
|
Egunero,
ehunero, ehun euro
Egun, ero moduan bizi omen gara; ziur aski
egia da, beste gauza askotan bezalaxe, neurri batean. Neurria zein den
ez dakigu, baina denok dugu zerbait erotik, ez da hala?
Neurria ez, baina, erotik daukaguna bazter utzi gabe ere, funtsezkoa
zer den eta zer ez den ikasi, errotik ikasi ere, beharrezkoa dugu.
Izan ere, gauza ttikiak ere funtsezko izan litezke; eta urrutira gabe,
egunero-egunero, ohituraz edo, ia berezko bilakatzen zaizkigun gauza
ttikiak ere funtsezko zaizkigu. Egunkaria irakurtzea bezala.
Lehen ez genuen egunkaririk, ehun ero inguru bildu eta hura sortzea
deliberatu zuten arte. Gero, Egunkaria erotu ez baina errotu zen gure
artean, eta funtsezko bihurtu.
Orain, Egunerotik ehun eurora ez da bide luzerik. Pauso llaburra, baina
egin beharrekoa. Eta funtsezko osagai bat ere beharrezkoa da: dirua,
euroak, hain zuzen. Ekainean izanen dugu gure eskuetan egunkari berria;
eskatzen digute sakela astintzea, baina eskaintzen digute, lehen bezala,
egunero oparia jaso ahal izatea. Ez da gutxi; gutxi ez diren bezala
proiektu berriari ekin diotenak.
Egunkaria kendu zigutenean, erreakzio handia izan zen, beharrezkoa genuena
kendu ziguten-eta. Berriro ekin behar, hortaz, erreakzioa akzio bihurtuz,
menturaz. Ekin diezaiogun, bada, akzioak erosteari; bat erosi, ehun
erosi, ehun euro. Horrela ehunduko da berriro ere egun guztiak estaliko
duen gure komunikabidea. Egunkaria egunero behar baitugu, izenaz erotuko
ez bagara behintzat. Astelehenetan ere bai.
|
Alberto
Barandiaran
|
Euskaldunon Egunkaria
itxi zutela hiru hilabete pasatxo igaro dira jada, baina ekintza horretaz
arduratu zen epaileak oraindik ere sekretupean gordetzen du auzia eta
sei hilabeteko itxialdia ezarri du. Orduz geroztik, euskal gizartea
eta bereziki Egunkariako langileak jo eta ke ari dira lanean egunkari
berria martxan jartzeko. Ekaina amaitu aitzin ezagutu ahal izanen dugu
proiektu berri hori, baina, horretarako, itxieraren ondotik agertutako
elkartasun hori guztia modu eraginkorrean bideratu beharko dugu guztion
artean. Alberto Barandiaran Egunkariako Nafarroako ordezkaritzako koordinatzailearekin
hitz egin dugu horretaz guztiaz.
Egunkaria itxi zutela hiru hilabete pasa direnean
oraindik ere Irrintzi dorreko egoitzak egurrezko xaflek gurutzatua jarraitzen
du. Zer-nolako egoeran zaudete une honetan langileak? eta egunkariaren
egoera judiziala?
Langileak, egun, kalean gaude, batzuk langabezi saria kobratzen eta
beste batzuk ezer gabe. Elkartasun kutxa osatu dugu eta, ahal bezala,
aurrera egiten ari gara. Egunkariaren egoera judizialari dagokionez,
ezer gutxi dakigu, epaileak noiz altxatuko duen auzia sekretupean daukalako,
eta hori ez dakigulako. Bitartean, sei hilabeteko behin-behineko itxialdia
agindu du egoitzetarako eta enpresarako eta guk une honetan ezin dugu
ezer egin. Ez baitago akusaziorik oraindik -dena egin da aurretizko
diligentzien barruan-.
Egunkaria itxi ondotik, Euskarazko Komunikazio Taldea sortu
duzue Egunkariako langileek, ekaina amaitu aitzin karrikaratuko duzuen
proiektu berria martxan jartzeko. Nafarroan nola koordinatzen ari zarete
proiektu berriaren prestaketa lanak?
