07 KARRIKA: 087|2005eko martxoa    <086 | 088>

|IRITZI ARTIKULUA |ZENBAT BURU... |HERRIEN ELEAK |HEMEROTEKA

 

|IRITZI ARTIKULA

Zu ere blai

Txandalak, izerditakoak, zapatilak eta erlojuari begirada azkarrak. Errepidean zain daudenen jauziak eta gerturatzen den marmarra. Giza multzo koloretsua eta aire hezea urratzen hasten diren oihuak. Bi urtean behingo hitzordua heldu da.
Eskarmentu handikoak dauden arren, aurtengoan adin, jatorri eta bizimodu guztietako inoiz baino korrikalari berri gehiago doaz lehen lerroan. Izan ere, Korrikak gure gaurko etorkizuna bultzatu nahi du: euskaldun berriak.
Gure korrikaldiak ez duela etenik esateko ohitura dugu. Baina hori ez al da erretolika hutsa? Lasterka doan multzoa martxoaren 20an desegiten denean, lagun berri ugarik ez dute han bizi izandako giroaren arrastorik somatuko. Egunotan botatako izerdia euskararik gabeko eremu zabal motelak xukatzen ahal die. Motibazio handikoak hesi-lasterketan has litezke, baina zentzugabekoa litzateke hesietako bat Korrikan ondoan izan dituen lagunekin euskaraz egiteko aukerarik eza izatea.
Irudikeria da uste izatea ekitaldi batean egoteagatik ikusle izateari utzi eta partaide bihurtu garela. Euskaraz ehuntzen dugun munduko kide izateko borondate oneko oinkadak baino gehiago behar da. Euskaltegiak, euskara talde zein elkarteak, hedabideak, zerbitzu euskaldunak, mintzakide bezalako egitasmoak, gizarte mugimenduak eta beste hainbat ari gara lanean oinei eragin ondoren inor gelditu eta ihartu ez dadin. Ez gara nekatuko Korrikak gogorarazten digun konpromisoari egunero eusteko aukerak emateaz, lekuko asko daramatzagulako eta guztiei eutsi nahi diegulako, baina gaur, inoiz baino gehiago, ezinbestekoak zaizkigu tresna guztiak.
Zu, irakurle, baliabiderik hoberena zara. Euskaldun izateko desira ez da ezerezetik bizi den landare magikoa: elikatu beharra dago. Eta inguratzen gaituen gizarte lehor batean zure parte-hartze aktiboa da euskaldun berrion eta denon ureztailurik bizigarriena. Baduzu non aukeratu: ez gelditu etxean.
Urtaro berriarekin batera bazterrak bustitzeko tenorea da. Ba euskarak edonon busti gaitzan, aterkiak utz ditzagun gordean: ni ere bai, zu ere bai, elkarlanean gogotsu eta konpromisoz blai.

 

|ZENBAT BURU

Joxe Aldasoro

AEKk bi urtean behin antolatzen duen Korrikaren 14. edizioa Foru lurraldetik, Orreagatik, abiatuko da martxoaren 10ean eta 10 egunez Euskal Herriko hainbat txoko bisitatu ondoren, Bilbora ailegatuko da martxoaren 20an. Aurten Andolin Eguzkitza euskaltzaina omendu nahi izan duen lasterketak, jende andana biltzea espero du, oztopo guztien gainetik AEKk bere eguneroko lanari eutsi diezaion behar duen diru ekarpena lortzeko. Nafarroako Korrikako koordinatzailea den Joxe Aldasorok azaldu dizkigu Korrikaren inguruko xehetasun guztiak.

Korrikaren edizio berri bat, 14.a abiatuko da martxoaren 10ean Orreagatik. Aurtengo leloa “Ni ere bai” aukeratu duzue. Zer ideia bildu nahi izan duzue esaldi horrekin?
Ni ere bai euskararen aldeko jarrera gisa ulertzen dugu, baina ez jarrera hutsala, baizik eta konpromisoaren ideiari lotuta; ez dakienak ikasteko, dakienak erabiltzeko edo bakoitzak ahal duen moduan euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko. “Ni ere” leloak Euskal Herria euskalduntzen parte hartu nahi dudala edo ni ahalegin horren parte naizela adierazi nahi du. Ahalegin horren alde zerbait egiteko prest nagoela edo orain arte egin dudana baino pixka bat gehiago emateko prest nagoela alegia.

Urtetik urtera lasterketa abiatu aitzin ekitaldiz hornituriko egitaraua prestatzen duzue. Euskal kultura sustatzeaz gain, lasterketari begira giroa berotzea helburu duen Korrika kulturalaren baitan, aurten eginiko ekimenen artean zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Andolin Eguzkitzaren omenez eginiko ekitaldiaz gain, hemen Nafarroan aipatzekoa da iragan otsailean Barañaingo Auditoriuman taularatutako Anders Lipusen antzezlana. Sagarroi musika taldearekin batera eginiko ikuskizuna izan zen, musika eta antzerkia uztartzen dituen muntaia berezia. Sari berezia jaso zuen AEKk ematen dituen beken artean. Horrekin batera, martxoaren 4an AEKko beka irabazi duen “Euskararen zazpi pekatu nagusiak” antzezlana taularatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan eta haurrei dagokienez, Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoak izanen ditugu martxoaren 2an Iruñeko Salestarren aretoan. Horretaz gain, eskoletan hainbat ekimen antolatu izan dira eta horiek ere egitarau mamitsua osatu dute. Gure webgunea bisitatu daiteke ekitaldi guztien berri izateko (www.korrika.org).

