
|
Uztailaren
15ean
Hainbatek Iruñean San Ferminak hasi
baino lehenagoko egunetan mundua bukatuko dela pentsatzen du.
Beste batzuek aldiz, mundua bukatu beharrean, urte berri baten hasieran
gaudela pentsatzen dute.
Azken hauendako, URTE BERRI ON!
Beste horiendako, GOIAN BEUDE!
Dena den bi data hauek izan ohi dira aproposak nork bere kontzientziarekin
hitz pare bat egiteko, serio. Baina “Kontzientzi” gehienetan
nahiko kalaka izaten da eta etengabe galderak eta galderak egiten ditu.
Kontzientzi - Euskara ikasi zenuenetik, zertan edo nola aprobetxatu
duzu denbora ikasitakoa praktikan jartzeko?
Ni – Beno... ikasketak bukatu nituenean, euskaltegitik mundura
irten nintzen eta galduta sentitu nuen nire burua. Baldintzak, ahalkera,
deklinabidea... dena menderatzen nuen, baina hala ere umezurtz sentitzen
nintzen.
Kontzientzi – Irakurri?
Ni – Irakurri? Ez dut apenas ezer irakurtzen. Ez aldizkaririk,
ez egunkaririk, ez nobelarik, ez poesiarik, ez saiakerarik, ez...
Kontzientzi – Entzun?
Ni – Entzun? Zer entzun? Ez dut apenas ezer entzuten.
Kontzientzi – Eta pentsatu duzu sekula medikuarenera joatea?
Ni – Eee?
Kontzientzi (bere artean) – (Egia izango al da ez duela ezer entzuten?).
Jakin nahi dudana da irratirik, telebistarik, hitzaldirik, ipuinik,
kantarik... ea zerbait entzuten duzun euskaraz!
Ni – Ez, ez, batere ez...
Kontzientzi – Hitz egin?
Ni – Hitz egin? Norekin? Ez, ez dut apenas hitz egiten. Ez lagunekin,
ez maitaleekin, ez landareekin, ez animaliekin...
Kontzientzi – Usaindu?
Ni – Usaindu? Ze usaindu eta ze demontre! Usain daiteke euskaraz?
Kontzientzi – Ukitu?
Ni – Ukitu? Bai horixe! Nahi bai! Baina horretan ere suspenso.
Kontzientzi – Orduan, ez bazara gorra, ez mutua, ez itsua, zertan
ari zara?
Ni – Uztailaren 15ean erantzungo dizut, fale? |
Pello
Elzaburu
|
Gaur egun Iruñeko argitaletxe
ezaguna dugun Pamiela aldizkari moduan 1983an sortu zen. Eginiko ibilbidean
guztira 400 liburu inguru argitaratu ditu, eta horietatik 160 baino
gehiago euskaraz. Kontu horietaz solasean aritu gara Pamielako kide
Pello Elzabururekin.
Noiz sortu zen Pamiela eta zein izan da bere
ibilbidea orduz geroztik?
Pamiela aldizkari moduan 1983an sortu zen Auzolan liburudenda inguruan
zebilen jende batzuen ekimenez. Garai hartako euskaltzale mundu txiki
(benetan txikia!) hartan Auzolan inguruan “mikroklima” moduko
bat sortu zen. Handik pasatzen ziren Pello Lizarralde, Txema Larrea,
Jon Alonso “gaztea”... edo Miguel Sánchez-Ostiz,
Víctor Moreno, Xabier Eder. Eta tartean artisau-artista bat izanik,
Txema Aranaz, erreakzio kimikoa gertatu zen.
Testuinguru horretan Korrok aldizkaria ere sortu zen, kasu honetan Josetxo
Azkonak liburudenda barrutik bultzatua. Egia esan, gaurko egunetik begiratu
ezkero fenomeno bitxia izan zen. Brometan aipatu izan dugu lagun-artean
egun batean Auzolango Eskolaz hitz eginen dela, egun Sarako Eskolaz
hitz egiten den moduan.
Aurrerago, Txema Aranazek bere ibilbide profesional propioa hartu zuen,
eta hor daude emaitzak: 400 liburu inguru argitaratuak, horietarik 160tik
goiti euskaraz.
Iruñeko argitaletxea izanda, arreta/mimo berezia izan
duzue beti hemengo egileekin, ezta?
Beste era batera esango nuke, Pamiela Nafarroako idazleek “sortua,
hazia eta hezitako” etxe bat izan da. Pamiela bizirik badago bertako
idazleek arreta/mimo berezia eskaini diotelako izan da. Kasu askotan
lanak musutruk eginez.
Euskarazko liburugintza ere dexente landu duzue. Nola ikusten
duzu gaur egungo egoera?
Liburugintzan “krisia” da etengabe entzuten den hitza, eta
hainbeste jendek hori badio, egia izanen da. Jakin behar zein diren
krisi horren ezaugarriak, zein diren mendebaldeko kultura-industria
guziek pairatzen dutena eta zein geure-geureak direnak (azken hauek
gure merkatuaren tamaina txikiari loturik daudenak, gehienbat).
