
|
Dabilen
herriari
Etengabe mugimenduan dabilen herria gara.
Zenbaitetan, ordea, iruditzen zaigu zorabioan bizi garela eta inguruan
gertatzen den orori aurre egiteko arnasa falta zaigula.
Euskararen herriak orain arte egindakoak argiki erakusten du geureari
eusteko gai garela. Euskaldunok ez gara egoera normalizatu batean bizi,
baina inork ez gaitu desagertzearen “normaltasunera” bidali.
Dabilen herriak gogoratzen du egiten duen urrats bakoitza norabide berean
ematen duela: euskararen normalizazioa dugu helmuga, euskaraz blai bizitzea
da gure nahia. Eta bide bazterrera bota nahi gaituztenek jai daukate
aurrera begira eta elkarri lotuta baldin bagoaz.
Dabilen herriak garbi izan behar du hartu duen erantzukizuna hurrengo
belaunaldiek ere gozatu eta eskertuko diotela. Euskararen alde, gure
alde inbertitzen ditugun dirua eta giza baliabideak ezinbestekoak dira
helmuga hartara heltzeko.
Kontziente izan ala ez, etorkizuna diseinatzen ari gara eta honek halabeharrez
ahalegin bereziak egitea eskatzen digu. Helduak euskalduntzeko erakundeak,
eta oro har euskalgintza diruz laguntzea etekinak erruz emanen dizkigun
kontu batean dirusarrerak egitea bezala da. Hezkuntza eta helduen euskalduntzea
funtsezko zutabeak baitira gure etxea zutik egon dadin: ez ditzagun
inoiz erortzen utz. Bai, euskalgintza fronte askotan dabil, baina ez
gara galduko funtzio banaketa egokia egin eta nork bere eginkizunari
heltzen badio.
Dabilen herria gara, eta gure izenean edota askatasunaren izenean beste
edozein herriri egiten zaion zapalketa guri eginen baligute bezala sentitu
nahi dugu.
Dabilen herriari, ibilian jarraitzen duen herriari ez zaio goroldiorik
lotzen, ez eta inertziak dakarren arriskurik ere. Nekaezinak bagina
ez genuke meritu handirik izango, baina orain ez dugu pausaldirik egiteko
asmorik: horretan datza gure indarra. |
Peio
Añorga
|
Pello Añorga idazle eta
ipuin kontalari oiartzuarrarekin hitz egiteko aukera izan dugu. Idazle
emankor honek ikastola batean egin zuen lan ipuinen munduan bete-betean
sartu aurretik. Euskararen eta gaztetxoen arteko harremanaren inguruko
hausnarketa interesgarriak egin dizkigu.
1986an irakasle lana utzi eta ipuin kontalaritzaren munduan
sartu zinen. Zer bilatzen zenuen erabaki hori hartu zenuenean?
Garai hori ulertzeko gogoratu behar da askok iraultza egin nahi genuela
gizartean. Ni ikastolan “guda” pedagogikoaren munduan ibiltzen
nintzen, antzerkiaren, plastikaren bidez… Hezkuntzaren erreforman
sormenari ematen zitzaion garrantzia orain baino handiagoa zen. Aipatzen
duzun erabakia hartu aurretik, 1983. urtean ipuinak kontatzen hasi nintzenean
ikusi nuen haurrak liluratuta gelditzen zirela. Eta orduan irakasleek
proposatu zidaten gelaz gela ibiltzen hasteko. Nire kezka horiek ipuinetan
islatu ziren. Ikusi nuen Euskal Herrian ez zegoela ezer ere arlo honetan
(Ameztoi hasi berria zen), eta estatu mailan ere gutxi. Azken urte hauetan,
zorionez, kontalariak ugaldu dira. Zer bilatzen nuen? Pedagogia eta
komunikazioa ipuinen munduan lortzea posible zela ikusi nuen. Komunikazioaren
mundura haurrek beraiek eraman ninduten eta ikusi nuen haurrengana bitartekorik
gabe ailegatzen nintzela. Hitzarekin bakarrik komunikatzea lorpen handia
izan zen niretzat.
Ipuinak kontatzen dituzunean pertsonengan eragin nahi al duzu?
Kontaketari helburu didaktikoak jartzea ez zait gustatzen. Haurrekin
komunikatzen zarenean konturatzen zara gauza asko lortzen dituzula.
Eta komunikazioa esaten dudanean, emozioa ere esan nahi dut. Emozionatzea.
Euskaraz, beste hizkuntza askotan bezala, hori oso inportantea da. Kontua
da nerabezaroan emozionatzeko ahalmena galtzen dutela askok. Lotura
afektiboak lortzea oso garrantzitsua da, eta hori komunikazioaren bidez
lortzen da. Anekdota asko konta ditzaket: ospitale batean mugitzen ez
zen haur bat zegoen, ba ipuinak kontatzen hasi eta besoak mugitzen hasi
zen, emozionaturik. Meñakara joan nintzenean esan zidaten haur
batek ez zuela hitz egiten; hasi nintzen eta handik gutxira hitz egiten
hasi zen, irakasleak zur eta lur utziz. Haurrarekin komunikatzen zarenean
leiho bat zabaltzen da, eta ipuinak hezitzaileak izan daitezke. Magia
hitzak badu zerikusirik “mager”, “magister”,
“magisterio” hitzekin. Kontua haurrak esnaraztea da, ipuinen
bidez.
