
|
Leire
eta Hamid itsasontzi berean
Adi, Iruñeko euskal marinelok:
eser zaitezte,
ariketa bat egitera goaz eta.
Iruñerrian gaude baina…
Altxa daitezela beste nonbait jaio direnak.
Altxa daitezela orain hemendik kanpo ikasi edo lan egin izan dutenak.
Altxa daitezela orain inoiz beste norabait joan direnak.
Inor geratu al da aulkian? (…) Eser zaitezte, marinelok. Abia
gaitezen.
Olatu faltsuei kasu egin. Zenbait hedabidek
“etorkinen fenomenoa = arazoa” ustezko errealitatea aurkeztu
nahi digute. Guri lekuz aldatzeko beharra ez zaigu batere arrotza: euskal
jatorriko lagunak Euskal Herriko biztanleak baino gehiago dira eta hona
etorritakoak ere ugari. Eta hortaz ongi dakigu gizarteari “immigrazioa
= aukera + erronka” ekuazioa dagokiola.
Aingura jaso beldurrik gabe. Bizikide berriak ez dira besterik gabe
euskal kulturara etorriko. Bizitza duina lortu besterik nahi ez duten
langileon egoerara hurbildu beharrean gaude. Gizarte desorekatu batean,
haien kezkak, nahiak eta ohiturak ezagutu ezean, nekez lortuko dugu
beste ezer transmititzea eta denon arteko integrazioa. Eta hasteko,
aurreiritziak itsas hondora bota!
Begi bakarreko piratak. Europa gotorleku bilakatu eta gure herria mugez
josi diguten pirata maltzurrek Euskara muga dela esatera ausartu dira.
Bada, gu etorkinekiko harremanetan Euskara lokarri garrantzitsua dela
erakustera goaz: erdaldun askorentzat, etorri diren gizartekideak kaletik
doazen aurpegi ilunak baino ez dira. Guk, ordea, harremanetarako aukera
ikusten dugu hor eta eguneroko trukean euskara funtsezko eskaintza izanen
da.
Itsaso mugagabean zehar. Kultura ez da kode itxia, etengabe garatzen
den prozesua baita. Etorri diren pertsonek ez dute kultura mugatua ekarri,
bizitzarekin batera aldatuz doazen ezaugarriak eta jokamoldeak baizik.
Hemengo ohiturak ere ez dira antzinakoak bezalakoak, eta ekuadortar,
arabiar edota senegaldar jatorriko euskaldunek egingo duten musikak
eta literaturak euskal kultura aberastu eta biziberrituko dute.
Belak zabalik!. Hor dugu erronka: harrera funtzioa ezin dugu erdara
hutsez ari diren egituren esku utzi. Zer egin? Euskararen presentzia
gizarteratzeko ahaleginak berrindartu; norberak ezagutzen dituen immigratuekin
hitz egiten saiatu; kalean, lantegietan eta eskoletan kultura artekotasuna
garatzeko guneak eraiki; Euskara etorkinei doan irakasteko esperientziak
garatu… Honetan, euskalgintzak gainerako gizarte eragileekin aritu
behar du.
Ez iezadazu atzerritar deitu. Denok itsasontzi berean gaude. Portu desberdinetatik
abiatu arren, itsaso zakarrak elkarrekin jarri gaitu. Aprobetxa dezagun
aukera eta guztion indarraz baliatu gaitezen. Ziur gaude itsasoko jainko
handiustekoek ez dutela ontzia hondoratzerik lortuko.
Lehorrean zein itsasoan betiko geratu eta inoiz ezagutuko ez ditugun
herritarren omenez
|
Sagrario
Aleman
|
Azken urteotan munduko
hainbat txokotatik heldutako jende mordoa hurbil-tzen ari zaigu Iruñera
bizitza baldintza hobeen bila. Errealitate horri erreparatuta eta lagun
horiek euskal kulturaren berri eta bereziki euskara ikasteko aukera
izan dezaten, Arturo Campion euskaltegiak haiei zuzendutako eskain-tza
berezi bat martxan jarri zuen iaz. Ekimen honetaz solastu gara Sagrario
Aleman, IKAko Arturo Campion euskaltegiko koordinatzailearekin.
Zertan datza iaz abian jarri zenuten esperientzia
berria?
Kezkatu ginen kanpotik etortzen zen jendeari hemengo errealitate bakar
bat erakusten zitzaiela ohartu ginenean. Lagun hauen egoera horren latza
denez, ez dira jabetzen hemen bigarren hizkuntza bat ere badela eta
zaila da haiengana heltzea. Lana aldetik ikusten genuen kanpotik heltzen
zen jende hori euskaldundu behar zela, baina hemen euskaraz ez zekien
jendea ere hortxe zegoela.
