
|
Koloretarako
anteojuak ikasleontzat
Erantzi zure betaurreko ilun horiek.
Ikusten? Ez dira itzalak. Gure ohiko egurats lainotsuan koloretako izpiak
dira. Eta, konturatzen bazara, bazterrotako ñabardurak aldatzen
ari dira argi horiei esker. Usadio zahar eta berriak, bertakoak zein
kanpokoak, uztartzen hasiak diren seinale.
Begira hor, herri urrun batean jaiotako neskatila Iruñeko lagunekin
jolasean. Edo hango langileak, gelditzen zaizkien opor egunetarako planak
egiten, Hego Amerikako gaztelania goxoa ahoan dutela. Eta handik pasatu
da, “agur” esanez, astean behin euskara ikastera doan lagun
marokiarra. Anekdota gainditzen duten irudiak, denon artean eraikitzera
goazen harreman berrien isla.
Bai, baina ele politak esanagatik ere, zisku itxietan bizitzen jarraitzen
dugu. Orduan, nork eskaintzen ahal ditu inertziak hausteko tresnak?
Nahikoak al dira hitzak eta “hezkuntza”, lagunarte orekatuak
lortzeko?
Ikasgelak ere irribarre eta soinu berriez blai daude. Eskola eta immigrazioa,
pil-pilean dagoen gaia. Ikastetxeetako langileek badakite erronka berriak
egokitu zaizkiela, egungo hezkuntza ereduen gabeziak asko direla eta
burua janztea komeni zaiela. Baina aldi berean badakite, beste inork
baino gehiago, eskola ezin dela harrera-gune bakarra izan.
Hezkuntza, zentzu zabalean (ba al dago modu hertsian irudikatzerik?),
eragile eta gune askoren esku dago: eskola, ahaideak, auzoa, hedabideak,
kalea, lagun-taldeak eta elkarteak… Jarduera hezitzaileak edonon
aurki daitezke. Baina hori bezain garrantzitsuagoa da ulertzea mundu
berrian heziketa eta prestakuntzaren onura denoi dagokigula eta integrazioa
ezin dela alde batekoa izan. Hartara, gu ere ikasle.
Ikuskera honek kulturei buruzko ideia mugiezinak kolokan jartzeko balio
dezake. Izan ere, betaurreko berriak jantziko bagenitu, ikusiko genuke
elkar topo egiten dutenak hezur-haragizko pertsonak garela eta ez “kultura”
abstraktuak. Kultura ez da bakoitzak aldean daraman objektu bat edo
betiko sustraitu zaigun izaera egonkorra, denboraren gurpilean eta batzuetan
abiada bizian aldatuz doazen ezaugarriak baizik.
Euskara da eskaini eta konpartitzen ahal dugun ezaugarririk preziatuena,
aipatu harremanak garatzen lagunduko diguna. Baina nola eragin elkar
ezagutu gabe? Nola nahi dugu besteek gutaz interesik izatea guk haiekiko
grina itzalita daukagun bitartean? Karrikirin emateko eta jasotzeko
prest egon nahi dugu, norabide askotako ezagutza euskaldunon arteko
harremanetarako eta gizarte euskalduna sortzeko onuragarria izanen delakoan.
Bai, zuzen zabiltza, irakurle. Betaurreko berriak ez dira protesiak:
jakingura dutenen begiak dira, lausorik gabekoak, gure bizilagunen kolore
guztiak ikusteko nahiaz bizi direnak. Eta zu, koloretan ikusteko prest
al zaude? |
Inma
Errea
|
Kazetaria, Iruñeko
Udaleko itzultzailea eta “Literatura eta harrikoa” bere
lehenengo liburuarekin Zelaia sariko finalista izan zen iaz Inma Errea
iruindarra. Harekin bere ibilbideaz eta euskal literaturaz solasteko
aukera izan dugu.
Aita euskalduna zenuen arren, hamabost urterekin
hasi zinen euskara berreskuratzen, ezta?
Bai, adin horrekin jabetu nintzen euskarak nire bizitzan zuen muntaz.
Apitxi-amitxiak –aiton-amonak– eskuaraz mintzatzen ziren,
eta aita eta osabak ere bai. 15 urterekin, institutuan, euskara ikasten
ari ziren lagun batzuk ezagututa ohartu nintzen ni ere euskaraz mintzatzen
ahalko nintzela. Hurrengo ikasturtean, Unibertsitatean, euskara ikasten
hasi nintzen ni ere, Jose Basterretxea Oskilasorekin. Gero Arturo Campionera
jo nuen. Niretako oso erraza izan zen euskara ikastea, eta oso dibertigarria,
aldi berean. Etxean erabiltzen genuen gaztelaniatik euskarara kalkoak
eta zuzeneko itzulpenak eginik euskarazko egiturekin asmatzen nuen bete-betean,
eta Arturo Campionen zegoen giroa oso ona zen, bizi-bizia.
