07 KARRIKA: 085|2005eko urtarrila     <084 | 086>

|IRITZI ARTIKULUA |ZENBAT BURU... |HERRIEN ELEAK |HEMEROTEKA

 

|IRITZI ARTIKULA

Beste arau aitorrezin horiek

Egia ote da hizkuntzaren erabileran eragiten duen arautegi bakarra agintarien lege, dekretu eta ebazpenak direla? Zalantzagarria da. Izan ere, euskaldunok, gure etxea zutik dugulakoan, legeriaren eraikina ere zurkaizteari heltzen diogu behin baino gehiagotan. Bai, zeren beste arau esanezin batzuk sortu ditugu, beste molde batekoak izan arren besteak bezain eraginkorrak direnak. Esate baterako…
Ahaleginak egin bai, baina gehiegi nekatu gabe. Gure arteko harremanei eta gizarte errealitateari begiratu ondoren argi ikusten da oraindik ere hainbat egoeratan ez dela esfortzu handirik egiten euskaraz aritzeko. Izan ere, zergatik tematu beti euskaraz egitearekin? Mesedez, ez ditzagun bazterrak nahastu! Euskaldunontzako gune berriak irabaz daitezkeela? Bai, baina etxean, euskal txokoetan eta beste zenbait tokitan hitz egiten uzten diguten bitartean…
Azaleko konpromisoekin aski da. Aurten ere euskaltzaleok hamaika elkargune eta ospakizun izanen ditugu besteak beste euskararen alde gaudela erakusteko. Haietan, giza multzo handiak bilduko dira. Hori bai, aipatu jarreraren eta benetan egiten denaren arteko aldea multzo horiek bezain handia izan daiteke. Ez du ematen Durangoko Azokara eta beste ekimen askotara goazen lagun guztiok urte osoan zehar euskaraz irakurtzea, hitz egitea eta bizitzea deliberatu dugunik. Lasai, ia ez dago kontraesanik: dirudienez, hizkuntza-objektuaren alde egotea da kontua, ez gure alde…
Gehiago luza gintezke. Baina gauza bati errepara diezaiogun: gizarte arau edo ohitura lau hauek, goitik datozen legeen zerbitzari zinak izatera bultzatzen gaituzten arren, ez dira halabeharrez bete beharrekoak. Eta inertziak bultzatu arren, hauskorrak dira oso, indarrean jarraitzeko elikagai bakarra behar dutelako: nahimena.
Gure borondateaz hausteko erabakia hartzea erraza al da? Horixe baietz. Euskaldunontzako eremu berriak zabaltzeko gogoa eduki behar dugu eta horretan ari gara gero eta euskaldun gehiago. Aukera gehiago bilatzen ditugu, gu guztion alde ari gara eta ez gara konformatzen. Eta gogoratu: zorionekoak euskaldun otzanak… erdara ikusiko dutelako.

 

|ZENBAT BURU

Reyes Ilintxeta

Duela 10 urte Nafarroako hainbat euskara teknikariren ekimenari esker Ze berri aldizkariaren lehenengo alea karrikaratu zen euskaraz eta erdaraz. Berriki 50. alea argitaratu da eta hasieratik kazetari lanetan aritu den Reyes Ilintxetarekin egitasmo honek eginiko ibilbideaz solasean aritu gara.