Nafarroako langileak, egun, bi zereginetan ari gara. Egunero egunkaria
egunero kaleratzen, alde batetik, eta akzioak biltzeko kanpaina kudeatzen,
bestetik. Egunkaria itxi zenetik, giza taldeari eutsi diogu, eta hori
da zailena. Hortik abiatuta, eta 13 urteko lana, kontuan hartuta ardura
hartu dugu kalean egunkari berri bat jartzeko. Baina, horretarako dirua
behar da, eta hori biltzen ari gara orain, akzioen bidez.
Itxieraren aurka erakutsitako indarra proiektu berrira bideratzearen
beharraz solasten zen lehengoan Joanmari Larrarte zuen lankidea. Elkartasun
ekimenak han eta hemen egin dira, baina zer egin dezake une honetan
laguntza emateko prest dagoen edozein lagunek?
Orain elkartasun hori bideratzeko modurik onena akziodun izatea da.
Kontuan hartu behar da itxi ziguten egunkariak ia 60 orri kaleratzen
zuela egunero, zortzi gehigarri zuela, tokiz tokiko bi gehigarri, eta
160 langile. 15.000 ale saltzen zituela. Hori guztia orain berriro martxan
jartzeko, azpiegitura osoa abiatu behar dugu berriro, eta horretarako
laguntza dirua da, egun.
Akzio salmenta egiten hasi zarete eta helburua bost milioi euro
lortzea da. Zer egin behar da akziodun izateko eta zer moduz doa kanpaina?
Akzioduna izateko, akzioak erosi behar dira noski. 50 eta 300 eurokoak
daude, eta norbanakoak edo taldeek hartu ditzakete. Horretarako badira
herri guztietan batzordeak, eta Iruñean, zehazki, Karrikirin
-ostegunetan- edo Horrela dendan badira akzioduna izateko orriak. Halaber,
Internetez egin daiteke -www.ektsa.net-, edo telefonoz -943 303555-943303554-635733385-635733386-.
Akzio salmenta, egia esanda, motel doa. Badago ustea elkartasun handia
jaso dela toki guztietatik, eta nolabait egina dagoela, egunkari berria
kalean egongo dela ekainean, baina garbi esan behar da: elkartasun hori
konpromiso bihurtzeko dugun ahalmenaren araberako egunkaria izango dugu
ekainean.
Arestian aipatu bezala, egunkari berria ekaina baino lehen aurkeztuko
da eta hainbat festa eta ekitaldi burutuko da Euskal Herriko hainbat
txokotan. Nafarroan ekainaren 7an eginen da. Zer prestatzen ari zarete?
Ekainaren 7an jai handia egingo da Iruñean, besteak beste Karrikiri
elkartearen laguntzaz. Musika egongo da goizean goizetik, erakusketa
paratuko da Sarasate Pasealekuan, hitzaldia egongo da Martxelo Otamendirekin
eta gero hainbat idazlek minutu bateko manifestuak irakurriko dituzte
Sarasaten bertan, elkartasuna adierazteko. Gero bazkaria izango da Gaztetxean,
eta arratsaldean jaialdia, Karrika gurea da lelopean.
Proiektu berria Egunkariak zituen ezaugarri berberetatik abiatzeko
asmoa duzue, ezta?
Guk garbi genuen hasieratik lehengo langileek egon behar genuela hor,
eta aurreko proiektuari eutsi behar geniola. Esan daiteke, beraz, oinarria
Euskaldunon Egunkaria izango dela.
Itxieraren ondotik, harpidetza kopurua dezente igo da. Lagun
horien etorkizuneko konpromisoa egunkari berriarekin lotzea garrantzitsua
izanen da proiektu sendoa bilakatu dadin.
Ezinbestekoa. Hamahiru urtetan lortu genuen sendotasuna egun bakar batean
kendu baziguten ere, helburua da hasieratik oinarri finkoekin abiatzea
berriro, duela hamahiru urteko hasiera zaila hura ez errepikatzeko .
Beraz, harpidetzak eta salmenten igoerak, horiek lagunduko dute, bistan
da, egunkari indartsu bat lehen unetik abiatzen.
|