
|
Distantzia
eta abiadura ez dira fisika kontuak
Zenbat aldiz entzun duzu euskara zaila
dela? Askotan entzuten dena egiatzat hartzeko joera dugu, besterik galdetu
gabe. Baina, kasu honetan, gaiari buruz hausnartzen badugu, berehala
ikus dezakegu euskararen zailtasuna mito bat dela.
Izan ere, bi hizkuntzen artean dagoen distantzia bera da (antzekotasun
edo ezberdintasun linguistikoak edo semantikoak esaterako) norabide
batean edo bestean joanda. Hau da, euskara eta gazteleraren kasuan,
distantzia bera da euskaldun elebakarrek gaztelera ikasteko ibili behar
dutena eta gazteleradun elebakarrek euskara ikasteko ibili behar dutena.
Batzuen eta besteen kasuan aldatzen dena ez da distantzia, abiadura
baizik. Eta abiadura hizkuntzarekin harremanetan egoteko aukeren araberakoa
(erabilera) eta ikasteko daukagun gogoaren araberakoa (motibazioa) izaten
da.
Ez da gauza bera Iruñetik Donostiara autoz edo bizikletaz joatea,
ez gara abiadura beraz bidaiatuko, distantzia bera izanda ere. Autoz
azkar eta esfortzu txikiarekin helduko gara; izan ere,gizartean dena
dago prestatuta abiadura handiz joateko. Bizikletaz joatea, neketsuagoa
eta mantsoagoa izateaz gain, gizarteak hobetsitako "ereduaren"
kontra joatea litzateke.
Gure ingurunean gaztelera abiadura handiz ikas daiteke: esparru guztietan
erabil daiteke, komunikabide eta eskaintza kultural zabala aurki daiteke
eta,erabiltzen hasita, biztanle guztiek ulertuko dute. Horretaz gain,
ikasteko presio soziala handia da. Euskara, aldiz, abiadura txikiagoz
ikasi ohi da: esparru gutxitan erabili daiteke, komunikabideen eskaintza
eta kultur produkzioa mugatuak dira, eta, erabiltzen hasita, biztanle
askok ez dute ulertuko. Kasu horretan, ikasteko presio sozialik ez dago.
Ikasteko abiadura ezin da bera izan baldintzak horren ezberdinak badira.
Baina horrek ez du distantzia aldatzen. Euskara ez da berez zailagoa,
ikasteko baldintzak dira aldatzen direnak.
Jesús Tusón eta Juan Carlos Moreno Cabrera idazleek, besteak
beste, agerian utzi dituzte hizkuntzei buruzko mito asko. Biek salatu
dute hizkuntza batzuk beste batzuk baino "zailagoak" edo "errazagoak"
izatearen ustea, eta uste horrekin lotuta dauden bestelako iritzi gehiago.
Esate baterako: euskaldunek errazago ikasten dute gaztelera erdaldunek
euskara baino, euskaldunen ama hizkuntza konplexuagoa izatean abantaila
dutelako hizkuntza "errazagoak" ikastean…
Hizkuntza batzuk aspektu batzuetan (fonologia, aditzaren paradigma…)
zailagoak badira,beste aspektu batzuk errazagoak izaten dituzte, eta,
hortaz, osotasunean hartuta, hizkuntza guztiek daukate konplexutasun
maila bera. Azken finean, mendez mende komunikatzeko instrumentu onak
izan direla frogatu duten hizkuntza, izan dira, batetik, modu natural
batez haurrek ikasteko bezain errazak eta, bestetik, garaian garaiko
gizartearen beharretara egokitzeko bezain konplexuak. |
Larreko
saria 2005:
euskararekiko leialtasuna
|
Inoiz ez da kontu erraza Iruñean
euskaldun izatea. Mugak eta trabak ez dira gutxi oraingo euskaldunentzat.
