
|
Dendatik
etxera, ohitura eta plazerra
Atzean utzi dugu dagoeneko abenduko salerosketen
zurrunbiloa. Urtea amaitu aurreko erritualean, Mendebaldeko zibilizazioan
elkarrenganako maitasuna adierazten omen duen opari zaparrada bukatu
da.
Gaur egun ematen du kontsumitzaileak garela herritarrak baino gehiago.
Kontsumoa: merkatuan agintzen duten zenbaiten ustez, gutako bakoitza
bizirik dagoen seinale. Aisialdia ere erosten dugu eta erosten dugulako
gara. Norberaren gizarte ahalmena kontsumitzean neurtzen dela irudi
luke, eta hala bizi gara: azokan etengabe, gure bizitzak kontsumitu
arte.
Hain garrantzitsua den jarduera baten aurrean, kezkagarria da erosleok
zenbaitetan agerian dugun irizpiderik eza. Inork ez luke ahaztu behar
herritarron indarra mila modura adieraz daitekeela eta zerbait erosten
dugun momentuan merkatuan, jendartean, pertsonen arteko harremanetan
eta hizkuntzen arteko (des)orekan eragiten ari garela.
Ohitura ere izan daiteke, baina euskarazko produktu bat eskuratzea aukera
bat egitea da azken finean. Hizkuntza ez den beste zioren batengatik
erosiko genuen akaso, baina euskaraz erosi dugu. Kontua da erostea ez
dela aski. Indizeek eta estatistikek erregistratuko dute erosketa hori,
baina hiztun garen aldetik, lekualdaketa hutsean geratzen bada, kanpoko
apalategietatik etxekoetara alegia, erositako artikuluak ez du ez gure
baitan ez beste inon eragingo.
Euskal komunitatearen gaitasunak merkatu indartsu bat piztu eta hari
eutsi diezaioke, baina hori ezin da gure helburu bakarra bilakatu. Abenduan
edo orain dela zenbait urte eskuratu genituen euskarazko lanak gure
arreta eskatzen ari dira. Etxeko epelean, isil-isilik, zalapartarik
gabe, liburu edo disko hori zurekin bakarrik aktibatuko da.
Karrikako ale hau irakurtzen bukatzen duzunean, irakurri edo entzun
gabe dituzun liburu eta disko horietako bat esnarazi eta murgildu zaitez
bertan. Murgildu zaitez mintzoaren plazerean. |
Xabier
Monasterio
|
“Mintzairaren miraria”
bere azkeneko liburuan gizakiak sorturiko altxorrik preziatuenetarikoaz,
alegia hizkuntzaz, solasten zaigu Xabier Monasterio. Egun Zenbat Gara
elkarteak bultzatzen duen Bilbo Hiria irratian lanean dihardu eta hantxe
harrapatu dugu elkarrizketa egiterakoan.
Liburuan hizkuntza murrizketa anormala dela diozu, betidanik
milaka hizkuntza izan delako. Egungo “globalizazio-uniformizazio”
fenomenoa badirudi kontrako korrontean doala, ezta?
Bai, liburuan garbi utzi nahi izan dut hizkuntzak izaki bizidunak izanik,
nozbait jaio, garatu, ugaldu eta desagertu ere egin direla. Azken hiruzpalau
mendeetan, ordea, prozesu normal hori gizakiaren eraginez azkartu egin
da: faktore ekonomiko, politiko, eta inperioalismoari lotutakoen eraginez
eta horiek guztiek sekulako triskantza ekarri dute. Inposaketak gertatu
dira eta hainbat hizkuntza heriotzara kondenatu dira. Bizirik daudenetatik
2/3 arrisku gorri gorrian daude.
Hizkuntza guztiek munduaren ikuskera propioa dutela esaten da.
Hainbat jendek nekez ulertzen du hori. Zertan gauzatzen da?
Hizkuntza komunitate oso baten ibilgailua, sostengua, euskarria da;
batzen gaituena. Talde bateko kide eta partaide egiten gaitu eta kultura
baten ateak zabaltzen dizkigu. Mendeetan giza taldeek elkarrekin egon
diren neurrian, mundua ulertu eta interpretatzeko klabe batzuk asmatu
dituzte eta hizkuntza hori desagertzen den neurrian, mundua ikusteko
modu hori ere desagertzen da. Jabegoaren inguruko jarrerak, esaterako,
oso ezberdinak izaten dira herri batetik bestera eta euskaldunok oso
garbi izan dugu betidanik etxeari dagokionez, jabego kolektibo bat izan
dugula: gure etxea, gure lurrak, gure astoa. GURE esan izan dugu, NIRE
esan beharrean. Mundua ikusteko aletxo bat da.
“Pidgin” bi komunitateen artean sortzen omen diren
sasi-hizkuntzak dira. Neurri batean onuragarria dela esan izan duzu.
“Euskañolaren” kasuan ere berdin pentsatzen al duzu?
Zergatik onuragarri?
“Pidgin”-aren aldeko aldarrikapen bat egin behar da.
Gure kasuan beste bi hizkuntzaren menpean bizi gara. Normala da, beraz,
zenbait jendek, espainolaren edo frantsesaren erreferentzia dutela,
hizkuntza horiek euskararekin nahastea. Puristek euskara gaiztoa dela
esanen lukete. Alabaina, nik nahiago dut “Euskañola”
gaztelania edo frantsesa soila baino. Ulertu behar baitugu gazteei zergatik
gertatzen zaien hori. Akademizismoak pikutara bidali behar ditugu. Izan
ere, euskañolaren bidez gazte horiek komunikatzeko behar bat
betetzen ari baitira. Horrek euskararen bilakaera bat ekarriko du eta
nire ustez onuragarria da zentzu horretan, gazteak nolabaiteko euskara
egiten dutelako. Baina fenomeno hau ez da Euskal Herrikoa soilik, mundu
osoan gertatzen da.
