
|
Entzun
euskaldunon hizkuntza komunitatearen ahotsa!!
Elkarteek, oro har, funtsezko eginkizun
demokratikoa betetzen dute gizartean. Europako Gobernagarritasunari
buruzko Liburu Zuriaren funtsezko mezuetako bat da elkarteak gizartearen
oinarrietako bat direla eta ordezkatzen dituzten taldeen ahotsa direla.
Euskara elkarteen kasuan entzuten den ahotsa askozaz ozenagoa da, HIZKUNTZA
KOMUNITATE BATEN AHOTSA baita.
Hizkuntza bat mundua ulertzeko modu bat da, aniztasunaren adierazle
bat. Hizkuntzalari gehienen ustez 6.000 hizkuntza inguru mintzatzen
dira gaur egun munduan. Hizkuntzen aniztasuna, ikuspuntu eta ikusmolde
aniztasuna, balore den heinean, eta euskararen jasangarritasunaren kasu
konkretuan, euskara elkarteen eginkizuna oso garrantzitsua da.
Hala ere, hizkuntzaren normalizazioa edota biziberritzea iristen bada,
EZ da BAKARRIK euskara elkarteen lanari esker iritsiko. Prozesu horretan
erakunde publikoek ere eragile izan behar dute. Erakunde horien arteko
HARREMANA optimizatzea nahitaezkoa da helburu hori, normalizazioarena
edo biziberritzearena, bete nahi bada.
1990eko hamarkadatik aurrera hizkuntz normalizazioa euskararen beharren
ikuspegitik lantzen hasi zen. Erakundeen arteko artikulazioari ekin
zitzaion. Komunikazio aro berri bat hastear zegoen eta beharrezkoa zen
oinarrizko puntu batzuk finkatzea eta elkarlana eta osagarritasuna bilatzea.
Euskara elkarteak aro berri horretan sortu ziren. Iruñeko kasuan,
beste euskara elkarteen helburu oso antzekoak zituen Iruñeko
euskaldunon elkartea den Karrikiri Elkartea, 1996an sortu zen.
Baina denak ez dira berri onak izan. Abenduaren 12an Nafarroako hainbat
elkartek emandako prentsaurrekoan aipatu zen bezala, azken bost urteetan
Nafarroako Gobernuak euskara elkarteei euskarazko hedabideetarako banatutako
diru laguntzetan murrizketa nabarmena izan da eta 2005ean kultur jarduerak
antolatzeko kontu-saila desagertu da. Egoera horrek, diru sarrera publikoen
segurtasunik ezak, euskara elkarteen hazkundea eta garapena baldintzatzen
ditu, baita egitasmo askoren bideragarritasuna ere.
Baina zein da euskara elkarteek egiten duten eginkizun garrantzitsu
hori? Hainbat hizkuntzalarik eta soziolinguistak hizkuntza baten normalizazio
edo biziberritzerako hiru aldagai eragin behar direla defendatzen dute:
ezagutza, motibazioa eta erabilera. Euskara elkarteek gehien bat azkeneko
bietan eragiteko helburua dute. Alde batetik, haien barne funtzionamenduarekin
bazkideen artean hizkuntza ohitura edo dinamika bat sortzen dute eta
euskaraz bizitzeko aukera ematen dute. Bestalde, hainbat gizarte esparrutan
(kultur jarduerak, aisialdia, gizarte zerbitzuak, komunikabideak, lagunartea…)
euskarazko eskaintza luzatzen dute. Hurrengoak adibide batzuk besterik
ez dira: mintzakide, euskara hutsezko aldizkariak, merkataritzan euskaraz,
haur eta gazteentzako aisialdiko eskaintza (larunblai eta kuadrillategi),
euskaldunon arteko pisukideen eta lan poltsa zerbitzuak…
Euskara elkarteak euskal komunitatearen ikuspegi eta ikusmoldearen ahotsa
dira, aniztasun aberasgarriaren zati baten adierazle. Euskara elkarteak
dira hizkuntza komunitatearen partehartzea bermatzen duten erakundeak,
jarduera eta egitasmo ezberdinak aurrera eramateko baliabide pertsonalak
dituztenak eta egitasmo ezberdinei gizartearen sostengua ematen dietenak.
Horiek gabe ezinezkoa litzateke normalizazio prozesu bat.
