
|
Kalitatearen
errezetaren osagaiak
Hizkuntza baten kalitatea hizkuntza horren
hiztunek komunikatzeko daukaten arrakasta maila dela esan daiteke. Izan
ere, hiztunek kalitatearen errezeta eskura dauzkaten osagaien arabera
osatzen dute, batzuek emaitza gozoa lortzen dute, besteek motela (sukaldariaren
trebeziak ere zer ikustekorik badauka, noski).
Sukaldaritza-eskola asko badaude ere, sukaldari batzuek hiru osagaiko
errezeta proposatu digute hizkuntzaren kalitate ona lortzeko: zuzentasuna,
jatortasuna eta egokitasuna. Hizkuntza zuzen erabiltzen da hizkuntza
estandarraren arauak errespetatzen badira. Hizkuntza jator erabiltzen
da hizkuntzaren baliabideak (eta ez ondoko hizkuntzarenak, esaterako)
erabiltzen badira: esamoldeak, adierazkortasuna edo indarra areagotzeko
berezko moduak… Hizkuntza egoki erabiltzen da hiztunak duen helburua
lortzen badu: entzuleak atentzioa ematea, haserrea edo barrea eragitea…;
hau da, egokitu zaigun ingurunean besteek kontuan hartzen bagaituzte
hitz egiten dugunean.
Hizkuntza egoki erabiltzeko oso baliagarria da hizkuntza jatorraren
errekurtsoak menperatzea, baina askotan ez da nahikoa. Besteengandik
ikasitakoa (hizkuntza komunitatean adostutako sinboloak eta esanahi
bikoitzak, esaterako) eta norberaren abilezia ere ezinbestekoak dira.
Jakina da sukaldean aritu behar dela sukaldari ona izateko. Jakin beharko
genuke hiztun ona izateko hizkuntza erabili behar dugula egoera ezberdinetan,
hizkuntzaren osagaiak eskuratzeko eta osagai bat ala bestea erabiliz
lortzen ditugun emaitzak ikusi ahal izateko.
Hiztun batzuek ikasitako hizkuntzaren errezeta aldatzeko beharrik ez
badute ere, beste askok uste dute berrikuntzak eta asmazioak hizkuntzaren
alderik jostagarriena direla, batzuetan, egoeraren arabera, behar komunikatiboen
arabera, zuzentasunaren kontra egiten badute ere (gazteek hizkera propioa
izateko beharra horren adibidea izan daiteke).
Nahitaez hizkuntzak geldi gabe aldatzen dira, aldatzen ditugu. Gure
lanaren ondorioa izanen da erabiltzen dugun hizkuntza aberatsa eta kalitate
handikoa izatea edo baliabide urrikoa eta kalitate eskasekoa izatea.
Munduko hizkuntza guztiak berdinak dira ikur-sistemak diren aldetik;
hau da, gaitasun berekoak dira gizakion behar komunikatiboak asetzeko.
Hiztunen gaitasun eta baliabideak dira aldatzen direnak komunitate batetik
bestera. Beraz, badakizu, errezetako osagairen bat falta bazaizu ez
etsi; bilatu, eskuratu eta on egin! |
Josune
Azpirotz Arangoa
|
Josune Azpirotz Arangoa euskara
irakaslea eta didaktikaria da eta 12 urte daramatza IKAko Arturo Campion
euskaltegian lan egiten. Gaur egun helduen euskalduntzeak bizi duen
egoeraz, eta bereziki IKArenaz solastu zaigu.
Hizkuntza baten normalizazioan helduen euskalduntzeak berebiziko
garrantzia du. Azken urteotan han eta hemen entzuten ari gara nolabaiteko
krisi bat dagoela alor horretan. Nola ikusten duzue egoera? Eta IKAren
barrenean?
Aurten bezalako negu gorririk (eguraldiaz ari naiz) ez dut
sekulan ezagutu; helduen euskalduntze munduan aurten bezalako negu gorria
pasatua dugula uste dut, edo nahia ote? (ikasle kopuruaz ari naiz).
