
|
Ahots
berriei adi
Hizkuntza berreskuratzeaz ari garelarik,
zenbaitetan ez gara jabetzen lagun askok euskara ikasi dutenean ez dutela
ezer “berreskuratu”. Gutako askok euskara irabazi egin dugu.
Eta inork ez du horren irabazi handia galbidean jarri nahi izango, ezta?
Ari naiz, baina ez dut ongi egiten
Egia da hiztunok gaitasun desberdinak ditugula, baina eraitsi ditzagun
hesiak: gure arteko harremanetan ezagutza mailek ez gaituzte benetako
euskaldunon mundua / ikasleak bereizketa mental eta sozial zorrotza
egitera eraman behar. Berdin dio nondik gatozen. Denok gara euskaldun,
denok ikasten dugu. Eta denok nahi ditugu aukerak dakiguna praktikan
jartzeko. Ohar gaitezen, ordea, gehienetan aukerak hezur-mamizkoak direla:
gu geu.
Arian-arian
Euskara ez da neuronetan metatzen den ezagutza abstraktu bat gehiago:
bizitza eta pentsamoldea antolatzen laguntzen digun indar dinamikoa
dugu. Hartara, interesgarria izan daiteke hiztun berriei aditu eta egin
dituzten ibilbideen marrazkia egitea, haientzat eta sortuko diren euskaldun
ororentzat baliagarriak izan daitezke-eta.
Gogora dezagun guztion motibazioen bultzatzaile izan gaitezkeela, norberaren
erritmoak errespetatuz betiere. Azken finean euskaldun berriok hizkuntzaren
sustapenean protagonismoa hartzea da kontua, estatistika bateko datu
hotzak baino askoz gehiago izan daitezen: mintzaide biziak.
Harira etorriz: denok aritu
Hiztun berrien ahaleginak euskal komunitate anitzean ordaina jaso beharko
luke. Honek esan nahi du besteak beste gure artean ere lan pedagogiko
ederra egokitzen zaigula. Hasteko, egin diezaiegun euskaraz ulertzeko
gai diren guztiei, jokamoldearen garrantzia gutxietsi gabe: hiztun guztien
aurrean jarrera irekia eta abegikorra erakutsiz gero, oharkabean haien
hizkuntzarekiko atxikimendua sendotzen lagunduko dugu.
Euskaldun guztion ardura da ikasten ari direnei laguntza ematea. Izan
ere, eskailera osatugabean gora goaz, baina falta diren mailak –gune
berriak, sareak…jarri ezean, batzuk jauzi arriskutsuak egitera
behartuta egonen dira eta baten batek atzerako bidea hartzeko gogoa
izan dezake. Osotasunaren bila ahots berriekin batera ari bagara samurragoa
izango da horiek eraikitzea eta ez da inor eroriko. Horra erronka. |
Gontzal
Agote
|
Duela hiru urte Nabarra
aldizkaria karrikaratzea bururatu zitzaienean, burutik jota ote zeuden
pentsatuko zuen batek baino gehiagok. Denborak aurrera egin ahala, ordea,
euskal prentsan euren tokia aurkitu eta Nafarroan zegoen hutsune bat
bete dute. Eduki anitzak eta kalitateko diseinuaz gain, kolaboratzaile
sorta oparoa eskaintzen du hilero Nabarrak eta, horregatik guztiagatik,
Argia saria jaso zuen iaz. Aldizkariaren koordinatzailea den Gontzal
Agotaren eskutik eginiko ibilbidea gertutik ezagutzeko parada izan dugu.
Nola sortu zen Nabarra, Nafarroan euskara hutsez
eginiko lehenengo hilabetekaria?
Orain dela hiru urte baino gehiago erokeria bat egiteko momentua zela
bururatu zitzaigun eta ba al da euskal hilabetekari kulturala egitea
baino erokeria handiagorik? Ez genuen oso argi nolakoa izanen zen sortuko
zen alaba, baina, hori bai, argi genuen euskalduna eta polita nahi genuela.
Eta horrela jaio zen Nabarra (aspaldian bere kabuz ibiltzen ikasi zuen).
Laster hiru urte beteko dituzue. Erronka handia izan zen foru
lurraldean molde honetako proiektu bati hasiera ematea. Zer moduz orain
arte eginiko ibilbidea?
Inguru honetan euskaraz egiten den edozein gauza erronka handia da (askotan
delitu ere izan daiteke), baina Nabarra hasi aurretik jakin bagenekien
gauzak ez zirela errazak izanen, inork ez zigula deus oparitu behar.
Hori hala izanda ere, ez dut uste kexatzen denbora askorik galdu behar
dugunik, alderdi positiboari begiratu behar diogu: jende asko izan dugu
gure ondoan hasieratik (milesker!) eta, hiru urte pasatuta, oraindik
segitzen dugu matraka ematen.
Biltzen dituzuen edukiei arreta berezia eskaintzeaz gain, diseinu
lanetan ere kalitateko lana eskaintzen duzue.
Hasieratik oso argi izan genuen ahalik eta itxura ederrena izanen zuen
aldizkaria egin behar genuela, ez baitu deusetarako balio oso testu
onak egitea diseinu kaskar batengatik inork irakurri behar ez baditu.
