikastaroak, aisialdia eta herri kultura,
euskaldunok elkarrengana biltzeko ekitaldiak (musika etab.), haurrentzako
ekitaldi eta tailerrak, film emanaldiak, erakusketak.
Txantrea auzoan jada ezagunak zarete. Zein da egun euskararen
egoera bertan? Bilakaerarik sumatu al duzue?
Elkartea sortu baino lehen, Txantrean euskararen egoera zein zen ikusi
eta aztertu egin genuen. Orduan 2.000 euskaldun inguru ginen eta beste
hainbeste erdipurdi hitz egiten zekitenak. Denborarekin kopuruak gora
egin duela uste dugu, D ereduan matrikulak gora egin baitu.
Errealitatea beste toki askotakoa da. Euskaldun gehiago gaude, baina
euskaraz bizitzeko borondatea eta aukerak indartu behar dira.
Elkartea martxan dagoenetik aukera handixeagoa dago euskaraz bizitzeko
eta euskarazko ekitaldietan parte hartzeko. Beste aldetik, aisialdian
ere, ez gara erreferentzia bakarra, hor daukagu Iturriapurria ludoteka.
Poztekoa da, gurea bezalako iniziatibak sortu eta aurrera egiten dutela
ikustea, horrek esan nahi baitu euskararen errealitatea aldatuz doala.
Auzoan euskara aditzea normalagoa da, nahiz eta oraindik ere ezin imajinatu
hau eremu euskaldun gisa. Asko dago oraindik egiteko.
Zer hartu emana duzue auzoko beste euskara elkarte edo euskalgintzako
taldeekin? Eta Iruñerrikoekin?
Beno, auzoan euskara elkarte bakarra gara. Urteko hainbat momentutan,
euskal astea dela, edota, orain bezala, korrika dela, elkarlana egiten
dugu auzoko beste talde batzuekin, euskararen inguruan ibiltzen direnekin.
Beste aldetik, Iruñerri mailan hartu-emana etengabea da. Topagunearen
barrenean gaude eta bertan Iruñerriko elkarte euskaldunekin harreman
zuzena daukagu (Zaldiko-maldiko, Karrikaluze…). Mintzakide egitasmoan
ere parte hartzen dugu euskalgintzako hainbat talderekin. Eta aurten
Bertsozale Elkartearekin batera Biltokiko bertso eskola eraman dugu
aurrera.
Aurrera begira egitasmo berririk al duzue?
Bai, bi arlo ditugu oraindik ere ikusmiran: komunikazioan zerbait idatzia
plazaratu nahiko genuke eta elkarteko gazteen saila garatu.
|
Zeelanda
Berria
|
Maoriera
Maoriak IX. eta XIII. mende bitartean iritsi ziren Zeelanda
Berrira eta bi irla hauei Aotearoa izena ipini zieten. Kolonizazioa
gauzatu baino lehenago oso ohikoak ziren tribuen arteko borrokak, lurrak
eta esklabuak lortzeko .
Haien gizarte egituraketa ahozko tradizioak gordetzen zituen harreman
genealogikoetan oinarritzen zen. Aitaren leinua amarena bezain garrantzitsua
zen, tribuaren ardura hartzerakoan .
Kolonizazioak ekarri zituen arazoak ohikoak ziren: lurraren ez-jabetza,
akulturizazioa, ( itsas ertzekoek kristautasuna onartu zuten; barrukoek,
mendi aldekoek, euren sinesmenak mantendu zituzten ) eta izurriteak
( gripea, kukutxetula, elgorria).
Zeelanda Berria herrialde handia bada ere, biztanle guztiek maorieraz
hitz egiten zuten ingelesak heldu baino lehen .
Gaur egun, azken erroldaren arabera (1990ekoa ) 306.000 dira Zeelanda
Berriko maoriak eta haien eskubide zibilak hango konstituzioan onartuta
daude. Arazoak ez dira bukatu baina hizkuntza eta kultura maoria berreskuratzeko
mugimenduak indartsuak dira eta jendearen eta gobernuaren onespena daukate
.
1982ko apirilean Te Kohanga Reo “ Hizkuntzaren etxea” izeneko
taldeak ireki zuen maoiera ikasteko lehenengo zentroa. 1985ean Kura
Kaupapa Maori “ Filosofia maoriaren eskola” taldeak zabaldu
zuen bere lehenengo egoitza. Bi talde hauek oso garrantzitsuak dira
maorieraren berreskurapenean. Haiek dira motorra eta bihotza herri maoriarentzat.
Ez dago zalantzarik oraindik egiteko asko dagoela Aotearoan / Zeelanda
Berrian
hizkuntzaren eta hezkuntzaren esparruan, maorien talde bereziaren eskubideen
aldeko borroka politiko zabalagoaren barruan. Nolanahi ere, hezkuntza
eta
hizkuntza alorretan, 1840tik lehendabiziko aldiz, badago bertako alternatibarik:
Te Kohanga Reo eta Kura Kaupapa Maori. Horiek Waitang -eko Hitzarmenean
azpimarratutakoari erantzuten diote: maorien kultura eta hizkuntza babestea
(modu aktiboan) eta bermatzea. Kohanga Reo eta Kura Kaupaparen xedeak
bat datoz
lege nazionalaren garapenarekin eta nazioko beste mugimendu batzuekin
ere. Gainera lagungarri dira Aotearoa / Zeelanda Berria pixkanaka benetako
gizarte elebiduna eta bi kulturaduna bilakatuz joan dadin. ( Maiatza,
2001)
Zeelanda Berrian maoriera legez aitortuta dago. Mende luzez baztertuta
egon ondoren 1987an eman zitzaion onarpen ofiziala .
1960ko hamarkadan hasi ziren borrokatzen maoriera hezkuntza sisteman
sar zezaten eta esparru publikoan ere erabil zedin. 1980an maorieraren
lehen murgiltze programak
garatzen hasi ziren hezkuntzan eta gaur egun, hizkuntzaren alde agertu
zuten irmotasunari esker, bai eta Zeelanda Berriko administrazioak legez
eta diruz emandako babesari eta laguntzari esker ere, maorierak prestigioa
hartu du , eta izugarri areagotu da erabilera.
Ministry of Maori Development . 1998 |