Garbi izan genuen hasieratik zerotik hasi behar zutela eta bertzalde,
pentsa-tzen genuen eskaintza honen bidez aukera eman behar geniela hemengo
jendearekin harremanetan sartzeko. Horregatik pentsatu genuen ez zela
aproposa haiendako bereziki talde berri bat sortzea, baizik eta normalean
guk eskaintzen ditugun taldeetan sartzea. Dena dela, eta haien baldintza
kaxkarrak ezagututa (langabezia, etxebizitza bilatu beharra, paperak
legeztatu, e.a.), erabaki genuen guk ematen ahal genien erraztasuna
ikastaroak dohainik ematea zela.
Zer urrats eman zenituzten? Iruñerriko elkarteren batera
jo al zenuten?
Bagenekin ikastolako zenbait jendek zerbait egin nahi zuela eta Sortzenekoek
ere D eredua dela eta zenbait kontaktu bazituztela. Sortzenekoek hainbat
elkarteren helbideak pasa zizkiguten eta horiekin harremanetan jartzen
hasi ginen, baina zailtasun handiak izan genituen haiekin hitz egin
ahal izateko. Dena dela, zenbait etorkinek garbi erran ziguten hasieratik
elkarte horiek zenbait kasutan bizi askorik ez zutela. Jendea hurbiltzen
dela hasieran paperak egiteko eta laguntza jasotzeko, baina denborak
aurrera egin ahala ez dela gehiago joaten. Lanaren arabera mugitzen
direnez zaila da haiengana iristea.
Zer nolako erantzuna jaso zenuten?
Beno, egia erran bakar batzuk hurbildu ziren izena ematera eta orduan
antolatuta genituen taldetan sartu ziren. Kamerungo bat etorri zitzaigun,
esaterako, bertako bost hizkuntza menpera-tzen zituena, eta horiez gain
ingelesa, alemana eta gaztelera piska bat. Ez zuen euskararen erreferentziarik,
baina hizkuntza mordoa bazekienez abantaila zuen hemengo ikasleen aldean.
Iruñean aritu zen bolada batez, baina lana atera zitzaion Katalunian
eta alde egin behar izan zuen. Hegoameriketako zenbait lagun ere egon
ziren, kurtsoren bat egin zuten, baina lan kontuengatik ere alde egin
behar izan zuten.
Gurera heldutako lagun horiei euskal kultura eta hizkuntzaren
berri emateaz gain, hemengo jendearentzat ere onuragarria dela uste
al duzue?
Bai, jakina. Guk ekimen hau martxan jarri genuenean, zerbitzu bat eskaintzen
genien kanpotik etorritako lagun hauei, baina aldi berean hemengo jendearen-tzako
adibide gisa jartzen genituen nolabait. Pertsona hauek beste kultura
bat ezagutzeko egiten duten ahalegina azpimarratu nahi izan dugu; askotan
guk geuk ere egiten ez duguna. Taldeko gainerakoengan akuilu bezala
egin zezaketela ere ikusi genuen.
Euskalgintzan lanean ari garen hainbat talderentzat akaso gai
honi behar bezala heldu eta elkarlanean hasteko ordua iritsi zaigula
uste al duzu?
Elkarlan horren bidez kanpotik datozen talde horiengana nola iritsi,
zer bitarteko erabili aztertu beharko genuke lehenik eta behin; auskalo
zer kanpainaren bidez, baina hemen bestelako kultura bat badela ezagutarazi
behar zaie. Hortik aitzina ikusiko dugu haien aldetik zer interesa dagoen.
Lan hori egiten ez dugun bitartean, hau da, heltzen diren errealitatean
kokatzen ez baditugu, ezinen diegu eskatu gure hizkuntza ikas dezatela.
Horrelako ekimenik ezagutu al duzue beste inon?
Bai, Zarautzen eta beste nonbaiten egin izan dituzte, baina oker ez
banago uste dut kasu horietan talde bereziak egin dituztela etorkinentzat
bereziki. Gure irudikoz interesgarriagoa da beste taldeetan integratzea,
guztientzako aberasgarria izan dadin. Etorkinek eurek ere ez dute haien
burua aparte ikusi behar.
Ikasturte honi begira zer asmo dituzue?
Antzeko zerbait egiteko asmoa dugu, baina une honetan denbora behar
dugu berriro haiekin harremanetan jartzeko; elkarteekin bildu eta eskaintza
berbera egin ea aurtengoan zenbat jende hurbil-tzen den. Poliki poliki
elkarte horiek hobe ezagutzen gaituzten neurrian, informazioa errazago
helarazteko aukera izanen dugu.
Momentuz ikasle kopurua txikia da eta eskaintza dohainekoa. Ikasle kopurua
dexente igoko balitz nola aurre eginen zeniokete egungo baldintzei?
Bagenekien jendea ez zela trumilka etorriko eta horri aurre egin geniezaioke-ela.
Jende dexente hurbilduko balitz, garbi dago egungo planteamendu ekonomikoa
bertze modu batera egin beharko genukeela. Finantzatzeko bide berriak
bilatu beharko genituzke, baina momentuz ez dugu horrelakorik aurre-ikusten.
|