
|
Gurean
etorkin
Pertsona batek giza harremanak osotara
bere hizkuntzan bizitzerik ez duenean etorkina dela edo atzerrian bizi
dela pentsatzen dugu. Esandako arazoak hizkuntza horrek historian eduki
duen espazio geografiko eta kulturalean gertatzen direnean.... gure
errealitatera hurbiltzen gara.
Okindegian, banku etxean, autobusean edo zapata dendan sartu eta “egunon”
esan ondoren harrera egiten gaituenak “buenas tardes” nabarmen
eta garbia erantzuten duenean, euskal hiztuna ez da pozik sentitzen.
Erantzuna “baita zuri ere” izanik, aldiz, atsegina hartzen
du, irribarre gozoa zabaltzen zaio .
Euskal hiztunak, etxean bertan izanik, bere burua atzerritartzat edo
etorkintzat sentitzen du sarri. Espazio sinboliko propioan -Iruñean
edo Bilbon, Elizondon edo Agurainen- euskara erabiltzeko arazoak dituenean
ongizate pertsonalean ere eragina du. Hizkuntza eragile garrantzitsua
da norberaren nortasuna osatzerakoan eta gainerako gizakiekin komunikatzeko
. Gure kontzientziaren aurrean hizkuntzak egin eta definitzen gaitu
mezuak berbaldietan ozen sortzen ditugunean edo eta barne hizkuntzaz
aritzerakoan. Bideratzen ditu baita gertuko pertsonekin ditugun harremanak,
ezagutza sareak eta lotura emozionalak ehunduz..
Albokoekin nork bere hizkuntza erabiltzea ezinezkoa duenean, hau da,
bere erabilgarritasuna mugatua sentitzen denean, hizkuntzarekiko estimuak
eta balorazio emozionalak arazoak sortzen dituzte. Sarritan haserrea,
egon ezina, tristura edo amorrua garatzen dira antzeko egoeretan hizkuntza
gure nortasunean ez delako osagai neutroa
Hizkuntza propioaren erabilpena behin eta berriro gatazka iturri bihurtzen
denean hainbat pertsonarengan menpekotasuna bermatzen du: erabilpenak
murriztuko ditu beste hizkuntzen mesederako, harreman berriak sortzeko
baztertuko du edo kultura egiteko ez dio hizkuntzari gaitasunik aitortuko.
Euskaldun askok agurrak eta ondorengoak bukatzerakoan gaztelaniara jotzen
dute garrantzia pertsonala duten gaietaz solasteko. Nahikoa dugu talde
batean bertako erdaldun bakarra agertzea, balizko heziketa onaren izenean,
euskarazko elkarrizketa bertan behera uzteko. Horrelako hainbat joera
zerrenda ditzakegu eta guztietan hizkuntzarekiko menpekotasunaren arrastoa
dugu agerian.
Hizkuntzaren historian ordezkapen sistematikoa jasan dugu euskaldunok
eta hori ez da mapetan agertzen den atzerako marratxo edo kolore soila.
Atzerapen marka horietan guztietan gatazka pertsonalak daude, menpekotasunezko
bizipenak, hizkuntzarekiko militantismoa eta autoukazioaren artean batetik
bestera astinduak.
Euskararekiko fideltasunak garai eta espazio ezberdinetan zama eta poztasun
psikologiko ezberdinak ekarri ditu. Norberak bere egunerokotasunean
ahalegin eta frustrazioaren, gatazka eta bizipozaren oreka asertiboa
bilatu behar du. Euskal hiztun fidelak bere hautua modu baikorrean bizi
behar du, autoestima handituz.
Bide honetan, besteak beste, euskaldunak trinkotzeko egiten diren ekimenak
lagungarriak izango dira : irakurle klubak, merkatari euskaldunen sareak,
aisialdian edo lanean euskaldun fidelekin aritzeko aukerak segurtatzen
dutelako. |
Estitxu
Arozena
|
Txiki txikitatik, inguruaren eraginez
edo, bertsoetarako afizioa sortu zitzaion Estitxu Arozena bertsolari
lesakarrari. Nafarroako txapelduna izan zen 1995 eta 1998 urteetan eta
bertso eskoletan lanean jo eta ke dihardu aspaldiko partez. Bere ibilbideaz,
bertsolaritzaren egoeraz eta emakumeen parte hartzeaz solastu zaigu.
Etxetik datorkizu bertsoetarako afizioa. Zenbat urterekin hasi
zinen eta zer dela eta?
Nik uste jaio baino lehen jada, bertsoak adituko nituela. 4-5 urterekin
Amurizaren bertsoak buruz ikasi nituen. Tantirumairu ikastolan arreta
bereziz lantzen da bertsolaritza, anai arrebetan ttikiena izanik, gurasoekin
saio aunitz entzundakoa... 15 urterekin bertso eskolarako pausua eman
nuen (egia erran gugatik sortu zen bertso eskola). Ezin da hasiera datarik
jarri ez eta arrazoi nagusirik. Dena den krisi garaietan pentsatu izan
dut ze puntutaraino den nik erabakitako bizimodua, edo inguruaren eraginarena.
Nafarroako txapelduna izan zara 1995 eta 1998an. Zer moduz zabiltza
gaur egun?
