
|
Balio
handikoa, baliatzen badugu
Ez da anekdota hutsa: gutxi izanda ere,
gure herriarekin lotura zuzenik ez duten lagun euskaldun edota euskaltzaleak
aspalditik egon dira. Badira hizkuntzalaritzan ari direnak eta jakinmina
asetu nahian dabiltzanak… Uda partean hona etorri zaizkigu batzuk,
mintzaira hau munduratu duen herria bisitatzera. Hedabideen bidez ez
da zaila horien berri izatea. Eta gauza batez aise konturatzen gara
bertakook: gure mundu txikian gertatzen denaren aurka, planeta handiko
bazter askotan euskarara hurbiltzeko orduan ez dago aurreiritzirik.
Ez horixe.
Antzinatasunaren kontua, hizkuntza erraldoiez inguraturik iraun izana,
berezko egitura eta ezaugarrien erakarpena, txikiaren edertasuna…
hamaika dira gure unibertsora hurbiltzeko arrazoiak. Hala izanagatik
ere, euskarari eransten zaion balioa ez da sanskritoarena edo etruskoarena
bezalakoa: euskaldunok bizirik gaude eta horretan omen datza gure xarma.
Inguru hauetan indar handirik ez duten ikur horiek gure alde jotzen
dute. Hala da: bitxikeriatzat jotzen dutenez haratago, kanpoan gehitzen
ari da euskararen egoerari erreparatzen diotenen kezka eta, horren ondorioz,
Euskal Herrian bizi garen guztiok nazioartean preziatua den hizkuntzarekiko
berebiziko ardura hartzen ari gara.
Guretzat desberdina da balioa. Xuxurlatzeko, jolasteko, hausnartzeko
eta nahi dugunerako topagune izatea nahi dugu. Elkargune kuttuna baina
oraindik hankamotza erabileraz ari bagara. Horregatik ongi letorke gogoratzea
gurea bezalako hizkuntzak bizigarriak direla munduan, besteak beste
duintasunaren adibide direlako; baina adibide osoa eta prestua behar
du izan. Azken finean, hizkuntza baino hedatuagoak dauden ekologia eta
elkartasunaren ikuspegi batzuk ere daude jokoan, eta gure ekarpena osotasunetik
bakarrik etor daiteke.
Globalki pentsatu, tokian jardun. Munduko aniztasuna babestera gonbidatuak
gaude euskaldunok, beraz. Eta guk gizaki arduratsuen moduan jokatu nahi
dugu, ezta? Ezin dugu huts egin, jarduteko aukera dugulako Iruñerritik
bertatik mugitu gabe: ikasturte berri honetan animatu nahi zaituztegu
euskaraz bizitzeko ahaleginak inoiz baino sendoago eta ahalik eta jende
gehienarengana hel daitezen. Euskara gure erantzukizun baliotsuena da,
baliatzean oinarritzen bagara, eta Karrikiri osatzen dugun guztiok etsi
gabe jarraituko dugu ildo horretan lanean. Zuekin guztiekin. |
Patxi
Salaberri
|
Nafarroako Unibertsitate Publikoan
errektorearen laguntzailea da euskararen normalizaziorako, eta aldi
berean, Euskara batzordeko kidea. Burillo errektoretzara iritsi zenean
unibertsitate barruan euskararen egoerak hobera eginen zuela espero
zen, baina antza denez ez da horrela izan. Euskara batzordeari ez omen
zaio lana behar bezala egiten utzi eta datozen asteotan baliteke haien
karguak uztea. Horretaz guztiaz solastatu gara Patxi Salaberrirekin.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararen
normalizaziorako errektorearen laguntzailea zara eta Euskara batzordeko
kidea. Zein da zure zeregina?
Egia erran, ni “Errektoreari atxikia hizkuntza plangintzarako”
naiz, euskaraz sintagma edo dena delako hori arrunt txukuna ez bada
ere. Batzordeari dagokionez, “Hizkuntza plangintzarako batzordea”
da orain, “normalizazio” hitza ez baitzen zenbaiten gogoko.
Batzordeak euskararen inguruko gaiei buruz proposamenak egiten ditu,
baina ez du inolako aginte edo botere eragilerik; alegia, Unibertsitateko
organoek proposamenak onartzen ez badituzte, ezin du deus ere egin.
Batzordean nik buru egiten dut, errektorearen ordezkaritzat, burua betiere
hura baita.
Noiz eta zer dela-eta sortu zen lehenengo Euskara batzordea Nafarroako
Unibertsitate Publikoan? Zer-nolako ibilera izan du?
Oraingo Plangintza batzordeari Normalizazio batzordea erraten zitzaion
aitzineko estatutuetan eta ez da Burillok asmatutako zerbait. Izan ere,
lehen Normalizazio batzordea García Blasco errektore zen garaikoa
da; batzorde horrek aurreneko normalizazio plana egin zuen eta onartua
izan zen, 1995eko Gobernu batzordearen bilkura batean, baina ez zen
gauzatu, berehala Pérez Prados izan baitzen “aukeratua”.
Gero, oker ez banaiz, beste hiru normalizazio batzorde izan dira; azkenekoa
aski ahalke-emangarria zen, euskara urrutitik ere ikusi nahi ez zuen
jendea ere baitzegoen bertan. Normalizazio plan bat baino gehiago egin
dira; denetan onargarriena gure artean “Goyoren plana” deitzen
duguna izan da (egile nagusia Gregorio Monreal katedraduna izan zen).
