07 KARRIKA: 093|2005eko urria    <092 | 094>

|IRITZI ARTIKULUA |ZENBAT BURU... |HERRIEN ELEAK |HEMEROTEKA

 

|IRITZI ARTIKULA

Soro berriak ereiten

Hizkuntza komunikatzeko eta sortzeko giza gaitasuna da. Hizkuntzari esker norberaren eta besteen pentsaera ezagutu eta garatzen dugu eta hura erabiliz gizakiok harremanetan jartzeko aukera dugu. Hizkuntza bakoitza gaitasun horren lekukoa da eta pertsonak dituen behar komunikatiboak – maitatzeko eta gorrotatzeko, ingurua aldatzeko, mina gainditzeko, dibertitzeko edo kumeak hazteko- modu berezian gauzatzen ditu. Hizkuntzak giza taldea definitzen du, bertako partaideak sare batean lotuz, baina norberaren emoziorik sakonenak eratzen ditu ere. Bi ezaugarri hauek bihurtzen dute hizkuntza, edozein izanda, elementu kultural nagusiena: taldearen arrasto komuna eta pertsonaren nortasunaren muina definitzen dituelako.
Komunikatzeko eta sortzeko behar anitzak ditugu: Kalean barna goazelarik gertutik igarotzen den ezaguna agurtu, erakunde baten zerbitzua jasotzeko eskaera idatzia igorri, maite dugun horri olerki sutsua egin, lagunari telefonoz mezua bidali, kafe kikararen inguruan eguraldiaz solastu, eskultura baten aurrean hausnarketak trukatu eta mila gehiago. Gizartearen bizitzaren aniztasunak hizkuntzaren aniztasuna bultzatzen du eta honek anitzagoa egiten du gizartea.
Gizartea etengabe aldatzen da, gero eta aberatsagoa eta konplexuagoa izanik. Teknologia eta zientzien ikerkuntzek eremu eta errealitate berriak sortzen dituzte etengabe, literaturan ikuspuntu ezberdinekin esperimentatzen da, arte plastiko eta musikan euskarri eta kontzeptuen sormena etengabea da, giza harremanak eraldatu egiten dira arazo eta pertzepzio ezberdinak hausnartuz.
Euskaldunontzat ere, jakina, sorkuntzarekin lotuak agertzen diren hainbat funtzio komunikatibo berriak dira. Euskaldunok orain hasi gara gure hizkuntzaren hiztunen historian musika klasikoa interpretatzen, arte plastikoan gogoetak egiten, fisikaz teorizatzen edo giza arazoez azterketak sortzen. Eremu berri hauetan euskara zabaltzen hasi da, askotan lehendabiziko urratsak ematen, zenbaitetan trinkotzen. Guztietan lehia gogorra izango dugu.
Zientzia, teknologiak, arteak, musikak, giza zientziek edo literaturak sorkuntzarekin harreman zuzena dute eta hizkuntzaren goi mailako funtzioak erabiltzen dituzte. Hizkuntza guztiek maila hauetan dute jokoan etorkizuna: premia berriei egokitzen direnek iraungo dute, besteak desagertuko dira edo eta funtzio gutxiko hizkuntzen balioa gordeko dute.

 

|ZENBAT BURU

Nafarroa Oinez

Heldu den urriaren 16an Nafarroa Oinez festak bere 25. edizioa ospatuko du Altsasuko Iñigo Aritza ikastolaren eskutik. Bertako irakasle, ikasle eta gurasoak urte osoan zehar jo eta fuego aritu dira lanean, aurten Satrustegi euskaltzaina gogoan hartu duen festa honen ekimen guztiak behar bezala prestatzeko. Lan horren fruituak haur hezkuntzako zentro berri bat eraikitzeko bideratuko dituztela adierazi digu Esther Garaialde Iñigo Aritza ikastolako zuzendariak.

Aurten Iñigo Aritza ikastolari egokitu zaio Nafarroa Oinez festaren antolakuntza. Zer egoeratan dago egun Ziordia, Olazti, Altsasu eta Urdiaingo haurrak hartzen dituen ikastola?
Ikastolak 350 ikasle hartzen ditu, lau herrietakoak. Altsasuko Navarro Villoslada eraikuntzan haur hezkuntzako sei gela ditugu 2 eta 6 urte bitartekoak eta Iñigo Aritza Ikastetxean Lehen Hezkuntza eta DBHko beste 13 gela.

Nafarroa Oinez honekin haur hezkuntzako ikasleentzat eraikin berri bat jaso nahi dugu Altsasun, oraingoa Altsasuko Udalak utzitako egoitza zahar eta desegoki batean baitago.
Nafarroa Oinez eguneko festarekin eta urtean zehar antolatu dituzuen ekimenen bidez zer hobekuntza egiteko asmoa duzue?

