
|
Nork
esan dezake ez dela ezer aldatu?
Gizartean gertatzen diren aldaketak modu
askotara sentitzen ditugu. Azkarrak eta
sakonak direla iruditzen zaizkigu batzuetan, eta motelak eta apalak
beste askotan. Azken hogeita bost urte hauetan hizkuntzen egoera nabarmen
aldatu da gurean. Iruñerrian gaztelania zen hizkuntza nonahikoa,
ezinbestekoa, funtzionalki bakarra eta gehiengo zabalarentzat bere funtsezko
identitatearen euskarria. Euskarak hiztun gutxi zituen, eremu publikoan
ikusezina zen eta bere lehendabiziko urratsak ematen zituen derrigorrezko
hezkuntzan.
Gaztelaniak urte hauetan guztietan ez du bere nagusitasuna galdu. Alde
horretatik aldaketa gutxi gertatu dela ematen du. Horrela ote? Berri
askok aldatu dute zegoen paisai linguistikoa: atzerriko hizkuntzak ikasteko
premia eta errealitatea izugarri bizkortu da, ikasketak eta lanarekiko
mugikortasunak ezinbesteko egonaldiak ugaritu ditu, frantsesaren nazioarteko
estatusaren galera nabarmena ingelesaren mesederako izan da, hezkuntzan
bata desagertu eta bestea indarrez sartu da, beste hizkuntzen agerpen
indartsua ukaezina da etorkin berrien komunitateak ekarria, eta euskararen
ezagutza nabarmen handitu da, nahiz eta bere agerpen publikoa eta erabilpena
motelago hazi.
Gaur egun topikoa bihurtu da esatea hizkuntzak ikastea giza harremanetarako
eta lan etorkizunerako ezinbestekoa dela. Geroz eta arruntagoa da hizkuntza
ezberdinekin aritu behar izatea lanean, kultur jardueretan, oporraldietan,
ikasketak osatzerakoan, aisialdian edo eta familian bertan . Komunikazio
esparruak zabaldu egiten ari dira eta gero eta gizarte esparru zabalagoetan
pertsona eleanitzak prestatzea helburu bihurtu da. Oinarrizko hezkuntza
sisteman orain hogeita bost urte euskaraz aritzeagatik sekulakoak entzun
behar zuten orduko irakasle eta gurasoek: haurrekin esperimentu arriskutsuak
egiten
ziren, txiki gehienek ulertzen ez zuten hizkuntzan sortutako harremanak
ondorengo traumen giltza izango ziren, gainerako ikasle erdaldunek baino
gutxiago ikasten zuten, hainbat arazo psikologiko sortzeko aukera handiagoa
zen, ikasketen arazoetan familiarekiko harremanak ahuldu egiten ziren
eta gainera euskarak ez omen zuen ezertarako balio. Beraz, euskara ikastearena
ahalegin gogorra eta antzua.
Garai haietan euskarazko irakaskuntzaren aurka ozenki mintzatzen zirenak
mutu dira gaur. Esandakoak haizeak eraman du. Euskalgintzak egin duena
gizartean sustraitu egin da. Urtez urte gero eta neska-mutil gehiagok
izan dute hezkuntza elebidunarekin harremana eta denborak eman dio bakoitzari
merezi zuena. Euskararen aldeko hezkuntzak, oraingoan ere, garai berriei
aurre hartu eta eleaniztasuna du oraingoan erronka: euskara, gaztelania
eta atzerriko hizkuntza. Lehen ere erdal unibertso bakar eta itxian
bizi ginelarik esaten genuena berresten dugu: mintzamenak zabaltzea
abantailak dakarzkio pertsonari eta gizarteari, hiztunak komunikazio
abantailak garatzen ditu, onura kognitiboak jasotzen ditu beste ezagutzak
bereganatzeko erraztasunak dituelako eta beste kulturak hobe ulertzeko
gaitasuna ematen dio.
Gure euskal eskolek bide horretan dira, premia berrien harira hausnarketa
eta bide berriak irekiz. Genekiena eta dakiguna aztertu eta gaurkotzeko
erronka dugu. Nork egiten dio honi kontra? Euskaldunak gara eta etorkizuna
edukiko dugu munduari begira jarriz. Euskararen mundua beste hizkuntzen
munduan jartzeko erronka dugu. Nork esan dezake ez dela ezer aldatu? |
Itxaro
Borda
|
2002an Euskadi Saria jaso zuen
“100 % Basque” lanarengatik, baina ordurako hainbat poesia
liburu, nobela eta saiakera idatzita zituen Itxaro Borda Baionako idazleak.
