
|
Eta
horrela ibiltzen gera...
Eta horrela ibiltzen gera...
Urratsez urrats, ibilian egiten dugu bidea. Arinago ba-tzuetan, emekiago
bestetan. Ttipi-ttapa, jauzika, zialdoka edo zuzen, baina atzeraka behin
ere egin gabe. Gure berezko erritmoaz, bidaide gehiago lortuz eta mugarriak
gaindituz.
...sortuz ta sortuz gure aukera...
Gune berri bat sortu dugu, garena are gehiago sustraitu nahian. Ikusmira
eta aukera berriak eskaini nahi izan ditugu beti eta erakusleiho hau
horren isla izanen da. Sormen lana da gurea, eta lan horretan helmugara
hel-tzea eta egunero arian-arian segitzea gauza bera dira.
...atsedenik hartu gabe...
Jakin dezatela ez garela inoiz lokartuko, aurrera egitearen zirrarak
esna mantentzen baikaitu. Ezerk ez du gure martxa motelduko eta plazerrari
uko egin gabe ere, tinko, samurki eta gogotsu jarraituko dugu lanean.
...lana eginez goaz aurrera...
Ekinaren ekinez, gure jarduerak aurrera ateratzen lagunduko duen amets
txiki bat gauzatu dugu. Honekin eta bestelako hariekin Iruñerriko
euskaldunon arteko sareak josten gabiltza, gure komunitaterako zerbitzu
hobeak eskaini nahi dituen taldea gaituzuelako.
...kate horretan denok batera...
Elkarren nahian gaude. Eta kate honetan gauden guztiok gero eta euskalgintza
biziagoa lortzen ari gara. Pertsonak, elkarteak, ideiak, dendak, ukitzen
ahal diren utopiak... Euskalgintzan etsipena baino ez dago soberan:
etorkizuna denon oihalez janztera goaz.
...gogorki loturik gaude...
Egiten ditugun gauzetan sinesten dugu, eta horri esker energiaz blai
bizi gara. Euskaldunon babes bakarra gu geu garela jakinda, guztion
arteko harremanei mesede eginen dien lokarri berria egin dugu. Denok
traineru berean, denok arraunari eragiten.
Karrikiriren magalean haziko den jaioberri kuttunari ongi etorria eman
nahi diogu. Horrela, Karridendak abenduaren 9an irekiko ditu bere ateak.
Eror zaitez tentaldian eta zatoz ezagutzera! |
Olatz
Arrieta
|
Astigarragan sortu
zen Olatz Arrieta eta Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak burutu
ondoren, nazioarteko politikan master bat egitera abiatu zen New Yorkera.
Kazetari lanetan Zarauzko telebistan eman zituen bere lehenengo urratsak
eta 1995ean Moskura joan zen errusiera ikasteko asmoz. ETB eta Euskadi
irratiko berriemaile gisa aritu zen eta bertako hauteskundeak eta Txetxeniako
lehenengo gerra gertutik bizitzeko aukera izan zuen. Bertzelako hedabide
batzuendako kolaborazioak egin ditu eta interneten ere aritua da. 2000.
urtetik aitzina ETBko be-rriemalea da Estatu Batuetan.
Kazetaritza ikasketak amaitu zenituenean, zer dela eta hasi
zinen ETBn lanean eta ez RTVE, A3 edo SER bezalako izen handiko hedabideetan?
Kazetaritza ikasten ari nintzela beka bat eman zidaten ETBko albistegietan
aritzeko. Ikasketak bukatu eta beka amaitu zenean, udan, ordezkaritza
bat egitea proposatu zidaten eta horrela ETBrako lanean hasi nintzen.
ETBn izan nuen telebistako kazetaritza ikasteko eta gertutik ezagutzeko
lehenengo aukera.
Hainbat kasutan trabak handiak diren arren, urteek aurrera egin
ahala euskal hedabideak ugarituz eta sendatuz joan dira. Euskal kazetaritzaren
egoera nola ikusten duzu? zeintzuk dira zure ustez eginiko lorpenak
eta bere hutsuneak?
Azken urteotan euskal kazetaritzak aurrerapauso handiak eman dituela
uste dut. Trabak egon arren, izugarri ugaritu dira hedabideak eta geroz
eta kazetari gehiago dabil euskaraz informazioa ematen. Dena den, egoera
oraindik normalizatu ez dela pentsatzen det , euskaraz egiten den kazetaritzak
ez du gazteleraz egiten denak duen sona. Euskara indartzen doan heinean
hau hobetzen joango da ziu-rrenik, baina oraindik lan handia dago egiteko.
Euskal Herrian hainbat urtez aritu ondoren, Errusia aldera abiatu
zinen ETBko berriemale gisa eta gaur egun Estatu Batuetan zabiltza.
Bertan eginiko lanagatik, gainera, “Euskadi Gaztea” saria
jaso zenuen duela zenbait hilabete. Nola ikusten duzu euskal berriemaileen
lana nazioartean?
