
|
Udako
afaria
Afari bat, joan den udan. Aspaldiko adiskideak,
bikote bi, bikoteetako baten bigarren etxebizitzan, baserri erreformatu
bat. Txuleta erreak, entsalada, Errioxako ardoa, Tolosako Gorrotxategi
gozodendako gutiziak. Batzuen eta besteen seme-alabak ohera joan dira
ETB1eko Dragoi Bola Z telesaila ikusi ondoren. Aletzen joan dira mintzagaiak:
EURIBORaren gorabeherak, Libanoko gerra, Rocío Juradoren heredentzia,
meniaren egoera –oso laburki–, Cars filma –guztiek
ikusi dutena, haurrekin batera–. Mikel hasi da, ustekabean, hurrengo
gaira eraman duen haritik tiraka.
–Grazia egin dit zure alabak lehen bota duena gaztelaniaz, super-heroien
panpinekin jolasten ari zirela: “Thor tiene muchos boteres”.
–Bai, kar, kar; Ataungoa dirudi -–esan du Xabik, neskaren
aitak.
–Bai, alabaren gaztelania flojo samarra dela esan zigun andereñoak,
ikasturte amaierako bileran -–gehitu du Amaiak, Xabiren emazteak.
–Tira, ez dago zertan arduratzerik; ikasiko du, hori gauza ziurra
da. Testuinguruak… –Xabik erantzun.
–Ni beste kontu batek kezkatzen nau, izan ere –sartu da
Pilar, Mikelen neskalaguna–. Fijatu zarete, ezta? Euskaratik gaztelaniara
pasatzen dira inolako arazorik gabe, kontzientziarik gabe. Natural.
–Eta gaztelaniatik euskarara, emakumea –dio Xabik–.
Ez dut uste problema denik.
–Zuenak oraindik gazteak dira –jarraitu du Pilarrek–,
baina gureak konturatu dira honezkero euskarak ez diela askorako balio,
etxetik eta ikasgelatik kanpo diot.
–Bai, kontu horretaz hitz egin dugu behin baino gehiago guk biok
-–gehitu du Mikelek.
–Eta arazoa da: zerk ziurtatzen digu etorkizunean euskarari eutsiko
diotela gure seme-alabek? –intsistitu du Pilarrek–. Ezertxok
ere ez, edo ia ezerk ez.
–Ba, neska, esan dizut inoiz, guri bezala gertatuko zaie, gutxi
gora-behera -–erantzun dio Mikelek–. Batzuek euskaraz egingo
dute, beste batzuek ez. Gogora ezazu zenbat euskara hitz egiten genuen
guk batxilergoan, klasetik kanpo esan nahi dut: tutik ere ez.
–Bai, eta gero, hor noizbait, koadrilan buelta eman genion asuntoari,
eta euskaraz hitz egiten hasi ginen –lagundu dio Xabik.
–Hala da, ados, baina zergatik? Zerk eraman gintuen bide hori
hartzera? -–bota die arrapostua Pilarrek–. Nik erantzungo
dizuet: abertzaletasunak.
–Bai eta zera ere. Ez dira nahastu behar politika eta...
–Bai, badakit zer pentsatzen duzuen -–jarraitu du Pilarrek-–,
eta funtsean ados nago zuekin: asko irakurri dugu, munduko biztanleak
gara, oso postmodernoak gara…
–Hasi gara betiko ironiekin… –saiatu da mozten Mikel.
–…eta, utzi segitzen, abertzaletasunean sinesteari utzi
genion uneren batean edo bestean. Batzuek lehenago eta beste batzuek
beranduago. Baina hor dago hori, hondar bat utzi du.
–Ez dakit nik ba.
–Ba ni ados nago Pilarrekin –parte hartu du Amaiak-–.
Are gehiago esango dizuet: gure seme-alabak giro postabertzale eta kosmopolita
horretan hazi ditugu, eta ez dute guk nolabait bizi izan genuen pizgarri
hori izango.
