
|
Elkar
bilatu dezagun
Gizartea gizakia bezain aldakorra da. Ohiturek itxura berriak hartzen
dituzte, harremanak eraldatzen dira... Gizartearen bilakaerak eragin
zuzena du harremanetan eta komunikazioan. Zalantzarik gabe, baldintza
sozialen ulermena gero eta beharrezkoagoa zaigu euskalgintzan aurrera
egin nahi badugu.
Kontua da gizarte honek askotan labirinto baten itxura hartzen duela;
euskal komunitatea han barruan finkatu nahian gabiltza baina zaila da
norabide egokiekin asmatzea. Bide beraren inguruan bueltaka ibil gaitezke
eta ez dago lagunduko gaituen gidari orojakilerik.
Baina zerbait ikasten ari gara: galtzeko arriskua ekiditeko ibiltari
euskaldunok elkarren berri izan behar dugu. Hori posible izan dadin,
Karrikirikook seinale lagungarriak paratu izan ditugu bidean: zerbitzu
desberdinak, euskara kalera ateratzeko ekimenak, Karridenda, eta etorriko
direnak. Noraezean daudenak bilatzeari ekin diogu eta lagunak hurbildu
ahala gune propio eta zabalak lortzen ari gara.
Izan ere, euskaldunon arteko loturak eta non dauden dakiten lagunak
badaude gizartearen bide multzo korapilatsuak labirinto izateari utziko
dio. Izateko nahiak bultzatuta, irabazitako espazioak zabaltzen jardun
behar dugu, gero eta erosoago mugitu gaitezen.
Beharbada euskaldunez inguratua bizi zara. Baina agian ez. Hala bada,
zauden tokitik bilaketa bat hastea proposatu nahi dizugu. Zugandik hurbil
herri zabal bat eraikitzen ari gara eta zurekin egin nahi dugu. Ez dago
txoko batean: ohartzen bazara, euskararen herriko kaleek labirinto osoa,
gizarte osoa zeharkatzen dute. Ireki begiak, berreskuratu jakinmina,
seinaleei erreparatu eta ausartu zaitez horietan sartzen. Eta heldu
iparrorratzari: aktibatu zure euskaltasuna. Egiezu euskaraz lagun, ezagun,
auzoko eta lankide euskaldunei. Euskarazko agendak oparoak dira: erabili
aukera horiek. Euskara talde antolatuak daude: zergatik ez haiekin harremanetan
jarri?
Elkar bilatzearen abenturan denok gara protagonista eta erantzule. Euskalduna
zara: labirintoko anabasak ez zaitzala bereganatu, ez dezala zure izaera
zurgatu. Zure ahaleginak emaitza izanen du. |
Olatz
Zugasti
|
Duela 12 urte bere
bakarkako lehen diska karrikaratu zuen “Kantu baten bila nabil”
izenburuarekin. Horren ondotik, sehaska kantuz osatutako bertze lan
bat, Bulun Bulunka (1999), eta berriki Durangoko azokan aurkeztutako
“Elearen lainoa” diska atera ditu. Benito Lertxundi musikariarekin
elkarlanean ari da aspaldiko partez eta, hori guztia gutxi balitz, munduko
musika tradizionalei buruzko “Kantaita” irratsaioa gidatzen
du egunero Euskadi Irratian. Olatz Zugasti kantariaz ari gara, jakina.
Urte dexente daramazkizu musika munduan, horietako nahikotxo
Benito Lertxundirekin batera elkarlanean, baina betidanik heldu diozu
bakarkako lanak egiteari. Berriki "Elearen lainoa" zure hirugarren
lana karrikaratu duzu. Zer aurkitzen ahal dugu diska berri honetan?
Neronek konposatutako kanta sorta berria, baita arpan sortu ditudan
hiru doinu instrumental ere. Kantuen hitzen egileak ITXARO BORDA, HENRIETTE
AIRE eta JUANJO SAN SEBASTIAN dira, baita neronek idatzitako hitz batzuk
ere aurkitzen ahal dira ZENBAT GAU izeneko kantuan. Diskoa 2002ko otsaila
eta apirila artean grabatu zuen Mikel Fernández teknikariak eta
moldaketa nahiz produkzio lanetan Mikel Fernandez, Angel Unzu eta neronen
laguntza izan zuen.
Henriette Aire eta Itxaro Bordaren olerkiak musikatu dituzu
azken lan honetan. Hainbat emakume euskal kulturgintzari egiten ari
diren ekarpena nola ikusten duzu zuk?
Beharrezkoa, eta beti egon dena bestalde, bakarrik isilpean edo diskretoki
egin dela lan hori. Edozein herrialdetako musikarentzat esate baterako
emakumearen ekarpena oinarria izan da, gertatzen dena, beste alor guztietan
bezala, ez dela errekonozitzeko joerarik, nun eta etzaren aparteko disdira
eta kalitatea duen artista emakumezko bat. Eta garbi geldi bedi, aipatu
ditugun bi olerkari hauek ez ditudala aukeratu emakumeak direlako, beren
kalitate eta sensibilitate, eta idazkera ederragatik baizik.
Zein da zure irudikoz euskal kantagintzaren gaur egungo egoera.
Euskal kantagintzak duen eskaintza aparta da..., estilo guztiak ez dakit
baina asko dira jorratzen direnak, eta gauzak oso ongi egiten dira.
Musikariak gero baino gero hobeak ditugu. Gero beste gauza da bakoitzak
entzulegoarengan duen oihartzuna zenbaterainokoa den. Hor faktore asko
daude jokoan, eta ahaztu ezin duguna zera da, herri menperatu bat garela,
eta euskaraz egiten denak, edo euskal musikak ez dutela bonbardeatuta
datozkigun beste horien abantaila.
Musikari lanetan aritzeaz gain, duela zenbait urtetatik hona munduko
musika tradizionalei buruzko saio zoragarria egiten duzu egunero Euskadi
Irratian. Azken boladan zirrikitu guztietatik helarazi nahi zaigun "molde
bereko" musikaren aurrean bertze aukera aunitz badagoela erakusten
duzu.
Batez ere beste herrietako musikak helarazten saiatzen naiz. Guretzako
arrotzak diren kulturetako kantuek ere leku izatea nahi dut KANTAITA
saioan.
Lehengoan euskal abeslari bati eginiko elkarrizketa batean,
musikaren bidez bertze modu batera eraiki ezin diren zubiak luzatu daitezkeela
irakurri ahal izan nuen. Zer deritzozu?
Musikak badu aparteko gaitasun hori. Hitzak ulertu gabe ere musikak
berezko hizkuntza du, unibertsala, esaten dugun bezala. Alde horretatik
ere pentsatzen dut zure hizkuntza hitz egiten ez duen baten sentsibilitatean
urradurak egin ditzazkeela musikak, eta inoiz orbainduko ez den zauri
bat bezala geldituko dela gainera, betirako... Bainan bueno, ez dut
ahazten lehen esan dudana ere..., musika horiek ongi iristeko, behar
dituzte gutxienez indartsuenen aukera berdinak izan, eta hori denok
dakigu ez dela horrela. Ez dira hitz negatiboak, errealistak baizik.
|