
|
Mintzoaren
Lurraldeko hankabikoak
Bidaiaria eguzkiaren lehen argi printzekin
esnatu da. Udazkeneko goiz honetan gosaltzen ari den bitartean, orain
arte bizitakoaren inguruan hasi da hausnartzen: bai, ez dago dudarik.
Euskara apaingarri hutsa zen etxezulotik atera eta Mintzoaren Lurraldea
zeharkatzea erabaki zuenetik beste era batez ikusten du bere burua.
Sentsazio bitxia da, bera eta bere ingurua batzen hasiko balira bezala.
Hartara, ez dago denbora galtzerik: ezagutu gabeko eremua hain zabala
da, ezen gaur ere bizkor abiatu beharra baitago.
Lehengoan, Esamoldeen errekako urak dastatu zituen; azken egunotan,
Euskalkien baso abartsuan bizi diren lagunen hitzez jantzi da eta gaurtik
aurrera Erregistroen mendizerran barna ibiltzea erabaki du. Toki beretik
mila aldiz ibilita ere, alderdi berriak agertzen zaizkio etengabe. Eta
horrenbeste dira oraindik begiztatu ez dituen lekuak! Bidaideak, ipuruak,
klinklonak, sahatstxoriak… Den-dena mintzo da. Sekula ez zuen
pentsatu horrenbeste gauza miresgarri aurkituko zituenik.
Hara! Ogitartekoa eskuetan daramala, hor dator turista xelebre horietako
bat, ohiko itxura nekatuarekin eta beroaz kexu. Gertatzen dena gertatzen
dela, bidaiariak beti begirunez agurtzen ditu turistak.
-Egun on! Hau bai goiz ederra, ezta?
Airera mintzatzea bezala izan da oraingoan, ez baitu erantzunik jaso
(aurikularrak, agian?). Turista, beste ezeri erreparatu gabe, behin
ere ez da seinalatutako ibilbidetik desbideratzen, zer gerta ere. Zuhaitzen
bestaldeko bideak nekagarriagoak izan litezkeelakoan dago.
Dirudienez, turistak berehala bueltatzen dira sortu ziren lekura eta
sutondo-txokoan Hizkuntzaren Lurraldea ezagutu dutela esaten omen dute.
Behar izanez gero harro erakusten dute froga: argazki bilduma, batzuetan
Tengoelega harkaitz sakratuaren tontorretik hartutako irudi lausotua
eta guzti.
Zahatotik zurrut batzuk edan ondoren, bidaiariak aurrera jarraitzen
du, aurkitzen dituen itxura, usain, kolore eta soinu berriekin bat eginez.
Ondarea maitekiro zaintzeko esaten zioten beti eta Mintzoaren Lurraldean
modu berean jokatuko du, bizileku bilakatu zaiolako. Hitzekoa da eta
hitzari eutsiko dio.
|
Hiart
Leitza
|
Egun Iruñeko
Skalariak taldean abestu eta teklatuak jotzen ditu, baina garai batean
Ortzi folk musika taldean aritu zen. Etxarri-Aranazko Andra Mari Ikastolak
1996an antolatutako Nafarroa Oinezeko koordinatzailea izan zen eta orduz
geroztik hainbat aldizkari eta irratitan aritu da. Euskalerria Irratiko
esataria da orain eta hilabete hauetan Skalariak taldearen laugarren
lana, “Radio Ghetto”, han eta hemen aurkezten ari da gainontzeko
taldekideekin batera.
Skalariak taldeak bere laugarren lana karrikaratu
zuen iragan maiatzean “Radio Ghetto” izenburupean. Orain
arte eginiko lan guztien atzean filosofia antzeko zerbait azaldu nahi
izan duzue eta ekimen bereziak bideratu dituzue. Oraingoan, esaterako,
interneten bidez ematen den irratsaio bat prestatu duzue, euskaraz eta
erdaraz, taldearen inguruko informazioa azaltzeko.