Zergatik krisia? Zergatik ikasleen beherakada? Ez dut uste arrazoi bakarra
dagoenik. Faktore askok izan dute eragin: euskararen prestigio galera
euskaldun guztiok kriminalizatuz, euskaldun-abertzale-terrorista hirukotea
osatuz, zenbait komunikabidetatik; Nafarroan instituzioetatik egin den
hizkuntz politika euskararen kontrakoa, bai mezu edo diskurtsoan, bai
egunero ezarri diren neurrietan; ikasleen nahiak, beharrak, disponibilitatea,
egoera pertsonala... Garai berriak heldu dira eta “ikasle gazte
militante kontzientziatua” aldatu egin zaigu. Orain ez da hain
gaztea, jubilatua izan daiteke; orain ez dago hain kontzientziatua,
lehentasun ezberdinak ditu, eta horren arabera jarraituko du euskara
ikasten edo bidean utziko du hasitako proiektua, Interneten nola aritu
ikasi nahi duelako. Kosta zaigu garai berri hauetara egokitzea baina
poliki, poliki, bai didaktikan, bai eskaintzetan, hasi garela uste dut;
gainerakoan gureak egin du!
Dena den, gure bizimodua den abiadura handiko tren honetan euskaraz
ikasteko orduan arazo TXIKI batekin topo egiten dugu: ordu gutxitan
asko ikasi nahia. Nola ote? Horretan dugun borroka ez da nolanahikoa!
Euskaraz bizitzera iritsi nahi badugu denbora dedikatu behar baitzaio,
eta onartu behar egin beharreko ahalegina ez dela makala!
IKAn, Araban, goraka ari da ikasle kopurua. Nafarroan, aldiz,
behera astean 8 orduko taldeetakoak. Erritmo apalagoko taldeak (adinekoak,
lantegitakoak...) sortzen ari dira.
Duela jada zenbait urte instituzioetatik heltzen diren diru laguntzak
murrizten ari dira hainbat alorretan, baita helduen euskalduntzean ere.
Aurten bereziki larria izan da. Zer egoeratan zaudete egun?
Ekonomiari dagokionez, negu gorria gainean dugu eta ez dakigu noiz arte
iraunen duen, hau da okerrena! Izan ere, Nafarroako Gobernuak, 2005erako
aurrekontuetan, gau eskolendako ematen zuen diru laguntza izugarri murriztu
baitu, orain arteko 528.827eurotik 180.000eurora pasa da 2005ean. Guk,
egoera aldatzen ez bada, ezin izanen dugu luze iraun, ez badiegu ikasleei
askoz ere gehiago kobratzen -eta gure politikaren kontrakoa litzateke,
euskaraz ikastea, eskubidea izanik, dohanik izatea aldarrikatu izan
dugu eta aldarrikatzen baitugu-.
Horri aurre egiteko “Gobernua zeu izan” izenburuko kanpaina
bat antolatu duzue. Zertan datza eta zer xede dituzue? Laguntzeko prest
egon daitekeenak zer egin behar du?
Aurtengo egoerari aurre egiteko GOBERNUA ZEU IZAN kanpaina antolatu
dugu. Kanpaina honen helburua ahalik eta ikasle gehien babestea da,
ikasleek euskaraz ikasten jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako zer
egin behar duzue? Bada, Gobernuak ikasleei ematen zien diru laguntza
zeuek eman. 250 euro emanda BABESLE TXARTELA eskuratuko duzue. Dena
den, askotxo iruditzen bazaizue lagun, familia, adiskide taldean emanda
edo gutxiago emanda ere lagun ditzakezue ikasleak, euro bat bada ere!
Hona hemen gure kontuak: NAFARROAKO KUTXA / CAJANAVARRA: 2054015235914012555.4
eta EUSKADIKO KUTXA / CAJA LABORAL: 3035005830058 001084.2. A! Ez ahaztu
emandako dirua desgraba dezakezuela!