Hizkuntza gutxiagotuak behe mailakoak direla edo normaltasunez
erabiltzeko gaitasunik ez dutela uste du hainbatek.
Lingüistikak aspaldian erakutsi du hizkuntza guztiak, barne egiturari
eta potentzialitateari dagokienez, berdinak direla. Behar bezala garatu,
mundu modernora trebatuz gero, edozein hizkuntza, Afrika, Europa zein
Asiakoa izan, berehalakoan egokitzen da mundu modernora. Euskaldunok
jasotako hizkuntza, duela mende bat edo gehiagokoa, baserri giroan murgilduta
zegoen eta egun zientzia eta teknologia munduan, baita unibertsitate
mailan ere erabiltzen da inolako oztoporik gabe, beste edozein hizkuntza
arituko litzatekeen moduan. Finean hizkuntzak gizartearen beharrak asetzen
baititu, behar dituen funtzioak betez.
Bada ere oso zabalduta dagoen beste idei bat; hizkuntza batzuk besteak
baino zailagoak edo errezagoak direla. Zer deritzozu?
Euskaldunoi kalte handia egin digun beste aurreiritzi bat da hori. Hizkuntza
guztiek badute ezaugarri bat jaiotzez: ikasgarritasuna. Talde batek
hitz egiten duen hizkuntzak ikasgarria izan behar du ondorengo belaunaldiek
aritu eta ikas dezaten.
Hizkuntzetan, animalia edo landaretzarekin gertatzen den moduan, familiak
daude eta familien arabera, batzuk hurbilago daude batzuengandik eta
urrutirago besteengandik. Euskaldunoi beste hizkuntzekiko uharte moduko
bat izatea gertatu zaigu. Beraz, normala da esatea espainol batentzat
katalana hurbilagoa dela, sustrai bereko hizkuntzak baitira. Dena dela,
euskaldun guztiok gaztelania ikasi badugu, espainolek ere esfortzu berbera
egiten ahal dute.
Euskara beste hizkuntza gutxiagotuen aurrean nolabaiteko pribilegio
puntu batean dagoela aipatzen duzu. Zertan laguntzen ahal ditugu beste
hizkuntza gutxiagotu batzuk?
Europa erdian bizi eta aurrerapen teknologikoen abantaila eskura dugun
neurrian, pribilegiodunak garela esan dezakegu, baita gure ekonomiari
ere erreparatzen badiogu.
Laguntza emateko bada, geureari eutsi beharko genioke lehenbizi eta
erakutsi, hizkuntza gutxi primatzen dituen Europa honetan hizkuntza
gutxiagotu batean bizitzea posiblea dela. Bestaldetik ere, hizkuntza
txikien sare bat osatu eta bultzatu beharko genuke eta orain arteko
diskurtsoa irauli, globalizazioaren aurrean lokalismoari garrantzia
emanez. Izan ere, munduan barna hizkuntza txiki mordo bat baitago eta
normalak horiexek dira; hizkuntza txikiak. Eta ez aldrebes.
|
Portugal |
“Mintzaideak mundu osoan
dituen hizkuntza”
Portugesa edo Galaiko-portugesa Galizian, Portugalen eta azken honen
kolonia ohietan hizkuntza ofiziala da, baina Brasil kenduta, herri gehienetan
nagusitasuna galduz doa (Ekialdeko Timor, Mozambike, Macau…) edota
kreolerak sortu dira (Cabo Verde, Sao Tome eta Printze…). Aipatu
ditugun herri gehienak, gehi Angola eta Ginea Bissau, nazioartean hizkuntza
komunitate bereko kide dira eta hori dela eta hainbat ekimen egiten
dituzte elkarrekin. Galiziako eta Portugalgo berezko hizkuntza bada
ere, gogoratu behar dugu gainontzeko lurraldeetan kanpotik etorritako
mintzaira dela eta bertako ehunka hizkuntzak bizirauteko arazo larriak
dituztela.
Portugesaren ezaugarri nabarmenetako bat egitura fonetikoaren konplexutasuna
da: 9 bokal, 5 bokal sudurkari eta 25 soinu kontsonantiko. Bokalen sudurkaritzea
VI-VII. mendeetan gertatu zen eta gaztelaniatik bereizten duen bereizgarri
nagusia da.
Portugesa mundu osoan zehar hedatuta dagoen hizkuntza da, baina Portugalen
bertan bada askorentzat ezezaguna den beste bat: mirandesa du izena
eta leonerarekin lotura zuzena du. Tras os Montes eskualdeko Miranda
do Douro eta Vimoso udalerrietan bizi diren 15.000 lagunen hizkuntza
da.
Portugesak gurean
Iruñean bizi diren atzerritarren %4,6 portugesak dira: 955 lagun
osotara, 2005eko ekainean hartutako datuen arabera. Orain dela hiru
urte baino 90 gehiago diren arren, ehuneko hori jaitsi egin da, batez
ere Amerikatik eta Europako ekialdetik jende gehiago etorri baita. 1972an
sortu zen eta Portugalgo etorkinak eta ijitoak hartu zituen Santa Luzia
Sustapen Zentroa 2005ean desagertu da.
Iruñeko portugaldarren ia erdia Errotxapean eta Sanduzelain bizi
dira, baina Buztintxurin eta Etxabakoitzen ere ehun inguru bizi dira
hurrenez hurren.
|