Hori da, Radio Ghetto diskoaren esanahia indartzeko asmoz, benetako
irrati bat egitea pentsatu genuen, eta esan eta egin. Internet bidez
emititzen duen musika-irratia da eta 24 orduz dago martxan. www.radioghetto.com
helbidean entzun ahal izanen duzue. Horretaz gain, saio bereziak egiten
ditugu. Saio berezi horien artean hiru ditugu: zuzeneko kontzertuen
emankizuna, egunero 20:00etatik 21:00etara taldekideen saio propioak
eta, azkenik, zuk aipatutako ekimen bereziak ditugu, "Ghetto Directo"
izeneko magazinak, non bai euskaraz bai erdaraz taldeari buruzko informazioa
eta beste hainbat gauza azaltzen ditugun. Esan beharra da orain, udan,
saio bereziak alde batera utzi ditugula, baina urritik aurrera berriro
ere lanari ekinen diogula.
Urtetik urtera euskararen presentzia areagotu duzue zuen diskoetan eta
horrekin batera bertze hizkuntza batzuk ere bai, hala nola katalana,
errusiera, italiarra, e.a.
Herrialde, kultura, ohitura, kolore eta hizkuntzen arteko nahasketa
eta integrazioaren alde dago Skalariak. Jakina, hemengoa, Euskal Herrikoa,
ahaztu gabe, uste dugu ezinbestekoa dela herrialdeen arteko elkartasuna.
Horren adibide izan daiteke agian horrenbeste hizkuntza agertzearen
zergatia. Dena den, atzerrian egindako kontzertuen ondorio ere bada
hori. Euskal Herritik kanpo egin ditugun lagunei eskerrak emateko modu
bat.
Zaila da Euskal Herriko musika multzo bakarrean sartzea estilo
oso ezberdinak jorratzen direlako, baina, zure irudikoz, nolakoa da
Euskal Herriko musika taldeen egoera egun?
Beste tokietan bezala, Euskal Herriko musikarien joera kexaka ibiltzea
da, baina esan beharra da, ene irudikoz, musika maila, diferentziaz,
askoz altuagoa dela Euskal Herrian kanpoan baino. Hori ez da kasualitatez
gertatu, uste dut fenomeno baten ondorio izan dela, 80ko hamarkadan
izan zen euskal rock musikarena hain zuzen. Eta Euskal Herrian betidanik
izan den musika-tradizioa gehitu behar diogu horri. Egia da azken urteetan
akaso zertxobait jaitsi dela, baina Espainiako estatuarekin alderatuz
maila askoz ere altuagoa da, bai ekoizpen agentziei bai musikariei eta
taldeei dagokienez, nola soinu eta argi ekipoetan eta estudioetan zein
teknikari eta abarrei buruz... Dena den, rock musikaz mintzatu naiz
lerro hauetan, gainontzeko estiloek beste analisi bat beharko lukete...
baina orokorrean musikaren egoera ona dela esan genezake. Hori bai,
zertxobait behar dugu musikariok mailak bere horretan jarrai dezan:
publiko gehixeago eta jendea etxetik atera dadin.
Fermin Muguruza kantaria zenbait herrialdetan bertako musika
babesteko izaten diren irratiko kuoten aldekoa agertu izan da. Zer deritzozue?
Ongi iruditzen zait eta horren alde egin behar dugula uste dut. Guk
egin dezakeguna... hori aldarrikatu, baina badakizu... erabakia beste
batzuen esku dago, politikarien esku hain zuzen. Euskadi Gazteari azkenaldian
hori aurpegiratu zaio: kanpoko artisten presentzia handiagoa dela Euskal
Herrikoena baino. Ez dakit, baina... susmoa dut entzuleek ere eskertuko
luketela hemengo musika entzunen balute.
Zuen lan berria hainbat tokitan aurkezten ari zarete. Zer moduz
doakizue? DVD bat prestatzen ari zarete, ezta? Berritasun gehiagorik?
Orain artean primeran doa gauza. Uda guztian alde batetik bestera gabiltza,
batez ere Euskal Herria, Katalunia, Frantzia eta Espainian. Zuk esan
bezala, DVD bat prest izanen dugu irailerako eta urritik aurrera www.radioghetto.com
irratsaioekin jarraitzeko asmoa dugu. Ondoren, azaroan, aurkezpenak
eginen ditugu areto itxietan eta abenduan Suitza eta Alemaniara abiatuko
gara.
|