
|
Euskararen
etxean eroso
Ezagutzen duzu norbait gai dena txiste
bat arrakastaz kontatzeko, telebistako esatari baten hizkera eta doinua
erabiliz? Imajinatzen duzu ikasle bat ahozko azterketa bat egiten unibertsitateko
irakaslearen aurrean, parrandetan lagun artean erabiltzen dugun hizkuntza
mota erabiliz? Bi kasu horietan hiztuna lekuz kanpo dago. Harridura
(baita haserrea ere) eragin dezake eta, behintzat, helburua oztopatuta
geldituko da: txistearen arrakasta zero izanen da eta irakasleak pentsatuko
du adarra jotzen ari den ikasle lotsagabea duela aurrean.
Horrelako egoerak nahita sortzen baditugu, ondorioak aurreikusiko ditugu.
Okerrena da, askotan, egoera bakoitzean egokia den hizkera menperatzen
ez dugulako erabiltzen dugula erabiltzen duguna, eta, noski, horrela
ezin gara eroso sentitu. Izan ere, badakigu zerbaitek huts egiten duela,
adibidez, etxeko niniari helduei bezala egiten diogunean. Euskaldun
batzuek erregistroz betetako errepertorio aberatsa dute. Euskararen
armairua jantziz beteta daukate eta egoeraren arabera janzten dute txandala,
trajea edo jaietako arropa. Beste batzuek, berriz, errepertorio urria
dute, erregistro bakarrekoa, eta txandalez (edo gorbataz) joan behar
dute leku guztietara.
Egia da, hala ere, norberak baduela, bizimoduaren arabera, behar handiagoa
edo txikiagoa erregistro gehiago edo gutxiago erabiltzeko. Dena dela,
eroso sentitzeko denok behar ditugu erregistro, esateko era, jantzi
batzuk. Bestela, elebidunak bagara (eta bagara) gertatuko zaigu etxean
sukaldeko altzariak, edo komunekoak, edo ohea, besterik ez duen pertsonari
gerta dakiokeena: egun osoa emanen du auzokidearen etxean, edozein aitzakia
hartuta. Hau da, geuk ere auzoko hizkuntzan hartuko dugu ostatu edozein
aitzakiarekin: "ohitura falta daukat", "hirugarren horrek
ez du ongi ulertzen", "lotsa ematen dit", "hanka
sartzeko beldur naiz"...
Hizkuntza erabiltzea hizkuntzaren errepertorioa aberastea da, eta hizkuntzaren
errepertorioa aberasteak hizkuntza maizago erabiltzea errazten du. Ez
da gurpil zoroa, bi norabideko prozesu aberasgarria baizik. Gai honetaz
gero eta gehiago mintzatzen da euskaldunon komunitatean. Sakontzeko
aukerak ere baditugu lehen ez genituenak; Karrikirik hurrengo otsailean
antolatutako ikastaroa, esaterako. Ez galdu aukera hau euskararen etxean
erosoago sentitzeko.
|
Kike
Amonarriz
|
Telebistan eginiko
umore saioengatik ezaguna da jendartean, baina Kike Amonarriz euskalgintza
munduan lanean murgilduta dabil aspaldiko partez eta egun Argia astekarian
sustapen lanetan dihardu. Horretaz gain, umorezko hiru liburu idatzi
ditu, euskararen alde gozagarriak aldarrikatzeko asmoz sorturiko baina
sekula bildu ez den Zazpiak Batman taldeko partaide dugu eta azkeneko
hilabeteotan Euskal Herrian barna hitzaldi ludikoak ematen ari da.
Jende aunitzek telebistan eginiko umore saioengatik
ezagutzen zaitu, baina alderdi serioago bat jorratuz hizkuntzari lotutako
gaiak eta lanak egin izan dituzu, ezta? Zertan zabiltza azken boladan?
Azken bi urte eta erdi honetan ARGIA astekarian nabil buru-belarri lanean.
Baina, horrekin batera, “Euskara lardaskatzeko manerak”
hitzaldia ematen dut Asisko eta Antton Olariagarekin eta hizkuntzaren
inguruko beste hainbat lan eta proiektutan ere banabil.
