
|
Entxufea
dela eta ez dela
Nafarroako Gobernuak bazterrean utzi du
Euskalerria Irratia teknologia juridikoa eta iluntasun administratiboa
erabiliz. Ezin zen besterik espero, batzuen iritziz, eta aurreneko urrats
beltzak gainditu ditu, besteen ustean. Erabakiaren egileak, ematen duenez,
egindakoaren alde agertu dira. Gainerako guztientzat eskandalagarria
izan da.
Gaiak hari asko ditu eta bi hauek, bederen, Iruñerriko euskal
komunitatekooi dagozkigu: komunikabidea da auzian dagoena eta euskaraz
lan egiten du. Dagoeneko Euskalerria Irratia jardunbide luzea eginikoa
da eta aski erakutsi du pentsamenduaren askatasunarekiko engaiamendua
eta euskara bizia eta bizigarria izateko ahalegin txalogarria.
Spengler pentsalariak zioen demokraziak liburuen ordez komunikabideak
ezarri dituela eta, gauzak horrela, herritarrak goizero burdinazko uztarri
berean lotu eta aukera eta kritikak desagertzen direla. Eta jarraitzen
zuen komunikabideen jabeek piztiak bideratzeko hezitzailerik bikainenak
direla esanez. Nahikoa omen dute erabiltzailea askatzea, horrek kalez
kale irakurri/esan/erakutsi zaion ideiaren alde bortizki joko duela
jakinki.
Euskalerria Irratiak ez du esandako morrontza ideologikoan aritzeko
biderik eman. Zabaltzen dituen hitzak askotarikoak dira, euskaldunen
munduetan diren adina. Hitz kontrajarriak entzuteko aukera bilatu du,
elkarri kritika zorrotzak egiteko denbora sortu du eta ulertzeko bideak
zabaldu ditu. Lurralde honetan diren komunikabide gutxik erakutsi dezakete
ibilbide irekia eta anitza Euskalerria Irratiak erakusten duen bezala.
Bestalde, Iruñerrian sortu eta egunero bertako euskaldunentzat
propio den komunikabide bakarra erreferente bihurtu da euskal komunitatean.
Eremu geografiko zabal eta esanahitsua da hiriburuaren gerrian dagoena
eta hor garen euskaldunak, kopuruz asko izanik, sakabanatuak bizi gara.
Beraientzat, guretzat, gizarteak sortzen dituen berriak euskaraz jasotzeko,
solasean jarduteko, denbora-pasa atsegina izateko, bertako eta kanpoko
musikez gozatzeko, kirol alorrean gertatzen dena ezagutzeko edo publizitatea
entzuteko tresna bakarra da.
Euskalerria Irratiko kideek, urtez urte, euskaldunen komunitatea lotzen
lagundu dute, harremanak sortuz eta sendotuz, lehen ez ziren sareak
trinkoki eraikiz. Ezagutzen ez genuena bideratu du sarritan, bagenekiena
zabaltzeko bere oihartzuna eskaini digu, pertsona nahiz talde askoren
pozak eta tristurak debalde hedatu ditu, historia eta istorio zaharrak
aurkeztu dizkigu baina gaurkotasunaren pasioa komunikatzeko interesa
gugan mantenduz.
Goizean edo iluntzean irratia piztu eta bere inguruan sortzen den eremu
magikoan normalak egin zaizkigu euskararen doinuak kafea dastatzen dugun
bitartean, etxeko lanekin borrokan ari garela edo bazkalondoan. Normala
egin zaigu euskaraz askatasuna sentitzea, ziri irribarretsuaz gozatzea
eta xamurtasunaren txokoan gure burua sentitzea.
Entxufearekin arazo handiak ditugu. Entxuferik gabe, zertarako gezurra
esan, hola ere arazoak ditugu. Iruñerriko euskaldunentzat antena
emankorra den Euskalerria Irratiak guztion laguntza beharko du ohiko
normaltasunari bere horretan eusteko. |
Aitzpea
Goenaga
|
Antzerki eta telebista munduan
aktore, gidoilari eta zuzendari aritu ondoren, berriki “Zeru horiek”
telebistarako bere lehenengo film luzea aurkeztu du Miarritzeko FIPA
Nazioarteko Jaialdian. Jasotako harreraz eta Euskal Herriko ikus-entzunezkoen
munduaren egoeraz solastatu gara Aitzpea Goenagarekin.
Zure lehenengo film luzea egiteko 1995ean Bernardo Atxagak
idatziriko “Zeru horiek” liburua hautatu duzu. Zer moduzko
esperientzia izan da?
Produktora batek TVEri eginiko eskaintza izan zen eta niri Bernardo
Atxagaren liburua egokitzea eskaini zidaten. Aspaldi irakurrita nuen
eta oso gustukoa nuen nobela zen. Lan itzela izan da, baina niretako
oso esperientzia interesgarria. Bernardok asko animatu nau eta oso eskuzabal
portatu da. Ulertzen du egokitzapen lana zer den eta askatasun handia
eman dit.