Gerra ondorengo frankismo gordinean, garaiko gizarte itxi eta autoritario
hartan, zer zen euskaldun izatea?
Aurten Euskalerria Irratiak Larreko sariaren XI. edizioan garai haietan
emakume eta ama euskaltzale izan zirenak oroitu eta omenduko ditu. Egoerarik
gogorrenak bizi izan zituzten eta euskararekiko leialtasuna erakutsi
zuten beraien seme-alabei gure hizkuntzaren oparia eginez. Belaunaldiz-belaunaldi
kate luzea egiten du hizkuntzak bere transmisioan eta beraiek osatu
duten kate-begia tinkotasunez eta maitasunez osatu dute ama batek egin
dezaken moduan.
Sari ematea baino aste batzuk lehenago, garai hartako protagonista
zenbait elkartu dira kafearen inguruan eta testigantza ugari, alaiak
eta mingarriak, kontatu dizkigute. Donata Urriza Igoatik
Iruñera etorri zen eta garai hartan bizitakoaz horrela aritu
zaigu: “lotsa sentitzen nuen inguruan ez zelako euskaraz hitz
egiten. Erdaraz ez genekien oso ongi, nahiz eta ikasketak erdaraz egin”
. Gainerako emakumeekin bat egiten du : “Gogorra zen denbora
hartan euskaldun izatea. Beldurra zegoen”.
Rosario Erro Lakuntzan sortu, baina bi urterekin gurera
etorri zen, oporrak herrian egiten zituelarik. Bere ezkontza du gogoan
bereziki: “euskaraz ezkondu ginen San Nikolaseko elizan, San
Migueleko aldarean”. Ondoren etorri ziren hiru ume eta bederatzi
bilobak euskaldunak dira.
Pilar Berezibar Arrasaten jaio eta Iruñera etorri
zen. Berak esandakoaren arabera, “orduan denek erdaraz egiten
zuten. Nik euskaraz egiten nuen harrapatzen nituen guztiekin. Ni euskararik
gabe ez naiz pertsona: lo eta amets, dena euskaraz egiten dut”
Kontxita Urionabarrenetxea Arrasatearra ere harro dago
bere seme-alabak euskaldunak direlako. Garaiak , hori bai, aldatzen
ari dira: “Orain lehen baino gehiago aditzen da kalean”.
Lesakan bizi izan zen sortzez Iruñekoa den Felisa Erroz.
Herrian bai , euskaraz aise. Hirian, aldiz, ingurukoek mespretxua erakusten
zioten: “horrek ez du ezertarako balio”. Baina
berak garbi zeukan, “niri gustatzen zitzaidan eta lagunekin
mintzatzen nintzen” .
Damiantxu Mitxelenak urte guztietako balantzea egiterakoan
hauxe esan digu: “euskarak neke baino, poza gehiago eman dit.
Familian denok egin dugu euskaraz”. Eta gaineratzen du arantzatar
honek : “Orain, gainera, gustura jarraitzen dut Euskalerria
irratia”
Maria Jesús Etxeberria Etxalekutik Iruñera
etorri zen eta aitortzen digunez, “gu elkarrekin beti euskaraz
ari ginen, baina kanpoan ezin zen inorekin hitz egin. Ez genuen euskaraz
norekin egin. Orain bai, badaude gazteak, baina gure adinakoak ez”.
Iruñean jaio zen Ceferina Fontellasek kementsu
esaten du: “Aurrera egin behar dugu eta traba guztiak kendu
behar ditugu”. Bere gaztaroa gogoratuz horrelaxe dio: “Ez
nuen norekin hitz egin eta autobusetara eskapatzen nintzen herrietako
jendearekin euskaraz egiteko”.
Maritxu Leonetek, Hernanin sortua, Iruñean gertatu
zitzaiona ongi gogoratzen du oraindik: “Behin izeba batekin
paseoan ginela, ondo jantzitako bi gizaseme pasa ziren gure ondotik
eta horrela esan ziguten - seguid así, no perdáis el euskara-.
