
|
Merkataritzan
euskaraz
Orain gutxi bitxia eta heroikoa zena, arrunt
eta erosoago bihurtzeko bidean da. Zertaz ari garen? Iruñean
eta Iruñerrian euskaraz bizitzeari buruz ari gara: eskolan eta
eskolatik kanpo ikasi, lagunekin solastu, aisialdiaz gozatu edo erosteko
gero eta aukera zabalagoak ditugu .
Merkatari euskaldun eta euskaltzaleak urriak ziren atzo, eta ugariak
eta dinamikoak gaur . Ogia erosi, jatetxean afaldu, barazkiak edo txuleta
hautatu , etxerako asegurua egin, loreak lagunari bidali, kandelak eta
irudi erlijiosoak erosi, bizikleta konpondu, sukaldeko aulkiak berritu,
negurako arropa erosi, euskal opariak egin, lagun artean pintxoak hartu,
zapata dotoreak frogatu, ilea moztu, edozein liburu erosi, argazki erreportajeak
enkargatu, kotxea gidatzen ikasi, haurrekin jolastera joan, kondoietan
azken berrikuntzak ezagutu, sendabelarrak ezagutu, kirol produktuak
frogatu, fotokopiak enkargatu, egongelarako behar duzun margoa erosi....
eta gehiago egin dezakezu euskaraz.
Eskaintza zabal hori merkatari euskaltzaleek sustatzen dute eta erosle
euskaltzaleentzat aukera ematen digute beraien zerbitzuak euskaraz jasotzeko.
Beste gainerako merkatariek ezinezkoa duten gainbalio hori debalde ematen
digute. Horri esker, bezero garen guztiok egunerokotasunean espazio
eta harreman berriak euskalduntzen ditugu.
“Merkataritzan euskaraz” egitasmoarekin Iruñerriko
euskaldunen komunitatea trinkotu nahi dugu, zerbitzuak euskaraz eskaintzen
dituzten merkataritza guneetara euskaltzale guztiak bideratuz .
Oihenartek esaten zuen bezala “neguan hotzari eta udan beroari
beldur zaiona, ezta ez zaldun ez merkatari ona”. Gure zerrendako
merkatariak onak, bikainak dira. … |
Osio
|
Duela 14 urte Euskal Herri mailan
haur eta gazte literatura sustatzeko asmoz sortutako Galtzagorri elkartearen
presidentea dugu Migel Anjel Asiain “Osio”. Euskal Herrian
egiten den haur eta gazte literaturaz solasean aritu gara berarekin.
Noiz sortu zen Galtzagorri elkartea eta zer helbururekin?
Galtzagorrin idazle, ilustradore, irakasle, argitaldari, ipuin kontalari,
liburuzain..., erran nahi baita haur eta gazte literaturarekin harreman
duen orok hartzen ahal du parte eta helburu bera du hasmentatik: haur
eta gazte literatura sustatu eta bultzatzea. Emaitzengatik erran daiteke
lortzen ari garela gure helburua betetzen, nahiz eta oraindik ere bide
luzea gelditzen zaigun nahi dugun guzia erdiesteko.
Zer proiektu bideratzen dituzue?
Irakurzaletasuna sustatzeko bi proiektu ari gara bideratzen: lehen hezkuntzako
Liburu Altxorra eta Bigarren Hezkuntzan Liburu Gaztea. Azken honekin
batera osagarri den bertze proiektu bat ari gara Berria egunkariarekin
lankidetzan lantzen:Idazle gaztea. Liburu Altxorra lehen hezkuntzako
ikasleen geletatik etengabe bidaiatzen dabilen liburu mailegu zerbitzu
berezia da, eta orain arte arras emaitza onak eman ditu landu den toki
guzietan. Proiektu hauez gainera Behinola aldizkaria karrikaratzen dugu
urtean bi aldiz eta HGLren inguruko erakusketa monografikoak antolatzen
ditugu, gero toki ezberdinetan mugitzeko. Azkenik, bi urtez behin antolatu
ditugu gai zehatzen inguruko biltzarrak: ipuingintzari buruz, poesiari
buruz…
Haur eta gazte literatura azpiliteratura gisa ikusten da maiz.
Egia da anitzetan nolabaiteko konparazioa egiten dela helduen literatura
(edo Literatura letra handiz) eta haur eta gazte literaturaturaren artean
azken hau bigarren mailako zerbait bezala; baina, gero eta oinarri sendoagoa
du HGLk munduan, eta bertze tokietako uste onak gurera ere ailegatzen
ari dira. Azken finean, kode berezia erabiltzen duen literatura da haur
literatura (gazte literatura anitzetan helduen literatura da, baina
merkataritza interesak direla medio gazte literatura bezala saltzen
da) eta honetan, bertze literaturan bezala, badira perlak, badira pasamoduko
liburuak eta baita, helduen literaturan bezalaxe, liburu txarrak ere.
Azpiliteratura dela erraten dutenek seguruenik haur eta gazte literatura
gutxi leitu dute. Nire bizitzan plazer handiena eman didate liburuen
artean badira anitz haur eta gazte literaturan sartzen direnak: zer
erran Stevenson, Kipling edo Igerabide, edo Landa edo Atxagaren haur
eta gazte literaturaz, maisu lanak direla norendako eginak diren kontutan
izan gabe; eta gauza bera erran daiteke ilustradoreez, gaur egun arte
lan eta estilo guziak biltzen dira haur argitalpenetan.
Euskal literaturak oro har hainbat zailtasuni egiten dio aurre.
Haur eta gazte literaturaz ari bagara zeintzuk dira oztopo horiek? Nola
ekiditzen ahal dira zure ustez?