Erakunde publikoen eta pribatuen artean ELKARLAN ETA OSAGARRITASUNerako
bide berriak jorratzea beharrezkoa da. Bide hori da onuragarriena euskararentzat
eta, oro har, munduko hizkuntza, kultura eta ikusmolde edo ikuspegien
aniztasunarentzat. Nafarroako Gobernuari aipatutako dirulaguntzen murrizketa
horiek izan ditzaketen ondorioen erantzule izateko eta, zentzu horretan,
euskara elkarteekin izan beharko lukeen harremana zaintzeko eskatzen
diogu. Euskara elkarteak prest gaude egoera guztiak aztertu eta gure
hizkuntzaren aldeko irtenbidea elkarrekin aurkitzeko. |
Gorka
Urbizu
|
Lekunberri inguruan 1994an sortutako
Berri Txarrak musika taldeko kidea dugu Gorka Urbizu. Duela hilabete
gutxi “Jaio. Musika. Hil”, Euskal Herrian grabatu, baina
AEBetan nahastu duten euren bosgarren lana karrikaratu zuten. Horretaz
eta euskal musikaren egoeraz solastu gara harekin.
Zer moduzkoa izan da erditzea? Gustura gelditu al zarete emaitzarekin?
Grabaketa prozesua oso berezia izan da eta asko ikasi dugu egindako
bidean. Txap –Karlos Osinaga- aurreko diskotik izan dugu gogoan
eta berandu baino lehen harekin grabatu nahi genuen, gainera aproposena
zen estudio batetik at –baserri batean- grabatzeko. Berariaz egindako
aukera izan da. Bestalde, aspaldidanik genuen kanpoko ekoizle batekin
lan egiteko asmoa, gure musikari zer ikutu eman ziezaiokeen ikusteko
besterik ez bada. Bitxia izan da Erason grabatu eta Kansasen nahastea,
baina bestalde grabaketan buru belarri kontzentratzera eraman gaitu
eta emaitzarekin oso gustura geratu gara.
Urteek aurrera egin ahala, zuen kontzertu esparrua zabaldu egin
da nabarmenki. AEBetan, Mexikon eta Nikaraguan barna aritu zarete duela
gutxi. Zer moduzko harrera du euskal musikak paraje haietan?
Hiru herrialdeetan bikain joan zaigu, baina bakoitzak bere berezitasunak
ditu. Mexikon publikoa basatia dela entzuna genuen eta Tampikon, esaterako,
bertatik bertara ikusi ahal izan genuen. Estatu Batuetan oso gustura
aritu ginen, batez ere San Frantziskon eta Renon, baina ezbairik gabe
Nikaraguako esperientzia izan da politena, herrialde berezia delako,
kontzertu handiak izan zirelako bertako gobernuaren aurka eta nikaraguarren
izaera maitagarria ezagutu ahal izan genuelako. Hiruretan ere euskaraz
abestea oso arraroa egiten zitzaien eta nondik gentozen ulertzeko moduan
azaltzea ere ez da erraza izan toki askotan. Euskal Herria gora eta
Euskal Herria behera gabiltza hemen baina gero munduan barna ez ei gara
horren ezagunak...
Azkeneko lan hau atera aitzin une latzak bizi izan zenituzten
taldearen kontra izan zen boikota zela eta. Baretu al dira gauzak?
Gu gara ‘baretu’ garenak, 2005 urtea gehienbat konposatu,
grabatu eta kanpoan jotzen eman baitugu. Jadanik izan gara aurretik
arazoak izandako toki batzuetan –Galiza, Pais Valencià...-
eta momentuz ez da ezer larririk gertatu, nahiz eta oraindik ez den
egoera guztiz normaldu. Alderdi musikalaren periferiari dagozkion gauza
asko izan behar dituzu kontuan eta antolatzaile gehienak beldur dira
oraindik: kartel gutxi jartzen dituzte –jartzen dituztenean-,
publizitatea ekiditen dute... Gu behintzat ez gara kokildu eta ahalik
eta toki gehienetan jotzen saiatzen ari gara. Guk ez dugu zentsurarengatik
inongo diskriminaziorik nahi: ez negatiborik, baina ezta positiborik
ere. Extramusikalak diren gauzek ez gaituzte gehiegi erakartzen.
Euskal musikaren baitan hainbat estilo jorratzen da eta akaso zaila
izan daiteke diagnostiko orokor bat egitea, baina nola dakusazue panorama
Nafarroan? Eta oro har Euskal Herrian?