Noiz sortu zen Ze berri eta zer xederekin?
Orain dela 10 urte sortu zen eta hiru aldi edo garai izan ditu. Lehenengoa esan bezala, duela 10 urte hasi zen, euskara teknikari batzuk euskararen inguruko notiziak plazaratzeko zer edo zer egin behar zela pentsatzen hasi zirenean. Ikusi zuten berri horiek euskal guneetara soilik iristen zirela eta ez zirela hortik pasatzen. Iruditu zitzaien erdal guneetara ere eraman behar zirela eta aldizkari bat egitea pentsatu zuten; hasieran oso sinplea, bi tintatan inprimatuta, lau orrialdetakoa...Oso harrera ona izan zuen eta beste teknikari batzuk egitasmoarekin interesatu ziren. Jendea ere oso pozik agertu zenez, handitzea pentsatu zuten eta lehiaketa egin zuten. Bigarren garai honetan, halere, helburu berdinak mantendu ziren: hau da, euskararen inguruko notiziak ematea, batik bat notizia onak, historiari buruzkoak eta gaur egungo kontuetaz. Kolorea eman zitzaion aldizkariari, publizitatea sartu eta orrialde gehiago gehitu. Aldaketa horiekin batera, euskara zerbitzu gehiagok bat egin zuten proiektuarekin, horien artean Iruñeko Udalak. Gaur egun guztira 30 bat herri daude sartuta eta ateak zabalik daude gurekin bat egin nahi duten udalentzat; batik bat Iruñerrian eta hortik behetik. Horixe baita bere esparru naturala. Hirugarren aldian orain sartzen ari gara Ze berriren edizio digitalarekin eta aurrerantzean eginen ditugun berrikuntzekin.

Bitxia izanen zen batzuentzat euskararen sustapenerako aldizkaria izanik euskaraz eta espainolez agertzea. Zer dela eta erabaki zen bi hizkuntzatan egitea?
Bai, batzuentzat bitxia izan da eta guretako ere zaila da erabakitzea notizia bakoitza zein hizkuntzatan joanen den. Baina gure formula horixe da. Guztiontzako aldizkaria izatea nahi dugu: euskaldunentzat eta euskararekin inongo loturarik ez dutenentzat. Erdaldunei begira eduki konkretu batzuk prestatzen ditugu, hainbat kasutan euskaldunontzat oso ezagunak izaten ahal diren gaiak jorratuz, bertsolaritza esaterako. Beste informazio batzuk, zerbitzu informazio direnak, agenda, haur eta gaztetxoendako kontuak euskaraz ematen ditugu, eta euskaldunei begira oro har interesgarriak eta atseginak diren gaiak eskaintzen saiatzen gara, hainbat kasutan euskararekin lotura zuzena ez duten gaiak.

Berriki 50. alea karrikaratu duzue. Orain arte eginiko bideaz zer balantze egiten duzue?

Oro har oso balantze ona egiten dugu. Denborak aurrera egin ahala herri gehiagok parte hartu du eta ale gehiago banatzen joan gara (gaur egun 70.000 inguru). Gehienak postontzietan banatzen dira, baina harpidedunei etxera bidaltzen zaie doan Iruñean, Nafarroan, Euskal Herrian, estatuan eta estatutik kanpo ere bai (10 herrialde ezberdinetara). Gure pertzepzioa oso ona da, jendeak aldizkaria ezagutzen du, interesatzen zaio eta batzuek, gainera, bilduma egiten dute. Bestalde ere parte hartzen duten erakundeak ere pozik daude, beraz, balantzea, positiboa da.

Foru lurraldeko hedabideen artean zuen tokitxoa lortu duzue. Zer ekarpen egiten du Ze Berrik?
Euskara historian zehar zer izan den eta zer eginkizun jokatu duen berreskuratzen saiatzen gara. Horrekin batera, gaur egun egiten diren eta aurrerantzean ere eginen diren kontuen berri ematen ahalegintzen gara. Hori guztia ahalik eta modu atseginenean eta irekienean. Izan ere, euskaldunez gain, euskararekin batere loturarik ez duten horiengana ere iritsi nahi baitugu. Hemen Nafarroan euskaldunak eta erdaldunak elkarrekin, baina batzuetan elkarri bizkar emanda bizi garela ematen du. Batzuek ez dute euskara eta euskal mundua batere ezagutzen eta gure nahia desinformazio harresi ikusezin hori apurtzea da, beti ere modu atseginean.

Nola ikusten duzu euskal hedabideen egoera Foru lurraldean?
Oso egoera zaila da. Berriarekin, Nabarrarekin, herrietako aldizkari eta irratiekin zer gertatzen ari den ikustea besterik ez dago. Egoera larria da. Berriki jakin dugu, gainera, Nafarroako Gobernuak diru laguntza ukatu diola Euskalerria irratiari eta gainontzeko hedabideei ere gutxiago emanen diela. Egoera oso zaila da, batez ere ekonomikoa. Publikoa badago, txikia baina hor dago, eta horregatik diskriminazio positiboa egin beharko litzateke ekonomia mailan. Hemen, ordea, alderantziz egiten da eta horren ondorioz itotze ekonomikoa dator.

