07 KARRIKA: 106|2007ko otsaila     <105 | 107>

|IRITZI ARTIKULUA |ZENBAT BURU... |HERRIEN ELEAK |HEMEROTEKA

 

|IRITZI ARTIKULA

Egunero euskararen utopia landu

Ez nuke nahi utopiaren betaurrekoak jantzi baina egoerak hartara behartzen nau. Urte batzuk duela, diseinu estrategikorako markoaz hitzaldi bat entzun nuen. Eta egia esan, zirrara sartzen dizuen horietakoa izan zen hizlariaren jarduna. Harrezkero bueltaka izan ditut entzundako ideia haiek eta gaur eguneratu ditut nire jardun labur honetarako. Berriz erabili nahi ditut, plagiatu, baina euskararen testuingurura ekarriz. Ez dakit lortuko dudan, baina saiakera egin beharra dago.
Aipatu hizlariak aldaketa teknologikoaren testuinguru historikoari errepasua eman zion. Gauza askoren artean hauxe esan zigun: paradigma berriak eremu guztietara hedatzen dituela aldaketak, bizitzeko modu berria sorrarazten duela, ekoizteko modu berria, kontsumitzeko modu berria, baita lan egiteko modu berria ere. Aldi berean, aldaketen uholdeak irensten laguntzeko mekanismoak sortzen ditu gizarteak: zerbait berriaren ikaskuntzarako prozesuak markatzen ditu, kontsumitzaileen hezkuntzaz arduratzen da, arau eta erakunde berriak sortzen ditu, komunikazio eta distribuzio sare berriak sortzen ditu, legedi berria sortzen du bi helbururi begira berrikuntza erregulatzeko eta sor daitezkeen gehiegikeriak kontrolatzeko.
Bere jardunean nabarmendu zituen paradigma teknologikoa ulertzeko parametroak. Noiz esan daiteke paradigma teknologiko bat zaharkitzen ari dela eta noiz berri bat azaleratzen ari dela? Berak hainbat adierazle nabarmendu zituen, eta niretzat deigarriena “paradigma elektronikoaren” gainean esandakoa izan zen, besteak beste, oso gertutik bizi izan dugulako. Nork ez ditu gogoratzen lehendabiziko magnetofonoak, lehendabiziko walk manak edo lehendabiziko… Horiek guztiek paradigma berri baten hasiera markatu zuten. Eta nola antzeman daiteke paradigmaren bukaera? Ba, oso erraza, merkatuan inork erosten ez dituen produktuak pilatzen direnean: koilara elektronikoa, aizto elektronikoa eta horrelako tresna barregarriak, ridikuloak. Sormena agortzen denean eta paradigma horretan edozer gauza sortzen dela ere, erosleengan harridurarik sortzen ez duenean.
Baina zertara dator hori guztia? Antzekotasunak aurkitu nahi izan dizkiot euskarari. Noiz hasten da euskararen lehen paradigma eta ze izen jarriko diogu? Berpizkundea deituko diogu eta 60-70 hamarkadan kokatuko dugu. Orduan sortu ziren lehenengo ikastolak eta lehendabiziko gau eskolak. Bi fenomeno horiek oso garrantzitsuak izan ziren euskara jendearentzat, eta harriduraz eta pozez jasotzen genuen zabalkundearen notizia: Bilbon beste ikastola bat sortu da, Iruñean gau eskola bat sortu da, 30 ikasle euskara ikasten ari dira, 40 ikasle alfabetatzen ari dira etab. Horrela joan gara euskara zabaltzeko sarea eraikitzen eta metodologiak berritzen (pedagogia eta metodo berritzaileak erabiliz, material modernoa sortuz…). Fenomeno horiekin guztiekin ohitu gara eta dagoeneko ez gaitu harritzen eskola honek edo euskaltegi horrek horrelako materialak edo metodologiak erabiltzen baditu ere.
Euskararen berpizkundea pasa da eta euskara-jendeak euskara gizarteratu du, bistara ekarri du. Tokian tokiko prentsa idatzia sortu du euskaraz, ikus-entzunezko komunikabideak garatu ditu euskaraz (irratiak eta telebistak). Dagoeneko, fenomeno horrek ere ez gaitu harritzen. Ohiko bihurtu da eta beste paradigma batera egin dugu jauzi, beste zenbait gertakari dira gure harridura objektu. Euskara-jendeak arretatsu begiratu diogu paradigma teknologiko “berriari” horren abiada handiz indartzen ari denari, interneti eta berarekin ekarriko duenari. Mesfidantzaz begiratu diogu bere hastapenetik. Zer gertatuko zen euskararekin? Froga hori ere gainditzen ari gara, eta pozez ikusten dugu honek edo horrek bloga euskaraz sortu duenean edo erakunde honek edo horrek bere web orria gaztelaniaren aurrean euskararena hobesten duenean. Pozez eta harriduraz bizi izan ditugu gertakari horiek.
Baina hemendik aurrera zer da harrituko gaituena? Zein da hurrengo paradigma? Gauza asko utzi ditut aipatu gabe eta zenbait hutsuneren jakitun naiz: legediak, euskararen babeserako erakundeak, herrietako elkarteak, etab. Hori guztia egin dugu. Eta orain zer? Ez dakigu! Euskara-jendeak etengabe, egunero, euskararen utopia landu beharko dugu euskara-jendea izaten jarraitu nahi badugu. Nire azken harridura iturria kontatuko dizuet: igandean perretxiko lehiaketa batean gazte txinatar bati galdetu nion: zer izen du perretxiko honek? Eta berak erantzun. Gibel urdina!

