
|
Euskarak
ez du preziorik!
Merkataritzan maitasun kontuekin gertatzen den gauza bera gertatzen
da; bik (edo gehiagok) ez dute ezer egiten batek nahi ez badu. Eta bestela
komeriak hasten dira. Halakoxea da saltzaile eta bezeroaren arteko euskarazko
harremana: erantzukizuna biona da. Zerbitzariaren asmo onak deus gutxi
balioko du bezeroak errazena egiteko joera badu. Eta herritar prestuak
ez du gauza handirik eginen merkatari axolagabe baten aurrean.
Hori horrela dela jakinda, gogora dezagun denok garela bezero eta merkataritza
harremanak euskaraz bideratzeko ahalmen handia dugula. Iruñerria
horren adibide bat da: Karrikirik egindako denda euskaldunen zerrendak
erakusten duenez, euskaraz eskaintzen diren zerbitzuak gero eta gehiago
dira. Hori hala da euskaldun askok euskaraz bizitzeko erabakia hartu
eta egunero eta edonon gauzatu nahi dugulako. Aldi berean, hainbat merkatari
konturatu da euskara errentagarria izan daitekeela eta balio positiboa
eransten diola bere zerbitzuari; ondorioz, hizkuntzaren erabilera bermatzen
saiatzen da.
Ematen du gainera hiztunok errazago eusten diogula gure hizkuntza leialtasunari
arlo honetan administrazioarekiko harremanetan baino. Honek bere logika
ere badu, zeren azken finean inork ezin digu agindu babarrunak non erosi
behar ditugun.
Honelako esparru txikietan bideratu ahal ditugu euskaraz bizitzeko ditugun
nahiak. Eta hasten baldin bagara zenbatzen esparru txiki hauek, ohartuko
gara bat gehi bat, gehi bat, gehi bat... asko dela.
Goizean goiz jeikitzen garenetik oheratzen garen arte, zertan inbertitzen
dugu gure denbora? Gustuen arabera jakina; baina eredu moduan honako
hau:
Esnatu eta berehala gure begiko kuttunari egun on esan ondoren irratia
pizten dugu (euskaraz), euskaraz irakurtzen dugu Egunero egunero, ala
egunkaria Egunero ala Egunero egunkaria ala egunkariero eguna?
Eguerdian, ondoko taberna euskaldunean pintxo bat jaten dugu; bazkaldu
baino lehen D ereduan dagoen umearen bila joaten gara; telebistan berriak
euskaraz entzun ondoren harrikoa egin eta euskaraz kaleratu den azken
liburuaren bila abiatzen gara… Hau guztia gehi beste era askotako
gauza txikien artean betetzen dugu gure eguneroko bizitza.
Gauza txiki horietan erabakia hartzeko ahalmena dugu, erabaki dezagun
ba koherenteena.
Eta bukatzeko, maitasun kontuetara bueltatuko gara; akaso gure agintariek
esan behar digute norekin egin behar dugun amodioa? |
Asier Biurrun
|
Apirilaren 4an arratsaldeko
18:30ean abiatuko da “AEKrekin herri bat geroa lantzen”
leloarekin Euskal Herria iparretik hegora zeharkatuko duen Korrikaren
13. edizioa; Mauletik irten eta Foru lurraldeko hiriburuan akituko dena.
Iruñeko Udalak lasterketaren amaierako ekitaldiak hiriko alde
zaharrean egitea debekatu duen arren, inoiz baino adore handiagoz lanean
ari dira Nafarroako AEKko arduradunak prestaketa lan horiek bideratzen.
Nafarroan Korrikaren arduraduna den Asier Biurrunekin aritu gara solasean.
Aurten bere 13. edizioa beteko duen euskararen aldeko lasterketa
honen xedeak zeintzuk dira? aldaketarik izan al da urte hauetan guztietan?
Xedeak hasierakoak dira: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta
gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea.
Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugunok ezinbertzenazkoa dugu AEK
bezalako erakunde bat, eta jakina da hau ez dela garairik samurrena
guretzat. Duela bi urte izandako erasoek itolarri ekonomiko nabarmena
eragin zioten AEKri, eta ataka gaizto honetatik ateratzeko nahitaez
behar ditugu herritarren laguntza eta babesa. AEKrekin herri bat geroa
lantzen da leloa, hain zuzen ere Euskal Herriak AEK behar duelako euskalduntze
prozesuan aitzin egiteko eta, era berean, AEK-k euskal herritarren laguntza
nahitaezkoa duelako bizi duen kinka larritik ateratzeko.
Horren ekimen erraldoia izanik prestaketa lanak ere handiak
izanen dira. Nola antolatzen zarete?
Hala da, ekimen erraldoia da. Horrelako gauza bat antolatzeko Korrikak
Euskal Herri mailan arduradunak ditu. Hauekin batera herrialde bakoitzeko
arduradun bat du eta herrialdeetan eskualde desberdinetako arduradunak.
Antolakuntza hau da. Dena den, egiten den lan handiena eta garrantzitsuena
auzo eta herrietakoa da. Euskal Herriko herri guztietan Korrika Batzordeak
sortu ditugu. Batzorde hauek egiten dituzten zabalpen lan eta ekitaldiekin
Korrika gorpuzten da. Honetaz gain kilometroen salmenta Batzorde hauetan
egiten da.
Berriki jakin da Iruñeko udalak ez duela baimenik emanen
Iruñean egitekoak ziren Korrikaren amaierako ekitaldiak toki
publikoetan egiteko. Zer eginen duzue?
Dagoeneko jende guztiak honen berri izanen du. Agian, jendea, ez da
ongi jabetu baina udalak ukatu duena jaia egiteko eskaera da. Korrika
bukaera alde zaharrean izanen zela jakinarazi genion udalari eta horren
kontrako erantzunik ez dugu jaso. Jaia egiteko, ordea, Plan Surrera
joateko aholkatu ziguten. Udalaren erabaki hau azken urte hauetan euskararekiko
eta herri mugimenduekiko duen politikaren isla baino ez da. Udalak ez
du nahi euskara bizirik dagoela Iruñean soma dadin eta horra
hor bere erabakia. Gainera, ez digu arrazoi sakonik eman, aitzakia merke
batzuekin atondu du erantzuna. Guk oso argi dugu jaia Alde Zaharrean
eginen dugula.
Erran bezala aurtengo Korrika Nafarroako hiriburuan akituko
da. Festa erraldoi bat egiteko asmoa duzue. Zerbait aurreratzen ahal
duzue?
Arestian aipatu bezala Alde Zaharrean eginen dugu jaitxo eder bat. Dagoeneko
festa horretan egonen dena finkaturik dugu. Kontua da oraindik lekuak
ez ditugula oso argi. Egun horretan ondorengoa ikusteko aukera izanen
du jendeak: Buitraker, Zirika Zirkus, Berri Txarrak (denboraldiari agur
errateko), bertsolariak, Skunk, erraldoiak, Sen, haurren txokoa, Trikizio,
Artisauen erakusketa, bertso herri bazkaria, Sebastopoleko Titiriteroak,
Dantzariak, txarangak, Gatibu, Peñak, fanfarreak, perkusioa,
tonbola, taloak, karrika animazioa...
Lasterketaz gain, hainbat kultur ekitaldi egiten dituzue aurreko
hilabeteotan. Zer moduz joan dira aurtengoak?
Orain arte antolatutako ekitaldi guztiak oso arrakastatsuak izan dira.
Oraindik ere ekitaldi batzuk falta dira egiteko eta orain artekoak bezain
arrakastatsuak izatea espero dugu.
|