Gurekin kontaktuan jarri nahi baduzue, hauxe duzue gure helbidea: IKA
Arturo Campion Euskaltegia. Comedias 14-4. // 31001 Iruñea. Tel:
948222246 //email: campion@ikanet.net
Eman ezazue kanpaina honen berri zuen lagun, senide, lankideen artean!
Ikasleek egiten duten ahaleginak hainbeste merezi du eta!
Aurrera begira zer lan planteamendu egiten duzue? Euskalgintzako beste
talderekin elkarlanean aritzeko asmorik al duzue?
Helduen euskalduntze alfabetatzean egin beharko ditugu ahalegin handienak.
Aurrera begira lan munduan, orain arte motel xamarra dagoena, sartzeko
ahalegin handiagoa egin beharko dugu.
Euskaltegietatik edo D eredutik ateratzen diren euskaldunek hitz egiteko
aukerarik ez badute, moteldu edo atzendu egiten zaie ikasi duten hizkuntza
hori. Horiei begira ere zerbait egiten hasi gara Topagunearekin batera
elkartu garen hainbat euskal elkarte, Mintzakide deitzen den ekimenean,
hurrengoetan ere horrekin jarraitu beharko dugu.
Euskara ikasi nahi duen edozeinek, lehenxeago aipatu dugun moduan, euskara
dohainik ikasteko eskubidea du. IKA honetan saiatuko da Gobernutik beharrezko
den laguntza hori erdiesten egiten dugun zerbitzu publiko honen truke
gure egoera berean dauden Helduen Euskalduntze Alfabetatzeko taldeekin.
Didaktikan eta beste zenbat arlotan Helduen Euskalduntze Alfabetatzean
ari garen taldeok ere elkarrekin ari beharko dugu.
Iruñeko eta Nafarroako beste euskara taldeekin ere nahitaez ari
behar zenbaitzutan gaurko euskararen kontrako giro hau alda dadin. Orain
arte lanean aritu garen elkargunetan ere bai: Kontseilua-Bai euskarari
proiektuan buru belarri sartuak gaude Barañainen, Sanfermin euskalduna
e.a.
|
Ekuador |
Aniztasunaren herria
zugarri anitza da Ekuadorreko gizartea. Hango Hizkuntza Indigenen Akademiaren
bigarren mintegia egin da eta Euskaltzaindia han egon zen. 11 herri
indigenen ordezkariak izan ziren: andoan, kofan (650 hiztun), txatxi
(10.000 hiztun), epera (30.000 hiztun), kitxua (3 milioi), sapara (50),
xuar edo jibaro herria (80.000), xiwiar (1.000), tagaeri (500), tsatxila
(2.000) eta waorani (2.000). Mintegiaren helburuak hiru ziren: hizkuntza
normalizaziorako ereduak aztertzea, akademiako kideak izendatzea eta
beren errealitateei egokitzen zaizkien hezkuntza ereduak ezartzea. Argazkian,
CONAIE indigenen konfederazioak abenduan burutu zuen kongresuko irudia
duzue.
Ekuadortarrak gurean
Hogei mila baino gehiago dira Nafarroan. Iruñean 5.630 bizi dira
(atzerritar guztien % 39) eta multzorik handiena Arrosadian eta Lezkairun
biltzen da. Indigenen eta mestizoen artean muga kultural handiak daude
eta Nafarroan ere hori ikus daiteke. Ekuadortarren elkarte askotxo ditugu:
APROE (1996an sortua) eta Ecuanavarra dira nagusiak. Haien eskakizunetako
bat kontsuletxea da; Iruñean bazen bat, baina 1984. urtean desagertu
zen. Gaur egun Bilbokoa da hurbilen dutena.
Ekuadortarrak euskararen mundura hurbiltzen ari dira pixkanaka: haien
jaioberriei euskal izenak jartzea ez da arraroa, haur batzuek A eta
D ereduetan ikasten dute… Gu ere haiengana hurbiltzeko prest al
gaude?
|