
|
Orkestrak
eusten dio sinfonia bukatugabea
Andante. Euskaltzaleon orkestra zuhur abiatu
zen. Aretoaren baldintza akustikoak ez ziren hoberenak eta tresnaren
bat zaharkitua zegoen. Hala ere, nota leunak airean zabaldu ahala gero
eta entzule gehiago hurbiltzen ziren. Komunikazioa gauzatzen hasia zen
eta bakarlari iaioen garaitik elkarlanaren arora pasatu ginen.
Presto. Kementsu aritu gara urte askoan eta ekinaren ekinez tentsio
musikala iraunarazten jakin izan dugu. Tresna jotzaileen trebetasuna
garai batean garrantzitsua izan zen inprobisazioa ordezkatzen ari da.
Orkestra erraldoi eta aske honetan ez gabiltza perfekzioaren bila: ez
dugu batutadun zuzendaririk eta gu geu gara konpositoreak. Gure nahiei
bakarrik jarraitzen diegu, baina prestakuntzarik ezak desafinatzeko
arriskua dakar. Halere, kide bakoitzak duen tresnarik garrantzitsuena
–euskara- zaindu eta fintzen badu, eta besteekin duen harremanari
arreta jartzen badio, ez dugu tonua galtzeko beldurrik izanen.
Allegro ma non troppo. Haizea kontra izanda ere, doinuari ongi eutsi
diogula erakutsi dugu. D ereduko ikasle kopurua gorantz, euskararen
kale erabilera egonkor, motibazioek sendo jarraitzen duten zantzuak…
Soinulariok aurreko malenkoniari agur esateko arrazoiak ditugu. Baina
hauek ez dira pozaren pozaz ibiltzeko garaiak. Alde batetik, diskordantziak
saihesteko gehiago ezagutu behar dugu elkar. Bestetik, goiko palkuetatik
musikarion aurkako jarrerak ez dira baretu. Izan ere, soinua ez da behar
besteko indarraz hedatzen ari.
Molto vivace. Mugimendu honetan soinulari guztiok hartzen dugu parte.
Ezberdinak gara oso. Baina nork bere funtzioa ezagutzen duenez, orkestra
koherentzia eta oreka lortzen saiatzen da. Bibolinak, xirulak, tinbalak
eta tronpetak… Lana, borondatea, hausnarketa eta aldarrikapena.
Orkestrarena talde lana da. Zenbait arlotan lortu dugun erritmo biziari
eusteko, besteei adi egotea eta nagusikeriarik gabe jardutea da kontua.
Euskalgintzaren musikan ezer eta inor ez dago soberan, eustetik zabaltzera
pasatzea baitugu helburu.
Ez dugu txalorik nahi: gure doinuek komunikazioa baino ez dute bilatzen.
Ikusle gutxi eta soinu egile asko izan nahi dituen orkestra garenez,
bakarka aritzeari utzi eta gurekin jotzeko gonbita egin nahi dizuegu.
Animatzen zara? |
Sortzen
Ikasbatuaz
|
Noiz sortu zen Sortzen-Ikasbatuaz
erakundea eta zer helbururekin?
1992an jaio zen sortzen erakundea. Euskal irakaskuntza garatzeko eta
balizko erasoei erantzuteko ikastetxeen arteko tresna izateko.
Hasieratik bultzatutako euskal eskola publikoaren aldeko aldarrikapen
nagusiarekin batera, hainbat proiektu bideratu dituzue. Horien artean
aisialdiko monitoreen lan poltsa bat sortu zenuten. Zer moduz joan da?
Hauxek dira une honetan Sortzen Ikasbatuazek bideratzen dituen proiektu
pedagogikoak:
- Euskaraz mintza: Nafarroan 9 ikastetxetan martxan dagoen proiektua,
euskara arlo ez formalean ikasleek duten hutsunea gainditzeko asmoz.
(2.520 ikaslek parte hartzen dute)
- Kimuberri: Murgiltzeari laguntza goiztiarra 2 urtetan (Amaiur ikastolan)
16 haurrek parte hartzen dute.
Aixe- aisialdia: aisia hezkuntza ikuspegitik eta hizkuntzaren tratamendu
egokitik garatzeko programa. Une honetan 60 monitore kontratatuta ditu
Aixek eta 15 ikastetxeetako eskolaz kanpoko jarduerak kudeatzen ditu.
Berriki eginiko Ikastolen Elkartearen XI. Jardunaldi pedagogikoetan
hezkuntzaren barnean ahozkotasunari eman beharreko garrantzia azpimarratu
dute hainbat adituk. Aipatu lan poltsa horretaz gain, Sortzenetik arreta
berezia eskaini diozue gai honi eta horren froga da iaz aurkeztu zenuten
aisialdiko ekintzak euskaraz kudeatzeko programa. Ikastetxe batzuetan
lanean aritu zarete. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ditugun programa guztiak honi heltzeko helburuarekin egiten ditugu,
aspaldidanik, horren beharra oso argi dugulako.
Aixeri dagokionez, une honetan 2 koordinatzaile ari dira lanean, monitoreaz
gain. Aurrerapen handia egin da monitoreen lan egoerari dagokionez (Denek
kontratua eta gizarte asegurantza dauzkate), hizkuntzaren kalitate aldetik
arreta berezia jartzen dugu eta programazioi eta didaktika aldetik aurreratzen
ari gara poliki-poliki. Orain dela 2 urtetik hona arlo honetan oso jauzi
kualitatibo handia egin dugula iruditzen zaigu.