Luzien Etxezaharretarekin batera Maiatz aldizkari literarioa sortu zuen
1982an eta bertan izan ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat aldizkari
eta egunkaritan kolaborazioak ere egiten ditu. Iaz “Zeruetako
erresuma”, bere azkeneko eleberria karrikaratu zuen eta etorkizunera
begira milaka proiektu ditu buruan bueltaka.
Kontent al zaude orain arte eginiko ibilbidearekin? Zer ekarri
zizun sari horrek?
Ez dut askotan atzera so egiten, egia erran. Gertatzen zait gai batez
zer idatzi dudan berriz irakurtzea eta ohartzen naiz ene bide literario
guztia katarsia moduko bat izan dela. Hertsiegia agian katarsia soila
idazletasuna aldarrikatzeko, baina aldian aldiko munduaren ikuspegiaren
lekukotasuna hor dago eta ez dut damurik. Euskadi sariarena? Poz handia
suertatu zen bistan dena, galdera askorekin, adibidez merezi al nuen
eta horrelakorik.
Iaz “Zeruetako erresuma” zure azken eleberria karrikaratu
zenuen. “100 % Basque” euskaltasunaren muinetik landu bazenuen
“zeruetako erresuma” lanarekin, berriz, giro hori kanpoko
perspektiba batetik jorratu duzula aipatu duzu. Zergatik? Distantzia
pixka bat hartu nahian edo? Zer moduzko harrera izan du jendartean azken
lan honek?
Bai hori erran dut eta menturaz egia da. Euskal munduaren hegietarik
idatzia da nobela, pertsonaien baitako anbiguitate gehiagorekin, onak
txarrak dira eta alderantziz, euskaltasunaren muinean pertsonaiak onak
ala txarrak dira, etsaiak etsai etab. Horrela idazteak, euskal mundua
bereziki aipatzeko aukera eman dit, nola bizi den, nola azaltzen den
imajinario kolektiboan. Euskal mundu txikiak nahi du, beti, euskaldunen
mundu handia konbertitu eta salbatu. Euskal fedegabe horien patuak ditut
“Zeruetako erresuma” horretan biltzen. Distantzia baino
bestelako ikuspegi bat eskaini dut. Irakurleak ongi hartzen du liburua,
bere memoria propioaren altzo bezala, baina hizkuntza ez omen da erraza
eta horrek anitz irakurtzetik gibelatzen ditu. Alabaina liburuan erabiltzen
dudan euskara neuretzat ideala da, euskararen desagertze garaikidearekin
kontrastean.
Iparralde eta Hegoaldearen arteko elkar ezagutza txikia dela
sumatzen da hainbat alorretan. Literaturari dagokionez ere, horrela
dela uste duzu? Horregatik esan al duzu inoiz idazle bakartua sentitzen
zarela?
Iparraldeak existentzia kulturala galdu du, hegoaldean merkatua garatu
denean. Iparraldearentzat, alta, geratzen da leku bat eta hau da tradizioarena,
dantza, kanta eta euskara zaharrarena. Iparraldeko kulturari ez zaio
modernitaterik eskatzen. Iparraldeko kultura-sortzaileen gaurkotasuna
ukatzen da eta gaur hain zuzen, idazten edo abesten dugunontzat ez da
egokia. Baina hala ere aitzina behar da, bidea egin. Bakartua sentitzen
naizela diot, ez dudalako idazle gisako nortasunik, azaleko idazle superfizial
bat naiz beti. Baina bakartasun horrek nahi dudana nahi dudan moldean
izkiriatzeko eta idazte-esperientzien biderkatzeko libertatea ematen
dit.
Gizartearen beste esparru batzuetan gertatzen den moduan, poliki
bada ere emakumearen presentzia are eta nabarmenagoa da euskal literaturan
ere. Zer deritzozu?
