
|
Euskaldun
ameslariak
Karrikiri euskaldun ameslari batzuen elkartea
da. Sortu zenean, orain bederatzi urte, Iruñean bizi ziren hainbat
euskaltzalek bat egin zuten euskaraz bizi nahi zutelako. Gurean euskaldunen
komunitatea txikia zen kopuruz, geografikoki sakabanatua, elkarren artean
ezezaguna eta eremu publikoan islarik ez zuena .
Egoera horrelakoa izanik, amets egin zuten erosketak euskaraz egingo
zituztela, pisukide euskaldunekin partekatuko zutela egunerokoa, taberna
eta jatetxeetan lagun eta langile euskaldunekin arituko zirela, euskara
ikasten ari direnentzat tutoreen sarea osatuko zela, soziolinguistikaz
ikasteko aukera berezia irekiko zela, lana euskaraz egiteko poltsa berezia
martxan jarriko zela, behar zuten dentista edo arkitektoarekin euskaraz
solastuko zirela edo kalea alai eta kantari beteko zutela beste euskaldun
askoren laguntzarekin. Amestu zuten Iruñean euskaldun izatea
ez zela amets hutsa, benetan gozatzeko ametsa baizik.
Handik hona Karrikiriko ameslarien lana ez da txikia izan. Jarduera
eta ekimen ugari bultzatu dituzte, batzuetan beraien kemen hutsarekin;
askotan Iruñerriko beste zenbait ameslari bidelagun eduki dituzte.
Bakarrik edo konpainiarekin aritu denean, Karrikirik protagonismoa saihestu
du euskaldunen zerbitzurako jaio zela gogoratuz, garbi eduki du joera
positiboz bultzatu behar duela euskalgintza eta bere independentzia-
baita ekonomikoa ere- ezinbestekoa duela morrontzarik gabe aske aritzeko.
Lanaren tamaina handia izan da bertan aritu diren ameslarien kopuruari
erreparatuz. Nekez sor daiteke gehiago kontuan hartuz izandako bi baldintza
nagusien jokaera: euskaldunen inplikazioa eta administrazioen jarrera.
Karrikiriren ameslariek, beste zulo askotako ameslariek egin duten moduan,
posible egin dute euskaldunentzat normalak egiten zaizkigun errutina
txiki asko. Zerrendatzen hasita…. makina bat aterako zaizkigu.
Ametsak lan tresnen kutxa bezalakoa behar du izan: dagoena hobetzean
hartzen du bere zentzua. Karrikiriren ametsak Iruñean diren euskaldunen
bizitza hobetzen duelako balio du. Datozen urteetarako amets berriak
behar ditugu hobetzen jarraitzeko eta zuek ere gurekin ameslari. |
Silvia
Alonso
|
Karrika aldizkaria bere 100. alea
argitaratzen ari den honetan, Silbia Alonso, Karrikiri taldean aritutako
lehenengo idazkariari elkarrizketatxoa egitea otu zaigu taldea nola
sortu zen eta urte hauetan guztietan izan duen ibilbideaz solasteko.
Karrikiri elkartea sortu bezain laster taldean sartu zinen.
Zer dela eta? Zer moduzko esperientzia izan zen?
Karrikiri elkartea sortu baino lehen beste euskara elkarte batean aritu
nintzen lanean, baita Antsoaingo euskara patronatuan ere. Dena den,
ene ustez Karrikirin sartzea erabaki nuenean, martxan jartzen ari zen
lan egiteko modu edo dinamika berri horrek erakarri ninduen gehien.
Ordurarte hainbat taldetan jorratutako lan molde bat amaitu eta beste
bati hasiera ematen ari zitzaiola iruditu zitzaidan; “filosofia
freskoagoa”, emankorragoa, dibertigarriagoa, eraginkorragoa ...
ordura arte nik egindako lanarekin alderatuta, askoz interesgarriagoa
zela pentsatu nuen. Hori guztia kontuan hartuta, nire esperientzia ezin
hobea izan zela bistan da.
Zeu izan zinen Karrikiriko lehenengo idazkaria? Nolakoak izan
ziren hasierako urte haiek?