Arazo gehienak (denak ez errateagatik) heldu zaizkigu euskara irakurle
gutxi duen hizkuntza delako eta horrek baldintzatzen du anitz produktua
eta horren zabalpena. Nago gure argitaletxeek gutxi arriskatu dutela
produktu berriak sortzeko, “bertan goxo” politika eraman
dute. Luze solas egiteko gaia da baina arazo hauez gainera haur eta
gazte literaturak baditu bere zailtasun propioak: bitartekarien (irakasleak,
gurasoak, liburuzainak…) ezinbertzeko papera(eginkizuna???), gehiegizko
produkzioa, kritika falta, e.a. Soluziobideak zailak dira, nik, hor
ikusten dut lan handia bitartekari horien formakuntza ikastaroak prestatzen,
kritika lanak egiten...
Hasiera batean haurrei zuzenduriko literatura kanpotik etorritako
liburuen itzulpenekin osatzen zen batik bat. Azkeneko hamarkadetan,
aldiz, ugaritu egin dira hemen bertan sortutako lanak eta haien kalitatea.
Horren erakusle da Mariasun Landak (Krokodiloa ohe azpian) berriki eskuratutako
Haur eta Gazte Literatura Sari Nazionala. Zein da euskarazko haur literaturaren
egoera? Nola ikusten duzu bere etorkizuna?
Egia erratera lehen baieztapen hori ez da erabat egia. Gurean HGL berandu
hasi zen, 70 urteetan edo, eta hasmentatik elkarren eskutik ibili ziren
bertako idazleen sortze lanak eta itzulpenak. Egia da ere gurean zenbait
urtez itzulpenen presentzia handiagoa izan dela, baina ez da inoiz erabatekoa
izan. Gaur egun sormen aldetik euskal HGL aski osasuntsu dago: baditugu
goi mailako idazleak, ilustradoreak, ipuin kontalariak… eta ez
bakarrik guk errana, kanpotik gure HGLren kalitatea onartu dute eta,
zuk aipatzen duzun bezala, hor dugu Krokodiloari eman dioten saria,
baina nire ustez hor Mariasun Landaren ibilbidea eta obra saritu dute,
eta bidenabar euskal idazleen lana saritu dute. Alde horretatik izen
kontsagratu horietatik kanpo badira idazle berriak, gazteak, aski maila
onekoak. Etorkizuna nola ikusten dut? Ba, ez dakit, nik uste euskararen
egoerarekin batera doan zerbait, eta gauza batzuk aldatu behar dira
gure HGLk etorkizunean funtzionatuko balu, esatera argitaletxeen mundua,
bitartekarien formakuntza, kritikaren papera …bo, lehen aipaturiko
huts guzti horiek.
Durangoko azokari begira, zer gomendio eginen zenieke haien haurrentzako
liburuak erosi behar dituzten gurasoei?
Ttxiki-txikiendako Ibaizabal argitaletxeak liburu eder bat karrikaratu
du: Bi otso zuri, edo Kalandraka argitaletxearen edozein liburu; lehen
irakurleendako Aizkorrik arras egokia du Mendi sorgindua bilduma, aurten
Jonas-en bertze liburu bat atera dute eta Semaforo gorria izeneko liburua;
gaztetxoendako Zubizarretaren “Usoa” bilduma aski atsegina
da eta horien artean “Kuaderno morea” niretako da hoberena,
eta Sorginen inguruan atera dute Axa Mixa bilduman arras liburu polita.
Azkenik, gaztetxoendako Ereinek badu Mankell-en trilogia arras interesgarria.
|
Filipinak |
Filipinak: hizkuntza artxipelagoa
Filipinetako artxipelagoko 7.107 uharteetan 75 milioi pertsona bizi
dira. Horietatik %40 hamabost urtetik beherakoak dira. Hizkuntzei dagokienez,
70 baino gehiago entzun daitezke. Hauek dira mintzatuenak:
Tagaloa 22 milioi (Manilan eta beste hainbat lekutan)
Zebuera 18 miloi (Cebun)
Ilokanera 7 milioi (Luzon uhartean)
Bicolanera 4,5 miloi (Luzon uhartean)
Samaronera 3 miloi (Samar aldean)
1937an Hizkuntza Institutu Nazionala sortu zen. Erakunde berri honek
hizkuntza nazional berria proposatu zuen: filipinera. Manilako tagaloa
du oinarri, baina ez da zuzena Filipinetako hizkuntza ofiziala “tagaloa”
(tagalog) dela esatea, filipinerak beste hizkuntza askotako ezaugarriak
ere hartu baititu. Dena den, bi hizkuntza edo gehiago hitz egiten dutenen
artean, ohikoa izaten da “taglish” hizkuntza entzutea: ingelesak
kutsatutako tagaloa, hain zuzen.
Filipinarrak gurean
Filipinetako langabezia-tasa nahiko altua da eta egunero 2.700 lagun
inguru ateratzen dira artxipelagotik: ia milioi bat urtero. Eta gutxi
dira denboraren poderioz sorterrira itzultzen direnak.
Euskal Herri osoan ehunka batzuk baino ez dira eta gehienak Bizkaian
daude. Bilbon Pagkakaisa (Batasuna) elkartea sortu zuten: han, Filipinetatik
etortzen direnei harrera egiteaz gain, elkargunea eta ekitaldi ludikoak
eskaintzen dituzte. Filipinar jatorriko etorkinekin gertatzen den modura,
Euskal Herrira etorri direnak ere neurri handi batean emakumeak dira
eta etxeetan egiten dute lan. Europan irudi hau aldatzen ari da azken
urteotan; izan ere, gero eta gehiago dira Filipinetatik datozen langile
kualifikatuak, unibertsitateetara datozen ikasleak ahaztu gabe.
|