
|
Bai,
ahal dugu
Nahi dugun etorkizunaren zantzuak
Leku bat munduan.
Eta mundu bat eskolan. Hura aurkitu nahian, letra zopa gero eta
pozoituagoarekin eginen dugu topo. G, A, B… eta berriak: I eta
J, iruzurra eta jukutria, hizkuntza eredu berrien funtsa. You know,
pues. Nafar Spanglish etorkizuneko mordoiloa ote? Beste alfabeto bat
posible da, ordea: eredugarriena, gure herriak Duintasunez idazten jarraituko
duena da.
Larreko belar hostoak. Euskarazko kultur produkzioa Nafarroan: gutxitan
aipatzen den errealitate tinkoa. Euskaldun kopuru txikia izanagatik
ere, mirestekoa da arragoak egun ematen diguna: 20tik gora idazle -horietako
asko kalitate handikoak-, antzerki eta musika taldeak, ikerlariak…
Gehiago ezagutzea merezi duen unibertso propioa.
Harri eta herri. BERRIA berri. Ekinaren ekinez, lehengo harri sendoekin
zerumuga berria ari da eraikitzen herria. Irene, Kristina, Edurne, Alberto,
Asier eta Euskal Herri osoan euskaldunon ahotsa ozenki zabalduko duzuen
BERRIAko gainerako langile guztiei zera esan nahi dizuegu: konpromiso
irmo, zabal eta kritikoan oinarritutako herri babesa ez zaizue inoiz
faltako.
Elkarren beharra dugu eta harresiak jasotzeaz mintzo den gizarte amorfo
honetan euskaldunok xerazko giza katea osatzen ari gara otsaileko gau
hura iraganeko amesgaizto bat bakarrik izan dadin. Euskaldunok BERRIArekin,
BERRIA gurekin.
“Munduan zerbait aldatu nahi bada, kontzientziaren iraultza ere
egin beharko”. Kontzientzia. Barneratu ezik hitz hotza. Baina
azken hilotan izan dugun kemena ez da ezerezetik sortu. Gure buruekiko
leialak izateko nahia hainbat jarreratan islatu da. Ez dugu atzera egin,
ez gaituzte kaletik bota, ez gara ikusezin bihurtu. Irudi luke komunitate
bateko kide izatearen sentimendua biziagoa dela orain dela urte erdi
baino. Badugu zer hausnartu honetaz.
Hala ere, ez dugu geure burua engainatu nahi. Eusteko eta erne egoteko
garaiak dira hauek. Kontuak kontu, ez gara kikildu. Irakaspen ederra:
bai, ahal da. Aurrera egin dezakegu euskalgintzako eragile guztiekin
begirune handiz jokatuz eta funtzio banaketa operatiboa sortuz.
AEBetako emakume langileen mugimenduak eskatzen zuena gauzatzeko gai
garela erakutsi dugu. Ogia eta arrosak: lana eta maitasuna. Horiexek
izanen dira gure biharko jardunaren gakoak.
|
Sanzol
|
Orotara sei denboraldi
daramatza Osasuna Futbol taldean jokatzen. Iaz Lotinarekin jokatzeko
aukera gutxi izan zuen, baina aurten berak defendatu du ia igandero
talde gorritxoaren atea. Aurtengo lanaren erritmo biziak ez dio euskara
behar bezala ikasten utzi, baina betidanik gustukoa izan duen hizkuntza
ongi ikasteko irrikan dago eta heldu den urtean Hizkuntza Eskolako hirugarren
mailan arituko da berriro ere.
Elkarrizketa egin genionean oraindik ere Osasunak lehenengo mailari
eutsiko ote zion ez zegoen garbi.
Jende askok ezagutzen zaitu Osasunako atezaina
izateagatik, baina akaso gutxi batzuek jakinen dute euskara ikasten
ari zarela. Nola sortu zitzaizun euskara ikasteko gogoa?
Betidanik izan ditut gustuko euskara, euskal kultura eta kirola. Gogoratzen
dut nola txikitatik euskaraz hitz egiten entzutea asko gustatzen zitzaidan
eta geroago nire kabuz zerbait ikasten hasi nintzen eta duela hiru urte
hizkuntza eskolan sartu nintzen.
Zein mailatan zabiltza eta nola moldatzen zara?
Hirugarren mailan nabil baina esan behar dut aurten klase askotara faltatu
naizela eta urtea gogorra egin zait. Hurrengo urtean berriz ere hirugarren
maila egingo dut.
Euskaltegitik kanpo euskaraz hitz egiteko aukerarik al duzu?
taldeko bertze jokalarirekin, lagunekin?
Egia esan ez gehiegi, nire neska lagunarekin hitz egiten saiatzen naiz
eta taldean bakarrik Gorka De Carlosekin hitz egiten ahal dut, bera
baita euskaraz dakien bakarra.
Futbolari dagokionez, iazko denboraldian ez zenuen aukera gehiegirik
izan jokatzeko, baina aurtengoan Javier Aguirre entrenatzaile mexikarraren
etorrerarekin titular bilakatu zara. Zer moduz moldatzen ari zara?
Nahiko ondo. Titular moduan jokatzean hainbeste denboran zehar egindako
lanaren fruitua jasotzen duzu nolabait esateko. Era berean partidak
jokatzeak “baloratuagoa” sentiarazten dizu. Espero dezagun
denboraldiaren amaieran taldearen balorapen orokorra eta baita nirea
positiboa izatea.
Talde gorritxoaren egoera neurri batean Nafarroan euskarak duen
egoerarekin parekatzen ahal dela erran daiteke. Zure irudikoz, zer egin
liteke gure hizkuntzaren normalizaziorantz urrats sendoak egiten joateko?
Neurri batean pareka daiteke bai, izan ere denok nahiko genuke bai euskararen
egoera baita Osasunarena ere askoz hobea izatea. Hala ere, nire ustez
hobe da gauzak ez nahastea. Espero dezagun denboraldiaren amaieran taldeak
lehenengo mailari eustea eta euskarak ere normalizaziorantz gauza inportanteak
lortzen joatea. Hemen Nafarroan euskararekiko traba eta oztopo aunitz
aurkitzen jarraituko dugu eta horri erantzuteko modu onena euskara ahal
dugun bakoitzean erabiltzea da.
Eta Osasunarekin zer gertatuko da? zer aldatu beharko luke taldeak
aurrera egin dezan?
Hainbeste diru mugitzen den liga honetan Osasuna da lehenengo mailan
aurrekontu baxuena duen taldea, beraz borrokatzeko beste arma batzuk
erabili behar izaten ditugu. Lehenengo mailan dauden 20 taldeen artean
mantentzea ez da batere erraza, hala ere aurten ere mailari eustea espero
dugu denen onerako.
|