Estreinaldia iaz egin zen Miarritzeko FIPA Nazioarteko Jaialdian.
Zer moduzko harrera izan zuen? Noiz ikusi ahal izanen dugu telebistan?
Oso harrera ona izan zuen Miarritzen, baita gainontzeko tokietan ere.
Jende asko hurbildu zen eta prentsak ere oso ongi hartu du. Hainbat
produktorek ikusi zuten eta, ondoren, Malagako zinemaldian eta Donostiako
Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zen.
Horietan jendeak ikusteko parada izan du, baina telebistan noiz jarriko
duten ez dakit. Lehenbailehen jarri nahi zutela esan zidaten, su etena
zela eta, baina ez dakit noiz izanen den.
Ezohikoa den arren, grabazioa erabat euskaraz egitearen alde
egin zenuen. Zer moduz moldatu zineten?
Erronka handia izan da. Nik espero baino zailagoa. Teknikari katalanak
izanik, halako irla moduko bat sortzen zen askotan eurek zertaz ari
ginen ez zekitelako. Jende askorekin eztabaidatu behar izan dut, biziki
eztabaidatu ere, nire hizkuntza aukera ulertzen ez zutelako. Zaila egin
zait ulertzea euskal giroko jendeak nola ez duen aukera hori ikusten.
Buelta asko eman nizkion buruari erabakia hartu baino lehen. Nire argudioetariko
bat nobela euskaraz izatea izan zen. Gainera, TVEk eta TV3ek ekoitzita
eta euskaraz grabatzeko aukera emanik, nola hasiko nintzen zalantzak
izaten hizkuntza batean edo bestean egiteko!? Haiek garbi zuten euskaraz
egin behar zela eta nik ere garbi ikusi nuen.
Bitxia da proiektu honen atzean TVE egotea. Aurrerantzean, gainera,
beste bi euskal idazleren (Ramon Saizarbitoria eta Anjel Lertxundi)
lanetan oinarritutako filmak egiteko asmoa omen du. Zer deritzozu? Non
gelditzen da bertako hedabide edo erakundeen sustapen lana?
Logikoena litzateke –baina herri hau ez da batere logikoa–
TVEk ETBrekin batera ekoiztea. Hau ez da horrela gertatu eta ez dakit
zeintzuk izan diren arrazoiak, ezta jakin nahi ere. Gauza bat garbi
dago, pelikula hau euskaraz Euskal Herriko inolako zentimorik gabe egin
dugula. Esan genezake produkzio espainol eta katalana dela, azken finean
dirua haiek jarri baitute. Euskal Herriari dagokionez, euskal autorea
dugu, euskaraz filmatu da eta aktore gehienak euskaldunak dira. Hori
ikusita, egoera hau ez da normala. Gogorra da. Garbi dago euskaraz ez
dela behar adina ekoizten.
Aupa Etxebeste, Obaba, Zeru horiek, eta laster Kutsidazu bidea Ixabel
filma ikusteko parada izanen dugu. Zer edo zer mugitzen ari al da euskal
zinemagintzan?
Urtebetean edo bi urtetan bizpahiru produkzio egiten dira eta badirudi
gauzak ongi doazela eta ez da inolaz ere horrela. Hamabost urtetan ez
da deus egin. Badirudi orain gauzak estutzen ari direla eta erreakzioren
bat ikusten ari dela, baina ikus-entzunezkoari ez zaio inolako jaramonik
egiten. Bestalde, gu nahiko konformista gara. Gehiago protestatu beharko
genuke. Garai batean industria bat sortu zen eta oso gauza interesgarriak
egiten ziren, baina pikutara joan eta jende askok Madrilera alde egin
zuen.
Bestalde, Aupa Etxebeste filma, esaterako, Canal + kateak dirua jarri
zuelako atera zen aurrera eta, beraz, berriro bueltatzen gara kanpoko
finantziazioaren aferara. Datuak badaude TVEk edo Ministerioak hemengo
erakundeek baino askoz ere diru gehiago jartzen dutela esateko. Erabaki
politikoak dira. Industria txiki bat beharko genuke eta telebistak eta
Eusko Jaurlaritzak elkarrekin ekoitzi beharko lituzkete proiektuak.
Nola ikusten duzu Euskal Herriko antzerkigintza eta zinemagintzaren
panorama? Eta etorkizunari begira?
