
|
Topagunea,
euskara elkarteen federazioa
Euskara elkarteen zereginei buruz eztabaidatzen
denean, askotan aipatzen da bi lan mota hauen arteko oreka bilatzearen
garrantzia: jakin behar da beste eskualde edo herrietan asmatutako proiektuak
gurera egokitzen, eta jakin behar da gure eskualdeko beharrak ongi identifikatzen
eta horiei erantzuteko proiektuak sortzen. Beraz, ezin ditugu baliabideak
erre besteek asmatu dutena berriro asmatzen, baina, ezin dugu, besteek
egiten dutena errepikatu egokia dugun ala ez ongi pentsatu gabe.
Herri edo hiri bakoitzak badauzka berezko ezaugarri batzuk, soziolinguistikoak
eta bestelakoak: elkartzeko guneak, jaiak ospatzeko ohiturak, sormen
kulturala transmititzeko bideak... Horiek guztiak kontuan hartu behar
ditugu euskararen erabilera sustatzeko proiektuak diseinatzerakoan.
Argi dago leku batean arrakastatsua izan dena porrota izan daitekeela
beste batean, tartean egokitze lan bat ez badago.
Baina, beste alde batetik, zenbat baliabide erretzen ditugu alferrik,
beharrezkoa genuen informazioa garaiz eskuratu ez dugulako? Zenbat aldiz
jakin dugu, lan orduak eta dirua inbertitu ondoren, guk egindakoa beste
leku batean asmatuta zegoela? Izan ere, euskararen erabilera sustatzeko
dauden behar asko errepikatzen dira hainbat herri eta hiritan eta normalizazio
lanari buruzko kezka eta galdera nagusiak berdintsuak dira horietan
guztietan.
Topagunea Euskal Herri mailako euskara elkarteak biltzen dituen federazioa
da. 1997an sortu zen (Karrikiri sortu zen urte berean) euskara elkarteen
jarduera sustatzeko eta euskara elkarteei zerbitzuak eskaintzeko. Orain
arte Karrikiri eta Topagunearen arteko harremana puntuala izan da, baina
aurten aldaketa garrantzitsua gertatu da.
Nafarroako Topagunea ekainaren 3an aurkeztuko da Iruñean, baina,
dagoeneko, bulegoa zabaldu du Atarrabian, Nafarroako euskara elkarteen
laguntzarako eta hainbat proiektu Nafarroatik bertatik bideratzeko.
Karrikirik gainerako euskara elkarteekin izan beharreko harremana eta
elkarlanari buruzko kezka hasieratik izan duen arren, aldaketa honek
animatu gaitu Topaguneko bazkide izatera. Batetik, azpiegitura egokia
izanen dugu Iruñerriko beste elkarteekin batera proiektu ausartagoei
heltzeko, bestetik, egoera soziolinguistiko ezberdineko herrietan kokatutako
Nafarroako gainerako elkarteekin lan osagarriak egiteko aukera izanen
dugu eta, azkenik, Euskal Herriko beste elkarteekin informazioa trukatzeko
bide arinago eta egokiagoa izanen dugu.
Beraz, aldaketa honek hasiera aipatu dugun oreka lortzen lagunduko digula
uste dugu: informazioa eta elkarlana gertuago izanen ditugu. Hala ere,
Iruñeko euskaldunen beharrei erantzuteko proiektuak sortzen jarraitzea
izanen da gure erronka, orain baliabide gehiagorekin, baina zuen, euskaldun
mota guztien, partehartze ezinbestekoa oinarri. |
Oskar
Zapata
|
Topagunea euskara
elkarteen federazioa 1996an sortu zen eta dagoeneko Euskal Herriko 73
bazkide biltzen ditu. Euskarararen normalizazioa xede nagusitzat izanik,
elkarteen arteko koordinazioa bideratzen laguntzeko eratu zen eta horretarako
hainbat ekimen bideratzen ditu. Ekainaren hasieran Nafarroako Topagunearen
aurkezpena eginen da eta Oskar Zapata arituko da koordinatzaile lanetan.