–Kontua muturrera eramanda -–ekin dio berriro ere Pilarrek–.
Euskararen irakaskuntza bermatuta dagoen gurea bezalako erkidego batean,
zeinetan administrazioa, hitzez bada ere, euskalduntze prozesuaren alde
baitago, euskara, gero eta gehiago, aukera bat da, eta hala ikusiko
dute gure seme-alabek. Eta, ondorioz, ezin jakin zein izango den haien
hautua. Eta hori da kezkatzen gaituena hain zuzen.
-–Joder, Pilar, eta orain esango didazu Nafarroan, alde horretatik,
hobeto daukatela familia euskaldunek: azken batean, bertako gobernua
euskararen aurka horren modu injustuan eta nabarmenean ari denez, han
badute “pizgarria”, ez dakidana zein puntutaraino izango
litzatekeen edo ez “abertzalea”, baina hautu hori finkatzen
lagundu diezaieketena, hurrengo belaunaldiei…
–Ba ez dizut ezetz esango, badaezpada…
–Edozein modutan, zertarako arduratu? –saiatu da Xabi–.
Egin dezatela nahi dutena, ezta? Guk gurea egin dugu, eta kito.
–Hori bai ez dizudala sinesten, Xabi- –erantzun dio Pilarrek–.
Ez dizu berdin. Eta hori inoiz abertzalea izan zarelako da.
–Zer proposatzen duzu, beraz? Independentismoa? Esentzia nazionaletara
itzultzea…?
–Ez, jakina ezetz: ez dugu jada parafernalia horretan sinesten;
azkeneko hogeita bost urteak ez dira debalde pasatu. Baina kontua da
ez daukagula errekanbiorik. Hori da esan nahi dudana.
Eta, isilune labur baten ondoren, gaiak aletzen jarraitu dute mahai-lagunek:
dopping-a Tourrean, Donostialdeko errausketa-planta, Madonnaren azkeneko
diskoa, Bob Dylanen kontzertua Zurriolan, Queer as folk teleasaila,
pentsio planen fisko-abantailak.
Iban Zaldua. Idazlea.
“Etorkizuna” bere azken lanarekin Euskadi saria jaso
du
|
Javier
Iarnoz
|
Iruñeko kartzelan euskarazko klaseak ematea
proposatu ziotenean, gutako hainbaten modura, Javier Iarnozek ezer gutxi
zekien bertako errealitateaz. Dagoeneko sei urte daramazki sarreratik
klaseak ematen dituen tokiraino dauden 9 ateak egunero igarotzen, baina,
baldintza gogorrak albo batera utziz, gustura dabil. Barrukoak oso esker
onekoak dira.
2001ean hasi zinen Iruñeko kartzelan euskarazko klaseak ematen,
ezta?
Bai, duela sei urte inguru hasi nintzen. Nafarroako Gobernutik deitu zidaten,
ikasturtea jada hasita zegoela, irakasleak alde egin behar izan zuelako
eta eskaintza egin zidaten. Oso interesgarria iruditu zitzaidan eta baietza
eman ondoren, kontratua egin zidaten. Azaroaren 20an hasi nintzen lanean.
Orduan, hasi zinenean, hogei bat ikasle zenituen. Zein da gaur egungo
egoera?
Hasieran egun erdiko lana eskaini zidaten eta hamar bat ordu sartzen nituen
gutxi gora behera. Bi talde besterik ez nuen, baina segituan ohartu nintzen
bi talde horien barrenean beste talde batzuk sortu behar zirela, maila
ezberdinak zirelako haien artean. Aurten lau talde egin dira. Izan ere,
kartzelan hiru modulu daude: gazteena, helduena eta emakumeena. Gazte
modulukoak helduen modulura pasatzen dira baimen berezi baten bidez eta
aurten hiru talde atera dira helduen modulutik eta beste bat emakumezkoenatik.
Dena den, kopuru aldakorra da, jendea sartu eta atera ibiltzen delako.