Panorama ona da, baldin eta protestatzen badugu dauden hutsuneak salatuz
eta horiek zuzentzeko bidea markatuz. Etorkizunari dagokionez, oso profesional
onak dauden neurrian, eta egiten ari den proiektu partikular mordoa
kontuan hartuta, oso mugimendu bizia dela esanen nuke. Hori bideratzeko
modurik ez dago, hori hola da, baina jendea bizirik dago.
|
Bretainia |
Frantziako estatuan estatu gabeko beste hainbat herriren
artean dugu Bretainia. Bertan mintzatzen den bretoiera hizkuntza zelta
da, adar britanikoa, gales eta kornikoarekin batera. 300.000 lagunen
mintzaira honek historia eta ezaugarri bereziak ditu. Hizkuntza indoeuropar
izaki, Europako ekialdean aurkituko dugu sorburua, k.a. 2. milurtekoan
hedatu zen zibilizazioan, zeltan alegia. Emeki-emeki mendebaldeko Europan
sartu ziren erromanizazioa garatu aurretik eta Irlandaraino hedatu ziren.
Hor kokatu behar da Bretainiako galoen hizkuntza (Asterix eta Obelixena),
erromanizazioaren eraginez ia galdu zena. Bretoiek (bai kontinentekoak
bai irleetan bizi zirenak; hortik datoz Bretainia eta Bretainia Handia
izenak) aurre egin zieten erromatarrei baina, dakigunez, galdu egin
zuten. Ordurako Bretainiako biztanleen portzentaje handi bat ihes egina
zegoen irleetara (egun Gales eta Kornualles dena) bertakoek hizkuntza
bera erabiltzen zutelakoz, eta herrian zeudelakoan. Gero, IV. mendean,
berriz ere iparraldetik zetozen presioei ihesean (pikto eta bikingoena)
itzuli ziren Bretainia Armorikanara, eta bertakoekin nahastu. Garai
hartan bretoierak eta galesak elkar ulertzen zuten eta gauza anitz egiten
zuten elkarrekin. Gero, ongi dakigunez, frankoek alde batetik eta saxonek
beste aldetik berenganatu zituzten egun Frantzia eta Ingalaterra direnak
hurrenez hurren, bi aldeen arteko lotura zaildu eta moztea ekarri zuena
betirako. Egun bretoiera eta galesa ez dira elkar ulergarriak.
Erdi Aroan bretoiera mintzaira nagusia zen arlo guztietan Dukado independente
zelarik, baina XVI. mendean maltzurki egindako kontratu baten bidez
sartu zen Frantzia Handian, eta ordudanik galera izan da bretoiek pairatu
dutena. Hala ere, okerrena etorri behar zen Napoleon Bonaparteren Inperioarekin.
Horrek herri eskolak inposatu zituen Frantzia osoan baina frantzesez,
eta errepresioa, zigorra eta bestelako bortizkeriak jasan izan behar
zituzten bertako umeek. 100 urte baino gutxiagotan hiztunen kopurua
ikaragarri urritu zen eta, 1800an %90 bazen ere, I. Mundu Gerrak sekulako
triskantza egin zuen Bretainian. Gaur egungo portzentajea ez da %5era
iristen eta gehienak 60 urte baino gehiagokoak dira. 70eko hamarkadan
hasi ziren Diwan eskolak baina trabaz traba egin dute lana orain arte,
babes ofizialaren ezari gehitu irakasle prestatuen falta eta batez ere
biztanleriaren konpromisoa (beste Karrika batean sakonago jorratuko
dugu). Gogoratu behar dugu Frantziako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa
dela.
Dena dela esan beharra dago badirela herri batzuk ia erabat bretonanteak
(bretoieraz mintzo direnak) erdialdeko lautadan (Spezed, Karaez, e.a.)
eta batez ere Penn-ar-bed (Finisterre) departamenduan.
Bretoiera batua badago, hiru dialekto nagusi mintzatzen dira eta, estandarizaziorako
bidea luze eta zaila bazen ere, egun inork ez du baztertzen. Lehen aipatu
dugun bezala, bretoierak ezaugarri bereziak ditu, batzuk hizkuntza dira
zelta guztiek dituztenak, batez ere mutazioa (izenen lehen hizkiaren
aldaketa generoa adierazteko; adibidez paotr –mutila– eta
merc’h –neska–. brav –polita– > ur
paotr brav eta ur verc’h vrav). Beste ezaugarri kurioso bat nasalizazioa
da, hau da, inoiz bretoiera entzuten baduzue konturatuko zarete “sudurrarekin”
hitz egiten dutela, fenomeno hau modakoa izan zen garai batean eta erabiltzen
zen gehienbat herriko kantu eta abestietan eta gero zabaldu zen. Benetan
bitxia.
Bretoiak gurean
Ditugun datuak estatuenak direnez ezin dugu zehaztu zenbat bretoi dago
gurekin. Esaten ahal duguna da Euskal Herriko zenbait herritan ahaidetasun
eta elkartasuna mantentzen dutela Bretainiarekiko eta herrien artean
jumelagea egiten dutela.
|