
|
Udaran
maita nazazu gutxiago…
Kontsumorako gizarteak espazio eta denbora
guztiak era homogeneoan moldatzera jotzen ditu eta, bere modura ere,
urteroko zikloak erritualizatzen ditu. Garai honetan, aspertu arte entzuten
eta irakurtzen dugu, uda gozatzeko sasoia dela- beraz,urtean zehar zer
egingo dugu?-, atsedena hartzeko momentua dela- bitartean, ez al dugu
horretarako zilegitasunik?-, edo eta “deskonektatzeko” garaia
dela- harrien pareko garun aktibitatea eduki arte?- eta horrelakoak.
Udan ere, jakina, dibertitzen saiatuko gara, zorionez lanak egingo ditugu
eta, lasaiago agian, hausnartzeko denbora hartuko dugu. Euskalgintzaz,
adibidez.
Gure artean jasaten ditugun miseriak eta arazoak kanpoko eragileei leporatzeko
joera dugu. Tentaldiak bere oinarri historiko ukaezinak ditu. Atzo goizekoak
dira errepresio eta mesprezu publiko eta pribatuak. Luze, sakon eta
bortitzak izan dira euskaldunok gure gain eduki ditugun mugak. Hiztun
komunitatean oso barneratuak ditugu sentipen mingarriak, hizkuntzarekiko
estima urria, gaurkotasun faltaren zauria, eremu fisikoaren txikitasuna,
funtzionaltasun urria…
Azken urteetan lan izugarria egin da haur eta gazteengan ezagutza zabaltzeko
eta guztiengan erabilera handitzeko, baina egoerak ez gaitu asetzen.
Gaur, inoiz baino garbiago agian, gu gara gertatzen denaren erantzule.
Kanpora begira jarri eta horri edo hari ardurak zintzilikatzea kontzientzia
lasaigarri edo ideia berrien faltaren adierazle izan daiteke, baina
aurrera egiteko ez du balio.
Iruñean euskal musika saioetara, zergatik biltzen da hain entzule
gutxi? Euskarazko antzerkietara, heldu edo gazteentzat berdin, leihatilatik
pasatzen den publiko kopurua, zergatik da murritza? Jatorriz euskaraz
idatziak diren liburuak, edo euskarara itzulirik direnak, zenbat saldu
eta irakurtzen dira? Eta euskarazko aldizkari edo komikiek, zer dela
eta dute salmenta makala? Eroso eta egoki erosteko aukera edukita, zertan
laguntzen ditugu merkatari euskaldunak? Belaunaldi gazteetako pertsona
askok euskarazko heziketa eduki dute , zer egiten dute eguneroko bizitzan
euskaraz? Behar profesionaletarako ikasi eta euskarazko titulazioak
lortu dituzten beste askok, nola jokatzen dute lanetik kanpo? Euskalgintzako
proiektu txiki eta interesgarri zenbaiti, babesa emateko gauza izaten
al gara?
Hizkuntza, edozein, tresnen kutxa bezalakoa da. Erabilgarria, praktikoa
delako du zentzua. Bestela museoetako apaletan gordetzeko arrasto zaharra,
miragarria, ederra da, besterik gabe. Udaran ere gure eguneroko bizitzan
egiten ditugunak hausnartzeko eta euskararen erabilpenaren aldera jotzeko
denbora izan daiteke. Gure buruarekin konpromiso txikiak hartzeko garaia.
Lagunekin ohitura berriak sortzeko tartea.
Aspaldikoa da esaldi ospetsua: maita nazazu gutxiago eta erabil nazazu
gehiago. |
Sergio
Barandiaran
|
Sakabanatutako euskaldunak elkartu eta euskararen
erabilera sustatzeko toki bat zabaldu asmoz sortu zen duela 25 urte
Zaldiko Maldiko elkartea. Ibilbide oparo horretan eginiko lanari esker,
erreferentzia bilakatu da Iruñerrian eta berriki Euskalerria
irratiak banatzen duen Larreko saria jaso du horregatik. Sergio Barandiaran
elkarteko kidearekin horretaz guztiaz hitz egiteko aukera izan dugu
eta, bidez batez, gainean ditugun sanferminetan Ansoleaga karrikako
egoitzatik pasatzeko gonbitea egin digu.
