
|
Tokiko
hedabideak, tokiko altxorrak
Euskal hizkuntza komunitateaz mintzo diren
adituek diotenez, erabilera da hizkuntzaren kalitatearen oinarri eta,
beraz, hizkuntza horren normalizaziorako ezinbesteko baldintza. Erabilera
hori norberarengandik hasten baldin bada ere, beste hainbat eragile
garrantzitsuk parte hartzen dute bere sustapenean eta horien artean,
are gehiago informazioaren mendean bizi garela kontuan hartuta, hedabideak
ditugu. Eta euskarari dagokionez, bereziki aipagarria da hizkuntzaren
erabileran han eta hemen sortutako tokiko hedabideek egunez egun egiten
duten ekarpena.
Azkeneko urteetan hainbat elkarte eta lagunen lan baliagarriari esker
sortu eta indartuz joan diren tokian tokiko hedabideek euskararen erabilera
esparruak zabaldu dituzte eta erreferentzia bilakatu dira euskal komunitatearentzat.
Euren izaera herrikoiari eutsiz, hizkuntza komunitateko kideak komunikazio
proiektu horien partaide bilakatu dituzte eta komunitate horren barne
kohesioa indartu dute. Euskara ikasten ari direnei euskaltegitik kanpo
euskararen mundua egon badagoela eta eurek ere horren partaide aktiboak
izan daitezkeela erakusten diete. Euskaldun zaharrei euskarak egunez
egun esparru berriak irabazten dituela agerian uzten diete. Finean euskaldunok
elkar hobeki ezagutzeko aukera eskainiz, euskal komunitatea trinkotzeko
lana eskerga egiten dute.
Tokiko hedabideek (irratiak, aldizkariak, telebistak) egunero, astero,
hilero eskaintzen digute hurbileko errealitatea gure hizkuntzan atzemateko
parada ezin hobea, hurbileko ikuspegi zuzen eta alternatiboak eskainiz
eta hainbat kasutan bertako euskalkiak berreskuratuz.
Berriki jakin izan dugu Nafarroako Gobernuak emaniko aurrekontuen baitan
hedabide hauei bideratuko zaizkien diru-laguntzak dezente murriztuko
direla beste eragile batzuei gertatuko zaien moduan. Molde horretako
oztopoak, ordea, ez dira berriak. Esate baterako, oraindik ere lizentziarik
gabe jarraitzen duen Euskalerria Irratiak hainbat alditan, eta azken
deialdian ere ez du inongo sosik eskuratu. Halere, erakunde ofizialetatik
heldu beharko lukeen gutxieneko laguntza horretaz landa, guk geuk, euskaldunok,
egunero ematen ahal diegun sostengua ezinbestekoa da hedabide horiek
euren lana egiten jarrai dezaten. Laguntza ekonomikoa premiazkoa da,
baina, horretaz gain, gure konplizitatea eta arreta eskaini behar dizkiegu
euskal komunitatearen alde horrenbeste egiten duten hedabide hauei guztiei.
Tokiko hedabideak gure altxorrak dira eta denon artean babestu eta bultzatzeko
gonbitea egin nahi dugu hemendik. |
Joxemiel
Bidador
|
Nafarroako Unibertsitate Pribatuak
ateratako lan bati aurre egiteko asmoz karrikaratu berri du “Materiales
para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra” liburua Joxemiel
Bidadorrek. Euskal filologia ikasi zuen iruindar honek irakasle izan
da Tuteran eta Iruñean eta hainbat antologia karrikaratu ditu
(Joxe Agerre eta Alexander Tapiaren olerkiak, Sakanako idazleak, Iruñeko
euskal kazetaritza gerra aurretik). Horretaz gain aldizkari espezialitu
batzuetan (FLV, Egan, CEEN, Txistulari, Sukil, Merindad de Tudela, Eleria,
RIEV...) eta zenbait hedabidetan eskaini ditu bere kolaborazioak (Nafarkaria
eta Diario de Noticias). Bere azkeneko lanaren inguruan solastu gara
berarekin.
Nafarroako Unibertsitate Pribatuak egin eta Nafarroako Gobernuak
babestutako Foru lurraldeko literaturaren historiari buruzko entziklopedia
batean ez da bertoko euskal idazleren aipamenik egiten. Pamiela argitaletxearen
eskutik berriki argitaratu duzun “Materiales para una Historia
de la Literatura Vasca en Navarra” liburuan, ordea, garbi ikusten
da euskal idazleek euren ekarpena egin dutela. Zer xede izan dituzu
lan hau egiterakoan?
Liburu honen egiteko hasiera batean izan nuen asmoa Nafarroak euskal
literaturari egindako ekarpena erakustea zen, euskaldunoi zein gai horretan
interesa duten orori, ohiko esku-liburuetan Nafarroako agerpena guztiz
undatsa baita, ez da ja ere agertzen, eta hutsune hori bete beharrekoa
zela iruditzen zitzaidan. Geroago Opuseko unibertsitatearen lana gauzatu
zenean, liburu honek beste funtzio bat ere bete zezakeela ikusi zen,
aldarrikapenarena, eta erantzun bat izan da ezereztatu nahi gaituztenen
aitzinean.
Erdaraz karrikaratu duzu erdaldunengana iristeko asmoz, baina
damutu omen zara eta baliteke euskaraz ere plazaratzea hezkuntza alorrera
bideratua. Zer asmo duzu? Noizko egon liteke?