Euskal berriemaileen sarea ez da oso handia baina handitzen doa. Nik
gehienbat telebista eta irrratiaren kasuak ezagutzen ditut. Albistea
dagoen tokietan beti topatzen dut euskaldunen bat nahiz eta askotan
kazetaria ez izan eta profesionaltasun falta hori somatu. Berriemaile
profesionalen maila ona dela pentsatzen dut. Dena den, albisteak hobeto
azaltzeko eta hizkuntza ulergarriago bat erabiltzeko oraindik lan handia
egin behar dugula iruditzen zait.
Horrelako tokietan egon zarenean eta bertako jendea elkarrizketatu
behar izan duzunean zein izan da haien erreakzioa zure jatorria, euskalduna
zarela jakin dutenean?
Gehientsuenek ez dakite euskaldun izatea zer den. Unibertsitate mailan
edo instituzioetan elkarrizketak egin behar ditudanean orduan aurkitzen
ditut euskaldunei buruz dakitenak. Harritu egiten dira hedabide euskaldun
batek berriemailea Estatu Batuetan izan eta albisteak euskaraz emateagatik.
Galdera asko egiten dizkidate euskarari eta egoera politikoari buruz,
jakinmina erakusten dute. Irailaren 11koa gertatu zenean, telebistarako
zuzenekoak egiten ari nintzela, zero gunetik metro gutxira bitxikeria
hau gertatu zitzaidan. Mundu guztiko kazetariak geunden zuzenekoak egiten.
Gaur Egun albistegirako hitz egiten bukatu eta berehala telebista seinalea
satelitera igotzen duen teknikari bat etorri zitzaidan korrika eta presaka,
hor ikusteak harritu egin ninduen beti kamioi baten barruan egoten baitira
teknikariak . Teknikaria nigana iritsi zenean zera esan zidan, "ezin
det gehiago aguantatu, jakinmina asetu beharra daukat: zer demontreko
hizkuntza da hori? "Euskara da" esan nion eta irrifarre egin
zuen. "Euskara? Sekula ez zitzaidakeen bururatuko euskara hemen
aurkitzea". Teknikariak euskarari buruz zerbait bazekien baina
ez zuen sekula entzun. Pozik gelditu zen hizkuntza arraroaren misterioa
konpondu zuelako eta gainera sekula entzun duen hizkun-tzarik politena
zela esan zidan.
Urte hauetan Estatu Batuak ezagutzeko parada izanen zenuen. Ipar Amerikako
euskaldunen komunitatea maiz kutsu folkloriko batekin ikusten dugu hemendik.
Ezagutzeko aukera izan al duzu, nolakoa da?
Jaioterritik urrun daudenak euren kultura mantentzen saiatzen dira,
dantzak, hizkuntza, abestiak oso garrantsitsuak dira beraientzat eta
hau ez da bakarrik euskaldunekin gertatzen, denekin baizik. Jaioterriarekin
harreman zuzenagoa daukagunontzat honek folklorikoa dirudi baino zein
kontestutan gertatzen den ikusi behar da. Idahon izan nintzen joan den
udaran eta han euskaldunek komunitate bezala duten indarra izugarria
da, Estatu Batuetako beste tokitan ez da hori gertatzen. Egia da Estatu
Batuetan jaiotako euskal jatorriko askok gurasoen jaioterriaren irudi
erromantikoa dutela eta askotan bertan gertatzen denaren inguruan ez
daukatela informazio osoa.
Zer irudi dute Euskal Herriaz atzerri aldean? ezagutzen al dituzte
gure ohiturak, hizkuntza, etab.?
Euskal Herriari buruz Estatu Batuetako komunikabideetan ematen duten
informazio apurra indarkeriaren ingurukoa da. Ohituren inguruan ezer
gutxi dakite, jateko gauza batzuk ezagutzen dira, piper gorriak eta
gazta esaterako, baina hori kultura gastronomikoa dutenen artean. Hemen
New Yorken Bilboko Guggenheim museoa askok ezagutzen dute eta Estatu
Batuetan orohar Gery-ren eraikuntza nahiko ezaguna da. Euskarari dagokionez,
askok uste dute gaztelaniaren dialekto bat dela. Konparatzen hasiz gero,
katalanak euskaldunak baino askoz ere gehiago ezagutzen dituzte Estatu
Batuetan.
Irailaren 11ko data gogoangarriaren ondotik kazetarien lana
kontrolatuago dagoela ematen du, ezta? Ikuspegi bakarra zabaldu nahi
da mundu osora.
Nik ez det somatu kazetarien lana lehen baino kontrolatuagoa dagoenik.
Inperio guztiekin gertatzen den moduan, Estatu Batuak munduaren inguruan
duten ikuspegia inposatzen saiatzen dira. Estatu Batuetako komunikabideetan
autozentsura egon zen atentatuak eta gero, baina hori orain desagertu
egin da. Irailaren 11z geroztik Etxe Zuriak martxan jarri duen terrorismoaren
kontrako nazioarteko gerra delakoaren inguruan iritzi kritikoak daude
Estatu Batuetako komunikabideetan, baina telebistetan, hemen indar gehien
duen hedabidean, ez dira egunkarietan eta aldizkarietan bezain kritikoak.
|