
|
Euria
egin behar du
Aurten denbora gehiago izango duela ikusita,
Martak euskaltegian izena eman berri du, zekien apurra ahantzia baitzuen
aspaldiko partez. Oraingoan gelatik kanpo ere hiztunik aurkituko duelakoan,
euskaltegitik atera eta etxerako bidean da. Gorantz begiratu behar izan
du. Baina ez al zegoen ateri?
Euri-tanta bat erori da.
Ez, ez du gogoratzen Miguelek noiz leitu zuen azkena. Daraman bizitza
katramilatsuan ez dago liburuentzako tokirik. Baina lehengo egunean
lagun batek aholku bat eman eta, zergatik ez dakiela, gaur arte ezin
izan du burutik aldendu. Saltzaileari eman dion papertxo zimurtua soinujole
batez ari da.
Kanpoko erakusleihoan tanta bat pausatu da.
Bazekien Iñakik Arantza euskalduna zela. Kontua da neska hori
begiko izan duela beti eta, komunikazioa lortze aldera, erraietan bizi
diren hitzez aritu izan zaiola. Auskalo zergatik eginen zion atzo euskaraz
Arantzari kalean ikusi zuenean. Barrua mugituxea izanen zuen akaso…
Tanta lodi batek musua eman dio lurrari.
Etxeko leihotik haur bat tantei begira dago. Eta hasi da pentsatzen
kristalean irrist egiten duten horiek, tantak diren aldetik, zerbait
gehiago ere badirela. Zera oihukatu die orduan: Esan nahi duzuena, baina
ez zarete txortak bakarrik, euria zarete!
Eta txortak euri bihurtu dira haurraren begietan.
Baina leiho horren azpitik pasatu den neskak antzematen du euskaldunok
tanta bakartitzat jotzen gaituztela oraindik eta zenbaitek, aterkiak
erabiltzen dituzten bitartean, euria ez da existitzen eta beraz ez du
eskubiderik esateko atrebentzia dutela. “Uste dut hori baino zitalagoa
litzatekeela guk geuk euriaren kontzientzia galtzea”, erantzun
dio bere ondoko lagunak. “Gizarteak bultzatzen duen isolamendu
itsaskorretik ezer gutxi aurreratuko dugu. Gogoratu beharko genuek ez
garela negar malkoak eta ezerk ezin gaituela xurgatu; ez al gara ohartzen
gure ura euskara dela eta, tanta egiten gaituena, euria?”.
Zuk ere bakoitzaren ahalegin bakanei zentzua eman nahi dien jardunean
lagundu nahi baduzu, zatoz euria egitera, zatoz denon komunitatea eraikitzera.
Nahi dugun zaparradan tanta guztiak izanen ditugu. |
Josu
Reparaz
|
2000. urteaz geroztik Lizarra
ikastolako zuzendaria da Josu Reparaz Uiza Arbizuarra. Gaur egun 720
ikasle hartzen dituen ikastola honek Nafarroa Oinez festa ospatuko du
hilaren 17an eta bertan lortuko dituzten sosekin ikastetxeko hainbat
berritze lanak egitea espero dute. Horretaz guztietaz hizlari aritu
zaigu festaren prestaketek utzi dioten tarte txiki batean.
Nafarroa Oinez prestatzen aritu zarete urte osoan zehar. Zer moduz joan
dira antolatutako ekintzak?
2003ko urrian hasi ginen lanean, batzorde ezberdinetan banatuta: Pertsonala,
ekintzak, ibilbidea, muntaiak, ostalaritza, segurtasuna, zerbitzuak,
ekonomia, komunikazioa, babesleak, materiala eta osasuna.
Ekintzei dagokienez, urte osoan zehar izan dira: Kontzertuak (Oskorri
eta Rock kontzertua), artea (artea’04 erakusketa ibiltaria Bilbo,
Iruñea, Donostia eta Lizarran 86 euskal artisten lanekin), maiatzeko
feriak (Lizarra aldeko janari, edari, artisau eta abar aurkeztuz eta
azalduz), folklorea (Lizarra Gurea izeneko emanaldia), kirolak (pilota
partida).
Ekintzak ilusio handiz prestatu eta jasoak izan dira, oso arrakastatsuak
gertatu direlarik, euskararen presentzia bermatuz eta euskararen aldeko
atxikimenduak aurkeztuz.
Hirugarren aldia da Lizarran Nafarroa Oinez ospatzen dela. Nolakoa
izan da ikastolaren bilakaera? Zein da gaur egungo egoera? Zenbat ikasle
dago?
Lizarra Ikastola 1970. urtean sortu zen Lizarra eta Lizarraldeko guraso
taldetxo baten ilusioari esker. Ikasturte hartan 26 ikaslek hasi zuten
kurtsoa haur eskolan.
1985. urtean ospatu zen lehenengo Nafarroa Oinez eta jasotako diruarekin
Eskolapioek zuten ikastetxe zaharra eta solairua erosi zituzten. EUSKARA
BATZEN GAITU izan zen orduko leloa.