Hasierako asmoa anbiziotsuagoa zen, baina, kontuak kontu, hondarrean
karrerako 18 kreditutan gelditu zen gauza. Hori ere, alabaina, ez zen
abian jarri. Gero behin-behineko neurri batzuk jarri ziren martxan eta
horiekin ibili gara orain arte, oztopo eta traba anitzekin, bereziki
azkenaldian, Burillo errektore izendatu zuten arte.
Pérez Prados errektorearekin hainbat tirabira izan zen unibertsitate
barrenean euskararen normalizazioaren alde urratsak egiteko prest zegoen
jendearekin (ikasleak, irakasleak).
Burilloren etorrerarekin itxaropena zegoen gauzak aldatuko zirela,
baina antza denez ez omen da horrela gertatu. Zertan da une honetan
euskararen egoera NUP barrenean? Eta Euskara batzordearen egoera?
Oraingo egoera, de facto, lehengoa bertsua da; egia da bestelako giroa
ikusten dela eta Irakasle ikasketetan matrikula kopuruak handitu direla,
baina horrek euskal lerroan eragin txiki xamarra izanen du; gehienez
ere sei edo zazpi ikasle euskaldun gehiago sartuko dira segur aski.
Nik irudipena dut oso seguru jokatu nahi dela eta lehenbizi, deus egin
baino lehen, matrikulazio kopuruak (euskaraz zenbat ikaslek ikasi nahi
duten) ikusi nahi zituztela; nago, halarik ere, orain gauzak antolatu
eta zuzentzeko beranduxko ez ote den. Hurrengo asteak erabakigarriak
izanen dira eta garbi ikusiko da noraino iritsi nahi den, euskararen
arloan.
Zein dira euskara batzorde horien xedeak? Zer planteamendu egin duzue?
Gure planteamendua, batzordekideen izendapena berandu egin zela ikusirik
eta unibertsitatearen martxa ezaguturik, adabaki batzuk paratzea izan
zen, hots, plangintza ongi pentsatu bat egiteko denborarik ez genuenez,
gutxieneko batzuk eskatzen eta aurrera ateratzen saiatu ginen, baina,
erraten den bezala, lan lasterra lan alferra, eta gure proposamena ez
zen onartua izan, uda aurretik. Unibertsitatea aski erakunde korapilotsua
da, ikasleak eta irakasleak daude, arloak, sailak, ikastegiak, errektoreordetzak,
errektoretza, Gobernu kontseilua, Gizarte kontseilua… Gobernua
ere hor dago, goian, zelatan… Batzordearen asmoa, beste kideen
iritzia ongi ulertu badut, lehenbailehen plangintza oso bat prestatzeari
lotzea da, baina, nolanahi ere, eta gorago erran bezala, ez dugu botere
eragilerik. Erran nahi dut alferrik dela ez dakit zer eta badaki zer
eskatzea gero hori hutsean geldituko dela badakizu. Non gauden garbi
izan behar dugu, hots, egoera zein den argi eduki behar dugu lehenbizi
eta gero zer egin nahi dugun ongi jakin.
Egungo egoera ikusita, zer egiteko asmoa duzue?
Nik ez dakit zer neurritan mintza naitekeen besteen ordezkaritzat, baina
kide gehienen iritzia da guk euskararen alde zerbait egiteko gaudela
batzordean, ez bakarrik itxurak egiteko, eta, gutxientzat jotzen ditugun
eskakizun batzuk onartzen ez badira, gu hor egoteak ez du inolako funtsik
izanen, alferrik izanen da. |
Kamerun |
Afrika txikia
12 milioi biztanle dituen estatua dugu Kamerun. Afrikako aniztasuna
islatzen duen eremu honetan herri asko bizi dira: Bamileke mendebaldean,
Fang eta Bassa-Bakoko herriak hegoan, Fulani eta Kirdi taldeak iparrean,
Duala kostaldean eta Mbum eta Baya ekialdean. Dena den, britainiarren
eta frantsesen eragina begi-bistakoa da hezkuntzan, merkataritzan, legerian
eta beste hainbat kontutan.
Bere garaian Alemaniaren kolonia izandako lurralde honetan hizkuntza
ofizial bakarrak frantsesa eta ingelesa dira, baina mintzatuenak beti-pahouinera
eta bamilekera dira. Hango Konstituzioak dio elebitasuna bultzatuko
dela, baina gainerako hizkuntzen inguruan egiten duen aipamen bakarra
da estatuak "nazio hizkuntzak" babesten eta sustatzen lagunduko
duela.
Kamerungo hizkuntza politika "norbanakoen hizkuntza eskubideetan"
oinarritzen omen da, baina betiere norbanakoek frantsesez edo ingelesez
egiten badute. Gainerako hiztunei ez zaie eskubiderik aitortzen.
Kamerundarrak gurean
Iruñeko kamerundarren Elkartea orain dela zenbait urte sortu
zen. Kide askok -horien artean Iruñean euskara ikasi zuen mutil
bat- Katalunia aldera jo zuten lan bila orain dela bi urte, baina badirudi
azkeneko hilabeteotan hona etorritako kide berriak elkartea berpizteko
ahaleginetan dabiltzala.
Elkarte horretako kideek diotenez, afrikarrek berebiziko zailtasunak
dituzte hemen aurrera egiteko orduan. Esate baterako, ohikoak diren
lan arazoez gain, afrikar gehienek ezin dituzte gida baimenak homologatu.
Kamerundik iritsitako bizilagun berri askok karrera unibertsitarioak
dakartzate, baina titulu horiek ezer gutxirako balio omen dute hemen
eta eraikuntzan eta bestelako lanetan jarduteko beharturik egoten dira.
Baina osatzen ari garen gizarte berrian denon artean saiatuko gara bidegabekeriak
ezabatzen, ezta?
|