
|
Gurea
da!
Itxiera ez omen zen nahikoa. Ankerkeriaz eta atxilotuak umiliatuz ere
jokatu behar zuten. Baina orain ekin diezaiogun aurrean dugun lanari,
ahozko elkartasuna laguntza praktikoa bihurtzeko tenorea heldu baita.
Otsailaren 22ko giza uholdea maitasun adierazpide erraldoia izan zen;
berehalako erantzun hark euskalgintza osoarentzat eta gizartearen zati
zabal batentzat EGUNKARIA herri honen ikur maitagarrienetako bat dela
baieztatu zigun. Hura erasotzean, gu eraso gaituzte. Euskaltzaleon bihotza
gelditzen saiatu orduko milaka eta milaka lagunen bihotz taupadekin
EGUNKARIAren proiektua bizirik mantentzen hasi ginen.
EGUNKARIAz harro gaude. Ez dago laburbiltzerik kalitate handiko hedabide
honek eskaini digun guztia. Euskal komunitatea egituratzen laguntzeaz
gain harroki aitortu nahi dugu Karrikirin harreman estua dugula gure
ahotsa ere izan den komunikabide honekin.
Horregatik gure txanda heldu da. EGUNKARIAko lagunek gure laguntza behar
dute denona den proiektua bizkortzeko. Dei egiten diegu euskalgintzako
erakunde, elkarte eta pertsona guztiei langileen beharrei erreparatu
eta beharrezkoak dituzten babesa eta azpiegitura eskaini ditzaten: baliabide
ekonomiko eta teknikoak, egoitzak, laguntza taldeen eraketa... Ohar
gaitezen elkarlanaren beharraz eta eutsi diezaiogun gureari behin ere
erlajatu gabe, egun bateko erakustaldia eguneroko konpromisoa bilakatu
dadin: egin gaitezen denok harpidedun edo erosle, har dezagun parte
langileek deitutako ekimenetan, eraman dezagun haien ahotsa leku guztietara.
Gertatu denak erakutsi du gure komunitatea egoera larriei aurre egiteko
gai dela eta ezinezkoa zirudiena oso denbora gutxian gauzatzen ahal
dugula: itzalek ez dute irabazi eta ez gara euskarazko egunkaririk gabe
geratu. Laster, denon bultzadaz, EGUNKARIAko lagunek gero eta zerbitzu
hobea eskaintzen jarraitu ahal izanen dute.
EGUNKARIA ezagutzen ez zuen baten bat harritu egin da erasoak sortu
duen elkartasun bizia ikusita. Bere langile eta lagun guztiak gogoan,
Eduardo Galeanoren olerki bat aipatu nahi dugu hemen. Mundua jende multzo
handi bat dela dio, su txikiz osatutako itsaso bat. Eta honela jarraitzen
du:
Zenbait suk, su motelek, ez dute argiztatzen
ez eta erretzen ere; baina beste batzuek
bizitza hain gogotsu izekitzen dute
ezen ezin baitzaie begiratu begiak kliskatu gabe
eta hurbiltzen dena piztu egiten da. |
Egunkariako
Nafarroako
delegazioko langileak
|
Kostata, baina jende
anitzen lanari esker sortu zen duela 12 urte Euskaldunon Egunkaria;
euskara hutsez argitaratua. Ibilbide labur, baina mamitsu honetan proiektu
berritzaile honetan parte hartutako kolaboratzaileen zerrenda oparoa
izan da eta euskal kultura eta oro har gizarteari eginiko ekarpena ere
itzela izan da. Pasa den otsailaren 21ean, ordea, Espainiako Auzitegi
Nazionaleko epailea den Juan del Olmoren aginduz Egunkaria itxi eta
sorreran lanean aritutako 11 kolaboratzaile kartzelaratu zituzten. Horrekin
guztiarekin batera, Egunkarian lan egiten duten 150 langileak ere karrikan
gelditu dira, lanik gabe. Nafarroako delegazioko langileekin solasean
aritu gara haien egoera gertutik ezagutu eta laguntza nola ematen ahal
zaien jakin ahal izateko.
Noiz eta nola ohartu zineten Iruñeko egoitzan sartu zirela?