Aspaldixko-edo Argia astekariko sustapen sailean hasi zinen.
Azkeneko boladan izandako gertaerez zer iritzi duzu?
Gertaera horiek guztiak nazionalismo baztertzaile baten mentalitatearen
ondorio dira, desberdin den guztia mehatxutzat hartzen duen mundu ikuskera
atzerakoi eta inperialista batena. Euskalgintza eta ETA parekatu dituen
estrategia horren helburua euskal kulturaren aldeko lana oztopatzea
eta galgatzea da, hizkuntza normalizazioa estatu batasunaren arrisku
ikusten duelako.
Eraso horri aurre egin ahal izateko, euskalgintzak estrategia politiko
zaharkituak gainditu behar ditu. Hizkuntza normalizazioak gizartearen
eta erakunde publikoen babesa behar du eta, horretarako, estrategia
adostuetara iritsi beharra dago, baldintza politiko sozial egokiak sortuz.
Eta horretarako ezinbestekoa iruditzen zait distentsio egoera batera
heltzea.
Nola ikusten duzu euskal hedabideen egoera?
Gure egiturak ahulak dira eta gure presentzia txikia, gero eta produktu
hobeak izan arren. Ahalegin handien ondorioz aurki daitezke egunero,
astero edo hilero euskarazko egunkari eta aldizkariak kioskoetan. Epaileek
ere ulertzen ez duten esfortzu kolektibo erraldoi baten ondorioz kaleratu
da “Berria”. Baina etorkizunak gure egiturak eta gure presentzia
soziala indartzea eskatzen du. Eta horretarako bi bide daude: herritarren
atxikimendua handitzea eta erakunde publikoek euskal prentsari sostengu
indartsuagoa ematea.
Hitzaldi ludikoek jasotako harrera onari erreparatuz, euskaraz
modu erakargarriagoan bizitzeko beharra badagoela erranen al zenuke?
Euskaldunok eta euskarak aurrera egingo badugu, ezinbestekoa izango
da gure hizkuntza komunitatea eta gure ekoizpen soziokulturalak erakargarriak
izatea.
Euskarak gozatzeko, ziria sartzeko, maitatzeko, adarra jotzeko, jotzeko,
dibertitzeko, e.a. balio ez badigu... zertarako nahi dugu?
Gazte hizkera landu duzu eta, berriki, sakelako telefonoen bidez igortzen
diren mezuetarako kode liburu bat prestatu duzu aipatu bi lagun horiekin
batera. Nola ikusten duzu euskara eta gazteak binomioa?
“Euskara eta helduak” edo “Euskara eta zaharrak”
binomioak baino hobeto. Kezkatzeko arrazoiak daudela? Bai, noski! Baina,
hala ere, noiz entzun da gaur adina euskara Iruñerriko gazteen
artean? Hori ez dela aski? Badakigu! Horregatik gabiltza gabiltzan bezala.
Baina etorkizuna baikor ikusten dut.
Idazle lanetan ere aritu izan zara. Berriki antolatutako Durangoko
Azokak izandako arrakasta alde batera utzita, kulturgintzako hainbat
lagunek euskal kulturaren kontsumo apala izan dute hizpide. Zer deritzozu?
Euskarazko kultur produktuen kontsumoak ez du gora egin, euskararen
ezagupenaren gorakadaren proportzio berean. Globalizazioaren eta inguruko
estatuen hizkuntza menperatzaileetan ekoitzitako produktuen indarra
eta kontsumoa oso handiak dira. Gure indarrak txikiak direla jakinik
ere, etorkizuna gure botere mailaren eta sormen ahalmenaren araberakoa
izango da neurri handi batean. Kultur produktu erakargarriak sortu behar
ditugu, horretarako ezinbestekoak diren azpiegiturak ahalbideratu behar
direlarik eta eragile guztien artean produktu eta zerbitzu horiei ahalik
eta zabalpen eta oihartzunik handiena eman behar zaielarik.
|