Harekin solastatu gara Topagunearen nondik norakoak hurbiletik ezagutzeko.
Noiz sortu zen Topaguneak eta zer xederekin?
Topagunea, euskara elkarteen federazioa 1996. urtean Euskal Herriko
hainbat euskara elkartek sortutako elkargoa da. Gaur egun 73 hiru bazkide
ditu. Nafarroan sei gara une honetan: Karrikaluze, Euskaldunon Biltoki,
Karrikiri, Mailope, Bierrik eta Ttipi-Ttapa
Helburua euskara elkarteen helburu bera da: herrietan euskararen normalizazioa
lortzea, erabileran eraginez.
Federazioaren eginkizun nagusiak bi dira, batetik euskara elkarteen
jarduera sustatzea eta bestetik elkarteei zerbitzuak eskaintzea.
Jorratzen dituzuen lan esparruak ezberdinak (Kulturgintza, haurrak,
gazteak, herri komunikabideak, e.a.) dira. Nola bideratzen da lana horietako
bakoitzean?
Sail bakoitzak teknikari bat dauka, eta gero egitasmoz egitasmo teknikariak
eta administrariak daude.
Euskaldun berriak saileko teknikariak hauei laguntzeko egitasmoak aurkezteko
eta kudeatzeko ardura dauka, normalean euskaltegiekin batera planteatzen
dira eta ikasleen erabileran eragitea dute helburu. Teknikari honek
entitateak euskalduntzeko egitasmoen inguruko informazioa zabaltzeko
ardura ere badauka.
Haurrak eta Gazteak saileko teknikariak, 30 urte arteko lagunentzako
erabileran eragiteko proeiktuak sortzeko eta kudeatzeko ardura dauka,
elkarteei hauek martxan jartzeko formazioa eta laguntza eskainiz: tailerrak,
topaketak, ludotekak….
Hedabideak sailekoak elkarteei hedabideak sortzeko eta kudeatzeko laguntza
eskaintzeko dago: aldizkariak; irratiak, telebistak.
Kultur sailak kultur errota izeneko egitasmoa kudeatzen du, honetan
elkarteei kulturgile parrilla zabal bat eskaintzen zaie, eta kontratazioak
eta harremanak egitea teknikariaren lana izaten da.
Formakuntza saila elkarteen langileak formatzeko eta elkarteek beren
bazkideen formaziorako interesgarri ikusten dituzten hitzaldiak, mintzaldiak,
soziolinguistikako jardunaldiak antolatzeaz arduratzen da.
Administrazio Sailak: Elkarteei diru laguntzak kudeatzeko zerbitzua
da eta administrazio arloko aholkularitza eskaintzen die.
Informatika Zerbitzuak topaguneko Web orria kudeatzen du, eta elkarteei
mantentze lanak eskaintzen dizkio.
Eta noski gurekin batera aritzen den koordinatzailea.
Hilabete honetan bertan Nafarroako Topagunearen aurkezpena eginen
duzue. Zeintzuk izanen dira zuen lehentasunak eta lan ildoak?
Nafarroako elkarteei zerbitzuak eta koordinazioa eskaintzea.
Eskatzen dituzten lekuetara joan eta euskara elkarteak sortzeko laguntza
eskaintzea edo federazioari buruzko informazioa zabaltzea.
Iruñerrian egitasmo bat martxan jartzeko, elkarte guztien
artean hausnarketa egitea.
Nola ikusten duzue euskalgintzaren egoera Foru lurraldearen baitan?
Ongi ezta? Sokatira ariketa batean gaudela ematen du, ezkerrean Euskaldunok,
gutxi baino jatorrak, gauzak ongi egiteko gogoz, eta eskuinean administrazioa,
indartsuak eta gaizki egiteko tematua. Nork irabaziko?
Euskal Herriko hainbat elkarte biltzen dituen federazioa izanik,
zenbait elkartek pentsa dezakete bertan sartuta euren izaera edo nortasuna
galtzeko arriskua egon daitekeela. Zer ekarpen egiten dio Topaguneak
tokian tokiko talde bati?