“Literatura eta harrikoa” zure lehenengo liburuarekin
Zelaia sariko finalista izan zinen eta lana argitaratua ikusteko aukera
izan duzu Pamiela argitaletxearen eskutik. Zer moduzko esperientza izan
da?
Literatura eta harrikoa oso azkar idatzi nuen, 6 astetan edo, ganbaran
neuzkan ideia batzuek bat egin zuten momentu jakin batean, eta trumilka
atera ziren. Izan ere, ganbara batean otu zitzaidan ideia, hautsez estalitako
liburu batzuk begiratzen hasi nintzela, gaztetan irakurritako anitz
aurkitzean... Hasierako ideia idatzi ahala joan zen mamitzen, eta Zelaia
sariaren epemugarako bi aste falta zirela arras urdurituta nenbilen:
alde batetik, lana aurkezteko aproposa ikusten nuen, eta, bestetik,
oso denbora gutxi nuen den-dena egoki osatzeko. Albainuz josita aurkeztu
nuen, eta sorpresa hartu nuen finalisten artean zegoela jakitean. Pamielak
argitaratzeko proposatu eta baldintza bakarra jarri nuen: lana osatu
nahi nuen, jantzia behin betiko josi. Hori bospasei hilabetetan egin
nuen. Orain liburua bere kabuz ari da. Susmoa dut nire belaunaldiko
hainbat emakumek ongi hartu dutela. Beste pertsona batzuei berriz aditu
diet haiei ez zaiela interesatzen feminismoaren inguruko libururik,
beste batzuk izutu egiten dira saiakera dela entzutean, bitxia dela
ere esan didate, eta batek izugarri gustatu zitzaiola esan zidan.
Literatura femeninoaz hitz egin baino, nahiago izan duzu literatura
eta emakumearen arteko harremanez, gizonez eta bertze hainbat kontuetaz
aritzea
Mundua gizon eta emakumeok nola dugun antolatuta ikustea interesatzen
zait niri. Interesgarria da ingurura begira paratu eta galderak egiten
hastea, puzzlea desegin eta azpian zer dagoen ikustea. Izugarria da
nola betikotzat eta betirako jotzen ditugun hainbat gauza. Zergatik
erizainetan emakume gehiago dago gizon baino? Eta zergatik da alderantziz
idazleetan, medikuetan edo arkitektoetan? Halako errealitateen azpian
anitz arrazoi daude, sustrai sakonekoak. Literaturak neurri batean halako
egoerak justifikatu ditu, betikotu, baina, ideiak funtsezko materiala
izaki, mundua aldatzen ere laguntzen ahal du.
Aipatu izan duzu emakumeak deseroso sentitzen direla/zaretela
literatura egiterakoan. Dena dela, azken urteotan euskal literaturaren
baitan emakumeen ekarpena nabarmena izan da; Itxaro Borda, Arantxa Iturbe,
Ixiar Rozas, Jasone Osoro, Tere Irastortza, Laura Mintegi e. a. Zer
iritzi duzu?
Titular batean jarri zuten hori. Esan nahi nuen literaturan dauden moldeak
maskulinoak direla oro har, eta molde horietan emakumeok deseroso sentitzen
garela gehienetan. Baina gauza bera gertatzen da enpresaren munduan,
edo beste edozein lanbidetan. Gizarte-egitura gehienak gizonezkoek eratuak
dira. Hor sortzen da emakumeon deserosotasuna.
Egia da, euskal idazleetan gero eta emakume gehiago dago, zuk aipatu
dituzuenez gain beste zenbait ere: Arantxa Urretabizkaia, Miren Agur
Meabe, Castillo Suarez, Yolanda Arrieta... Eta egingo nuke Mailaren
Lujanbio bera ere, bertsolaria izateaz gain, idazle bikaina dela...
Zer deritzot horri? Ongi iruditzen zait, jakina, emakumeen ahotsek literatura
aberasten baitute. Eta literaturan elkarreraginak inportanteak direnez,
gizon idazleengan ere eragina izanen dute!
Eta euskal literaturaren panorama nola dakusazu?
