
|
Zintzo
jokatzearen xarmaz
Saiatu al zarete inoiz besteak erakarri
nahian pasatzen dugun denbora neurtzen? Hurkoaren estimuaz gozatzeko
darabilzkigun trikimailuen unibertsoa amaitezina da. Lagun, kide eta
konplizeei eusteko edozerk merezi du, eta tan-kera itxurosoari eus-ten
saiatzen garenean geure buruari begi-
ra ari garela esan ohi dugun arren,
besteen atxikimendua da bilatzen duguna.
Baina ikuslerik gabe ez dago itxura lirain edo nardagarririk. Begiralea
da irudiak prozesa-tu eta, kontzi-ente izan ala ez, haiekiko jarrerak
hartzen dituena. Ez da samurra hautemate horiek aldatzea; gainera, jende
askok antzeko sentsazioak izaten dituenean aldeko edo kontrako baloreak
eransten zaizkie irudiei eta egoera bidegabeak sortzen dira gizartean.
Gurea bezalako komunitate txikietan ere irudia hizpide da askotan. Erakargarria
al da euskaldungoa? Gure lurraldeaz kanpokoei itxura polita eman behar
al diegu hurbildu daitezen? Mezu iraingarrien aurrean onginahia frogatu
beharrean al gaude beti?
Inor ez dago bere izaera azaltzera behartuta. Euskaltzaleok garen bezalakoak
gara: eder askoak, itsusiak, irekiak, burugogorrak, isilak, zaratatsuak,
alfer galantak edo langile porrokatuak… Hain anitza den jendarteak
ez du deusen beharrik onartua izateko; gure presentzia eta eskubideak
ez daude baldintzapean. Eta erakarpena? Nahierara ikusten duten begiekiko
menpetasunik gabe garatu ahal dugun aukera da. Eta bazter askotan nagusi
den zurikeriaren aurrean, gure jokamoldean sinesteak egingo gaitu erakargarri.
Hala nola, euskaraz bizi nahi dugula esateak zer esan nahi duen ulertu
eta barneratzea, gure artean sozialki zuzena den topiko biluzia izan
ez dadin.
Mezu irekien eta ondoriozko jardunaren arteko oreka; horixe da gure
esku dagoen edertasuna. Xarma horretaz, geurekiko zintzotasunaz gehiago
onuratu behar dugu gure arteko loturak sendotu eta hurbilen ditugun
gizarte guneetara heltzeko. Agian ispiluak ez digu esango erresumako
politenak garenik, baina kristalean islatzen denarekin bat egingo dugu. |
Xabier
Letona
|
Sortu zenetik euskal prentsaren
erreferentzia izan den Argia Euskal Herriko informazio orokorreko euskarazko
astekariak 2000. alea karrikaratuko du heldu den uztailan. Eginiko bideaz
eta etorkizuneko proiektuez solasean aritu gara egun aldizkariko zuzendaria
den Xabier Letonarekin.
Uztaila partean 2000. alea karrikaratuko du Argia aldizkariak.
Egitasmoak bide luzea eta oparoa egin du dagoeneko. Zer nolako balantzea
egiten duzue?
Balantzea izugarri ona da, nagusiki Argia-koontzat, baina oro har baita
euskal prentsarentzat ere. 1963an argitaratu zen Zeruko Argia-k astekari
gisa ekingo zion ibilbidearen lehen zenbakia eta 2005. urteraino bederen
iritsi gara. Bidean egin dena da garrantzitsuena, dena den: kazetaritza
molde bat jorratu da, euskal prentsan magazine eredua finkatu zuen Zeruko
Argia-k, Egunkaria sortzeko klabea izan zen Argia eta 40 urtetan kazetari
harrobi izugarria izan da gure aldizkaria... Historia luzea eta aberatsa
da, eta historia guztiak bezala bere argi-ilunez josia, baina komunikazioaren
ikuspegitik nagusiki argiak ikusten ditut.
Bertan egunero lanean ari zaretenoz gain, urteetan zehar Argian
parte hartu duten kolaboratzaileen ekarpena bereziki aipagarria da,
ezta?
Aipagarria baino funtsezkoa esango nuke, zeresanik ez kazetariarena
ia ogibide ez zen garaietan. Lehen lerroan eta egunerokotasunean talde
txikiak aritu izan dira beti, baina talde horien ahalegina hutsala litzateke
haien inguruan egituratutako kolaboratzaile talde sendo horiek gabe.
Hori izan da klabeetakoa, kazetaritzaren ikuspegi zorrotz, zabal eta
argi baten inguruan molde desberdineko jendea egituratzea. Azken hamar
urteetan, dena den, ahalegin berezia egin dugu kolaboratzaileen haritik
tiraka, eta kolaboratzaile molde zabala jorratu dugu: iritzietan, kazetariekin,
historialariak moduko jende espezializatuarekin... Sare zabal, ona eta
anitza lortu dugu: gure altxorrik preziatuena da, zalantzarik gabe.
Euskal Herriko prentsa alorrean eta kultura mailan ere erreferentzia
izan zarete aspaldiko partez. Nola ikusten duzue egungo euskal prentsaren
egoera?
Inoiz baino indartsuago dago, ez dago zalantzarik. Inoiz ez da hainbeste
komunikabide eta irakurle izan, eta halako maila handia esango nuke.
