
|
Etorri
haundiko etorkinak
Gaur egun, nonahi aurkitzen ditugu atzerritik etorritako lagunak; izan
ere, sarritan iruditzen zaigu gero eta gehiago direla. Afrikarrak edozein
eraikuntza lanetan, hego amerikarrak han-hemenka, ekieuroparrak ere
gure artean, askotan nongoak diren ere esaten ez dakigula. Giza paisaia
aldatzen ari zaigula garbi dago, beraz. Orain ez dago esaterik, lehen
bezala, hau mundu ttiki bat da eta denok ezagutzen dugu elkar.
Alabaina, kolorez betetzen ari zaigun gizartea ikusi eta, batzutan,
ezkor gara, edo uste dugu guretzat eta gure kulturaren garapenarentzat
arrisku edo mehatxu izan daitekeela aldakuntza hori. Ematen du orain,
gainera, hainbeste jatorri desberdinetako jendea alboan, gu gutxiago
garela lehen baino.
Guk, ordea, pentsatzen dugu etorkinak igoal hiruzpalau opari egitera
etorri direla: batetik, beren kultura, dela janzkera, dela musika, ohiturak,
hizkuntza, hurbildu digute, eta hori aberasgarria da. Gutxienez, behar
bezala mantentzen badute.
Bestetik, eta gureari dagokionez, baliteke guk espero dugun baino harbera,
harkorragoak izatea kanpotik heldu diren horiek, zeren eta hemen aurkitzen
dutena inongo errezelorik gabe begiratuko baitute, natural-natural,
eta, bertakook darabiltzakegun aurreiritzi eta uste ustelik gabe. Haiek
ere, sarri askotan, beren lurraldeetan eleaniztasuna ezagutu baitute.
Eta, hala bada, aberasgarria da.
Gainera, eta jarrera horretatik, gure hizkuntza ere ikasteko aukera
izanik, agian batzuk ikasi ere eginen dute, eta hemengo askorentzat
eredu bihurtuko... ez litzateke gauza makala, eta guztiz aberasgarria
izanen litzateke.
Guk ere haiekin ikasteko parada dukegu. Orain arte izan ez dugun aukera
baliosa, hots, elementu berriak gure kultura hornitzeko. Guk ere, herri
edo komunitate gisa, bizitzen ikas dezagun. Etorkinak, etorri handikoak
izateaz landa, ekarri handikoak ere izan daitezkeelako, eta hori aberasgarria
da. |
Karrikaluze
Euskaldunon Elkartea
|
Duela lau urte euskara
gizarteratzeko asmoz Atarrabiako zenbait lagunek elkartu eta Karrikaluze
Euskaldunon Elkartea sortu zuten. Orduz geroztik, hainbat ekimen bideratu
dituzte Atarrabiako euskaldunei begira eta Nafarroan lehenengo aldiz
eginen den Kuadrillategi ekimen berezia martxan jarriko dute Atarrabia,
Burlata eta Uharteko euskara zerbitzuekin elkarlanean. Oskar Zapatak,
Karrikaluze elkartearen sorreratik lanean jo eta ke dabilen lagunak
azaldu dizkigu taldearen eta Kuadrillategi proiektuaren nondik norakoak.
Noiz eta zer dela eta sortu zen Karrikaluze?
Atarrabian euskara sustatzeko zerbait berria eta eraginkorra egin nahian,
gutako batzuek, zuen bazkide den Rosa Ramosengana jo genuen. Berak bideraturiko
hainbat hilabetetako eztabaida emankorraren ondorioz Karrikaluze Euskaldunon
Elkarteko estatutuak sinatu genituen 1998ko irailean. Bertan, elkarteko
helburuak eta ezaugarriak jasotzen dira.
Azken urteotan Euskalgintzan ari diren hainbat taldek indar handiagoz
erreparatzen diote hizkuntzaren erabilera eta motibazioari. Zuek ere
ildo horretatik abiatzen zarete, ezta?