Txapeldun izendatzen zaituzten eguna hagitz polita izan daiteke. Hurrengo
egunean jada ez hainbertze. Urte guztian frogatu behar duzu onena zarela
eta hori astuna izan daiteke. Bertso saio aunitz egin nituen urte haietan.
Orain bertsozale elkartearen proiektuak gehiago motibatzen nau, nere
bertsolari ibilbideak baino. Ortzila ailetu eta herrian gelditu ahal
izatea polita da. Bertso mundua ere hagitz polita da baina ezin duzu
trote horretan luzaro jarraitu.
Nafarroako bertso eskoletan duela zenbait urtetatik lanean ari zara.
Zer moduzko egoeran daude? Nola ikusten duzu bertsolaritza Foru lurraldean?
Bertso eskolak inoiz baina hobeki daude. Duela 15 urte apenas zegoen
esperientziarik eta gaur egun 15 bat bertso eskola daude: Sakanan, Iruñerrian,
Malerrekan, Bortzirietan, Leitzaldean... Bertso eskola egonkorrak daude
eta baliabide gehiagorekin eskualde gehiagotan ere landu genezakeela
uste dut. Bertsolaritza gaztetzen ari da Nafarroan ere eta hori beti
da seinale ona. Gu hasi ginenean Bittor Elizagoien zen gazteena. Gaur
egun eskolartekoa 18 urtetik beheitiko 40 ikaslek parte hartzen dute.
Azkeneko hamarkadetan dezente aldatu da bertsolaritzaren panorama.
Jende gazte aunitz dabil eta horien artean emakumezkoek ere euren tokia
aurkitu dute oholtza gainean. Zer deritzozu?
Pausuak eman direla, baina ttikiak oraindik. Maialen elitean egoteak
mesede haundia eginagatik ehuneko 50tik urruti gaude oraindik. Eta kopuruak
baino gehiago kezkatzen nau zergatiak: oholtza gainera igotzeko konplexu,
jendaurrekotasunean mutilak gailentzea... Dena den horri buelta ere
eman diezaiokegu: Zergatik baloratu behar dugu gehiago oholtza gainera
igotzea, eta ez bertsozaletasuna transmititzeko saiakera, herriko bertso
eskola martxan jartzea...azken batean sukaldeko lana, guttiago baloratua
dago. Baliokidetza ez da soilik emakume txapeldunak ikustea, baita emakumeek
egin izan duten eta egiten duten lana maila berean baloratzea.
Lau urtean behin ospatzen den Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren
finala abenduan eginen da. Nola dakusazu?
Maialen txapeldun! Ez emakumea delako soilik e? Bertsolari onenetako
bat delako eta baita laguna dudalako. Dena den, egun bakarrean jokatzen
diren gauzetan edozer gauza pasa daiteke are gehiago bertsolaritzan.
BEC betetzea ere bada bertsozale elkartearen apustua. Eta irabaziko
dugulakoan nago.
Urteek aurrera egin ahala, badirudi jende gehiago hurbiltzen
dela bertso saioetara. Interes hori mantendu edo areagotu dadin zeintzuk
dira zure irudikoz bertsolaritzaren etorkizuneko erronkak?
Esperimentazioari beldurrik ez izatea. Ez soilik forman: bertso musikatu,
magia, trama...bertsoa malgua izan daiteke edozein eduki barneratzeko.
Tresna baliagarria da euskalgintzan eta komunikazioan. Hala izaten jarraituko
balu...Lan zaila da hori egungo teknologiak duen abiadura ikusita..
|
Polonia |
“Baso-soiluneetako biztanleak”
Horixe da “polace” (poloniarrak) hitzaren esanahia. Poloniera
alfabeto latindarra erabiltzen duen mendebaldeko hizkuntza eslaviarra
da, txekiera eta eslovakiera bezala. Polonierazko dokumentu zaharrenak
XII. mendekoak dira.
Lurralde hartan bizi ziren hogei tribu inguruk sortu zuten Polonia,
eta hizkuntzak dialekto asko ditu herrialdea osatzen duten bost eskualde
handietan.
Iparrean, Gdansk hiri ezagunaren inguruan, badira kasubieraz egiten
duten 150.000 biztanle. Zenbaitentzat polonieraren dialekto berezia
da; askorentzat, berriz, hizkuntza desberdina da. Ez da ofiziala baina
komunikabideetan zertxobait erabiltzen da, eta literaturan ere hainbat
lan egin izan dira. Ondoko irudian Kaszubiako mapa zahar bat ikus dezakezue.
Poloniarrak gurean
Ez dira berrehunera iristen Iruñerrian bizi diren poloniarrak
(orain dela lau urte ehun ziren), eta horien artean emakumeak gizonak
baino gehixeago dira. Europako ekialdeko herrien artean poloniarrak
dira gaur egun Euskal Herriarekin eta euskararekin harreman handiena
dutenak. Azken urteotan, hango zenbait unibertsitatetatik hainbat ikasle
etorri izan dira Euskal Herria besteak beste euskal kultura ezagutu
eta euskara ikastera. Horietako askok euskara maila ederra dute. Bestalde,
aipatzekoa da euskara Polonian ikasten hasi eta gure artean hobetu duen
Adam Zawiszewski itzultzaileak iaz Iwaszkiewicz idazlearen “Wilkoko
andereñoak” liburua euskaratu zuela eta euskarazko zenbait
lan polonierara itzultzeari ekin diola.
|