Baina txanponaren beste aldea ere berehala ikusten duzu: euskal prentsa
oso ahula da kontuan hartzen badugu beste hizkuntzetako prentsaren bilakaera.
Euskal Herriko edozein kioskotara hurbiltzea besterik ez dago. Ea sinopsi
azkar bat egiten dudan: Berria, gidaritza daramana, indartsu ikusten
da; herri prentsan Hitzen fenomenoa ekarri du EKTk, egunerokotasunaren
indarra ekarriz, baina 80ko hasieran ekindako herri aldizkarien esparruan,
urteetako eztandaren ondoren, halako geldiune bat dagoela esango nuke,
nahiz eta mundu hori oso ugaria eta zabala den; gainerako aldizkarietan,
oro har, halako jarraikortasun korapilotsua dagoela uste dut, aurreratu
egiten da, baina aurrera begirako bide argirik gabe. Irakurtzaletasun
tasen beherakadak eta teknologia berrien garapenak ere modu nabarmenean
eragiten diote berez ahula den euskal prentsari.
Zuen sostengurik sendoena harpidedunak diren arren, kioskoetan
toki nabarmenagoa eskuratu asmoz, beste euskal aldizkari batzuekin ekimen
bereziren bat egiteko asmoa zenuten. Zertan gauzatu da elkarlan hori?
Elkarlanean aritu beharraren ustetik abiatu zen bost aldizkariren arteko
ekimen hori, froga gisa eta batez ere kioskoan gure presentzia handitzeko
asmoz. Ez genuen gauzatu nahi bezala, nagusiki gure banaketa sistemak
desberdinak direlako, baina zenbait froga egin ditugu eta emaitzak ez
dira espero bezain onak izan: ohikoa baino pixka bat gehiago saldu dugu.
Jakina, behin egin izanagatik agian ez dituzu emaitzak lortzen. Kioskoan
posizionamendu egoki bat baino gehiago behar da gazteleraren merkatuan
lehiatzeko, besteak beste eduki erakargarriak eta promozio on eta egonkorra.
Baina behin saiatzearekin jai dago, gehiago ere saiatu behar da elkarlanaren
bide horretan.
Argia aldizkaria, urtekaria, egutegia, Larrun eta Luma aldizkariak,
Haria, Sareko Argia, jokoak, liburuak... Aurrera begira zer beste egitasmo
dituzue esku artean?
Epe laburrean behintzat nahiko dugu, gure indarrak dauzkagun lau lerroak
hobetzera bideratuko ditugu: Argia, Larrun eta Urtekaria batetik, Internet
saila, argitalpen saila (jokoak, liburuak...) eta denbora-pasen alorra,
Luma aldizkaria. Denak dira garrantzitsuak, baina gure erronka handiena
Argia-ren harpidetzetan dago: azken bizpahiru urteetan beherakada txiki
bat izan dugu eta galdutako hori berreskuratzen jarri behar ditugu ahalegin
guztiak. Gaur egun harrokeria gutxirekin ibili behar da, irakurleari
nahi duena ematen ez badiozu, laster alboratuko zaitu, ez da garai batean
bezala. Komunikazioaren merkatua zaila eta basatia da, eta gogor borrokatu
eta asmatzen ez duenak jai du.
|
Ginea |
Frantsesak blaitutako joritasuna
Kasu! Ez gara Ekuatore Gineaz edo Ginea Bissauz ari. Izan ere, hil honetan
hizpide dugun herrian frantsesak izan ziren kolonizatzaileak. Errepublikaren
izena Ginea dugu, besterik gabe, eta hiriburua Conakry da. 9 milioi
biztanle dituen herri honetan 34 hizkuntza daude: mintzatuenak erdialdean
nagusi den malinke edo maninkakan (1,9 milioi hiztun), ipar aldean hitz
egiten den pular edo fula (2,5 milioi hiztun) eta susu (ia milioi bat)
dira. Aipatzekoa da zenbait eskualdetan kpelle eta kissi bezalako hizkuntzek
nagusitasun handia dutela.
Kontuak kontu, Afrikan ohi den bezala estatuko hizkuntza ofizial bakarra
frantsesa da; horrela dio 1990eko konstituzioak, baina biztanleen %20
inguruk bakarrik erabiltzen du. Dena den, bertako hizkuntzak normalean
ez dira idazten eta gehienez ere ikasgai hutsak dira haur hezkuntzan.
Ginearrak gurean
Maiatzaren bukaeran, Iruñean, ANAFE elkartearen eta FOREM fundazioaren
laguntzaz, estatu osoan bizi diren ginearren elkarteen koordinakundea
osatu zen. 150 lagun inguru bildu zen eta erakunde berriaren helburua
egunerokoan dituzten arazoak bideratzen saiatzea da: lan eta osasun
kontuak, Gineara zuzenean joateko hegaldirik eza, bisatuak, etab.
Estatuan 4.500 ginear inguru bizi dira; horietatik, 80 inguru, Iruñerrian.
Gure artean ginear gehien biltzen dituen taldea orain urte batzuk Iruñean
sortu zen “Haldy Fotty afrikar batuen elkartea” dugu, baina
elkarte honetan Afrikako beste herrietako kideak ere badaude.
|