Bai guk ere bide hori hartu dugu, euskara gizarteratzeko baliogarriak
diren ekimenak antolatzea eta martxan jartzea da gure helburua. Atarrabian
euskaraz bizitzeko bideak erraztu nahi ditugu.
Zenbat jende biltzen zarete eta zer egiten duzue?
Adin, lanbide eta ideologia ezberdinetako 64 bazkide gara eta horietatik
20 bat ari gara lanean 4 lan taldetan banaturik. Talde batek Xuka gure
agerkaria ateratzeko ardura du. Xuka bi hilabetetik behin kaleratzen
dugu, eta 600 bat ale banatzen ditugu dohainik.
Bigarren taldea euskaldunoi zerbitzuak eskaintzeko lanean aritzen da.
Aurten, Karrikiriri kopiaturiko metodologiari jarraituz, Atarrabiako
merkatari euskaldunen erroldatze lana bukatu du eta arrakasta handia
izan duen lan poltsa zerbitzua kudeatu du.
Hirugarren lan taldeak hiru lan nagusi ditu aurten: hasteko, gazteei
zuzenduriko “kuadrillategi” egitasmoa abiarazteko lanak
bideratzea; beste alde batetik, I.K.A.rekin elkarlanean helduentzako
mintza taldeak antolatzea eta azkenik, soziolinguistikaren inguruko
hitzaldi pare bat antolatzea.
Eta, bukatzeko laugarren talde bat dugu, behar dugun dirua lortzeaz
arduratzen dena. Hor ari dira kamisetak saltzen, zozketak antolatzen,
bazkide berriak lortzen...
Kuadrillategi egitasmoa aipatu duzu, zertan datza?
Kuadrillategi Lasarten pedagogo talde batek sortutako esperientzia bat
da, eta helburua du 14-16 urteko gaztetxoen koadriletan euskaraz mintzatzeko
ohitura lortzea, tailer eta ateraldi erakargarri batzuen bidez. Gazteek
oso ongi pasatzen dute aukera hagitz zabala dutelako eta haien gustuak,
iritziak, nahiak eta abar kontuan hartzen direlako.
Ikasturte honetan Karrikaluzek, Atarrabia, Burlata eta Uharteko euskara
zerbitzuekin batera martxan jarri du. Hau da Nafarroan egingo den lehendabiziko
aldia. Eskaintza Paz de Ziganda ikastolako eta Askatasuna institutuko
DBHko 2. eta 3. mailetako gaztetxoei egin zaie eta jarduerak larunbatetan
izango dira 10etatik 14etara. Jada bost kuadrillek eman dute izena eta
laster hasiko gara haiekin lanean gure taldeko bi monitoreen laguntzaz.
Nafarroa edota Euskal herriko bertze txoko batzuetako euskal
taldeekin harremanik al duzue?
Nafarroan orain arte gehien bat zuekin, baina begira, abenduaren 9an
eta 12an, Euskaldunon Elkarteko Federaziotik lagun bat eta Lasarteko
Ttakun elkartetik beste bat etorriko dira, bi hitzaldietan beren jardueraz
mintzatzera.
Atarrabian nolakoa da euskararen egoera?
Iruñekoaren parekoa da. Akaso, kale neurketaren datuak hobexagoak
izaten ditugu baina alde gutxi dago. Beraz hagitz ona eta motibagarria,
ezta?
Elkarrizketa hau irakurtzen ari den lagunen batek interesa balu
zuekin batera lanean aritzeko, zer egin beharko luke?
Gure telefonora deitu edo bulegotik pasatzea besterik ez duzue, pastak
eta kafea gure kontu.
Helbidea: Ribed parkea 1, behea
Telefonoa: 948.35.57.39 (ez bagaude utzi mezua mesedez)
e-posta: karrikaluze@euskalerria.org
|