
|
Helduak
eta anxanetak
Ama, komunera joan behar dut
Itxoin, intenta aguantar, Haizea.
Falta da asko?
Lasai, que ya estamos.
Ba… no sé si voy a llegar, ama.
Ama-alaben
solasaldi arrunta kotxean. Ez dakigu Haizea “helduko” den.
Beharrak ezintasunarekin talka egiten duenean ez dira gauza samurrak
gertatzen. Ahaleginak eginagatik ere, helduen gabeziengatik haurrek
amore eman behar izaten dute.
Gabezia horiek irudikatzen dituen adibide bat: Kataluniako giza gazteluak
edo castells ezagutzen badituzue konturatuko zineten goian haur bat
jarri ohi dela, anxaneta delakoa. Helduek dorreari eusten dioten bitartean,
haurra haien gainetik igo eta goian dagoenean dorrea osatutzat jotzen
da. Helduen lana baldarki egiten denean, ordea, dorrea behera doa eta
haurra ez da gailurreraino iristen. Halakoetan castell-ak porrot egin
duela esaten da.
Euskaldunon gaztelua ere guztion arteko lana da. Haurrekin egindako
lana ezinbestekoa da baina ez gaude etxafuegoak botatzeko moduan. Suziriak
ez du zerua zeharkatzen metxa behin eta berriz piztu arren soka apurtuta
badago. Eta zer egiten du gutako bakoitzak haustura hori lotzeko?
Zure burua euskaldun jatortzat jotzen baduzu ez pentsa egitekorik ez
duzunik. Erdaldunekin edota euskaraz gutxi dakitenekin harremanetan
zauden arren, zer dakite zure euskaltasunaz? Zure lagun, senide edota
lankideak ba al daki zer ongi pasatzen duzun eta zer ezagutzen duzun
euskarari esker?
Akaso euskara ez ikasteko arrazoi guztiak ez ezagutzeak kezkatzen zaitu,
baina ba al dakite zure ondoan daudenek euskaraz bizitzeko erabakia
nondik datorkizun? Guk gure hautua egin izanak ez du esan nahi besteak
kontrako erabakia hartua duenik; lehentasun kontua agian, baina galdetu
al diogu inoiz?
Ez dezagun uste besteei ez zaizkiela gure kezkak interesatzen. Ezagutzen
zaituen horrek euskara zenbait erdal komunikabidetan agertzen denarekin
lotu ordez zurekin lotuko balu ez al duzu uste pixkanaka aurreiritziak
desagertuko litzaizkiokeela? Ez al gara konturatzen guk eta ez beste
inork sor dezakegun giro eta eragin horretatik jaio daitekeela biharko
euskaldunen motibazioa?
Erdaldunekin ditugun solasaldietan betiko mito faltsuak desagerrarazten
ahal ditugu: euskara ez dela gainerako hizkuntzak baino zailagoa, adin
batetik aurrera hizkuntzak ere ikas daitezkeela, euskara = aukera esateak
lelo bat baino gehiago dela…
Arrazoia dugula pentsatze hutsak erdaldunak euskaltegietara hurbilaraziko
dituela uste badugu oker gabiltza. Gure ordezkariak hautatzeko garaian
gogora dezagun euskalgintzan aurrea hartu dugunok herritarrok, ordezkatuok
garela. Etxean eta kalean, lanean eta edonon: euskaraz egin eta eragin,
umeak zein helduak nahi dugun gizarte euskaldunera hel gaitezen. |
Ainara Orkin
|
Duela 4 urte Nafarroako Unibertsitatean euskarak jasaten
zuen egoera ikusita, Euskal Adarra ikasle taldea sortu zen. Sorreratik
unibertsitate publikoaren barrenean euskaraz ikasi ahal izateko dauden
aukera urriak ugaldu daitezen lanean aritu dira jo eta ke. Berriki,
gainera UPN eta PSN alderdiek bultzatuta euskararen presentzia are gehiago
murriztu nahi zuen lege proiektuari aurre egin behar izan diote unibertsitateko
bertze talde batzuekin elkarlanean eta azkenean aipatu lege proiektua
atzera botatzea lortu dute. Honetaz guztiaz aritu zaigu Euskal Adarreko
partaidea dugun Ainara Orkin NUPeko ikaslea.
