
|
Gazteok
aixe sortuko dugu gure hizkera
Gazte askok euskara ezagutu bai, baina
zergatik ez dute erabiltzen? Alferkeria? Beldurra? Ezintasuna? Ez, arrazoi
hauek ez diote egindako galderari erantzuten.
Hizkuntza bat kalean, lagun artean... erabilia izan dadin zenbait ezaugarri
izan behar ditu: erosoa, adierazkorra edo komunikazio eginkizunetarako
egokia, eta erakargarria izan behar du.
Euskara batuak sorreratik izan duen bultzada ez dute beste hizkerek
izan, ezta gazte hizkerak ere. Orain arte euskara batua erabilera formaletarako
erabiltzen zen, eta euskalkiak edo bestelako hizkerak erabilera informaletarako.
Kode idatzia, beti, kode formala zen. Baina teknologia berriekin bi
kode idatzi sortu dira, bata formala eta bestea informala, txateoan,
oharretan eta mezuetan erabiltzen dena. Gazteek elkarri idazten dizkioten
oharretan oinarrian euskara batua erabiltzen dutela esaten dute zenbait
ikerketek, baina euskalkiarekiko joera oso nabarmena omen da, honek
adierazkortasuna ematen dielako. Euskalkia gaur egungo gazteek beren
hizkerari euskaratik bertatik adierazkortasuna txertatzeko duten baliabiderik
garrantzitsuena eta emankorrena da, kale hizkeraren oinarri sendoenetako
bat. Hizkuntza formala oso neurri zorrotzekin irakatsi eta ebaluatu
behar den bezala, hizkuntza ez formala, aldakorragoa da eta askoz ere
askatasun esparru zabalagoak eman behar dizkiogu. Teknologia berri hauek
gazte hizkera sortzeko gune egokia direla defendatu zen apirilaren 6
eta 7an Azpeitian gazte hizkerari buruz egin ziren jardunaldietan.
Euskal Herrian ez dago gazte hizkera nazionalik. Gazte hizkerak egon
badaude, baina oso eremu txikietan. Jardunaldietan bildu ziren guztiak
ados zeuden hizkera hori(ek) zabaltzea edo sortzea oso garrantzitsua
dela euskararentzat.
Batzuen ustez, gazte hizkera indartzeko tresna, hizkera egokia izan
beharko da, helburu komunikatiboa erosotasunez lortzen duena, eta zuzentasun
edo jatortasunaren aurrean horri eman beharko zaio lehentasuna.
Zenbait soziolinguistak euskarak gazte hizkera estandar baten beharra
duela aipatu zuten. Gazteek ordea, gazte hizkera baten beharra sumatzen
zuten, baina ez guztiak batuko dituen bat. Gazte hizkera estandarra
ezin dela sortu defendatu zuten, hizkera honen muina naturaltasuna,
erosotasuna baita, eta estandarra bada, ezin baita naturala izan.
Gazteek euskaraz hitz egitean adierazkortasuna bilatzen dute, eta horretarako
termino eta erregistroak faltan botatzen dituztela azpimarratu zuten.
Gaur egungo gizartean, mugikortasuna hain garrantzitsua den gizartean,
hibridazio bat ematen da, hau da, erraz topa dezakegu adierazgarritasuna
bilatzean Bizkaiko euskalki bateko erregistro bat erabiltzen duen Tolosako
gazte bat. Prozesu hau, Iruñean bezala, euskalkirik ez duten
hiri eta herrietan, oso aberasgarria izan daiteke. Eremu hauetan, herri
euskaldunak izan daitezke egitasmo berrien gunea, herri euskaldunek
izan behar dute ardatza. Iruñeko gazteok euskarazko input berriak,
lexiko, lokuzio eta esamoldeen ereduak bilatzeko hainbat arnas guneetara
jo dezakegu, gurekiko distantzia geografiko eta linguistiko txikiena
duten herrietara, gazte hizkera aberatsa duten guneetara.
Baina, garrantzitsuena gazteok euskara hitz egitea da eta gure hizkeran
aurrera egitea, hizkera batek erabiliz egiten baitu bidea. Ahozko jardunetan
gozatzen du hiztunak hizkuntzarekin, eta hizkuntzarekin jolasten denean
sortzen dira hitz eta esapide berriak, hizkuntzari bizitasuna eta erakargarritasuna
ematen diotenak. Beraz, hitz egin dezagun euskaraz, osagairen bat faltan
botatzen badugu har dezagun inguruko herri euskaldunetako hizkeratik,
eta arian arituz, sortuko dugu gure hizkera, lortuko dugu behar dugun
erakargarritasun eta erosotasun hori! |
Joves
de Mallorca
per la lengua
|
Joves de Mallorca per la Llengua
1994an 40 gazte elkartek sortutako plataforma da. Haien helburu nagusiena
Mallorcan katalanaren normalizazioa erdiestea da eta horretarako hainbat
ekimen bideratzen dituzte orduz geroztik. Haiek azaldu digute plataformaren
nondik norakoak.