Egun 10 lagun dira hasierako mailan, bigarren mailan 2 ikasle –eskoletan
lehendik zer edo zer ikasi dutenak- eta goi mailan18 inguru edo. Kontuan
hartuta kartzelan dagoen preso kopurua 200ekoa dela, kopuru polita dela
esan dezakegu.
Zergatik hautatzen dute euskara ikastea?
Duela sei urte talderik handiena preso politikoena zen eta haiek motibazio
berezi batzuk zituzten, hizkuntza askoz gehiago menperatzen zuten. Gaurko
egunean bi preso politiko besterik ez dira eta gainontzekoen motibazioak
bestelakoak dira, oso ezberdinak. Norberak bere interesa du, baina kartzela
barruan egonda, denbora betetzea da haien ardura nagusietakoa. Euren burua
zerbaitetan izan behar dute okupatuta, bestenaz eguna oso luzea egiten
baitzaie. Hortaz aparte, dena den, badira preso zenbait seme-alabak euskaraz
ikasten dituztenak eta orain arte akaso ez dutenak aukerarik izan. Kartzelan
egonda, aukera probesten dute kanpoan egin ez dituzten hainbat gauza egiteko,
eta horien artean, euskara ikasi. Ez dute kanpoan dugun epe luzeko ikuspegirik.
Ze jatorria dute?
Denetik izaten da. Egun, esaterako, Kolonbiarrak ditut, portugaldarrak,
afrikarrak, bretoi bat, belgikar bat…
Kartzela barruan euskaraz hitz egiteko ohiturarik al dute?
Bai, batzuk saiatu egiten dira, sikiera dakiten gutxi hori erabiltzen,
eguneroko esaldiak; egun on, arratsalde on, gabon, e.a. Eta beste batzuk,
mailaren arabera, saiatu egiten dira patioan edo bestelako tokietan egiten
ere. Dena dela, arazo eta kontu pila bat dituzte barrenean eta ezin dira
horretan soilik zentratu.
Hizkuntzaz gain, euskal kultura ezagutzeko parada al dute? Lantzen
al duzue ezer? Interesik al dute?
Bai, klaseak ematerakoan saiatzen naiz gaiek euskal kulturarekin zerikusia
izatea, gaurkotasunarekin lotutakoak izan daitezela. Gainera, urtero saiatzen
gara hainbat ekintza osagarri prestatzen kanpoko jendea kartzelara ekarriz;
musika dela, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, eskultoreak eramanez, e.a.
Horien bidez, hizkuntza lantzeaz gain, saiatzen naiz irakurketa sustatzen,
kultur grina sortzen, ikuspegi orokorragoa ematen. Egia esateko, kanpotik
heldutako kontuak oso esker onez hartzen dituzte.
Kanpoan ere aritu zara irakasle lanetan. Ba al dago desberdintasun nabarmenik?
Pentsa daitekeen moduan, ez du deus ikustekorik, beste dimentsio bat da
kartzelan egotea oso egoera berezia baita. Hor dagoen jendea mota guztietakoa
da; batzuk jantziago daude kultur kontuetan eta beste batzuk, berriz,
larri dabiltza idatzi edo irakurtzeko, beraz taldeak oso desberdinak dira.
Kanpoan akaso uniformeagoa da. Ezin dira nahi adina talde sortu eta elkarrekin
egon behar dute, beraz ahalegin berezia egin behar izaten da oreka bat
lortzeko. Saiatzen naiz bi pertsona mota horientzako baliagarriak izanen
diren ariketak prestatzen, baina hainbatetan pixka bat mugatuta izaten
naiz material asko idatzizkoa delako soilik. Haien egoera pertsonalak
ere zerikusi handia du klaseen martxarekin. Izan ere batzutan gerta baitaiteke
norbait epaitegietara eramatea eta ondoren epaileak esandako zigorraren
zamarekin itzultzea edo, alderantziz, berri on bat, urteetan kartzelan
eman duen pertsonari, ateratzeko baimena ematea. Une txar eta onek eragina
izaten dute.