Euskal Adarra taldeko kidea zara. Noiz eta zer xederekin sortu zen?
Euskal Adarra duela 4 urte inguru sortu zen NUPn. Gure helburua, unibertsitatean
euskaraz bizi eta ikastea zen. Hasiera batean, karreraka elkartzen ginen,
baina gaur egun asanblada bakar batean elkartzen gara karrera ezberdinetako
ikasleak.
Nolakoa da ikasle euskaldunen egoera NUPen barrenean?
Gaur egun euskararen Normalkuntza Planaren ordez, behin behineko neurri
batzuk daude. Neurri hauen arabera, euskarazko ikasgairen bat aurrera
ateratzeko, 18 ikasleko taldeak exijitzen dituzte; gainera karrera bakoitzeko
kreditu kopuru maximo bat eman daiteke. Momentu honetan, 18 karreratik,
magisteritzako 2 adar besterik ez daude euskaraz. Honetaz gain, derrigorrezko
ikasgairen bat eta hauta askeko 5 ikasgai inguru besterik ez daiteke
jaso euskaraz.
UPN eta PSN berriki lege proiektu bat aurrera eramaten saiatu
dira. Zertan zetzan?
Lege horrek euskararen desagerpena ekarriko zuen. Legearen arabera,
ezingo zen euskarazko ikasgairik eman (derrigorrezko eta enborrezkoak).
Eta majisteritzaren kasuan, parlamentua edota gobernuaren eskuetan geldituko
zen.
Alderdi politikoak unibertsitatearen funtzionamenduan sartzen
baldin badira, non gelditzen da unibertsitatearen autonomia?
Horixe da lortu nahi izan dutena. Haiek unibertsitate barrutik egin
ez zutena parlamentuak egin zezala, horrela ez ziren errudun geldituko.
Errektoreak pilota pasa zien UPN eta PSNri.
Azkenean lege proiektua bertan behera gelditu da. Zer gertatu da eta
zer egoeratan geldituko da orain euskara unibertsitatearen barrenean?
Berriro ere hasierako egoera berean aurkitzen gara NUPeko euskaldunak.
NUPeko estatutuek, euskaraz ikasteko eskubidea onartzen dute, eta berez
ez dago legedirik hau ukatzen digunik, baina arazo nagusia unibertsitatearen
borondaterik eza da. Argi erakutsi digute urte hauetan zehar, euskararen
kontrako jarrerarekin. Ez dituzte kontratazio elebidunak egiten (irakasle
ez diren langileen kasuan), ikasle kopuru minimoak ezartzen dituzte
ikasgai bat eman dadin (18 pertsonakoa), kreditu kopuru maximoa dago
karrera bakoitzeko...
Zer balorazio egiten duzue Euskal Adarra ikasle taldetik?
Esan beharra dago positiboa dela, noski, parlamentuan onartu nahi zuten
legea onartu ez izana, lege honek euskara unibertsitatetik desargertzea
baitzuen helburu. Denok dakigun bezala, UPNk eta PSNk euskara NUPetik
ezabatu nahi dute, beraz, horretarako aurkeztu zituzten bi lege proiektu
horiek. Baina azkenean, UPN bakarrik gelditu da eta ezin izan du legea
atera. Gure ustez, hauteskundeak gertu daudela eta, hori izan da PSN
atzera botatzearen arrazoi nagusia, ikusi baitu, nafar gizartearen gehiengoa
euskararen aldekoa dela.
Lege proektua aurrera eraman ez bada ere lan handia gelditzen
da oraindik ere unibertsitate barrenean. Zer asmo duzue aurrera begira?
Hemendik aurrera berdin jarraituko dugu; unibertsitatean euskaraz ikasteko
eskubidea aldarrikatzen, benetan gure eskubidea dela sinisten baitugu.
Eta unibertsitateak laguntzen ez badigu, guk gure kabuz lortzen saiatu
behar dugu, eta NUPeko ikaslego euskaldunari erakutsi behar diogu beste
alternatiba bat posible dela.
|