Noiz sortu zen Joves de Mallorca per la LLengua plataforma
eta zer helbururekin?
Testuinguru konkretu batetik abiatu beharko genuke. Katalana,
Autonomia Estatuaren arabera berezko hizkuntza eta ofíziala,
atzerapen prozesu batean zegoen, PP alderdiak gobernatzen zituen administrazio
publikoek ezartzen zioten marjinazioaren ondorioz. Gizarte erabileraren
beherakada polítika lingüistika baten gabeziaren, ematen
zen diglosi egoeraren eta turismora zuzenduta dagoen ekonomiaren ondorioz
heltzen ari ziren etengabeko etorkinen ondorioa zen. Gazteen egoera
zen bereziki larria, Palman eta zonalde turistikoetan batik bat. Joves
de Mallorca per la Llengua duela 10 urte sortu zen, 1994ko uztailaren
1ean, mota guztietako (kulturalak, sindikatuetakoak, politikoak, ikasleak,
aisialdikoak…) 40 gazte elkarte baino gehiago biltzen zituen plataforma
gisa. Hasieratik gure elkartea katalanaren erabileraren sustapenean
oinarritu da. Horretarako administrazioak presionatzen etengabeko lana
egin dugu, gure hizkuntzaren irudi ludiko eta modernoa erakutsiz, alor
ezberdinetan egiten den katalanezko kultura sustatuz eta Correllengua
y Acampallengua bezalako ekitaldi jendetsuak antolatuz. Hori guztia
boluntarioen indarrean oinarrituz. Joves de Mallorca per la Llengua
elkartean bere erabakimen osoko batzordea, eguneroko lana maneiatzen
duena, zabalik dago edozein lagunek parte har dezan eta eguneroko lana
boluntarioa da. Egun 3.000 boluntario ditugu.
Ekimen anitz bideratzen dituzue alor ezberdinetan. Zeintzuk
dira?
Hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko tailer batzuk antolatzen
ditugu Mallorcako bigarren hezkuntzako institutuetan. Oso garrantzitsuak
dira, ikasleek beste gazteengandik jasotzen dutelako hizkuntzaren egoeraren
ikuspegia eta irakasleek oso positibotzat jotzen dute. Ekimen honen
bidez, irlako gazte gehientsuenekin harreman estua lortzen dugu, familiarteko
hizkuntza edo jatorria edozein dela eta.
Baditugu beste ekintza zehatz batzuk, hala nola turistei gure hizkuntza
ezagutzera emateko kanpainak, haiei zuzendutako postalen bidez; katalanez
abestu eta oraindik merkatuan euren tokitxoa lortu ez duten musika talde
gazteak promozionatzen ditugu Gazte Musika Lehiaketen bidez; Mallorcako
bi egileen liburuak argitaratu ditugu, bata olerkiena eta bestea narratibazkoa.
Katalanaren aldeko beste ekitaldien antolaketan ere parte hartzen dugu,
hala nola Joves de Mallorca per la Llenguaren ahizpa handia den Obra
Cultural Balear entitateak antolatzen duen “Diada per la Llengua
i l’Autogovern” ekimenean.
Gure eguneroko ekimenak eskubide linguistikoen babesean oinarritzen
dira, eskola, hedabide eta administrazio publiko edo enpresa pribatuaren
alorretan. Ateratzen diren hizkuntza diskriminazio kasuen jarraipena
eta zenbait alditan salaketa kanpainetan parte hartu izan dugu. Merkataritza
alorrean egin ditugun kanpainak ere garrantzitsuak izan dira (Volem
comprar en català) eta horien ondorioz, El Corte Inglesen edo
MacDonaldsen normalizazioa lortu da; Europan katalanaren ofizialtasunaren
aldeko kanpaina egin genuen eta 100 boluntario baino gehiago joan ziren;
produktuak katalanez etiketatzearen aldeko kanpaina; edota filmak gure
hizkuntzara bikoizteko eginiko presioa. Eta beste horrenbeste.
Maiatzaren bukaeran Acampallenguaren edizio berri bat antolatuko
duzue. Zertan datza ekimen hau eta zer prestatu duzue aurten?