1990. urtean, bigarrena izan zen EZINA EKINEZ EGINA eta lortutako dirua
ikastola berria eraikitzeko lehen urratsak emateko erabili zen.
2004ko Oinez hau ikastolak 720 ikasle dituen unean heltzen da eta ikastetxean
ezinbestekoak diren eraikuntzak berritu eta sortzeko erabiliko da lortutako
dirua (haur eskolako eraikuntza, igogailua, biltegia, jolastokia, eta
abar.)
Aurtengo Leloa lizarran@euskaraz.bai izanen da. Gure ikastolaren historia
talde lanaren eta ilusioaren historia da.
Nafarroa Oinezen helburu nagusietako bat gure hizkuntzari bultzada
ematea da. Zer moduzko egoeran dago euskara Lizarra inguruan?
Lizarran euskararen egoerak hobera egin du nabarmen azken 30 urte hauetan,
nahiz eta euskara geletatik atera eta kalera, bizitza arruntera, eramatea
den oraindik ere jorratzen dugun helburua, egun asko dira gure geletatik
pasa eta euskaldundu zirenak eta euskalduntzen jarraitzen dutenak, bertan
familia euskaldunak sortuz baina inguruaren presioz, gaztelaniarena,
itogarria gertatzen da. Udalak eginiko azken zentsuan jendearen %10ek
daki euskaraz mintzatzen eta dakitenetatik asko dira euskaraz mintzatzen
direnak.
Urriaren 17ra bitarte hainbat ekimen prestatu dituzue. Azkeneko prestaketak
zer moduz doaz? Ibilbidea nondik nora joanen da? Zer ekitaldi azpimarratuko
zenituzke?
Esan dezakegu, gauza gehienak lortzen ari garela ekintzei, guneei eta
abarri dagokienez eta azken asteotan hainbat ekintza burutu ditugu.
Irailean zehar, esaterako, Kepa Junkeraren kontzertua, Euskaltzaindiak
Lizarran eginiko saioa eta hitzaldi bereziak, Lizarra Gurea ikuskizuna,
Miarritzeko baleta eta krosa izan genituen. Orain hilaren 17ko festako
prestakizunekin gabiltza bete betean, baina urriaren 8an, euskal artisten
erakusketa zabalduko dugu Gustavo de Maeztu Museoan. Euskal Herrian
barna ibili ondoren, euskal artista onenetarikoak biltzen dituen erakusketa
Lizarran inauguratuko dugu. Bertzeak bertze Jorge Oteiza, Eduardo Chillida,
Jose Luis Zumeta, Txomin Badiola, Dora Salazar, Carlos Ciriza, eta Koldo
Jauregiren artelanak izanen dira ikusgai.
|
Kamerun |
Afrika txikia
12 milioi biztanle dituen estatua dugu Kamerun. Afrikako aniztasuna
islatzen duen eremu honetan herri asko bizi dira: Bamileke mendebaldean,
Fang eta Bassa-Bakoko herriak hegoan, Fulani eta Kirdi taldeak iparrean,
Duala kostaldean eta Mbum eta Baya ekialdean. Dena den, britainiarren
eta frantsesen eragina begi-bistakoa da hezkuntzan, merkataritzan, legerian
eta beste hainbat kontutan.
Bere garaian Alemaniaren kolonia izandako lurralde honetan hizkuntza
ofizial bakarrak frantsesa eta ingelesa dira, baina mintzatuenak beti-pahouinera
eta bamilekera dira. Hango Konstituzioak dio elebitasuna bultzatuko
dela, baina gainerako hizkuntzen inguruan egiten duen aipamen bakarra
da estatuak "nazio hizkuntzak" babesten eta sustatzen lagunduko
duela.
Kamerungo hizkuntza politika "norbanakoen hizkuntza eskubideetan"
oinarritzen omen da, baina betiere norbanakoek frantsesez edo ingelesez
egiten badute. Gainerako hiztunei ez zaie eskubiderik aitortzen.
Kamerundarrak gurean
Iruñeko kamerundarren Elkartea orain dela zenbait urte sortu
zen. Kide askok -horien artean Iruñean euskara ikasi zuen mutil
bat- Katalunia aldera jo zuten lan bila orain dela bi urte, baina badirudi
azkeneko hilabeteotan hona etorritako kide berriak elkartea berpizteko
ahaleginetan dabiltzala.
Elkarte horretako kideek diotenez, afrikarrek berebiziko zailtasunak
dituzte hemen aurrera egiteko orduan. Esate baterako, ohikoak diren
lan arazoez gain, afrikar gehienek ezin dituzte gida baimenak homologatu.
Kamerundik iritsitako bizilagun berri askok karrera unibertsitarioak
dakartzate, baina titulu horiek ezer gutxirako balio omen dute hemen
eta eraikuntzan eta bestelako lanetan jarduteko beharturik egoten dira.
Baina osatzen ari garen gizarte berrian denon artean saiatuko gara bidegabekeriak
ezabatzen, ezta?
|