Aurtengo matrikulazio datuak nahiko onak izan dira. Zer deritzozue?
Oso pozgarria da une honetan botere politiko administratiboak bideratzen
ari diren politika negatiboa kontuan hartuz, Nafar gizarteak gure kultura
propioarekiko duen atxikipen handia egiaztatzen baita.
Bertzelako lan arlo batzuk jorratu dituzuela uste dut. Zertan dira?
Gure lan ildoak hauexek dira:
Euskal irakaskuntzaren defentsaren alorrean lan ardatz batzuk jorratu
ditugu azken urte hauetan:
- D ereduaren defentsa.
- Ingelesa- euskara kontrajartzearen kontrako jarduera. Hizkuntz ereduen
dekretoak eta ingelesaren ezarpena.
- LOCEren kontrako jarduera
- Euskal irakaskuntza publikorako finantziazio egokiaren aldarrikapena
Heldu den hilean, urtero egiten duzuen Euskal Eskola Publikoaren
festa ospatuko duzue? Zer prestatu duzue egun horretarako?
Euskal eskola publikoaren aldeko IX. festa egingo da, ekainaren 6an,
Takonera parkean, "euskarari bidea eginez" lelopean.
Hauxe da prestatu duguna:
Eszenatoki txikian:
- 10.30ean jaiaren aurkezpena ( Berriozarko zanpantzar txikia, txalaparta,
bertsolariak...)
- 11.00etan: abesbatzak ( Mutiko, Atarrabiako abesbatza, Eskolania)
- 12.00etan bertso saioa
12.30ean haur kantari
13.00 pilota txapelketaren sari banaketa
13.30ean herri kilolen sari banaketa
13.45ean txalaparta emanaldia
17.00etan triki mako (birziklai tailerra)
Eszenatoki handian:
11.00etan Takolo Pirritx eta Porrotx
12.30ean: hip-hop emanaldia
13.15ean Mikelats txistu taldearen emanaldia
16.00 - 20.00 kontzertua. Keltiar, Soublind, Kerobia, Ajari Guam, Koma,
Tximeleta9
Bistabellan:
11.30ean herri kirolak, ikastetxeen arteko herri kirol topaketa
11.00-14.00: Dantza taldeak (Axular, Elorri, Elordi, Amaiur; Uharte
Idoskia)
Egun osoan barna:
Kale animazioa (Txantreako erraldoi txikiak, zezentxoak, gaiteroak,
txarangak...)
Eskoletako tailerrak (eskola bakoitzak jaima bat jartzen du eta bertan
haurrentzako gauza desberdinak eskaintzen dira, esku- lanak, jolas txikiak,
aurpegiak margotzea eta abar).
Txosnak. |
Bolivia |
Urrea balio duten herriak
Gaur Bolivia eta antzina Alto Peru deituriko herrian kokatua dagoen
Potosín urrea aurkitu zuten XVI. mendean. Garai hartan euskal
kolonia nagusi zen hango kolonizatzaileen artean. Esaten denez, zortzi
milioi indiar hil ziren Potosíko meatokietan, konkistatzaileek
(euskaldunek barne) morroi erabili baitzituzten.
Gaur egun bestelako urreak eskaintzen dizkigu 8,5 milioi biztanle dituen
Boliviak. Esaterako, langile eta nekazarien mugimenduak, duintasunez
bizi nahi duten gizon eta emakumeen indarra eta bizirik jarraitzen duten
mintzoak. Hizkuntza nagusiak hiru dira: aimara –jatorrizkoa; adibidez
Evo Morales aimara da-, kitxua -Peru aldetik etorri ziren konkistatzaile
inkek ekarria- eta gaztelania.
“Aimara” kontzeptuak Titikaka inguruan bizi diren 12 talde
desberdin biltzen ditu baina aimararrek beren herriari “qulla”
izena ematen diote. Ondoan duzuen irudia “wiphala” da, Andeetako
herrien ikur koloreanitza.
Boliviarrak gurean
Agintariek egin ohi zuten sailkapenaren arabera, esan genezake Iruñerrian
bizi diren Boliviar gehienak Cochabamba, Santa Cruz eta Beni aldetik
etorri diren choloak edo mestizoak direla. Indiarrak ere badaude, eta
zuriak oso gutxi dira. Gehienak emakumeak eta 20-35 urte bitartekoak
dira. Hizkuntzei dagokienez, transmisioan etenak gertatu dira eta oro
har ez dituzte Boliviako berezko hizkuntzak ongi menperatzen.
2001. urtean oso gutxi ziren Iruñean bizi ziren Boliviarrak:
39. Baina Espainiak ez die Boliviarrei bisaturik eskatzen (ekuatoriarrei
bai, ordea) eta kopurua igo da: 160 inguru Iruñerrian eta 380
Nafarroa osoan. Horietako batzuk Arrosadian bizi dira eta orain dela
bi urte elkarte bat osatzea erabaki zuten: ASOBOL, Nafarroako Boliviarren
elkartea. Zaragoza etorbideko Pauldarren lokaletan biltzen dira eta
helburuak bazkideei atzerritartasun legeaz informatzea –izan ere,
hemengo boliviar gehienek ez dute paperik-, Bolivian garapen proiektuak
sustatzea eta nafarrei Boliviako errealitate kulturalaren berri ematea
dira. |