Aldiro Mallorcako herri ezberdin batean egiten den gazteen topaketa
erraldoia da. Aurten Porreres herria aukeratu dugu, Mallorcako hegoaldeko
herri bat. Kanpaldi-kontzertu baten elementuak biltzen ditu Acampallenguak
PP alderdiak gobernatzen dituen erakundeen politika linguistikaren inguruan
hausnarketa eta kritikazko beste batzuekin batera; beraz, alde ludikoa
eta aldarrikapenezkoa, Joves de Mallorca per la Llenguaren ekimenen
ezaugarri nagusienak. Kanpaketa eremu bat dago, kirol jarduerak egiten
ditugu, tailerrak, haurrentzako festa bat, gazte musika topaketa, kantautore
topaketa, erakunde publikoekin kritikoa den manifestu bat eztabaidatu
eta onartzen den asanblada, herri afaria, katalanezko rock kontzertu
erraldoia momentuko talde ezagunenekin, dantza herrikoiak eta castellers.
Aurtengoarekin zazpi edizio egin ditugu. Aurten maiatzaren 28 eta 29an
eginen dugu eta denak gonbidatuta zaudete.
Zein da katalanaren egoera Mallorcan?
Bi galderetatik abiatu beharko genuke azterketa egiteko: nondik gatoz
eta nora goaz. Franquismo garaiko errepresio eta analfabetismo egoera
batetik gatoz eta, beraz, garai hartan hezitutako jendeak kontzientzia
linguistiko eskasa zuen. Koktel horri etorkin biztanleri proportzio
garrantzitsu bat gehitu behar zaio, Espainiatik zein mundutik etorrita
eta analisia ezezkorra izanen da. Bestalde, baikortasunerako elementuak
ere badira: katalanez partzialki ikasi duten gazteen artean hizkuntzaren
ezagutza nahiko altua da, nahiz eta gizarte erabilera baxuagoa den,
batik bat hiri eta zonalde turistikoetan. Katalanezko hedabideak eta
hizkuntzaren aldeko gizarte sektore aktiboak izateak baikortasunezko
elementu bat da.
Edalontzia erdi beteta erdi hutsik dago, nola begiratzen zaion.
Egungo gobernua hizkuntzaren normalizazioari mesederik ez, baizik kontrakoa,
egiten ez dioten hainbat neurri hartzen ari da. Som Ràdio, bertako
musika sustatu eta irla guztietarako emiititzen/aritzen/igortzen duen
irrati publikoa itxi zuten; politika linguistikako aurrekontua murriztu
dute; IB3 Telebistak filmak eta serieak espainolez emanen dituela iragarri
dute; eta gure hizkuntza arriskuan jartzen duten neurri multzoa proposatu
ditu hezkuntza alorrean. Zain egonen gara eta mobilizatuko gara sortzen
ahal diren mehatxu berrien aurrean.
|
Mali |
Frantsesa zubi, bertakoa
giltzarri
Martxoaren bukaeran, euskal kultura eta kanpoko ekarpenak uztartu ohi
dituen Biarrizko “Bi Harriz Lau Xori” kultur astean, Rokia
Traore Maliko dantzari eta kantari ezaguna egon zen. Traorek gehienbat
mande edo mandinga kulturaren tradizioa ezagutarazi nahi du. Izen horrek
Afrikako mendebaldeko zenbait herri biltzen ditu: malinke, bambara,
dioula… Mali eta Senegalen arteko eremu horretan hizkuntza bereko
hainbat dialekto entzun daitezke, baina gehien hitz egiten dena bambaren
bamana da.
Independentzia 1960an lortu zuen estatu honen Konstituzioaren arabera,
hizkuntza ofiziala frantsesa da. Egia da frantsesak merkataritza harremanetan
paper garrantzitsua duela; halere, Maliko hizkuntza egoeraren inguruan
Bamakon martxoan egin zen hitzaldi batean hizlarietako batek aitortu
zuen gobernuak ez diola bultzada handirik eman frantsesari eta gaur
egun funtzionario multzo txiki batek bakarrik erabiltzen duela normaltasunez.
Edozein kasutan, hizlariek frantsesa eta bertako hizkuntzak elkarrekin
bizitzearen aldeko deia egin zuten.
Maliarrak gurean
Gaur egun Nafarroan gutxienez Afrikako etorkinen sei elkarte daude.
Horietako bat orain dela urte batzuk Iruñean sortu zen AMEN izenekoa
da: Nafarroako Maliarren Elkartea. Afrikarrez osatutako gainerako elkarteekin
gertatzen den bezala, elkarte honek ere oraingoz ez du harreman handirik
izan FAIN izena daraman etorkinen taldeen federazioarekin. AMEN elkartean
azken urte hauetan zehar Nafarroara etorritako zenbait maliarrek hartzen
dute parte; osotara ehun baino gehiago dira Nafarroan bizi diren Maliko
lagunak.
|