Taldea sortu zenetik, garbi izan genuen gure diru-iturri propioak izatea
oso inportantea zela eta Iruñean lokal bat izatea ezinbestekoa
zela. Argi zegoen ere lokala erdigunean erosi egin behar genuela eta
bertan bulegoa kokatu Iruñerriko euskaldunei bertatik bertara
hainbat zerbitzu eman ahal izateko. Toki bat bilatzen hasi ginen eta
Xabier karrikako egoitza ikusi bezain pronto, ikaragarri gustatu zitzaigun.
Kalera begira ez bazegoen ere, abantaila asko ikusi genizkion eta erabakia
berehala hartu genuen. Handik gutxira, hainbat jenderen laguntza eskuzabalari
esker bulegoa erosteko aukera izan genuen (eskerrik asko bihotzez guztiei!!!).
Lokalak behar zituen konponketak denon artean egin genituen, auzolanean,
eta dena txukun eta prest utzi bezain laster, 1997ko otsailaren 14an,
inagurazio festa egin genuen. Ni aritu nintzen idazkari lanetan eta
esperientzia polita izan zela esan dezaket.
Taldea sortu zenerako hainbat bilera egin ziren Karrikiri nolakoa izanen
zen zehazteko eta 1997tik aitzina pentsatutako proiektuak bideratzen
hasi ginen. Ilusio handia bizi izan genuen eta gehientsuenak, ni kenduta,
beste lan batzuetan ari baldin baziren ere, ordu dexente ematen genituen
esku artean genituen egitasmo guztiak aurrera ateratzeko. Piskanaka
jende berria hurbiltzen hasi zen eta lan dinamika berriari heldu genion
euskaraz bizitzeko nahi horri heldu nahian.
Urteek aurrera egin ahala, hainbat gauza aldatu, jende berria hurbildu
eta egitasmo berriak sortu dira. Badirudi Karrikiri ezagun egin dela
Iruñerriko jendartean.
Bai, egia esan aldaketa mordoa izan dira orduz geroztik. Garai hartan
jende gutxi hurbiltzen zen guregana eta gaur egun, aldiz, lagun andana
hurreratzen zaigu. Nire lanari dagokionez, esaterako, ni dena “a
redondilla” (eskuz) egiten nuen eta egun Ainhoari eskuz idaztea
ahaztu egin zaio kasik. Garai haietan jada 100. zenbakia duen Karrika
aldizkari honen 350 ale banatzen genituen Iruñerriko etxeetara
eta orain milaka ale argitaratzen ditugu. Gogoan dut, bestalde, urte
haietan hurbiltzen zen jende gehienak batez ere bi gauza eskatzen zituela;
erregistroan abizenak eta izenak euskaraz jartzeko nola egin behar zuen
eta Karrika aldizkaria jasotzeko zer egin behar zuen. Une honetan pisukide
zerbitzua, establezimendu euskaldunen sarea, lan poltsa, autokideak,
itzulpengintza, Karrika gurea da eta beste hainbat egitasmo bideratzen
ditugu. Hainbat oztopo aurkitu ditugu, baina gure bidea egiten jarraitu
dugu. Badirudi azken urteotan “ospe” handiagoa edo ezagunagoak
garela eta gure zerbitzuak ere eraginkorragoak direla. Badakigu oraindik
ere hainbat lan dugula egiteke, baina aurrera goaz.
Hasieratik harpidedunek eta hurbileko hainbat jendek emandako
babesa eta sostengua ezinbestekoa izan da aurrera atera ditugun proiektuak
bideratzeko, ezta?
Bai, egia esan, pertsona horien guztien laguntza azpimarratzekoa da
zinez. Izan ere, haiei esker bideratzen ahal izan baitira dagoeneko
martxan ditugun ekimenak edo buruan bueltaka ditugunak. Sinestu izan
dute Karrikirirengan eta hortxe egon dira gure alboan hasieratik. Beste
batzuk bide erdian batu zaizkigu eta aurrerantzean gehiago hurbiltzea
ere gustatuko litzaiguke. Ez bakarrik diru ekarpen eskerga hori eskaintzeko,
baizik eta egunerokotasunean gurekin lanean aritzeko, proiektu berriak
bideratzeko, guztion artean euskaraz bizitzeko dugun gogo hori egunero
gauzatzen joateko. Horretarako gure bulegora hurbiltzea besterik ez
dute egin behar, Xabier karrikako 4.enera, Karrikiriko dendara. Egun
idazkari lanetan dabilen Ainhoa Karrikirikideak bideratzen ditugun proiektuez
hitz egin eta nola parte hartu azalduko die. Ez izan lotsarik eta hurbildu!!
