
|
Plazara
Gaur ahotik atera zaidan hitz-jarioaren
ehuneko txikia ez da izan euskara nire bizitzan agertu den egoera bakarra.
Etxera ailegatutakoan, atea itxi eta irratia, egunkaria eta aldizkariak
han bertan ditut. Filmak, telebistan. Mezuak, posta elektronikoz. Musika,
gelako epelean. Bai ongi! Mundua euskaraz!
Mundua? Etxera bidean, begiok jaso dituzten seinale eta iragarki gehienak
gazteleraz. Elkarrizketak, agerkariak eta zinema ere horrelatsu. Akademietan,
kiroldegietan, saltoki handietan, ikuskizunak eskaintzen dituzten areto
berrietan, hizkuntza zaharraren arrasto gutxi. Buruhausterik gabe jakintzat
ematen dugun errealitate gordin bezain aldagarria.
Ukaezina da kontzientzia propioa garatu ahala gune berriak zabaldu ditugula.
Baina komunitatea osatze aldera gauza asko egiteke daude. Eta, besteak
beste, hor ditugu oskolean biltzeko arriskua eta ikusgarritasunaren
erronka.
Kalean ez dugu euskararik ezaren “normaltasunean” bizi nahi.
Administrazioaren papera garrantzitsua dela jakinda ere, ahal dugun
neurrian paisaia margula koloreztatzen has gaitezke. Ezagutzen duzun
dendari edo langile horrek ez diola euskarari erreparatzen? Hitz egin
berarekin. Euskarazko jarduera gehiago egotea gustatuko litzaizukeela?
Luzatu eskaera edo saiatu antolatzen. Nork bere arloan, kontaktuak egiten
hasi eta gizarte honetako bazterrak euskaraz janzteari ekiten ahal dio.
Urtaro honetan tropelean kaleratzen direnak euskal liburu eta diskoak
dira. Plazatik etxera, euskaraz bizi nahi dugunon mesedetan betiere.
Baina argitaratze hutsak ez du ezer bermatzen, merkaturatzea eta euskaldunon
esku dagoen gizarteratzea ez baitira gauza bera. Egun, produktuak bizitza
laburreko distira bilaka daitezke: piztu orduko ezerezean gelditzen
diren su artifizialak. Ez gaitezen unean uneko pirotekniarekin zorabiatu,
kulturgintzak kontsumo-aroa gainditu eta urte osoan hura dastatu eta
biziarazteko prest dauden euskaldunak behar baititu. Etxetik plazara.
Azken hilabeteotan euskalgintzak jaso dituen erasoek kemen handiagoa
eman behar digute aurrera jarraitzeko. Etengabeko lana aldarrikapenik
indartsuena delakoan gaude. Lan horren emaitza Irunberrin ere islatu
zen. Han, urrian, ezin izan genuen gure aldarria plazaratu. Baina konformismoa
eta inertzia eguraldi petrala baino arriskutsuagoak izan daitezke. Arangoiti
ikastolari eskaintzen ahal diogun hoberena, laguntza ekonomikoaz gain,
gure buruarekiko konpromisoa da: izan nahi dugun bezala bizitzea, barrutik
zein kanpotik.
Izan ere, ez gara ordukako euskaldunak izango eta ez dugu etxeratze
deiak obeditzeko asmorik. Goazen plazara!
|
Ane
Albisu
|
Ane Albisu donostiarra
hamalau urterekin sartu zen Donostiako Antigua auzoko Jakintza dantzari
taldean. Jantziaren alorrean aritu zen lanean eta beranduago, 1978an,
ARGIA taldeko partaide bilakatu zen. Talde honetan dantzarien eta musikarien
sailean aritzeaz gain, zuzendaritzan ere ibilia da. Ikerketa arloan
hainbat proiektutan parte hartu eta gero, 1985ean IKERFOLK, folklorea
lantzen duen elkarteko sortzaileetako bat izan zen. Jantzi saileko arduraduna
da bertan eta gurekin solasteko aukera izan du egiten duten lanaren
berri emateko.
Ikerfolk elkarteko partaide zaitugu. Folklore
munduan dabilen jendeak ederki ezagutuko zaituzte, baina giro horretatik
horren hurbil ez dauden lagunei nola azalduko zenieke zuek egiten duzuen
lana?
Gure lanaren funtsa bildu eta zabaltzea da. Folkloreari dagozkion esparru
guztiak hartzen saiatzen gara, bilketa lana egin, aztertu eta ikastaro,
hitzaldi, argitalpen, erakusketa eta aholkularitza lanaren bidez zabaltzen
dugu.
Argia dantza taldetik sortutako elkartea da Ikerfolk, zer dela
eta eman zenuten urrats berri hori?
Folklorearen inguruan lan egiteak beste euskarri bat eskatzen zigulako.
Dantza taldearen bidez lan zehatza egiten genuen, baina ikerketa bideratzeko
beste erakunde mota bat behar da. Munduko beste zenbait tokitan ez bezala,
hemen Folkloreak ez du ohiko ikasketetan eta are gutxiago Unibertsitatean
apenas tokirik. Maila horretan lan egiteak dantza taldeari eskaintzen
genizkion orduetatik kanpoko ordutegia eskatzen zigun.
Egiten dituzuen ikerketa lanak jendartera helarazteko zer bide
erabiltzen dituzue? Euskal Herritik kanpo ere aritzen al zarete?
Lehen esan bezala, ikastaroak antolatzen ditugu. Gure ustez, gainera,
oso garrantzitsua da bertakoa azaltzeaz gain, kanpokoaren berri ematea.
Beraz, askotan bertako dantza eta doinuei buruzkoak eta kanpokoak oinarri
dituztenak ere antolatzen ditugu. Gaur egun esparru honetan gure lanik
ezagunena Dantza Ganbara deritzona izango litzateke. Bestalde, argitalpenak
ere egiten ditugu: Pas de Basque berripapera eta Gira Galdua aldizkari
monografikoa. Udazkenean Folk deritzon jaialdia antolatzen dugu. Aholkularitza
lana egiten dugu, hitzaldiak ematen ditugu...
Ikerketa lanez gain edota ikerketa horien fruituetako bat Ikerfolk
barrenean dagoen Atondu euskal jantzien saila dago. Zer lan egiten duzu
sail horren barrenean?
Atondu sailak jantziei dagokien esparru hartzen du. Jantziei buruzko
informazioa zabaltzen dugu hitzaldi eta aholkularitzaren bidez, jantziak
diseinatzen ditugu, hitzaldiak ematen ditugu...
Harremanik al duzue molde bereko bertze herrialde bateko elkarteren
batekin?
Bai, gainera herri askotan folklorearen ikerketa beste maila batean
dagoenez, erakunde eta ikertzaile apartak dituzte.
Nola ikusten duzue egun euskal folklorearen panorama?
Adierazi dut ez dagoela beste zenbait gairen mailan eta honelako erakundeen
bidez landu eta zabaldu beharrean aurkitzen garela. Plangintza zabala
egin beharra legoke. Agintea dutenek, ordea, erantzukizuna dute eta
behar duen garrantzia ematen ez diotenez, nik esango nuke, oraindik
ere Etxeparek 1545ean Euskarari buruz zioena: "estimatze gutitan"
dagoela eta "ohoria orotan" beharko lukeela, gure herri jakintza
baita!.
|