Damutzearena egia da. Asmo onekin erabaki nuen erdaraz izkiriatzea,
interesaturik zeuden erdaldunengana iristeko, askotan leporatzen zaigun
hersturatik ateratzeko, eta gu ezagutzea ezinezkoa zuenarendako, baina
tamalez, konturatu naiz euskaldunen zokokeria hortzetik hortzera darabilten
horiek ez dutela benetan gu ezagutzeko interesik ez asmorik. Guztiarekin,
erderaz bada ere, liburua baliagarria da euskaldunondako, eta kemen
gehiegi gastatzea litzateke liburu honen euskarazko aldaera ateratzea,
bere berean. Badira egin gabe dauden beste lan zenbait, eta hauetariko
bat hezkuntzari begira eginiko egokitzapena da. Ez daukat ezer aurreraturik
oraino, asmotan gabiltza bakarrik, Xamar eta biok, eta ezagun denez,
asmoak asmo... erdia ustel!
Lan honetan Nafarroako idazleetara soilik mugatzea “ikuspegi irreala”
kontsideratu duzu. Euskal Herri mailako azterketarik egitea pentsatu
al duzu?
Euskararen unibertsoa nahikoa txikerra dugu banaketa gehiagorekin etortzeko.
Unitatea ez da Nafarroa, Euskal Herria baizik, eta hortik dator irrealarena.
Nire asmoa izan da, esan bezala, literatur esku-liburuetan dagoen hutsune
erreal bat osatzea, baina Euskal Herriko literaturaren historia erakusten
duten lanak hamaika dira, eta neure asmoen artean ez dago beste bat
egitea.
Zuk eginiko liburu honetan erakusten duzunez, Nafarroan azken
bost mendeetan izan diren euskal idazleen zerrenda ez da makala (600
inguru). Zein da zure irudikoz Nafarroako euskal literaturaren egoera?
Eta oro har Euskal Herrikoa?
Ezkor izateko hamaika arrazoi dugun honetan, literaturaz denez bezanbatean
bederik, baikor izateko arrazoi asko ere badugu. Momenturik goxoenean
dago Nafarroako euskal literatura, eta azken Euskadi Sariak hala erakusten
digu. Ezin dugu, baina, horretan geratu, izan ere lan handia baitago
oraino literaturaren inguruko bestelako esparrutan (irakurleria emendatzen,
irakurzaletasuna gazteen artean sustatzen, gure lanak beste hizkuntzetara
itzultzen...). Ber gauza esan liteke Euskal Herri osoko egoeraz.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Etorkizuna zaila da, lehenaldia eta oraina bezain zaila behintzat. Nafarroan
euskarak dituen zailtasunak ezagunak dira, eta ez dirudi etorkizunean
hobera asko aldatuko denik egoera. Euskararen etsaiak burutzen ari diren
gurutzada itxurako eraso iraunkorrarekin batera, hiritar erdaldun gehienen
axolagabekeria dugu gure kontra. Alabaina, historiak erakusten digun
bezala, zailtasunen aurrean aitzina egin dugu Nafarroako euskaldunok,
aunitzetan ozta-ozta bada ere, eta aitzina eginen dugu aurrerantzean
ere, hala espero dut behinik behin.
Liburu honen aurkezpenarekin batera, “Baziren bagara”
manifestua sinatu duzue Foru lurraldeko hainbat idazlek, baita interneten
paratu ere. Zer hedapen eman nahi diozue ekimen honi?
Une honetan manifestuaren berri ematen eta ahalik eta sinadura gehien
biltzen ari gara, aurrerago eginen den salaketa eta protesta publikorako.
Alabaina, honen zehaztasunik ezin dugu oraindik eman. Argi dagoena da
soka luzeko kontua dela, eta Nafarroako euskal idazleon erantzuna irmo
bezain tematia izanen da, baziren, bagara, eta izanen dira, zer uste
dute ba?
|
Txina |
Arrago erraldoia
Berriki jakin dugu Txinan 1.300 milioitik gora biztanle direla. Adituen
arabera, 56 talde etniko daude. Handiena han taldea da (biztanleen %93):
txineraz egiten du, baina “txinera” esaten dugunean zazpi
hizkuntza taldez ari gara: mandarinera (putonghua hizkuntza ofizial
batuaren oinarria), wuera (gure arteko txinatar asko ekialdeko Zhejiang
eskualdetik datoz eta wueraz egiten dute), ganera, xiangera, yuera,
kejiera eta minera. 55 gutxiengoei dagokienez, zhuang herriak 13 milioi
lagun ditu; hui herriak 7,2; uigur herriak 6 eta tibetarrak 6-7 milioi
dira. Azken bi herriok kenduta, gehienek txinatartzat dute beren burua.
Nazio sentimendua oso sendoa da eta haientzat muga itzela dago Errepublikatik
kanpokoekin, laowai edo atzerritarrak direnekin.
Txinatarrak gurean
Txinako kulturan gorputza oso garrantzitsua da eta elikadurak pisu handia
hartu du beti. Xuemei Jin Zhang-ek Iruñeko lehen jatetxe txinatarra
–Estafeta kalekoa- 80ko hamarkadan ireki zuenez geroztik, asko
ugaritu dira mota honetako jatetxeak. Geroago, zenbait txinatar merkataritza
arloko zerbitzuak eskaintzen hasi ziren, baina gurean jarduera mota
hori ez da asko garatu oraindik.
Iruñean bizi diren txinatarren kopurua bikoiztu egin da hiru
urteotan: ia 400 dira gaur egun. Hala ere, Nafarroan ez dute elkarterik.
Bizkaian, ordea, “Euskadi-Txina” izenekoa sortu dute; elkargune
horrek euskal jatorriko lagunak ere biltzen ditu. Elkarteen bidez edo
elkarterik gabe, txinatarrek beti laguntzen diete elkarri eta horregatik
etorkinei ez zaie zaila egiten aurrera egitea.
|