Nekagarria da balizko krisialdiari buruz aritzea, nahiz eta egia den
‘ekosistema’ musikalaren alor batzuk ez dabiltzala bere
garairik onenean: diskogintza batez ere, eta rock musikarekiko zaletasuna
ere, esango nuke. Esan nahi da sorkuntza aldetik badirudiela sekulako
aniztasuna dagoela, baina ez dirudi denentzako entzuleria potentzialik
dagoenik. Talde gazte askok diskora iritsi nahi dute beste edozeren
gainetik, hasierako urteetan ezinbestekoak diren kontzertu txikiak eman
gabe, besterik gabe soinu ona dutelako edo maketa lehiaketa bat irabazteagatik
jendea euren atzetik ibiliko dela pentsatuz. Gero errealitatea oso bestelakoa
da eta dezepzio handiak izaten dira.
Azken urteotan gori gorian dagoen kopien aferak dexente kaltetzen du
musika industria eta zer esanik ez, merkatua kontuan hartuta, Euskal
Herrikoa. Nola kontzientziatu daiteke jendea? Irtenbiderik ikusten al
duzu?
Inork ez daki honek nora garamatzan. Alde batetik euskarri birtualen
ugaltzearekin pentsa daiteke CDaren azken garaiak bizi ditugula, baina
bestalde deskarga legalek ez dute oraindik pentsa litekeen erantzuna
jaso gurean. Argi dago garai ilunak direla diskoetxeentzako eta gure
mailan hori, batzuek besterik esan nahi badute ere, ez dela batere ona.
Bestalde, egilearen aldean gaudenoi ez zaigu ahalik eta diskorik on
eta erakargarrienak idaztea beste irtenbiderik geratzen. Zaletuaren
interesa piztu behar dugu gure arma bakarrarekin: artearekin, alegia.
Zenbait musikarik tokian tokiko musika babesteko asmoz, irratiko
kuotak aldarrikatzen ditu. Euskal Herrian ere horrelakorik egin behar
al litzateke?
Nire ustez Euskal Herrian militantziak eramaten du jendea zenbait talderekin
zaletzera eta ez horrenbeste komunikabideen lanak. Protekzionismo horrek
eszena mantentzen lagundu du baina egia da ere zenbaitetan musika beraren
dohainak gutxiesten dituela nolabait. Lehen aipatzen bagenuen diskogintza
eta zalegoa krisian daudela, irrati eta telebista ere halatsu daude
eta duten boterea tontakeria eta spam musika botatzen xahutzen dute,
‘heziketa’ edo programa interesgarrien kaltetan. Alde horretatik
kuota edo ez kuotaren aurretik beste irizpide batzuk badaudela uste
dut; esaterako ahal den neurrian kalitatea bilatzea beste edozeren gainetik.
|
Ghana |
Ghana herria
Afrikako hizkuntz aniztasun eta aberastasunaren adibide adierazgarrienetariko
bat dugu Ghana. 20 milioi biztanleen erdia baino gehiago akaneraz mintzatzen
da. Hala ere, 80 bat talde etnikok osatzen dute populazioa, bakoitzak
bere hizkuntza edota dialektoa duelarik. Ia hizkuntza gehienak Níger-kongo
familiakoak –Volta-kongo azpifamiliakoak– dira eta elkar
ulertzeko akanera erabiltzen dute lingua franca moduan.
Talde etniko nagusiak honakoak dira: Akan –biztanleriaren %45,
hegoaldean–, Mole-Dagbani –%16, iparraldean–, Ewe
–%13, ekialdean–, Ga eta Adangbe –%8, hegoaldean–,
Guan –%7, ipar-ekialdean–, Gurma –%3, ekialdean–
eta gursi taldeak –%3,5–.
Ghanako hizkuntzen elementu adierazgarriak tonoak eta bokalen sistemak
dira, hizkuntza melodiko bihurtzen dute.
Independentzia lortzen Afrika beltzeko lehen herria izan zen Ghana,
1957an alegia, baina britainiarren eraginak gaur egun bere horretan
dirau, Ghanako hizkuntza ofizial bakarra ingelesa baita.
Ingelesaren bitartez Ghanako hizkuntzetako hitz batzuk zabaldu dira
munduan zehar, adibide ezagunenak banana, zonbi eta budu ditugu.
Ghanatarrak gurean
Datu zehatzik ez izan arren, Iruñerrian 100 bat lagun bizi dira
Txantrea auzoan batez ere eta beste afrikarrekin elkar ulertzeko ingelesez
mintzatzen dira.
|