Matilde Sainz Osinaga
Hizkuntzen Departamentua (Departamento de Lengua) . Hezkuntzako Zuzendaria (Directora de Educación). Humanitateak eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI). Mondragon Unibertsitatea.

 

|ZENBAT BURU

Patxi Salaberri

NUPeko bere bulegoan paper metez inguratuta aurkitu dugu Patxi Salaberri, duela urtebete pasatxo euskaltzain oso izendatu eta iragan irailean sarrera hitzaldia egin zuen Euskaltzaindiako laugarren nafarra. Euskal akademian eginen duen lanaz eta NUPeko euskara batzordeaz solasean aritu gara.

Sarrera hitzaldia zure jaioterrian, Uxuen, egin zenuen eta herriaren euskalduntasuna agerian utzi nahi izan zenuen.
Bai, batez ere bertakoei begira. Eta biderik egokiena onomastika zela pentsatu nuen, toponimia gehienbat. Izan ere euskara galdu den tokietan euskalduntasun galdu hori nabarmentzeko bide egokiena onomastika baita, nahiz eta malkarra izan.
Hitzaldia separata moduan argitaratu eta herrian banatu zen. Jendeak kuriositatez edo gustura hartu omen zuen. Artxiboetan arakatzeaz gain, jendearekin hitz egin behar izan nuen aldaera biziak biltzeko. Uxue eta inguruko herri franko bisitatu nituen eta oso hartu-eman emankorrak izan ziren.

Egun hartan Andres Iñigok Euskararen Legearen 20. Urteurrena gogoratu eta euskaltzain berria eremu ez euskaldunekoa izatearen paradoxa aipatu zuen. Zer deritzozu?

Euskaldun eta euskaltzale garenok garbi dugu desfasatua dagoela. Egin zen momentuan ere hainbat ezberdintasun egin ziren; Zaraitzu eremu mistoan utzi, Aezkoa, berriz, euskaldunean sartu...Gaur egunean euskararen irakaskuntza zorionez aurrera joan da eta euskaldunak aurkitzen ditugu toki guztietan. Bistan da muga horiek ez dutela balio. Nire kasua erlatiboki goiztiarra da; Uxuekoa naiz, baina txikitatik Iruñean bizi naiz. Hemendik aurrera nire moduko kasu gehiago izanen dira.

Euskaltzain osoa zara jada, baina askoz lehenago hasi zinen Euskaltzaindian lan egiten. Zertan aritu zara?