Ez du zertan horrela izan beharrik, elkarteak Topagunean bazkidetzen
dira bi gauzengatik: guztien egitasmoak elkartrukatzeko gune bat delako
eta Federazioak elkarteei eskaintzen dizkien zerbitzuak ongi datozkielako,
Federazioa ez da sartzen elkarteen barneko hausnarketetan; izan ere,
autonomia da federazioaren oinarri nagusietako bat. Topaguneak zerbitzuak
eskaintzen ditu eta sustapen lana egiten du, baina beti ere bere kideen
autonomia errespetatuz.
|
Errumania |
Topikoetatik haratago
Erromatarren aspaldiko Dacia. Irlandako idazle batek asmatu zuen leienda
baten kokagunea (Drakula kontea -Vlad Tepes)-. Karpato mendiak. “Petit
Paris” izena noizbait merezi izan zuen Bukarest hiria. Etniak
eta hizkuntzak bor-bor ari diren herri nekazariak… Zaila da topikoetatik
ihes egitea Errumania irudikatzeko.
23 milioi biztanle dituen Estatu honetan gehienek (%90) latinetik eratorritako
hizkuntza bat darabilte: errumaniera. Hungariarrak Errumaniako biztanleen
% 7,1 dira, baina ia guztiak erdialdeko Covasna eta Harghita eskualdeetan
daude; Transilvaniako beste eskualdeetan gutxiago dira. Lurralde honetan
historikoki bizi izan diren beste gutxiengo batzuk alemanak, juduak,
armeniarrak ukrainiarrak eta rom ijitoak dira; azken hauek ez dira %2ra
iristen. Errumanian ere serbiar ugari dago, batik bat Timisoara inguruan.
Errumaniako kroaziar katolikoak 5.000 inguru dira eta dozena-erdi herritan
bizi dira. Txekera ere hitz egiten da, soilik sei herritan eta ehundaka
gutxi batzuren artean bada ere.
Errumaniarrak gurean
Askotan Italia zeharkatu ondoren, ehunka dira Euskal Herrira heldu zaizkigun
errumaniarrak. Erroldak dio 400 baino gehiago direla Iruñeko
auzunetan bizi direnak (orain dela hiru urte 150 ziren), baina ziur
aski gehiago dira gure artean daudenak, zenbaitzuk ez baitira erregistroetan
agertzen.
Guretzat hain ezaguna den Alexandru Buligan bezalakoen kasuak oso gutxi
dira. Tamalez, errumaniar asko egoera latzean daude gurean. Ijito eta
pobreekiko arrazakeria jasateaz gain, zenbait kasutan ez dute prestakuntzarik
jaso eta zaila zaie lan duinak aurkitzea. Izan ere, gaur egungo odol-zurrupatzaileak
ez dira ekialdetik etorri…
Errumaniar hauen artean ez dira gutxi ijitoak direnak, baina normalean
ez dute harremanik izaten Euskal Herriko gainerako ijitoekin. Aipatzekoa
da Errumaniako ijitoek ongi gorde izan dutela rom hizkuntza edo ijitoen
hizkuntza; bestalde, errumaniar askok errusiera irakurri eta ongi ulertzen
dute, hango ikastetxeetan ikasteko aukera izan zutelako. Errusiera da
euskararen presentzia haiengana helarazteko Iruñerriko zenbait
talde euskaltzalek triptiko batean erabili duten hizkuntzetako bat.
Ce zeu pastrat în saramuri celeste / ar fi dispus din nou sa ne
adune? / La noi la voi e plîns de-ngropaciune / la voi la noi
e-un capat de poveste
Gazi-aska zerutiarrean gordetako zein jainko / gertatuko litzateke berriro
gu elkarrengana biltzeko? / Gure etxean eta zuenean negar-kantari gabiltza
/ gure etxean eta zuenean amaitu dira ipuinak.
“Exil”. Mircea Dinescu. Euskaratzailea: Mertxe Agirrezabal |