Uste dut ezin dela ukatu euskal literaturak bizi duen unearen interesgarria...
Ahots handiak daude, nortasun poetiko handiko idazleak, eta gero eta
askotarikoak dira idazleak beraiek, estiloak, generoak, idazkerak...
Besterik da literaturaren alde komertziala... Hor ez gaude hain ongi,
jakina, gutxi gara euskaraz irakurtzen ahal dugunok munduan... Horregatik
bereziki interesgarria iruditzen zait kanpora begira egin daitezkeen
itzulpenak. Euskarazko lanak beste hizkuntzetara itzuli eta munduan
zabaltzea behar-beharrezkoa da... Produkzio dezente handia dago, horren
adibidea da, ene iritziz, lehen ez bezala euskaldun irakurle arrunt
batek ezin duela jada argitaletxeak eskaintzen dioten den-dena irakurri.
Aurrekoan Juanjo Olasagarre idazleari irakurri nion euskal literaturan
kritika ausardia falta dagoela euskal idazle gutxi dagoelako eta elkarren
artean ezagunak. Zer deritzozu?
Txikitasunak abantailak eta desabantailak ditu, eta desabantailen artean
izan daiteke elkarren arteko gehiegizko ezagutza dela-eta kritika ez
garatzea. Bestetik, euskaldunok beti gabiltzala ondoko hizkuntza esparruetako
moldeei begira, ea gauzak nola diren eta molde horiek berak kopiatu
nahian. Agian beste molderik asmatu beharko genuke, ez zait bururatzen
nolakoa, baina literatur kontuak kudeatzeko beste modu bat. Kritikan,
bestalde, guztia ez da urre, mundu zabalean. Begira zer gertatu den
Amazon.com web gune horretan, akats informatiko batengatik jakin izan
da liburuen idazleek beraiek igortzen zituztela aldeko kritikak... |
Senegal |
Baobaben herriak
Senegal 10 milioi biztanle dituen estatua da. Erdiak baino gehiagok
nekazaritzan egiten du lan eta %95 musulmanak dira. NBEk plazaratutako
Giza Garapenari buruzko Txostenean munduko 20 estatu pobreen artean
dago. 1960. urtean lortu zuen independentzia. Diola herria bizi den
Casamance eskualdean independentziaren aldeko talde armatuak altxatu
ziren 80ko hamarkadan eta egoera ez da oraindik baretu.
Hizkuntza ofiziala frantsesa izan arren biztanleriaren heren batek bakarrik
erabiltzen du, eta ez beti. Biztanle askok wolof hizkuntza erabiltzen
dute “lingua franca” moduan: 4.840.000 pertsonaren ama hizkuntza
da baina ia 8 milioik darabilte eguneroko zereginetan. Beste hizkuntza
asko ere badira: peul, fulani, serer, mandingo, soninke, etab.
Senegaldarrak gurean
2003ko datu estatistikoen arabera, Nafarroan Afrikako 8.302 lagun bizi
dira, baina Senegalen jaiotakoak 326 dira bakarrik, gehienak gizon gazteak.
Ez dira gutxi ikasketa unibertsitarioak eginak dituztenak. Euskal Herriko
kostaldeko zenbait herritan arrantzan aritzen dira baina Nafarroan gizonek
gehienbat eraikuntzan eta salmentan ibili behar izaten dute. Emakumeek,
aldiz, etxeetan, fabriketan… Atzerritarren Legearen ondorioak,
etxebizitza eta lana dira pairatzen dituzten arazo nagusienak.
Hainbat lekutan ikusten dute elkar Iruñerriko senegaldarrek:
tabernetan, ostiraletan Sanduzelaiko meskitan edo Senegalgo gazte batek
Iruñeko Kuria kalean duen “Bao Bab” dendan; bertan
Afrikako musika, arropa, jakiak, artelanak eta bestelakoak aurki ditzakete.
Eta aipatzekoak dira Berriozarren biltzen den Senegalgo Immigranteen
Elkarteak (AISENA) antolatutako bazkariak eta musika tailerrak.
Senegaldarrek hizkuntzak erraz ikasteko ospea dute. Euskaldun arruntok
baino hizkuntza gehiago dakizkite: frantsesez, wolofez, peulez eta gazteleraz
egiten dute askok, baina ohikoa da senideekin Afrika Mendebaldeko beste
hizkuntzaren bat erabiltzea. Zenbaitek euskarazko hitz batzuk ikasi
dituzte eta dagoeneko baten bat euskaraz komunikatzeko gai da. |