Zaldiko Maldiko elkarteak 25 urte bete ditu. Zer moduzko ibilbidea
izan da? Balantzea egiteko tenorea heldu al zaizue?
Beno, bai. Uste dut une egokia dela. Nire ustez, gorabeherak izan diren
arren, balantzea oso ona egin dezakegula iruditzen zait. Urte hauetan
guztietan Zaldiko Maldiko hortxe mantendu da lanean , jende asko pasatu
da eta oraindik ere jo eta ke tinko jarraitzen dugu.
Gure bazkideei esker, elkarteak bideratzen dituen ekimenak aurrera ateratzeko
sostengu ekonomikoa bermatuta izan dugu hasieratik eta, bestalde, bideratu
ditugun ekitaldietan ere parte hartzea oparoa izan da haien laguntzaz.
Zer xederekin sortu zen elkartea garai hartan?
Ni hasierako garaietan ibili ez banintzen ere, uste dut orokorrean egungo
asmoak edo helburuak berdinak direla; garai horietan euskal txoko baten
beharra ikusi zuten elkartearen sortzaileek, euskaraz bizi ahal izateko
aukera emanen ziena, euskaldunentzat egina eta kultur ekitaldiak egiteko
parada eskainiko ziena. Orain ere helburu berberak dira. Egun gizartea
dexente aldatu baldin bada ere, hutsune handiak daude oraindik ere eta
lan asko egin behar da.
Urte hauetan guztietan Zaldiko Maldiko Iruñerriko euskaldunentzat
erreferentzia bilakatu dela esan dezakegu, ezta?
25 urte hauetan pentsatzen dut hainbat euskaldunentzat erreferentzia
bilakatu izan garela, baina zorionez ez gara bakarrak, gure ondotik
hainbat elkarte sortu delako bai Iruñerrian baita inguruko herrietan
ere bai. Guk gure ereduarekin jarraitzen dugu, alde zaharrean kokatuta
eta horri eusten diogu oraindik ere. Kultur programazioari hasieratik
eman diozue garrantzi handia eta egun ere horrelaxe egiten duzue.
Sorreratik garbi ikusi zen ekitaldi kulturalak egin behar zirela eta
gaur egun martxa horretan jarraitzen dugu, hilero edo hamabostean behin
ekitaldiren bat antolatuz. Horixe izan da Zaldiko Maldikoren apostu
bereziena. Esan bezala, gizartea aldatu egin da eta baliteke formulazio
berriak planteatzen joatea hemendik aitzina, baina hori ikusi beharreko
zerbait izanen da. Momentuz gure ohiko ekitaldiekin jarraitzeko asmoa
dugu; hitzaldiak, kantaldiak, aurkezpenak, proiekzioak, ikastaroak,
txistor-jana Santo Tomas egunean, Santa Ageda eguneko ospakizunak, Zaldikok
banatzen dituen sarien (Urrezko Lamien Orrazia eta Asto Masto) hautaketa
afariak, mus txapelketak, Irakurtzen Libertitzen gara ekimena e.a.
Berriki Euskalerria irratiak emandako Larreko saria jaso duzue. Zer
moduz?
Egia esan oso pozik gaude. Saria egun lan taldean ari garenok hartu
dugu, baina garbi dago 25 urte hauetan jende mordo bat aritu dela bertan
eta horientzat guztientzat ere badela. Oso gustura egon ginen Euskalerria
irratiak antolatutako afarian eta ilusio handia egin zigun.
Afarian bertan elkartearen presidenteak gutxienez beste 25 urte
gehiago betetzeko asmoa duzuela esan zuen. Zeintzuk dira etorkizunera
begira planteatzen dituzuen erronkak?
Gaur egun arte mantendu diren ekitaldi kultural horiekin jarraitzea
gustatuko litzaiguke eta, bestalde, nire ustez interesgarria litzateke
garai berrietara moldatzen jakitea. Horretarako azken urteotan Iruñerrian
sortu diren beste elkarte eta talde horiekin elkarlana bultzatzeari
ezinbestekoa deritzot, guztion artean indar handiagorekin aurrera jarraitzeko.