|
Romá
herria |
"Hurbilean
ditugun ezezagunak"
Egiptoarrak, kinkariak, kauterak, buhameak… izen horiek jarri
zaizkie ijitoei. Gure gizarte barruan aspalditik bizi den talde etnikoa,
gure auzokideak dira baina, zer dakigu haien kulturaz, hizkuntzaz, historiaz
eta arazoez, topikoz haratago? Ezer ez.
Mendeetan pentsatu eta onartu da Egiptotik etorriak zirela, euren izena
hortik dator, Egipto denboraren poderioz ijito bilakatu zen. Hala ere,
jatorria bestelakoa da: azken azterketa linguistikoek argitu dute Indiatik
emigratutako talde etnikoa dela, Indukus edo Ganges ibaien ertzetako
Punjad ingurutik hain zuzen ere. Duela mila urte inguru Indiatik abiatu
ziren, ez dago batere argi zerk bultzatu zituen emigratzera, jazarpen
erlijioso-politikoak, pobreziak, goseak? Ez dago jakiterik, baina Asian
eta Europan barreiatu ziren, penintsula eta Erresuma Batutik salto egin
zuten Ameriketara eta gaur egun kontinente horretan aurki ditzakegu.
Penintsulara XV. mendearen hasieran ailegatu ziren, garai hartako agintariek
erromestzat hartu zituzten eta, hortaz, baimena eman zieten euren erreinuetan
barna ibiltzeko. Mende erdi baino gutxiago iraun zuen egoera baketsu
hark. Euskal Herriko, Gaztelako eta Aragoiko jauntxoak ohartu baitziren
euren kontroletik kanpo bizi zirela, ez zutela zergarik ordaintzen,
beren legeak bete ditzaten modurik ez zegoela.
Hereje katolikoek zabaldutako erlijio, kultura eta hizkuntzarekin homogeneizatzeak
ondorio latzak izan zituen, baina ekintza bortitzena Fernando VI.aren
eskuetatik jasan zuten. 9.000 eta 1.200 pertsona artean atxilotu zituzten,
ijito izate hutsagatik. Karlos III.ak malgutu zuen egoera haien herritasuna
onartuz. Hortik aurrera agintarien joera asimilazioaren aldekoa izan
da, ijitoren kultura eta hizkuntza kontuan hartu gabe.
1971n Roman Herriaren Nazioarteko Biltzarra izan zen Londresen. Han
Roma mugaz gaindiko herri gisa eratu eta autodeterminazio libreko eskubidea
aldarrikatu zen. Bilkura hark haize berria eman zion roma herriari,
arazoek diraute baina ijitoen elkarteen lanaren ondorioz aurrerapausoak
egin dira osasun, hezkuntzan, lan eta beste hainbat alorretan.
Erromantxera romá herriaren hizkuntza eta talde nortasunaren
funtseko elementua da. Hizkuntza indoeuropar horrek sanskritoa du jatorri.
Erromantxeraren egoera oso kezkagarria da, Espainiako estatuan galdutzat
jo dezakegu. Kalo hizkuntza gaztelaniarekin harremanetan izan diren
ijitoen hizkuntza da, romanoren dialektoa, baina gaztelaniaren eraginaz
aspalditik pagodizazio prozesuan sartuta dago, beraz esan daiteke pagodailektoa
dela, alegia, jatorria erromantxeran duen hitz eta esamolde multzoa.
Erromantxera hizkuntz agrafoa izan zen 1990 arte, ijitoen alfabetoa
eta erromantxera estandarra onartu ziren arte. Gaur egun 12 eta 15 milioi
arteko hiztun daude munduan, Nafarroan Gaz Kalok izeneko kultur elkarteak
bere gain hartu du ardura romano-kalo hizkuntza berreskuratzeko.
Euskal Herrian ijitoen presentzia aspaldikoa da, hori dela kausa, hemen
erromintxela dialektoa sortu zen, euskara eta erromantxeraren arteko
dialektoa.
Hona hemen adibide batzuk:
|