Ez dira garai gozoak; baina guk, ingurukoekin (gaztelera-frantsesa)
alderatuz, abantaila bat dugu: ez dugula garai hobeen nostalgian erortzeko
arriskurik. Inoiz ez dugu hainbeste eta hain ongi argitaratu. Inoiz
ere ez ditugu hainbeste irakurle izan.
Duela zenbait hilabete “Liburu bat egiten” izeneko erakusketarekin
iskanbila sortu zen Iruñeko Udalak jartzeko baimenik ez zuelako
eman. Zertan da une honetan egoera? Erakusketak jarraitzen al du oraindik
ere?
Erakusketak aurrera jarraitzen du. Iruñeko Udalaren zentsura
jasan ondoren, Barañainen eta Donezteben egon gara. Biak arrakastatsuak
izan dira, aurreko erakusketetan gertatu zen moduan. Udazkenean Arbizun,
Leitzan eta Agurainen paratzeko aukera izanen dugu. Oraindik ibilbide
luzea eginen du.
Iruñera egun batean itzuliko gara, ziur nago. Baldin eta, bertako
indar demokratikoek (eta hau alderdi abertzaleentzako abisu bat da)
transizio demokratikoa egitea lortzen badute, basamortu foral honetan,
oinarrizko batasun bat lortuz.
Hilabete batzuk barru Durangoko azokaren bertze edizio bat eginen
da. Hasieratik ezagutzen duzuen ekimena da. Zer iritzi duzue izan duen
bilakaeraz?
Herri eta hizkuntza garatu guzietan ospatzen da Liburu Azoka bat. Espainiako
LIBER, Pariseko “Salon du Livre” edo Frankfurtekoa horren
adibide dira. Durangokoa, kasualitate eta lan askoren ondoren, Euskal
Liburuaren Azoka Nazionala bihurtu da, eta hori ona da.
Orain profesionaltasunaren (zentzu zabalenean) bidea nola garatu behar
duen ikusi behar. Horretan badugu non ikasi.
Jendeak oso ongi erantzuten du egun horretan, baina urtean zehar
euskal liburuak ez omen dira horrenbeste saltzen. Nola ikusten duzu
panorama?
Beno, argi utzi behar da datu bat: argitaletxe gehienentzat Durangoko
salmentak ez dira urte osoko % 10era iristen (hori kasu hoberenean).
Beraz gu Durangotik kanpo saltzen dugunarekin bizi gara; hori normaltasun
seinale bat, bertzerik ez da.
Zer egin urtean zehar gehiago saltzeko? Ba, gure aldetik gauza interesgarriagoak
argitaratu eta argitaratu dugun horren berri hobeki zuzendu irakurle
potentzialari. Azken hau lortzeko ezinbestekoa da hedabideek Durangon
eskaintzen diguten arreta berbera urtean zehar izatea. |
Txile |
Herri luzea, hainbat mintzaira
Txileko Errepublikan 15 milioi pertsona bizi dira. % 89,7 mestizo eta
europar jatorrikoak dira, % 9,6 araukaniarrak dira, % 0,5 aimara eta
% 0,2 rapa nui polinesiarrak. Hiztun aktiboak 500.000 inguru izan arren,
araukaniarren hizkuntza ia milio bat lagunek ezagutzen dute. Sei dialekto
ditu baina denek elkar ulertzen dute, haien arteko ezberdintasunak oso
txikiak baitira.
Kom pu mogence kisuzuam mvlekey, kom cegeygvn, logkogeygvn ka piwkegeygvn,
nieygvn kimvn fey mew mvley tañi yamniewael ka epuñpvle
kejuwael egvn.
Giza eskubideen aldarrikapen Unibertsalaren hasiera, maputxeen hizkuntzan
Historian zehar, txiletarrek hainbat arrazoirengatik atera behar izan
dute beren herritik. Aurreko hamarkadetan, arrazoi politikoek garrantzi
handia izan zuten baina gaur egun bestelako zioak nagusitu dira: ekonomikoak
gehienbat.
Txiletarrak gurean
500 inguru dira Nafarroako txiletarrak. Horietatik, 230 bat Iruñean
bizi dira. Batzuk aspalditik bizi eta bertakotu ziren Euskal Herrian.
Horien artean, Karrikiri elkarteko kide bat: Oskar Mateluna.
Orain urte batzuk, zenbait txiletarrek folkloreaz arduratu den Pablo
Neruda elkartea sortu zuten. Ondoren, 1998an, txiletarrei eta beste
hainbat herritako etorkinei laguntza eman nahian, beste elkarte bat
jaio zen: ANICHILA. Bertan 70 txiletar daude. Iruñean egiten
dituzten jarduera sozial eta kulturalez gain, eta paperik edota lanik
gabe heltzen diren txiletarrei harrera egin ahal izateko, etxe bat erosi
dute Nafarroako herri euskaldun batean: Olaztin.
ANICHILA elkarteak, beste elkarte batzuekin batera, Nafarroako Etorkinen
Elkarteen Federazioa (FAIN) sortu berri du. |