
|
Arrosaren
gainean hegan
Ekialde urruneko herrixka batean gertatua da. Tenplu txiki eta ikusgarri
bateko zirrikituetatik uso bat sartu zen. Barruan, horma guztiak ispiluz
josita zeuden eta haietan tenpluaren erdian zegoen arrosa eder baten
irudia islatzen zen.
Usoak lorearen gainean pausatzeko deliberoa hartu eta irudi horiek arrosatzat
joz hasi zen behin eta berriz haien aurka jotzen. Baina, arrosa bereganatu
beharrean, hormen kontrako kolpeak bakarrik jasotzen zituen.
Halako batean gure usoa, zeharo abailduta, behera erori zen. Non eta
benetako arrosaren gainean erori ere.
Gizakien artean, bestalde, ez da jokamolde arrotza. Ameskeriei segika,
irudia errealitatetzat hartzen dugu maiz eta gure benetako nortasunaren
gainean gabiltza, nora ezean.
Euskaltzaleon etxean ere ez dugu hormen aurka jo beharrik arrosa aurkitzeko.
Agerian dago aldean behin ispiluek proiekzio ikusgarriak islatzen dituztela,
gure bizi-indarren adierazle direnak: ospakizun jendetsuak egiten ditugu,
ezagutzan aurrerapausoak egiten dira, euskarazko produktuen eskaintza
inoiz baino oparoagoa da, euskararen aldeko jarrera positiboa nagusi
omen da gizartean... Euskaltzaletasuna irudi itxurosoak sortzeko gai
da, baina ez gaitezen itsu; ez dezagun ahatz itxura ez dela azken helburua
eta erakusleiho txukunaren atzetik zaindu beharreko lore bat dugula:
erabilera bizia gure ibileran.
Liburu asko argitaratzea aberasgarria da betiere azoketako, dendetako
edota etxeko apalategietan hautsa biltzen uzten ez baditugu. Aldeko
jarrerak ez du bidean trabarik jartzen, baina, nola uler daiteke norbaiten
edo zerbaiten alde egotea ongi ezagutu, maitatu eta harekin egon nahi
izan gabe? Ezagutzaren datua, garrantzitsua izan arren, ez da balio
handikoa erabilera ohiko parametroetan mantentzen bada. Bati baino gehiagori
urtean zeharreko hainbat ekitalditara joate hutsarekin euskaltzale zintzoaren
kuota betetzen duela iruditzen bazaio, hausnartu dezala indar erakustaldien
eta ospakizunen erritualetik kanpoko bizitzaz: euskaraz egiteko aukerak
bilatzen al ditut? Euskaraz bizi nahi al dut?
Errealitatea, arrosaren moduan, era askotara isla daiteke. Baina gogora
dezagun normalizazioaren bidean egiten ditugun urratsak euskaraz bizi
nahi dugulako egiten ditugula. Hori da gure helburua eta irudi horiek
guztiak proiektatzen dituen arrosa: euskaraz bizi nahi izatea. Euskara
guretzat ez da onarpen soziala behar duen ikur afektibo soila, bizitzeko
egunero aukeratzen dugun bidea baizik. Sinboloen presentzia alda daiteke
garaien eta agintean daudenen arabera, baina gu ez gara sinbolo soil
bat defendatzen ari, ez dugu ispiluen jabe izan nahi. Guk arrosa nahi
dugu. |
Unai
Elorriaga
|
“Alessandro
Bariccok Mozarten kontzertu bat ikusten dugunean marka bat erosten dugula
esaten du. Kasu honetan, niri tokatu zait marka izatea”
Abenduaren 13an, ‘Liburuak irakurriz dibertitzen gara’ ekimenaren
barruan, Unai Elorriaga gure artean izan zen. Zaldiko Maldikon emandako
hitzaldian, 1973an jaiotako idazle algortarra topikoetatik haratago
joan zen eta, berriki jasotako Narratiba sariaz gain, literaturaz, bizitzaz
eta sentimenduez mintzatu zitzaigun.
Unai Elorriaga Filologian lizentziatua da eta Labayru Ikastegian itzultzaile
ari da. Kolaborazioak egiten ditu zenbait hedabidetan, hala nola Idatz
& Mintz aldizkarian eta Euskaldunon Egunkarian. Bigarren nobela
egina dauka jada eta heldu den martxoan liburu dendetan izango dugu:
"Vant Hoffen ilea”.
Pentsatzekoa da halako saria jasotzeak zure bizitza nolabait
aldatuko zizula; hemendik aurrerako jardun literarioa eta idazteko moldea
ere baldintzatuko dizkizula uste duzu?
Ez dut uste. Nik lehendik ere badakit zer bide hartu eta nondik noan;
ez dakit bide ona edo txarra den, baina bide horri eutsiko diot. Beharbada,
bigarren liburua atera eta hirugarrena eta abar... inoiz horretatik
bizi baldin banaiz eta nire bizibidea publikatzea eta saltzea baldin
bada, beharbada horrek aldatuko du. Oraingoz ez, oraingoz nire lana
daukat eta lanean jarraituko dut eta idatzi nahi dudana idatziko dut
eta berdin dit arrakasta daukan edo ez daukan.
Nola ikusten duzu euskal literaturak azken urteotan izaniko
bilakaera? Gazteok egiten duzuen literaturak iraultza ekarri al du euskal
letretara edo gehiegi esatea da hori?
