 |
07
KARRIKA: 098|2006ko
apirila <097 | 099>
|
 |
| |
| |
|IRITZI
ARTIKULA |
 |

|
Gazte
etorkinak euskaldundu?
Garai berriak eta erronka berriak. Mendeetan
zehar Nafarroa emigranteen lurraldea izan da. Bertako gazteak etengabe
lan bila edo garaiko arazoetatik ihes abiatu dira beste geografietara,
hemen ez zuten etorkizuna kanpoan sortzera. Sevilla, Argentina, Paris,
Madril, Venezuela edo Nevadako zeruak dira horren lekuko. Lana eta sufrimentua
lotu zituzten zeregin horretan eta zuten ametsa, batzuetan, lortu zuten.
Mundu ekonomiak bereak eman ditu eta orain zapaltzen dugun lurra da
beste askoren ametsa gauzatzeko abiapuntua. Hor dira enpresa handietara
datozen goi mailako kudeatzaile eta teknikariak edo azken urte hauetan
Hego Amerikatik, bereziki, Europa Ekialdetik eta Ipar Afrikatik lanera
datozen bizilagun berriak. Lehenak aldi baterako etorkin pribilegiatuak
dira eta euskalgintzatik ez dute interesik sortu. Kolonbia, Peru edo
Ukrainatik datozenak, aldiz, bai. Etorkin berriak era askotan iristen
dira guregana eta sarri, bertaratu eta gutxira, senideekin eta haurrekin
familia berrosatzen dute hemen.
Zer dakite euskaldunon bizitzaz? Euskarazko eskaintzen gaineko informazioa
eta aukerak ematen zaizkie? Nola aukeratzen dute txikientzako eskola?
Gurean ez da ekimen instituzionalik egiten familia etorkinengan pentsatuz,
adibidez, seme-alabak D ereduko eskoletan izena emateko iragarki, kuñak,
afixak edo spotak eginez. Baina, mantso bada ere, ahoz aho beraien artean
hitza pasatu eta seme-alabak euskal ereduetara hurbiltzen hasi dira.
Hezkuntza euskaldunaren munduak ardura hartu du tupustean agertu eta
harrapatu gaituen aferaren aurrean. Denbora laburrean eskolan elementu
berriak aztertzen eta bitartekoak lotzen ari gara: harrera planak osatzen
hasi dira hainbat ikastetxe ikasle etorkinen eta bertako ikasleen hizkuntza
eta kultura aztertuz, hizkuntzen ikaskuntza eta ikasle guztientzako
laguntzak planifikatuz ikasgelan integratuz, ikasteko materialak egokitu
eta beharrizan gehien daukaten arloak lantzeko ahaleginak eginez, guztion
arteko elkarreragina bultzatuz ikasle etorkinengan, laguntza bereziak
antolatuz ikastetxe bakoitzean diren baliabideak erabiliz edota gainerako
ikasleekin eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzera bultzatuz.
Egoerok kudeatzeko ikuspuntu eta baliabide ezberdinak erabili behar
dira eta horrek irakasleen prestakuntzan premia berriak sortu ditu.
Erronka honetan eskola komunitateak bere lana eta gogoa jarri ditu Administraziotik
laguntza gutxi jasorik.
Baina, bestalde, prozesuan galdera gehiago sortzen dira, eskolak bakarrik
ardura hartu behar du etorkinen euskalduntzeaz? Aisialdian aritzen direnek
zer dute proposatzeko? Zer dago egiteko osasun arloko agenteen esku?
Lan mundutik eta sindikatuetatik zein mezu zabaltzen dira? Giza zerbitzuek
zein lan egin dezakete?
Etorkinen seme-alabak euskalduntzeko eraginkorrak diren faktoreak eta
lurralde honetan lehenagotik bizi ziren familia ez euskaldunen haurrak
euskalduntzeko berdinak dira: euskararekiko enpatia sortu, euskarazko
hezkuntza zabaldu, jakina, baina eguneroko bizitzan diren gainerako
eremuak euskalduntzea ere bai.
Euskarari bizkar ematen diotenengana iristeko lana dugu: berdin zaigu
indigena edo etorkin izan, euskara mesfidati bizi edo epel sentitu,
nafar zaharrak edo berriak izan. |
| |
|ZENBAT
BURU |
 |
Patxi
Huarte
|
Euskal Herriko hainbat hedabidetan
(Nafarkaria, Aizu, TMEO, Berria, Karrika bera, Nabarra, e.a.) agertutako
bere komiki umoretsuekin ederki barre egiteko aukera izan dugu gutako
askok. Petilla kapitania, M’Ongolo, Euskal Taliban Jatorra, Yoda
eta Xaxa katua dira horietan aurkitzen ditugun protagonista bitxiak.
Berriki, gainera, Berria egunkarian karrikaratutako zintekin “The
Rerum Natura” izeneko liburuxka osatu du Zaldiero ezineneko Patxi
Huarte komikilariak. Harekin solastatze aukera izan dugu euskal komikigintzaz
eta dituen proiektuez.
Euskal mundura ikastola utzi ondoren hurbildu zinela aipatu
duzu berriki, Ipar Amerikako indioei buruz irakurtzen ari zinelarik.
Bitxia. Zertaz ohartu zinen edo buruan zerk egin zizun klak?
Ikusi nuen zer erraza den kultura oso bat desagertzea. Azken hiztuna
hiltzea. Eta desagerketan ez nuela parte hartu nahi erabaki nuen.
Komikiak euskaraz egiteko erabakiek orduan hartu al zenuen? Zer dela
eta?
Komikiak betidanik euskaraz zein gazteleraz egin izan ditut. Nire erabakia
"euskal kulturan" murgiltzea izan zen. Niri garai hartan gauza
nahiko "karka" eta arrotza egiten zitzaidana (bestalde).