Emakumearen problematika plazaratzen hasi ziren ederki Amaia Lasa eta
Arantxa Urretabizkaia bezalako idazleak duela aspaldi. Geroztik uhina
ez da gelditu. Ohartzen naiz literatura oso femeninoa egitera behartzen
gaituela “merkatuak” eta iparraldearentzat bezala, hor gai
femeninoetan soilik mugatzeko arriskua badugu. Emakume idazleak agian
lehen baino lehen ongi eginen du genero determinismotik kanpoko literaturan
murgiltzen hastearekin, pertsonaiak nagusiki emakumezkoak dituen arren.
Hargatik bakoitzak idazten du bere ikuspegi pertsonaletik, irakurleari
beste inork egiten ez dion proposamen literarioa eskainiz. Merkatu orokorraz
gain, saihets merkatuen ibilera sustatzekoa da horretarako.
Berrian karrikaratutako artikulu batean, Euskal Herrira iritsi
diren hiru sari nazionalak euskarazko idazleei ematea euskal literaturaren
oparotasunaren seinale dela aipatu izan du Pako Aristik. Ados al zaude?
Ba bai ados nago. Postari lana, hainbat egunkari eta aldizkaritan kolaborazioak
eta liburuak idazteaz gain, euskalgintza munduan ere murgilduta izan
zara hainbat urtez Iparraldean. Nola dakusazu bertako panorama?
Niko Etxartek dioen bezala baikor dakusat. Euskara zaharra urtzen ari
da baina emeki emeki euskara berria hedatzen. Beraz segurtamen bat daukagu
bederen euskara ez dela galduko, baizik eta aldatuko. Literatura aldetik
mutil gazte andana batek merkatu orokorra konkistatzea lortu du azken
urteotan, mutil izateak sosegatzen du pixka bat iparraldeko kulturkrazia.
Bestaldetik, ez dut asko jarraitzen euskal politikaren mundua: gero
eta gutxiago interesatzen zait. Eta lanean ez naizenean, idazteari ematen
diot ene denbora libre gehiena, idazteari, ibiltzeari eta bidaiatzeari.
Aurrera begira zer proiektu dituzu?
Ez dut aurreproiekturik osatzen, ez eta karrera planik. Aldian aldika
etortzen zaizkit ideia-xedeak eta asto-lana bukatzean liburua edo artikulua
hor dago, irakurleengana heltzeko prest. Post Mortem Scripta Volant
deituriko nobela xoxola izan liteke ene hurrengo liburua. Maiatz aldizkarian
publikatu dira lehen bi kapituluak. Baina argitaratua izan aitzin liburu
baten aipatzeak ez al du zorte txarra ekartzen? Egunero idazten dut,
hats hartzea bezala da. Orduan proiektuak, edo milaka ditut edo bat
ere ez.
|
Moldavia |
Moldaviera 2,6 milioi lagunen hizkuntza erromantzea
dugu, errumanieratik oso gertua dena. Hala ere, aditu askoren ustez
moldaviera da Moldaviako errumaniera. Moldavian hizkuntza ofiziala da
1991tik, independentzia lortu zenetik alegia.
Betidanik errusiarren menpe izan da Moldavia eta Bigarren Mundu Gerraren
ostean moldaviera (moldoveneascã) hitza hasi ziren erabiltzen
errumaniera (románã) hizkuntzatik bereizi nahian eta alfabeto
zirilikoz idazten. Independentzia lortu zutenean Moldavian bizi diren
errusiarrek eta ukraniarrek Errumaniarekin batzearen arriskua ikusi
zuten eta istiluak izan ziren.
Moldaviera hizkuntza erromantzea bada ere, hizkuntza eslaboen (batez
ere errusiera) eragin itzala jaso du gehien bat lexiko aldetik eta horrek
zailtzen du elkar ulertzea beste hizkuntza erromantzeekin. Moldaviarrek
arlo publikoko jarduera guztietan erabiltzen dute gaur egun moldaviera,
bai hezkuntzan, hedabideetan, administrazioan, politikan e.a.
Egun alfabeto latindarra erabiltzen dute elementu diakritiko batzuekin
eta elebitasuna agitz altua da, bai gazteengan baita helduen artean
ere.
Moldaviarrak gurean
Errumaniartzat jotzen baditugu ere, iazko ekaineko erroldaren arabera
272 lagun bizi dira Iruñerrian ( 86, 2001ean) eta nahiko parekatuta
dago sexuen banaketa % 55 emakumeak direlarik. Donibane eta Errotxapea
auzoetan bizi dira gehienbat, nahiz eta besteetan ere presentzia txikia
izan.
|