Ez dakit, beti esan dut: horiek kritikarien kontuak dira. Iraultzak,
mugimendu berriak... Nik uste dut mugimenduena-eta asmakizuna dela,
hori hasteko. Gainera idazle bakoitzak bere etxean idazten du, sortzen
du, zer edo zer dotorea sortzen ahalegina egiten du eta bat-batean,
holako bi edo hiru idazle on ateratzen badira, idazle ona izatea ere
zer den ez dakigu, baina, batzuetan ateratzen badira, ez dut uste mugimenduak-eta
aipatu behar direnik, azken batean. Eta nola ikusten dudan egoera? Ba,
denetarik dago; nire ustez, idazle onak daude, oso onak, edonon publikatuz
gero idazle onak izango liratekeenak, esate baterako, Harkaitz Cano
eta abar. Eta badira beste batzuk, nire iritziz, nire gusturako, oso-oso
txarrak direnak. Orduan, paisaia osoa zelan dagoen, ez dakit, zeren
ez naiz kritikaria eta, gainera, ez daukat jakiteko interes berezirik,
nik neurea egiten dut.
Badirudi irakurtzea ez dela gizartean arrakasta handirik duen
jarduera eta gazteen artean gutxi hitz egiten omen da literaturaz. Zuk
egindako lanak erakarri al du jende gehiago euskal literaturaren mundura?
Ez dakit, nik ez nuke esango nire liburuak hori lortuko duenik. Nire
liburua saltzen ari da horren inguruan marketing handia dagoelako hain
zuzen ere, sariaren inguruan alde batetik, gero horrek dakarrenaren
inguruan, Durangoko Azokaren inguruan... Lehengo egunean Durangoko Azokan
izan nintzen eta mundu guztiak erosten du liburua: zaharrek, gazteek...
Horrek zer esan nahi du bada? Literatura zabaltzen ari dela? Ez, prentsa
eta beste komunikabideak zabaltzen ari direla esan nahi du horrek. Prentsa,
irratia, telebista, egunkariak eta abar zabaltzen ari direla eta mundu
guztiak irakurtzen duela nire izena eta horregatik erosi behar duela;
nire izena erosten ari da. Alessandro Bariccok, esate baterako, Kafka
marka bat dela esaten du, edo Mozart marka bat dela, eta guk Mozarten
kontzertu bat ikusten dugunean marka bat erosten dugula. Gero kalitaterik
dagoen edo ez dagoen ez dakigu, hori marka bat da. Eta kasu honetan
niri tokatu zait marka izatea. Baina horrek zer ekarriko duen edo horrek
zaletasuna ekarriko duen ez dakit.
Badirudi Durangoko Azoka erreferentzia bilakatu dela euskaraz
bizi den gizartean. Baina, zure ustez, euskaldunok kontsumitzen eta
gozatzen al ditugu euskal produktu literarioak edo su artifizialek itsutzen
gaituzte?
Bietatik egongo da, ezta? Neurri batean egongo da ohitura hori, hau
da, behintzat hori ez da leku askotan gertatzen. Hainbeste jende hain
leku txikian erakartzea –Euskal Herria leku txikia da–,
liburuaren inguruan oso arraroa da hori eta behintzat jendea hurbiltzen
ari da. Hori egia da. Baina segur aski egongo da bestetik ere, hau da,
piroteknia nabarmena egongo da. Hor azken batean dirua dago jokoan eta,
dirua dagoenean, beste interes batzuk daude eta puztu nahi bada puztu
egingo da eta beti dakigu gauzak puzten direnean barruan ez dela gauza
askorik egoten. Baina puztutako hori txikitzen denean, beti geldituko
da zer edo zer. Bertsotan ere hala gertatu zen: garai batean puztu zen
eta gaur egun beharbada ez da hainbeste zale egongo, baina puzketa edo
boom horren aurretik baino gehiago egongo dira. Bada, literaturan gauza
bera.
Itzulpengintzan ibiltzen zara. Zure ustez zein da euskal literaturan
itzulpengintzak hartu behar duen garrantzia?
Itzulpengintzan zera egin behar da, kalitatez hobetu, ez kantitatez.
Azkenaldian ematen du kantitatea dela garrantzitsuena eta kantitatea
ere behar da, baina uste dut kalitatea betiere behar dela, eta kalitatea
diodanean ez diot euskararen kalitatea. Euskararen kalitatea badago:
oso itzulpen onak egiten dira, aldizkarietan, egunkarietan, e.a. oso
itzulpen onak agertzen dira. Baina gauza bat da itzulpen arrunta –kazetarien
itzulpena edo administrazioko testuen itzulpena– eta beste kontua
da literatura itzulpena. Eta nik uste dut hor gainditu gabeko asignatura
handia dagoela, nabarmena. Nik oso itzulpen gutxi irakurtzen ditut,
baina irakurri ditudanak oso eskasak dira. Ez dut esaten nik hobeto
egingo nukeenik, seguru asko ez nituzke egingo, baina hor lantzeko gauza
asko dago. Oso itzulpen zuzenak egiten dira, euskararen aldetik oso
aberatsak, baina, literaturaren aldetik, ez dira irakurlea seduzitzeko
egiten. Gehiago gauza ederra, gauza aberatsa, egiteko, euskararen aldetik
gauza zuzena, itxurosoa, baina ez da seduzitzeko kapaz, nik irakurri
dudan apurra behintzat.
|