Alberto Delegazio buruaren etxera goizaldeko 3.30etan joan zen Guardia
Zibila. Ohetik atera eta bulegora eraman zuten lekuko gisa. Ordenagailuak,
artxiboak eta iruditzen zitzaien guztia hartu eta delegazioa prezintatu
egin zuten. Dena dela, argi eta garbi esan behar dugu Juan del Olmo
Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Aretoko epailearen autoak
sartze eta miatze agindua zekarrela soilik. Epaitegiko idazkari judizialari
esan zion Albertok zigilatzeko agindurik ez zutela, baina guardia zibilek
bulegoa itxi egin behar zutela esan zuten eta gaur arte. Ederki itxi
dute gainera, oholak taladroarekin erantsi dizkiote ateari eta hor ez
dago sartzerik. Barruan gelditu da hamahiru urteko lana, erraz esaten
da.
Nolako egoeran zaudete une honetan Egunkariako langileak?
Esku hutsik utzi gaituzte, gure lanabesak lapurtu eta eraman egin dizkigute,
baina aurrera jarraitzeko lanean hasi gara. Egoera argitu arte ere ez
dakigu nola jasoko dugun langabezia edo dena delako soldata. Izan ere
Euskal Autonomi Erkidegoak (EAE) Lan eskumenak bereganatuak ditu baina
Nafarroak ez, eta tramite horiek Madrilek egin behar ditu. Dena dela,
epaileak igandera arte, martxoak 2, du erabakitzeko Egunkaria behin
betiko ixten duen, edo administratzaile judiziala ezartzen diguten gure
jarduna kontrolatzeko.
Zer egiten ari zarete?
Batzuek Egunero kaleratzeko ardura hartu dute. Egunkaria itxi zigutenean
argi genuen hurrengo egunean beste bat behar zuela kalean, eta horretan
ari da talde bat. Gertatutakoari erantzuteko batzorde ezberdinak eratu
dira eta besteok horretan gabiltza lanean. Erredakzioko batzordeaz gain
beste bost daude: Herrietakoa, nazioarteko harremanetarako, erakundeekin
harremanetarako, elkartasunerako eta langileen jarraipena egiteko.
Herrietakoa beste egunkari bat bideratzeko herriz herri taldeak eratzeko
lanean dabil. Nazioarteko harremanetaz arduratzen dena egin diguten
bidegabekeria nazioartean salatzeko eratu da, elkartasun batzordea atxikimenduak
bideratzeko dago, langileen jarraipena egiteko bestea eta erakundeekin
harremanak egiteko azkena.
Jasotako elkartasun mezuak amaigabeak dira.
Bai elkarte, alderdi, sindikatu, norbanako, erakunde eta kazetari hainbaten
elkartasuna jaso dugu. Zerrenda amaigabea da eta Eguneron adierazgarrienak
argitaratzen saiatzen ari gara egunero. Besteak beste, jazotakoa salatu
dute Amnistia Internazionalek, ehun herrialde baino gehiagoko 500.000
kazetari baino gehiago ordezkatzen dituen Kazetarien Nazioarteko Federazioak,
eta Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoak (EBLUL). Modu batean edo bestean
elkartasuna erakutsi digutenei eskerrak eman nahi genizkieke.
Jende anitz amorru eta samin sentimentuek hartuta dago, baina inoiz
baino gehiago aurrera egiteko kemen eta gogoarekin.
Zein da une honetan zuei lagundu eta Egunkaria edo euskaraz
argitaratuko den bertze egunkari bat laguntzeko modurik eraginkorrena?
Orain guri laguntzeko modurik hoberena harpidedun egitea da edo Egunero
egunero kioskoan erostea da. Larunbatean Donostian Egunkariaren alde
kalera atera zen jende uholdeari proiektua aurrera ateratzeko konpromisoa
eskatzen diogu, baita erakundeei ere. Gure alde konpromiso zehatzak
hartzea nahi dugu. Euskaraz ari den egunkari indartsu bat argitaratu
behar dugu. Harpidedun egiteko 943-303555/943-303554 telefonoetara deitu
behar da. Hori da orain dugun premia. Harpidetzak bikoiztu egin ditugu
eta egunotan salmentak ere franko igo dira. Hori mantendu eta igo egin
nahi genuke. Dirua eman nahi duenak ere badu kontu korronte bat: 3035
0092 56 0920055559.
|