Aurtengo Korrikarekin hilabete eskas zendutako Andolin Eguzkitza euskaltzaina omendu nahi izan duzue. Zer dela eta? Zertan gauzatu da omenaldi hori?

Euskaldun berria izanik, euskara ikasteko eta erabiltzeko hartu zuen konpromisoa kontuan hartu dugu batik bat eta horrekin batera, euskaltzain izatera ailegatu zela. Bere ibilbidea omentzearekin batera, Korrikak omenaldi xume bat eskaini nahi die euskara ikasi duten guztiei, esfortzu edo konpromiso hori egunero hartzen ari diren lagun orori. Andolin Eguzkitza horien guztien sinbolotzat hartuta omendu nahi izan dugu.
Omenaldia Euskalduna Jauregian prestatutako ekitaldi berezi baten bidez egin zen pasa den urtarrilean. Andolinen gustukoak ziren jazz musika eta olerkia uztartuz eginiko ikuskizuna izan zen.

Berriki jakin izan da Nafarroako Gobernuak dexente murriztuko dituela dirulaguntzak hainbat alorretan, baita helduen euskalduntzean ari zareten euskaltegiei ere bai. Korrikaren edizio hau, neurri batean sikiera, oztopo hori gainditzen joateko baliatuko duzue, ezta?
Korrikak eskaintzen digun aukera aprobetxatu nahi izan dugu, prentsa aldetik izaten duen oihartzuna eta jendearekin zuzenean ditugun hartu emanak, azaltzeko zein egoeratan gelditzen den helduen euskalduntze eta alfabetatzea eta berriro ere azpimarratzeko konpromisoaren ideia. Hau da egoera honen aurrean norbanakoak egin behar duela ahalegina aurrera joateko.

Korrika egiteaz gain, badira lasterketarekin bat egiteko bertze modu batzuk. Zeintzuk dira?

Korrikan parte hartzeko aukera aunitz dago. Korrika laguntzaile izanik, txartel bat eskuratzen da eta txartel horren bidez beherapenak lortzen ahal dira hainbat denda eta establezimendutan. Auzotan osatzen diren Korrika batzordeetan parte hartu daiteke, baita antolatzen diren ekitaldi kulturaletan ere. Korrikako webgunea bisitatzen ahal da (www.korrika.org) eta bertan ageri den Ziber Korrika edo Korrika birtualean parte hartu. Korrikan berean lasterka eginez edota atera dugun materiala erosiz ere laguntzen ahal da. Bestalde, diru ekarpenak ongi etorriak izanen dira. Laguntza eman nahi izanez gero, modu aunitz dago eta gurekin harremanetan jartzeko webguneaz gain, 948 21 12 15 telefono zenbakira hots egin daiteke.

 

|HERRIEN ELEAK

Kongo

Bi Kongo eta hamaika herri

Ba al zenekiten kongotarrek bi hiriburu dituztela? Kontua da Kongo izeneko bi Estatu daudela Afrikan: Kongoko Errepublika (hiruburua: Brazzaville) eta handiagoa den eta 1997 arte Zaire izenaz ezaguna zen Kongoko Errepublika Demokratikoa (hiriburua: Kinshasa). Elkarren ondoan daude eta bien artean 6 miloi biztanle dituzte. Afrikako toki askotan gertatzen den bezala, hemen ere frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra baina mintzatuenak kikongo (bi herrialdeetan), teke (Errepublikan), lingala eta swahili (Errepublika Demokratikoan) dira. Herri asko bizi dira bazter hauetan; “kongotarrak” berez kikongoz hitz egiten dutenak dira eta beren lurraldea Angolaraino heltzen da.

Kongotarrak gurean


Nabarmen jaitsi da Nafarroan bizi diren kongotarren kopurua. 100 inguru izatera iritsi ziren baina gaur egun ez dira 40 baino gehiago. Elkarteko presidente Wilfried Nsanguren arabera, “hemen etxebizitza oso garestia denez Aragoira edo Valentziara joan dira asko, han errazagoa baita dirua aurreztea”. Hala ere, badira zenbait urte Nafarroan “Asamblea del Congo” elkartea sortu zela; kide gehienak Kongoko Errepublikatik datoz eta hasieran Zabaldi-Elkartasunaren Etxean biltzen ziren. Besteak beste hemen dituzten kezkez hitz egiteko parada dute elkartean: pisuak alokatzeko trabak, gidabaimena homologatzeko zailtasunak… Gure arteko kongotar gehienak gizonezkoak dira, egoera legalean daude eta eraikuntzan eta lantegietan ari dira beharrean.

 
 
Karrikiri Elkartea. Xabier karrika 4 (Gazteluko plazaren ondoan). 31001. Iruñea. Tel.948 225 845. bulegoa@karrikiri.org