Sanferminak gainean ditugu eta berriro ere Zaldiko Maldikok bere ateak
zabalduko ditu festetan ere euskaraz bizitzeko aukera eskainiz.
Azkeneko zortzi urte hauetan egin izan dugun moduan, Arturo Campion
euskaltegiarekin dugun akordioari esker, eurek arituko dira bertan lanean
Iruñerritik zein kanpotik etortzen diren lagun guztiei egunero
euskal giroko harrera egiten. Bestalde, urtero Zaldiko Maldikok eta
Karrikirik antolatzen dituzten bi bazkariak eginen dira. Beraz, badakizue,
hurbildu Ansoleaga karrikako gure egoitzara ateak zabalik izanen direlako. |
Boskimanoak |
Boskimanoak ez dira herri edo
etnia bat. 20 talde etnikok osatzen dute giza talde hau. Tribu edo talde
hauek ez dute izen komunik; boskimano, san, basarwa eta beste izen batzuekin
deitzen zaie baina ez dira haiek aukeratutako izenak. Izen hauek guztiak
arrazistak eta zentzu txarrekoak dira. Dena den, mendebaldeko kulturan
erabat onartua dago boskimano izena eta, beraz, guk ere izen hori erabiliko
dugu tribu multzo honetaz hitz egiten dugunean.
Boskimanoak Afrikako biztanle zaharrenetarikoak dira. 20.000 urte baino
gehiago daramatzate Hego Afrikan bizitzen. Duela 1.500 urte bantu tribuak
sartu ziren haien lurraldeetan eta horrela hasi ziren boskimanoen bazterketa
eta arazoak. Azken 200 urtetan, zuriak ailegatu zirenetik, haien arazoak
areagotu ziren. Ikaragarrizko genozidioa jasan zuten eta milioika batzuk
izatetik 100.000 lagun izatera pasatu ziren.
Gaur egun Botswanan, Namibian eta Hego Afrikan (honetan gutxi batzuk
bakarrik) bizi dira baina boskimanoak toki batekoak izatekotan, Kalahari
basamortukoak dira.
Betidanik han aurkitu dituzte ehiza, fruituak, tuberkuluak,
landare-sustraiak eta bizitzeko guztia. Herri transhumante honek erakutsi
du gai izan dela ura, janaria eta bizimodu duina basamortutik ateratzeko,
inor baino hobeki egokitu direla natura-baldintzetara. Duela gutxi Kalaharin
harri bitxiak (diamanteak) aurkitu dituzte eta horrek arazo berriak
ekarri dizkie, Bostwanako gobernuak aberastasun hori bereganatu eta
ustiatu nahi du eta, diru iturri bihurtzeko. Gana (g//ana) eta gwi (g/wi)
tribuak jasaten ari dira jazarpen eta arazo handienak: leku aldaketa
behartuak, atxiloketak, torturak, ur putzuen suntsiketa....
Boskimanoek hizkuntza desberdinak dituzte, denak Khoisan familiakoak.
Haien izenak eta hitzak oso zailak dira transkribatzeko, fonemak eta
kraskak tartekatzen dituztelako. Idaztean ¡ º / eta horrelako
ikurrak erabiltzen dituzte baina, hala ere, ez da erraza ongi transkribatzea.
Afrikako hizkuntza autoktono gehienek, bai eta Khoisan multzokoek ere,
bi presio mota dituzte. Batetik, Afrikako hizkuntza handienena (swahili,
kikuyera, wolofera, yonbera eta tswanera, azken hau Bostwanako hizkuntza
ofiziala). Bestetik, hizkuntza europarren presioa. Kolonialismoa ez
baita bakarrik ekonomikoa izan. Bostwanako bigarren hizkuntza ofiziala
ingelesa da eta gainerako hizkuntzek ez dute inolako legezko bermerik.
Hego Afrikan boskimanoek euren eskubideak bermatuak dituzte baina salbuespena
baino ez da. |