Zer egingo zenuke jendearen euskararekiko motibazioa areagotzeko?
Nik uste dut motibazioa areagotzeko, alde batetik, hizkuntzarekin lotura
afektiboak sortzea oso garrantzitsua dela. Irakasleak jakin behar du
komunikatzen, emozioak sortzen. Bestetik, haur batzuk lotsatiak dira,
erridikulua egiteko beldur handia dute, eta nik uste dut gorputza ere
tratatu, desblokeatu behar dela. Garrantzitsua da gehiago ukitzea, masajeak
ematea, etab. Besteekin konfiantza gehiago lortzeko zentzuak gehiago
esnatu behar ditugu. Gehiago ukitu, gehiago jolastu, kontatu, bidaiatu…
Konfiantzarik gabe zaila da komunikatzea. Gazteei hizkuntzaren egiturak
erakutsi dizkiegu baina ez dakite komunikatzen. Kontaketaren mundutik
bi gauza horiek ikusi ditut.
Proiektu edo ikuskizun berriren bat ba al duzu esku artean?
Liburu batzuk argitaratuko ditut, eta nire errepertorioa berritzen ari
naiz. Ospitalean gauza berriak egin behar ditut, baita ikastaroak ere
(besteak beste, Nafarroan). Gero eta gehiago dira ikastaroak eskatzen
ari direnak.
Kontalaria izateaz gain, idazlea ere bazara, eta gainera gure haur literaturak
duen idazlerik emankorrenetakoa zara. Nola ikusten duzu euskal haur
literatura sormenaren aldetik?
Xabier Etxanizek eta Mariasun Landak esaten dutenarekin bat nator. Asko
aldatu da, onerako, azken 20 urteotan. Askoz idazle gehiago daude, eta
hutsune handia zegoen gazte literaturan eta poesian ere ari dira batzuk.
Aspaldikoak bezalako ipuinak badaude, baina baita ere korronte berrikoak:
soziala, ekologikoa, feminista… Nik idatzi dudanari dagokionez,
“Haur zeru-lurtarra” ipuinean jorratzen dudan arloaz gauza
gutxi idatzi da. Beste liburu bitxi bat heriotzaren gaia haur txikiei
hurbiltzeko idatzi nuen “Adio, adio” da. Zenbait gurasorekin
hitz egiten hasi eta esaten zidaten: nola idatzi duzu hau? Ba haurrekin
hitz egin ondoren. Niri gustatzen zait ahozkotasunetik hurbil dagoen
prosa idaztea. Haur txikien (3 eta 5 urte artekoak) alorrean sormen
lana gutxi da; orain badago zerbait gehiago baina gutxi da. Adin horretan
testua garrantzitsua da baina baita irudia ere, eta hau garesti samarra
da.
|
Kolonbia |
Kolonizazioaren zama
Goi klaseetako herritarren artean abizen euskaldun ugari (horien artean
Uribe presidentearena) dagoen herri honetan egoera sozialak latza izaten
jarraitzen du. Jatorrizko hizkuntzen egoera ere ez da hobea.
Indigenak kolonbiarren %2 besterik ez dira gaur egun. Ethnologue proiektuaren
arabera Kolonbian ofiziala den gaztelaniaz gain beste 78 hizkuntza daude
bizirik: 500.000 hiztun inguru daude hauen guztien artean. Mintzatuenak
wayuu (karibea), paez, awa, embera, ica, inga (ketxua) eta guahibo dira.
Beste 20 hizkuntza desagertutzat jo daitezke dagoeneko.
Urriaren bukaeran Amerika osoko herri indigenen III. gailurra egingo
da eta bertan Kolonbiako ONIC erakundeak hartuko du parte.
Kolonbiarrak gurean
Aurtengo urtarrilaren 1ean 1.996 kolonbiar zeuden Iruñeko erroldan
(etorkin guztien % 9,14). Osotara 4.813 ziren Nafarroan. Bestalde, maiatzaren
7an bukatu zen prozesuan ehunka kolonbiarrek izan dute beren egoera
errugularizatzeko aukera. Iruñean bizi direnen artean oso gutxi
dira indigenak, eta esan daiteke ia guztiak gaztelania hutsean bizi
direla. Hiru elkarte dituzte hiri honetan: Asocolom elkarte nagusiaz
gain, Casa de Cultura de Colombia eta Colombia Ritmo y Cultura ere sortu
dira. Txapitela kalean dagoen Etorkinen Elkarteen Federazioan (FAIN)
kolonbiarren presentzia garrantzitsua da. FAINek orain dela hilabete
gutxi latindar jatorriko etorkinen elkargune berri bat abiarazi zuen:
“Sin Fronteras” doako hilabetekaria.
|