Esan beharra dago lan horretarako sormen handiko diseinugile fina dugula,
Joseba Beramendi jauna, eta diseinuaren arrakastaren errua berea da,
ehuneko ehunean. Batzuetan eztabaida batzuk sortzen dira portada batzuen
kontura, baina ekaitza horietan azkenean eguzkia nagusitzen da beti.
Kolaboratzaileen zerrenda oparoa da. Hasieratik eman diozue
garrantzia horri, ezta?
Halabeharrez gure lan taldea txikia denez, aldizkari txukun bat egin
ahal izateko laguntzaile multzo bat osatzea erabaki genuen. Eskertzekoa
da horiek guztiek gugan jarri duten konfiantza, horietako asko Nabarra
proiektu hutsa zenean, oraindik aldizkaria karrikan ez zegoenean, gurekin
kolaboratzeko prest agertu ziren. Ez dakit oso ongi ba ote zekiten non
sartzen ziren! Gure kolaboratzaileekin oso pozik gaude eta haien lana
da benetan aldizkariari distira ematen diona.
Nola ikusten duzu gaur egun euskal aldizkarien egoera?
Pixkanaka-pixkanaka gauza berriak sortzen ari dira, oso motel bada ere,
eta aurretik zeuden aldizkari asko egonkortu dira. Baina euskaldunok
dugun merkatua (hitz itsusi hori erabiltzerik badago) oso mugatua da
eta arazo handiena ondoan dugun erdal aldizkari mordoarekin lehiatu
behar izatea da, eta hori ez da makala. Dagoeneko ez da aski aldizkari
bat euskaraz izatea jende euskaldun militanteak eros dezan, gaur egun
kalitateko argitalpena eskaini behar duzu. Zorionez, gure artean gero
eta aldizkari txukunagoak ikusten ditugu, nahiz eta oraindik bide luzea
dugun euskal kioskoa behar bezala janzteko.
Nabarra aldizkaria karrikaratzeaz gain, Nabarreria enpresaren
bitartez bertzelako proiektuak bideratzen dituzue. Etorkizunari begira
zer pauso egiteko asmoa duzue?
Apirilean hirugarren urtea eginen du Nabarrak eta nik uste dut oso garai
aproposa izaten ahal dela hainbat aldaketa sartzeko, baina kontuan izan
behar duzue gure baliabideak nahiko mugatuak direla eta ez dakit zein
puntutaraino izanen den posible buruan dugun guztia paperera eramatea.
Hala ere, gure asmoa hori da, aldizkaria gero eta gehiago osatu, eduki
berriekin eta, ahal dela, kalitate handiagorekin. Saiatu, saiatuko gara...
auskalo lortuko dugun! |
Berbereak |
Libreak eta ez barbaroak
Maroko eta Aljeriako herritarrak izendatzeko askotan
“magrebiar” hitza erabiltzen dugu. Arabieraz mendebaldekoa
esan nahi du; Maroko “Al-Maghrib” da arabieraz. Baina magrebiarrak
arabiarrak al dira, orduan?
Magrebiar askok ez daki edo gaizki egiten du arabieraz, beste hizkuntza
bat dutelako. Berbereak orain bizi diren lekuetan zeuden VII. mendean
arabiarrak heldu zirenean. Beren buruei “Imazighen” –gizaki
askeak- deitu arren, gure artean “berbereak” izenaz ezagunagoak
dira. Herri berbereak hitz egiten dituen hizkuntzen artean, Tamazight
da gehien zabalduta dagoena: 3.000.000 hiztun Marokon (batik bat Atlas-en)
eta 500.000 Aljerian (Kabilian) eta beste zenbait herritan. %40 elebakarrak
dira.
Berbereak gurean
Europako Batasunean Marokoko etorkinen %65 berbereak dira. Euskal Herriko
erroldek ezer gutxi esaten dute herritar hauen nortasun kulturalaren
inguruan, etorkinak jatorrizko Estatuen arabera sailkatzen baititu.
Gainera, gutako askorentzat zaila da berbereak bereiztea gehienak musulmanak
direlako eta gero eta gehiagok arabieraz egiten duelako gurean.
Egia da etxean eta haien arteko harremanetan berberea erabiltzen jarraitzen
dutela, baina Afrikan hizkuntza gutxitua da eta hemen ere erabilgarriagoa
egiten zaie arabiera haien berezko hizkuntza baino. Prentsan, satelite
bidezko telebistan (oso garrantzitsua Maghreb-etik etorri direnentzat)
eta etorkinentzako zerbitzuetan arabieraren aukera nagusi da. Hala ere,
irratiaren bidez posible da saioak entzutea berbereaz.
Euskal Herrian Marokoko etorkinen elkartearen barruan etorkin berbereen
kolektibo bat dago: AZRAF. Tamazight kultura eta hizkuntza ezagutarazi
nahi dute baina hori ez da batere samurra: azaroan, adibidez, “Ahozko
inprobisazioa munduan” jardunaldietara etorri nahi zuten bi bertsolariri
Marokok herritik ateratzeko baimena ukatu zien.
Orain dela urte batzuk arabiarrak eta berbereak bildu nahi dituen elkartea
sortu zen Iruñean: CABE du izena, eta kide gehienak Marokoarrak
dira. Horietako batzuk, jatorri desberdinetako beste lagunekin batera,
gure hizkuntza ikasi nahi dute eta datozen asteotan euskarazko klaseak
hartuko dituzte immigranteen arloan eta euskalgintzan diharduten zenbait
elkarteren eskutik.
|