Klase hauekin aurrera jarraitzeko asmorik ba al dago?
Aurten saiatu ziren egun erdiko beste irakasle bat jartzen, baina azkenean
utzi egin dute esan dutelako ez dela beharrezkoa. Ez da horrela, baina
momentuz ez dute inor gehiago ekarri. |
Paraguai |
Paraguai eta guaraniera
Espainolak Paraguaira heldu zirenean guaraniak milioi eta erdi lagun
ziren. Bi mende beranduago 130.000 eskas ziren. Gaur egun 70.000 besterik
ez dira . Esklabotza onartzen ez zuen herri honek jesuiteen erredukzioneak
zirela medio Espainiako morrontza jasan izan zuen baina, hala ere, inoiz
ez zion bere herri nortasunari muzin egin. Gaur egun, hainbat herri
indigenak bezala, jarraitzen dute euren eskubideak aldarrikatzen.
Paraguai ez ezik , Bolivia ,Brasil , eta Argentinan ere aurkitu ahal
ditugu guarani komunitate txiki batzuk.
Talde indigena hau etnia batzuek osatzen dute, besteak beste, Tupi-Guarani
, Kaiwa ,Mbua ,Nandeva…
Guaraniera hizkuntzari dagokionez, 1992tik Paraguaiko hizkuntza ofíziala
da, Argentinako Corrientes probintzian ere errekonozituta dago, baina
ofizialtasunak ez du hizkuntzaren normalizazioa ekarri. Honen inguruan
datu batzuk emango ditugu .
Paraguaiko biztanleen %95 mestizoak dira; % 90ek badakite guaranieraz.
Horietarik %40 elebakarrak dira baina ez dute benetako botererik erabakigune
politiko , ekonomiko eta kulturaletan parte hartzeko. Askoren ustez,
etxeko hizkuntza da eta hortik kanpo gaztelaniak dauka nagusitasuna,
diglosiaren adibide ezin argiagorik.
Guaranieraren akademia sortzeak premia handia dauka, hizkuntzaren modernizatzea
, gaurkotzea eta bizitzaren arlo guztietan garatzea bideratuko duelako
.
Bitxia izan da politikari eta goiko kargudun asko hobeki moldatzen direla
guaranieraz gaztelaniaz baino. Hala ere gehienetan gaztelaniari ematen
diote lehentasuna.
Paraguaiko gizartea hasi da ohartzen guaranieraren balioaz eta bi dira
orain ikusten diren lehentasunak. Alde batetik konstituzioak onartzen
duena, hau da, guaranieraren ofizialtasuna garatzea eta bestetik hezkuntza
sistema propioa sortzea .
1994an egin ziren lehengo saiakerak guaranieraren hezkuntza eredua garatzeko.
6000 eskolatatik 118tan sartu zen, baina berehala jabetu ziren irakasleak,
ez baitziren sekula guaraniera hizkuntzan alfabetatuak izan, oso zaila
egiten zitzaiela guaranieraz irakastea . Arazoz arazo aurrera egin zuten.
1997an 400 eskolatan sartuta zegoen guaraniera eredua. Urte horretan
hezkuntza ministerioan aritzen zirenek euren kargua utzi zuten eta orain
hamarren bat eskolatan baino ez da irakasten. Horrez gain gaurko arduradunek
guaraniera estandarraren alde egin ordez, guarani- yopararen alde azaldu
dira. Yoparak gaztelaniazko mailegu asko hartzen ditu eta honek izugarrizko
mina egiten dio guaraniera hizkuntza berari.
Guaranieraren drama da pobreen hizkuntza dela. Paraguain oso zabalduta
daude Espainiako kolonizazioak utzitako konplexuak, hots, gaztelaniarekiko
menpekotasuna . Guaraniera normalizatuko den heinean konplexu horiek
gaindituko dira eta Paraguaiko herria, indigenak, mestizoak …libreagoak
izango dira.
|