Orduan atentzio ematen zuen kalean euskara entzuteak”.
Maria Josefa Otegi errenteriarrak gerra ondorengo oroimenak
ditu “euskaldun asko zimurtu ziren orduan”. Ez,
ordea, bere gurasoak eta gogoan hartuz eskerrak ematen dizkie. Iruñean
pasadizo gogorrak bizi zituen: “ezkonberriak ginela, astakeriak
entzun genituen kalean”.
Elorrioko Juli Igartza Zubiartek irmo aitortzen digu:
“Inoiz ez diet aita-amari erdaraz hitz egin. Barre, haserretu,
abestu… dena euskaraz egin dugu etxean”.
Miren Sasiainek, Gatzagan sortua, oroimen berezia egin
dio senarra izan zenari: “eskerrak eman behar dizkiot orduko
giroa ez zelako oso euskalduna. Gu etorri ginenetik hona alde handia
dago”.
Kandide Berazadik ere senarra gogoan eduki du: “Senarrak
euskara maite zuen eta ikasi zuen. Euskalduna hil zen” Eta
jarraitzen du “Behin ere ez diot semeari etxean erdaraz hitz
egin”.
Bizipen gogorrak agertzen dira haien guztien oroimenean baina, horien
gainetik, seme-alabak eta bilobak euskaldunak dituztelako harro eta
zoriontsu dira emakume ausart hauek. Lan gogorra eta isila, etxeko sukaldean
egina, merezitako Larreko saria jasoko duena.
Ceferinak oraindik gogoratzen du Larreko bera, ospitaleko sendagile
zenean, maitekiro euskaraz egiten ziola. Hura izan zen bere euskarazko
lehenengo liburua oparitu ziona. Iruñean, 1941. urtean izan zen
hori. Orain Larreko ezagutu zuen emakume honek, bere belaunaldiko beste
emakume euskaldun batzuekin batera haren izena daraman saria jasoko
du. Zorionak euskaldun guztion partetik eta zorionak ere Karrikiriko
kide guztien partetik!!
|
Mexiko |
Indar indigena
100 milioi biztanle dituzten Mexikoko Estatu Batuetan (hauxe baita estatuaren
izen ofiziala) 12 familiatan sailkatuta dauden 77 hizkuntza inguru hitz
egiten dira. Zenbaiten ustez ia 300 hizkuntza daude, baina sailkapenotan
hizkuntzak eta dialektoak nahasten dira askotan. Hizkuntza indigena
asko estatu bakar batean aurki ditzakegu: Oaxacan. Chiapas, Veracruz,
Guerrero eta Puebla estatuak ere aniztasun handikoak dira. Oro har,
Mexikoko biztanleen %8k hizkuntza indigenen bat hitz egiten du.
XX. mendeko azken hamarkadan, neurri handi batean bertako herri mugimendu
berriei esker, kultura indigenen inguruko hausnarketa hasi zen Mexikon.
Orain arteko emaitzarik garrantzitsuena 2003ko martxoan argitaratutako
Herri Indigenen Hizkuntza Eskubideen Lege Orokorra da. Dokumentu konplexua
eta dirudienez praktikara eramateko zaila da.
Mexikarrak gurean
Iruñean bizi diren mexikar gutxi batzuek nolabaiteko euskal jatorria
dute. Indigenak oso gutxi dira, eta gehienak gaztelaniaz egiten duten
mestizoak dira. 2004ko abenduan 255 mexikar zeuden Iruñeko erroldan
(2001ean 91 ziren). % 57 emakumeak dira. Auzo guztietan bizi dira, baina
amerikarrekin gertatzen den moduan, Alde Zaharrean, Zabalgunean eta
Donibanen beste auzo batzuetan baino gehixeago. Orain arte ez dute haien
artean elkarterik sortu. .
|