Azarotik hasita hainbat ekitaldi egin ditugu: Bidean zehar ikuskizuna, Arte erakusketa, Satrustegiren liburu eta erakusketa, rock kontzertua, kirol ikuskizunak, …eta guztiak bai antolaketaren bai arrakastaren aldetik oso ongi atera dira.
Aukera aprobetxatu nahi dugu eskerrak adierazteko gurekin batera lanean aritu diren guztiei eta baita ere hurbildu diren ikusle guztiei.

Aurtengo Nafarroa Oinez-ek Foru lurraldeko ikastolen festaren 25. urteurrenarekin bat eginen du. Ospakizun berezirik pentsatu al duzue data gogoangarri hau kontuan hartuta?
Alde batetik 25. edizioa ospatzeko liburu bat argitaratu dugu, bertan Oinez bakoitzari atal bat eskainiz eta horri kaleratu diren kanta guztien bilduma jasotzen duen CD bat eta argitaratu diren iragarki eta bideo klip guztiak biltzen dituen DVD bat erantsi zaizkio.
Horretaz gain urriaren 16an Nafarroako Ikastola guztiak, 25 Oinez antolatzaileak, izango dira omenduak eta ospakizun honen oroigarri bana jasoko dute.

Festa heldu den urriaren 16an eginen da. Zer egitarau prestatu duzue bertaratuko diren milaka lagunentzat?
Ibilbidea Ziordia eta Olazti artean antolatu dugu, 7.500 m. ditu eta bertan sei gune izango dira. Egitarau oso zabala eta adin guztietako jendearen gustukoa izaten saiatu gara. Hasierako eta bukaerako ekitaldiak lehengo gunean ospatuko dira. Gure web gunean, www.nafarroaoinez.net, aurkitzen ahal da informazio osatuagoa ibilbideaz eta data hurbiltzen den heinean, baita hilaren 16an eginen ditugun ekimenez ere.

Egun horretan laguntza eman nahi izanez gero, zer egin daiteke? Bertara joateko aukerarik izan ezean?
Laguntza emateko modurik egokiena egun horretan etorri eta ongi pasatzea da. Norbaitek bere burua eskaini nahi badu lana egiteko 948-562951 / 948-564006 telefonoetan eman dezake izena. Etorri ezin denak diru laguntza eman nahi badu kontu zenbaki honetan egin beharko du diru sarrera 3035 0018 41 0180030059.

 

|HERRIEN ELEAK

Brasil

Bioaniztasuna edo hil?

188 inguru dira Brasilen oraindik bizirik dauden hizkuntzak. Gehienak arriskuan daude eta Amazonia aldean hitz egiten dira, han bizi baitira Brasilgo indiarren %60. Oihanaren ustiaketa basatiak ondorio latzak izan ditu naturan zein indiarren bizimoduan eta litekeena da gizaki guztion ondare hau hamarkada gutxiren buruan desagertzea.
Baina datu itxaropentsuren bat edo beste badago. 2003an, São Gabriel da Cachoeira herrian, nheengatu, tukano eta baniwa hizkuntza ofizial bilakatu ziren portugesarekin batera. Kontua da aipatu udalerria 112.000 km2 dituela (Portugal baino handiagoa, beraz) eta pentsatzekoa da lege honek eragin handia izan dezakeela Brasilgo gainerako hizkuntzen etorkizunean.
Dena den, Paulo Freire pedagogo brasildar handiaren alargunak Euskal Herrian adierazi zigunez, “Hango gatazka ez da nazionala. Arazoa klaseen arteko desberdintasuna dugu”.

Brasildarrak gurean

Urte hasieran baziren 340 brasildar Iruñeko erroldan. 2001ean baino 150 gehiago, baina etorkin guztien %1,6 dira bakarrik. Gehienak emakumeak dira eta oso alde handiz gainera: gizonezkoak %28 besterik ez dira. Dena den, Brasilgo emakume guztiak ez dira neskame lanetan ibiltzen; ostalaritzan, bestelako enpresetan eta hizkuntzen irakaskuntzan ere badabiltza.
Iruñean ez dute elkarterik sortu, baina Donostian bizi diren hiru brasildarrek, zenbait euskaldunekin batera, “Asociación Brasileña Cultural de Euskadi” (ABCDE) elkartea sortu zuten: besteak beste, Salvador de Bahiako faveletan bizi direnen bizibaldintzak hobetzea dute helburu.

 
 
Karrikiri Elkartea. Xabier karrika 4 (Gazteluko plazaren ondoan). 31001. Iruñea. Tel.948 225 845. bulegoa@karrikiri.org