Jimeno Juriok fitxatu ninduen eta hari esker sartu nintzen onomastika batzordean (89an). Datu bilketan aritu ginen Nafarroan barna “Nafarroako herri izendegia” izeneko liburua egiteko. Beti onomastika arloan mugitu izan naiz; herrien izenak, deiturak, kale izenak, saindu izenak...
Egia da hizkuntzarentzat gramatika bera eta hiztegia zentralagoak direla neurri batean, baina kontuan hartu behar da onomastikak balio izugarria duela. Batzorde horren baitan hainbat lan, artikulu, liburu egin ditugu.
Orain osoko bilkuretara joaten naiz hilean behin eta hor denetarik ukitzen dugu. Egun, esku artean dugun lanik potoloena, aspalditik, hiztegi batua da. Oso garrantzizkoa da euskararen normalizaziorako eta aldi berean, zaila. Mantsoa da hitzak erabaki behar direlako eta hor gaudelako Iparraldekoak, Bizkaitarrak, Nafarrak... Ahozkotasuna, literatura, tradizio idatzia... Nahiko zaila.

Euskaldunen artean badago pertzepzio bat Euskaltzaindian erabakitzen direnak ez direla jendartera iristen.

Gaur egunean informatikarekin eta sarearekin errazagoa da; hor dago euskaltzaindia.net eta sartuz gero, arau guztiak, emandako guztiak, eta hilean behin edo ateratzen direnak ikusten ahal dira. Hizkuntzarekin lan egiten dugunok herriratu egiten ditugu arau horiek, baina horrek muga bat du beti eta euskararen kasuan, are gehiago; izan ere Euskal Herrian oso gutxi baikara. Gainera, batzuetan guk esandakoak ez dira erabiltzen eta erabilera okerrak zabaltzen dira. Dena dela konplikatua da.
Aldakortasunari dagokionez, trantsizio garaian ikastolak hor ziren eta testu liburuak behar ziren, Euskal Telebista, irratia...eta erabakiak hartu behar izan ziren ziztu bizian. Hanka-sartze batzuk egin eta gero, zuzendu behar izan ziren. Arautze eta normatibizazio prozesu batean gauza horiek normalak dira. Pazientzia pixka bat behar da.

NUPeko irakasle titularra zara eta euskara batzordeko burua izan zinen dimisioa aurkeztu arte. Nola dago egoera orain?

Plangintzarako errektore orde bat bada eta horrek hartu ditu Hizkuntza Plangintzarako Atxikiaren eskumenak. Plan bat prestatu du guk batzordean eginiko zirriborroaren gainean -abiapuntutzat jotzen genuena, hauek helburutzat jo dute nolabait- eta plan hori gauzatzeko asmoa zuten. Legegintzaldia orain bukatzen denez, hauteskundeak laster izanen dira eta, beraz, nahiz eta gobernu batzordean plana onartu, ezin izanen dute martxan jarri. Edo martxan jarriz gero, hurrengo taldeak atzera bota dezake.
Iruditzen zait errektoreak ez zuela euskararen arloan gauza handiegirik egiteko asmorik. Guk horregatik alde egin genuen.

Ba al duzu lanen bat esku artean?

Laster aterako da dialektologia lan bat Pello Caminorekin lankidetzan eginikoa; “Luzaideko euskararen hiztegia”. Esku artean badut beste bat “Nafarroako biraoen bilduma”, Juan José Zubiri, nire Goizuetako lankidearekin egina. Hilabete batzuk barru aterako dela espero dugu. Oso berezia da, baina polita. Nabaritzen dugun hutsune bat betetzeko asmoarekin egin dugu. Adierazkortasun hori bideratzeko lagungarria izateko.