Ze Berriren edizio digitala sortu duzue: www.zeberri.com. Etorkizunari begira, zer asmo?

Urtean 6 zenbaki egiten ditugu egun eta gustatuko litzaiguke ale gehiago atera ahal izatea dagoen informazio mordoa plazaratzeko edota orrialde kopurua gehitzea, baina momentuz horrela jarraituko dugula uste dut. Web gunearekin oso ilusionatuta gaude eta agendari sekulako bultzada eman nahi diogu, berritua egon dadin, osatua, e.a. Aldizkariko beste edukiak ere kontsultatzeko aukera izanen da eta hizkuntza ezberdinetan jartzea ere aztertzen ari gara, baina poliki-poliki. Jendeari eskatu nahiko genioke egiten dituen ekitaldi guztien berri eman diezaguten agenda horretan sartu ahal izateko. Horretarako info@heda.es helbidera mezua bidaltzea besterik ez dute egin behar.

 

|HERRIEN ELEAK

Argentina

Zilarrezko herria

Argentinarren %97 jatorri europarrekoa da. Gehienen arbasoak Estatu espainiarretik eta Italiatik abiatu ziren eta, denok dakigunez, euskal herritar asko ere hara joan ziren. Indigenak sarraskituak izan ziren eta gaur egun %3 besterik ez dira: ketxuak, guaraniak, chanak, kaingangak, tehuelcheak…
Jatorrizko hizkuntza guztiak egoera kritikoan daude baina zaila da datu fidagarriak lortzea, erroldan egiten diren galderak gaizki eginak daudelako; “etnozidio estatistikoaz” ere hitz egin izan da. Honek zailtzen du hizkuntza berreskurapenaren aldeko lana egitea. Dena den, Argentinako hizkuntza hauek erabilpen ez-formaleko eremuetara konfinatuta daude eta transmisioa eten da.
Espainieraren III. Nazioarteko Kongresua egin zen hiri berean, Rosarion, Hizkuntzen I. Batzarra burutu zen azaroan ere. “Amerika kulturanitz eta eleanitz baten alde” lelopean, Batzarrean Ameriketako hizkuntzen balioa azpimarratu zen. Bukatutakoan, Batzarrak aniztasunaren eta hizkuntza eskubideen aldeko bi dokumentu plazaratu zituen: hizkuntza autodeterminazioaren aldeko adierazpena eta Batzarrean egondako jatorrizko herrien deklarazioa; biak www.contracultural.com.ar/notas/cultu2.htm helbidean irakur daitezke.

Argentinarrak gurean

“Centro Argentino-Navarro” izeneko elkartea da Argentinatik etorritako lagunak biltzen dituena. Taldea 1993ko urrian sortu zen Nafarroa eta Argentinaren arteko harremanak estutzeko asmoarekin. Egoitza Iruñeko Orbina auzoko Urrotz kalean dute; 948-363231 telefonoan daude eta baita Interneteko helbide honetan ere: www.centroargentinonavarro.org.
Zentroko kideek pentsatu zuten zerbait egin beharra zegoela Argentinan egoera txarrean dauden herrikideei laguntza emateko. Horrela, Herri Argentinarrarekin Ekimen Solidarioa (ASPA) izena daraman proiektu kolektiboan sartzea erabaki zuten. Besteak beste, arropa, jostailu didaktikoak eta eskolarako tresnak bidaltzen dituzte Argentinako zenbait lekutara.
Nafarroako argentinarren ordezkari Marcelo Argañaraz de Arco berriki sortutako Nafarroako Etorkinen Elkarteen Federazioaren (FAIN) lehendakaria eta Immigrazioari buruzko Mahai Teknikoko partaide ere bada.

 
 
Karrikiri Elkartea. Xabier karrika 4 (Gazteluko plazaren ondoan). 31001. Iruñea. Tel.948 225 845. bulegoa@karrikiri.org