Karrikaren sorreratik kolaboratzaile fina izateaz gain, beste hainbat
hedabidetan ere parte hartu duzu (Nafarkaria, Aizu, TMEO, Berria, Nabarra,
e.a.). Gustura al zabiltza egungo lanarekin? Bestelako proiekturik begi
bistan?
Egungo lanekin oso gustura nago denborarekin konfiantza puntu bat hartu
dudalako eta nire marrazkiek harrera ona dutela ikusten dudalako. Proiektu
berriak webgunea dinamizatu eta hitzaldiak ematea dira.
Karrikiriko dendan salgai dagoen “De Rerum Natura” izeneko
liburua karrikaratu duzu berriki. Zer moduzko esperientzia izan da?
Zer biltdu duzu?
BERRIA egunkarian argitaratutako zinten antologia da. Liburua oso ongi
argitaratu zen eta esperientzia polita izan da. Gainera irakurleekin
egoteko aukera eman dit.
Euskarazko komikiaren hastapenak XX. mendearen hasieran kokatzen
omen dira. Orduz geroztik, hainbat proiektu bideratu izan dira han eta
hemen (Poxpolin, Kili Kili, Ipurbeltz, Napartheid, e.a.) eta 2003an
Argiak karrikaratutako Gartxot komiki liburuarengatik Korsikan saria
jaso zuten Asiskok, Jokinek eta Markok. Zer moduz dakusazu egungo euskarazko
komikigintza?
Marrazkilari eta gidoigile aldetik sendo. Baina merkatu aldetik, makal.
Komikigintzan oro har Frantziako arrakastan baino gehiago Espainiako
eremu ilunean gaude. Ez dugu komiki kultura handirik egia esan.
Azken boladan kalapita ederra sortu da Mahomaren inguruan eginiko karikaturekin.
Zer deritzozu?
Dagoeneko ahaztua dut kontua. Dena den musulmanek "gaizki"
egiten duten guztia hain anplifikatua aditzeak nekatu eta amorratzen
nau.
Komikiez gain, idaztea ere gustuko omen duzu, ezta?
Literatura oro har gustuko dut. Narrazioak. Kontuak. Kronikak. Idaztea
askotan marraztea baino errazagoa da, hitzek irudiak baino indar handiagoa
dute, hobeki funtzionatzen dute. Baina irudien kulturan bizi gara eta
kontrakoa dela errepikatzen digute egunero (baina ez da egia). |
| |
|HERRIEN
ELEAK |
 |
Nigeria |
Bertzetan erran dugun bezala, Afrika Beltzeko aniztasuna
izugarria da, bai herri eta etnietan bai hizkuntzetan. Adibide adierazgarri
bat Nigeria dugu. 130 milioi pertsona bizi dira bertan 250 herri baino
gehiagotan banaturik, handienak Hausa-Fulbe-Fulani (% 33), Yoruba (%21),
Ibo (%18) eta bertze batzuk (Ibibo, Kanuri, Edo, Tiv, Ijo, Ijaw, Nupe).
Hizkuntzei dagokienez, aniztasuna, hemen ere, ederki ziurtatuta eta
adierazita dago. Bi hizkuntza dira gehien mintzatzen direnak, hausa
eta yoruba alegia; lehena, gainera lingua franca moduan erabiltzen da
herrialde osoan. Familia anitzetako hizkuntzak daude (ikus irudia),
elkarren artean ulertezinak. Hala ere, 200 baino gehiago badira ere,
hizkuntza ofizial bakarra ingelesa da 1960tik, independentzia lortu
zenetik.
Biztanleriaren kopurua ikusita, ez da harritzekoa erlijio bat baino
gehiago izatea. %50 musulmana da (iparraldean batez ere); kristauen
artean protestanteak %25 eta katolikoak %15era ez dira iristen. Gainontzeko
guztiak erlijio animistak dira.
Nigeriako historia ongi ulertzeko eta azaltzeko ezinbertzekoak dira
erlijio eta hizkuntzak. Kolonizazioa iritsi baino lehenago mugak etnikoak
ziren (baldin eta baziren), baina britaniarrek aniztasuna profitatu
zuten iparraldeko Hausa herri musulmana alde batera uzteko eta hegoaldeko
herriei protagonismoa emateko, hausarrak gehiengoa izan arren. Horrek
ekarri zuen hegoaldean misioneroen eskolak zabaltzea eta dotrina kristauarekin
batera populazioa alfabetatzea. Iparraldean, berriz, ortodoxia musulmanana
indartuz joan zen eta oraindik ere, egun, Nigeriako zenbait estatutan
xaria (lege islamikoa) da legeria bakarra. Ezberdintasunak hagitz nabariak
dira herrien artean eta liskarrak eta istiluak sortzen dira. Iparraldea
eta hegoaldea elkarrengandik aski bananduta daude, batez ere erdialdeko
geografiak bizitza zailtzen duelako .
Hizkuntzetan ere historiak utzi egin du bere eragina eta horrela hegoaldeko
hizkuntzetan ingelesetik hartutako maileguak anitz dira eta iparraldekoetan,
berriz, arabiera da mailegu gehien eman duen hizkuntza, erlijioaren
bidez.
Nigeriarrak gurean
2001ean 87 lagun baziren ere (betiere erroldaren arabera) 2005ean, 285
dira (yorubak, 20 eta 35 urte bitartekoak eta gizonezkoak batez ere).
Arrotxapea eta Alde Zaharra dira nigeriarrak bizi diren auzoak.
|
| |
| |
 |
Karrikiri
Elkartea. Xabier karrika 4 (Gazteluko plazaren ondoan). 31001. Iruñea.
Tel.948 225 845. bulegoa@karrikiri.org |
| |