 

|HERRIEN ELEAK

Bretainia

Bretainera zeltarren elea

Zelta kultura betidanik Kantauri eta Atlantiko itsasoei lotuta ezagutu dugu, baina jatorriz Europa barruko herria da. Horrela, K. a. 500 urte inguruan, La Tene izeneko kulturaren garapena gertatu zen eta Europako bihotzean bizi ziren zeltar tribuak hasi ziren emigratzen, batzuk ekialderantz (Bulgaria, Grezia , Turkia…), besteak mendebalderantz (Irlanda, Erresuma Batua, Bretainia, Iberiar penintsularen iparraldea …), ia-ia Europa osoan barreiatu ziren. Tribu horiek oso trebeak izan ziren egurra lantzen, barrika asmatu omen zuten, eta gurdin mota batzuk ere bai, baina inoiz ez ziren gai izan benetako estatu politikoa garatzeko. Hori dela eta, germaniarrek iparraldetik eta erromatarrek hegoaldetik menperatu eta asimilatu zintuzten, eta Britainia Handiko iparraldean aurkitu zuen abagunea zeltar kulturak. Han iraun zuen bizirik Erromako legioek irlatik alde egin arte. Berreskuratutako askatasunak bidea eman zion Dal Riata, zelten erresuma, sortzeari. Hurrengo mendeetan zelten kulturak urrezko aroa bizi izan zuen, haiei esker testu klasiko asko salbatu ziren, Irlandako monjek Europako eremu zabal bat kristautu zuten, eta euren baselizetan eta monasterioetan kristautasunak berak babeslekua aurkitu zuen.
Normandoen inbasioek ekarri zuten gainbehera, 1284an Gales menperatu zuten. Horrek hango tribu zeltarrak Armorikako penintsulara (bere aberri zaharraren oroimenez Bretainia deitu zioten) eraman zituen erbesteraturik .
Gaurko bretainea elea gaeliko era bat da, baina kontinentean bere garapena izan du .
XX. mendearen hasieran, miloi bat pasa ziren bretainea hiztunak. Lehen mundu-gerra ekarri zuen hizkuntza galeraren hasiera. Bigarren mundu-gerra amaitu zenean, hezkuntza sistematik kanpo utzi zuten Pariseko agintariek. Erabaki horren kontra mobilizazio ugari izan ziren baina denak alferrekoak. Frantziako gobernuak ez baitzituen aintzat hartu. Arestian esan bezala, joan den mendearen hasieran hizkuntza indartsu eta osasuntsua zen bretainea. Egungo egoera, ordea, oso bestelakoa da, 250.000 pertsonak hitz egiten dute eta erabiltzaile pasiboak, berriz , alegia, bretainea ulertu bai baina hitz egiten ez dutenak 360.000 lagun dira.
Azken bi hamarkadetatik hona, inkesta batzuk egin dira eta iritzi-azterketen arabera, (1997an eta 1999an egindakoak), biztanleriaren % 90 irakaskuntzan, komunikabideetan… bretainea erabiltzearen eta sustatzearen alde azaldu da. 1950ean, Frantziako Parlamentuak Deixonne legea onartu zuen, eta horrek bretainea irakaskuntzan sartzeko aukera eman zuen. 1970ean, bigarren hizkuntza gisa hasi zen irakasten. Geroztik, programa elebidunak sortu dira eskoletan. Prozesu honetan erabakigarria izan zen 1977an Diwan izeneko eskola elkartuak sortu izana (gure ikastolak bezalakoak ). Gaur egun, irakaskuntza elebiduneko hiru programa daude: hizkuntzan murgiltzeko elkartze eskoletakoak, ikastetxe paritario publikoak eta ikastetxe pribatu katolikoak. Guztira, 7.000 ikasle dira. Kopuru horri 12.000 ikasle inguru gehitu behar zaizkio, bretainea ikasgai gisa ikasten dihardutenak .
1999an, Frantziak hizkuntzen Europako gutuna sinatu zuen, horrek zilegitasuna eman zion bretaineari, bai eta Frantziako gaineko hizkuntza gutxituei ere, baina oraindik bide luzea egin beharko da, bretainea bizitzaren esparru guztietan sar dadin.

 
 
Karrikiri Elkartea. Xabier karrika 4 (Gazteluko plazaren ondoan). 31001. Iruñea. Tel.948 225 845. bulegoa@karrikiri.org